Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2017ko azaroaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5759

AGINDUA, 2017ko azaroaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten da ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko programak eta ikasle hasi berrien hizkuntza indartzeko programak garatzeko.

Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.

Hezkuntza-sisteman sartu berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea, eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezarri behar dira ikastetxeetan.

Hizkuntza indartzeko programen xedea da laguntza ematea hasi berriak diren ikasleei, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik komunikazio-zailtasun nabarmenak izan eta hizkuntza indartzeko plangintza baten premia dutenei. Hortaz, laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza da ikasle sartu berriak egotea, eta halakoak zenbatzeko, aintzat hartuko da ikastetxe bakoitzeko ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere ikastetxeetan nolako errealitatea dagoen argitze aldera.

Kulturarteko dinamizazioko programaren helburua da ikastetxeak hausnarketako eta hobekuntzako prozesu bat abiatzea kultura aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Asmoa izango litzateke programa hau, hemendik eta denbora batera, ikastetxearen proiektuaren beraren barruan sartzea, ohiko baliabideak baliatuz.

Ikasle etorkinak etengabe eta ausaz heltzen dira ikastetxeetara ikasturtean zehar, eta, hortaz, ikastetxeek beharrezkoak eta atzeraezinak diren sendotze-ekintzak abiaraz ditzaten, deialdi honek estaldura eman behar die halako ekintzei, ikastetxeek segurtasun juridikoa izan dezaten, hain zuzen ere. Hori dela eta, gastu-espedienteen aurretiazko izapidetze-araubide berezia baliatuko da, deialdia indarrean egon dadin 2016-2017ko ikasturtearen zatirik handienean, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

Kontuan harturik zer dioten: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da ikastetxeei emango zaizkien diru-laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horietarako deialdia egitea. Diru-laguntza horiek ikastetxeen kulturarteko ikuspegia koordinatzeko eta hasi berri diren ikasle etorkinentzat hizkuntza indartzeko programak egiteko dira, baldin eta komunikatzeko gabezia handiak badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik, eta, beraz, 2017-2018 ikasturtean hizkuntza indartzeko plan bat behar badute.

Ikasle hasi berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko 2016ko urtarrilaren 1az geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan behar dute 2017-2018 ikasturtean, eta 18 urte beteak ez izan ikasturtea amaitu baino lehen.

2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, milioi bat seiehun eta laurogeita hemezortzi mila euro (1.698.000) bideratzen dira.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Diru-laguntza eman edo ez ebatzi arteko izapideak eta justifikazio-izapidea erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte. Hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -platea- Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/eu/

Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Hilabete egongo da eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta euskadi.net egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: https://www.euskadi.eus/

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuak, eta Oinarrizko Lanbide Heziketa garatzeko Hezkuntza Sailaren diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxe pribatuak edo udal titulartasunekoak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta 7. artikuluan deskribatzen diren jarduerak, diruz lagun daitezkeenak, egin behar dituzte.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen baldintzak.

1.– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte segurantzaren arloan ezartzen dituzten betebeharrak egunean izatea.

2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoeraren hauetan dauden erakundeak:

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenak, bai eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenak ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

3.– Onuradunei diru-laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaiturik egon behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoena.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan egindako aldaketa aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

– Eskabidea egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta/edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta izan beharko da.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileek egunean eduki beharko dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko dira:

a) Lehen Hezkuntzan eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hezkuntza-itunak dituzten ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak prestatu, zuzendu eta kudeatzeko jarduerak. Ikastetxe horiek 6 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat matrikula-ildo bat baino gehiago izan behar dute, eta etorkinak % 17tik gora izan behar dira. Baliabide hau hiru urtez edo gehiagoz erabili duten ikastetxeak kanpoan geratuko dira.

Jarduera guztietan erabili beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (familiartekoek, talde sozialek...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta egongo da.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko ekintzak.

2.– Diru-laguntza jasotzeko eskubidea edukitzeko, aurreko paragrafoan zehazturiko jarduerak gauzatu behar dituzten irakasleek indarreko araudian eskatzen den titulazioa izan beharko dute Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko, eta, irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak izango dituen programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute.

a) Kulturartekotasuna sustatzeko programetan, honako funtzio hauek egingo dituzte:

– Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan eskola-komunitatea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, protagonisten euren ekarpenak bereziki baloratuz.

– Ikasle etorkinak eta gutxiengo etnikoetako ikasleak ikasgelan integratu eta haiei hezkuntza-arreta emateko estrategia, prozedura eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak bildu eta irakasleen artean ezagutaraztea, eta irakasleei horiek abian jartzen laguntzea.

– Laguntza ematea harrera-plan bat diseinatzeko, martxan jartzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.

– Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familiengana hurbiltzeko, ikasle etorri berrien familiengana bereziki, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzera bultzatzeko.

– Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxerako prestakuntza-plan bat sortzeko. Planak errealitate berria aintzat hartuko du, hau da, iritsi berri diren ikasleak daudela.

– Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Horren helburua izango da baliabideak biltzea eta haiei ahalik eta etekin handiena ateratzea, lehentasunezko jarduerak finkatzea eta haien lankidetzazko jarraipen bat egitea.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programetan, berriz, egin beharreko ekintzek, orokorrean, honako hau dakarte:

– Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.

– Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:

○ Ikasleak ezagutzea.

○ Ikasgela antolatzea.

○ Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.

○ Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea.

– Hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:

○ Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.

○ Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.

○ Ikasleen aurrerapenak eta ikasketak ebaluatzen parte hartzea.

○ Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, eskola-komunitateko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek, gainerako irakasleekin batera, honako funtzio hauek beteko dituzte:

○ Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.

○ Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia txertatzeko jarduerak diseinatzea.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Hizkuntza indartzeko:

– Ikastetxean hizkuntza indartzeko garatu nahi diren programen deskribapena (formulario normalizatua: hizkuntza indartzeko programen deskribapena. I. eranskina), honako hauez zehaztuta:

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, maila eta jatorrizko herrialdea.

○ Programako programazio didaktikoa, eta, besteak beste, indargarria zein egunetan ezarri zen, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak.

– Ikastetxeko eskola-kontseiluaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, programa gauzatzeko eta diru-laguntza eskatzeko hartutako erabakiaren berri emango duena.

– Diru-laguntzaren helburu den programan inplikatutako irakasle espezializatuen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

b) Kulturartekotasuna sustatzeko programak:

– Ikastetxean kulturartekotasuna sustatzeko garatu nahi den programaren deskripzioa (Formulazioa normalizatua: kulturartekotasuna sustatzeko programaren deskripzioa. II. eranskina), honako hauek zehaztuta:

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten banakako ordainsarien zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Ikastetxearen hasierako egoera.

○ Garatu beharreko proiektuaren plangintza:

▪ 2017-2018 ikasturterako helburuak.

▪ Jarduerak eta tenporizazioa.

▪ Ebaluazioa eta lorpen-adierazleak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko ardura duten irakasleen titulazioen eta indarrean diren lan-kontratuen kopiak, salbu eta dokumentazio hori jadanik Administrazioaren esku badago. Kasu horretan, irakasle bakoitzeko zer dokumentu mota den adieraziko da (titulazioa, euskara titulua eta/edo indarrean den lan-kontratua), bai eta zer prozeduratan aurkeztu ziren ere.

– Izendatzen den dinamizatzailearen konpromisoa, dinamizatzaileak berak sinatua. Han, bi gauza agindu beharko ditu, Hezkuntza Sailak eskatzen dionean: ez duela bere esperientzia partekatzeko eragozpenik izango; eta, hasierako prestakuntzarik eta prestakuntza jarraiturik antolatzen bada, parte hartuko duela (Formulario normalizatua: dinamizatzailearen konpromisoa. III. eranskina).

– Iazko ikasturtean ikastetxeak kulturartekotasuna sustatzeko programa gauzatzeko diru-laguntza jaso bazuen, ikasturte horri dagokion memoria soilik erantsi beharko du, eskema honi jarraituz:

○ Egindako proiektua deskribatu, eta honako hauek azaldu:

▪ Gauzatutako jarduera nagusiak.

▪ Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edota ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik balego.

▪ Proiektua garatzean gertatutako jazoerak, halakorik balego.

▪ Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

○ Helburuen lortze-maila. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatuko dira.

○ Parte hartu duten aholkulariek –horrelakorik izan bada– egindako ekarpenen balorazioa.

○ Parte hartu dutenek proiektuan izan duten parte-hartzearen eta inplikazioaren balorazioa. Garatutako edukien eta hartutako erabakien zer aplikazio praktiko egitea aurreikusten den.

○ Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari gordinen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari.

○ Ondorioak eta jarraitzeko proposamenak.

2.– Agiriak eta inprimakiak aurkezteko jarraibideak euskadi.net-en honako egoitza elektroniko honetan egongo dira eskuragarri: URL https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/eu/

3.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraikiz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, hizkuntza-indargarriak eta kulturartekotasuna izeneko fitxategian sartuko dira. Fitxategi horren helburua izango da ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko eta ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programak garatzeko diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdi horretara biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri ematea.

Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

9. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

10. artikulua.– Balioespena.

1.– Eskolatzeko Lurralde Batzordeek kulturartekotasun-programaren arduradunari helaraziko dizkiote kulturartekotasuna sustatzeko programan jasotako eskabideak, 7. artikuluan ezarritakora egokitzen direla egiazta dezan. Arduradun horrek, halaber, koordinatzailearen identitatea eta titulazioa egiaztatuko du. Balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari diru-laguntza esleitu diezaiola.

2.– Eskabideak egiteko epea amaitzean, lurraldeko eskolatze-batzordeek adieraziko dute zenbat diren ikasle etorri berriak. Hasi berri diren ikasleen hizkuntza indartzeko programari dagozkion eskabideak 7. artikuluan aurreikusitakora egokitzen diren ala ez egiaztatu beharko du, eta balioespena aldekoa bada, organo kudeatzaileari proposatuko dio ikastetxeari diru-laguntza esleitu diezaiola.

3.– Hasi berri den ikasle kopurua, goragoko paragrafoan aipatutakoa, eguneratu egingo dute ofizioz kasu bakoitzean eskudun diren Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, 2018ko urtarrilaren 31n eskura dituzten datuekin.

