Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2017ko azaroaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5557

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, graduko tituluetan ikasleei «bikaintasunez graduatua» aitorpena egiteko baldintzak argitaratzeko dena.

Unibertsitateak, bere eskumenak erabiliz, arauak eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioari dagozkion zereginak izapidetzeko.

Proposamen honen helburua da bikaintasun akademikoa sustatzea ikasleengan, eta ikasketak ezarritako epearen barruan eta batez besteko kalifikazio bikainarekin bukatzeko egindako ahalegina aitortzea eta saritzea.

Eranskineko proposamena ontzat eman zuen Graduko Batzordeak 2017ko ekainaren 29an eta Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2017ko uztailaren 13ko bileran.

Aipatutako guztia kontuan hartuta eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 10.2 artikulua betetzeko (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DUT:

Argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian graduko tituluetan ikasleei «bikaintasunez graduatua» aitorpena egiteko baldintzak, erabaki honen I. eranskinean jasotako moduan.

Leioa, 2017ko azaroaren 10a.

Eskumenak eskuordetuta (errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena; 2017ko otsailaren 3ko EHAA)

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea,

ARACELI GARIN MARTIN.

I. ERANSKINA
Erabakia, 2017ko ekainaren 29koa, Graduko Batzordearena, graduko tituluetan ikasleei bikaintasunez graduatuaren aitorpena egiteko baldintzak ezartzekoa.
ZIOEN AZALPENA

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, aitorpena egin nahi die graduko ikasketak espediente akademiko onarekin bukatzen dituzten ikasleei. Aitorpen hori 1393/2007 Errege Dekretuaren babesean ezarritako graduetarako izango da eta ikaslearen ziurtagiri akademikoan eta tituluaren gehigarri europarrean (TGE) agertuko da.

Modu horretara bikaintasun akademikoa sustatuko da ikasleengan, eta ikasketak ezarritako epearen barruan eta batez besteko kalifikazio bikainarekin bukatzeko egindako ahalegina aitortu eta sarituko da.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Ezarpen-eremua.

Bikaintasunez graduatuaren aitorpena Euskal Herriko Unibertsitatean 1393/2007 Errege Dekretuaren babesean ezarritako graduko tituluetan baino ez da egingo (Unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 30eko BOE, 260. zk.).

2. artikulua.– lkasleei bikaintasunez graduatuaren aitorpena egiteko baldintzak.

1.– UPV/EHUk bikaintasunez graduatuaren aitorpena egingo die graduko kreditu guztiak kasuan kasuko lehenengo ohiko deialdian gainditu dituzten ikasleei. Gehienez ere aitorpen bat egingo da gradu bakoitzeko azkenengo mailan matrikulatutako hamalau ikasleko multzo bakoitzeko edo hamalautik beherako ikasle multzo bakoitzeko.

2.– Aurreko baldintza betetzen duten ikasleen kopurua egin daitezkeen aitorpenen kopurua baino handiagoa bada, espedientearen batez besteko notaren arabera ordenatuko dira titulazio bakoitzeko azkenengo mailan matrikulatutako ikasleak, eta batez besteko notarik altuenak dituzten ikasleei egingo zaie aitorpena. Betiere, aitorpen bat egingo da hamalau ikasleko multzo bakoitzeko edo hamalautik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Salbuespena izango da azken aitorpena egiterakoan ikasle batek baino gehiagok espedientean batez besteko nota berbera izatea. Kasu horretan guztiei egingo zaie aitorpena. Batez besteko nota kalkulatzeko erabiliko den sistema izango da 