4.– 4. artikuluan zehaztutako mailei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kalkulatuko du ikasle bekadunen ehunekoa, hain zuzen ere eskabideak egiteko epea amaitzean, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan diren datuekin.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak 17.460 euro jaso ahal izango dituzte kulturartekotasuna sustatzeko programak betetzearren.

2.– Ikastetxe bakoitzak hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko jaso ahal izango duen diru-laguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Laguntza = ikasle hasi berriak*700*(1+ ikasle bekadunen %)

Adibidez: ikastetxe batek 10 IHB baditu eta ikasle bekadunak % 20 badira, hau jasoko du: 10*700*(1+0,20)=8.400 euro. Beste ikastetxe batek ikasle hasi berrien kopuru berdina badu eta ikasle bekadunak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 10*700*(1+0,8019) = 12.613,30 euro.

3.– Ikasle hasi berri 1 edo 2 bakarrik dituzten ikastetxeek ez dute jasoko diru-laguntzarik.

4.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, handiagoa baldin bada 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

5.– Diruz laguntzeko moduko guztizkoa ez da inolaz ere ikastetxeak eskatutako zenbatekoa edo benetan egindako gastuak baino handiagoa izango. Aurrekontua txikiagoa bada, aurrekontu horren balioak jarriko du diru-laguntzaren muga. Azkenean justifikaturiko gastuak txikiagoak badira, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

13. artikulua.– Prozedurak kudeatu eta ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena, emateko proposatzen dituen diru-laguntzak adieraziz, eta zehaztuz erakunde onuradunen identitatea, emango diren zenbatekoak, eta ukatzeko proposatzen dituenak, kasu horretan adierazi beharko dira eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko izan diren motiboak.

2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpena emango du, non zehaztuko diren emandako diru-laguntzak, erakunde onuradunen identitatea eta emandako zenbatekoak; orobat, ukatutako diru-laguntzak jakinaraziko dira, eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko motiboak jakinarazita.

3.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Ebazpen argitara emango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu), eta hura argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

4.– Aipatutako epea bukatu ondoren, aurreko paragrafoan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek beren eskabidea atzera bota dela interpretatu ahal izango dute, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

5.– Deialdiko diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. ataletan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– erakunde onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren funtzioak betez eskatzen dizkioten argibide guztiak ematea deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz.

e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira ere.

2.– Beren datuak erregistratuta ez badaude, edo erregistratutako datuak aldatu nahi badituzte, erakunde interesdunek bide elektronikoz egin ahal izango dute izapide hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie ikastetxe onuradunei diru-laguntzak, bi ordainketa-aginduren bidez:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 80koa, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 14.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaituta gero, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.

b) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, diru-laguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa izango- kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatu egingo da.

2.– 2018ko irailaren 15a baino lehen diruz lagundutako ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean:

a) Hizkuntza indartzeko garatutako programa bakoitzaren memoria deskriptiboa, formulario normalizatuekin bat datorrena: arrazoiak emateko memoria (IV. eranskina) eta parte hartzen duten ikasleen zerrenda (V. eranskina), besteak beste zehaztapen hauekin: ikasleak zein diren, irakasleak zein diren, irakasle bakoitzak zenbat eskola-ordu eman dituen, guztira zenbat ordu erabili diren eta lortu diren emaitzak.

b) Memoria horrekin batera, agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

– Hizkuntza indartzeko programetako pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: indartze-programetako iraskasle-kostuari buruzko ziurtagiria (VI. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Kulturartekotasuna sustatzeko programan diru-laguntzarik jaso bada: pertsonal-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatuaren araberakoa: kulturartekotasuneko irakasle-kostuen ziurtagiria (VII. eranskina), non jasoko baitira, banan-banan, inplikatutako irakasleen kostuak.

– Eskola Kontseiluaren edo ikastetxeko organo eskudunaren aldeko ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

– Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat-, zein egoera laboraletan dauden egiaztatzearren.

Artikulu honetako agiriak aurkezteko eredu normalizatuak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: URL https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/kulturarte-itunpekoa/y22-izapide/eu/

3.– Diru-laguntzak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko dira. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezartzen da, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatzen dira.

16. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.

1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat badago.

– Diru-laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.

– Diru-laguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen denean diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, han, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak aurreikusitako ondorioetarako –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea–, agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua egokia eta nahikoa bada.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
IKASTETXEAN HIZKUNTZA INDARTZEKO GARATU NAHI DIREN PROGRAMEN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASTETXEAN KULTURARTEKOTASUNA SUSTATZEKO GARATU NAHI DEN PROGRAMAREN DESKRIBAPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
DINAMIZATZAILEAREN KONPROMISOA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-MEMORIA – HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMAK
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
2017-2018 IKASTURTEAN HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMETAN PARTE HARTU DUTEN IKASLEEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
HIZKUNTZA INDARTZEKO PROGRAMETAKO IRAKASLEEN KOSTUAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
IRAKASLEEN -BERARIAZKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN KOSTUAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala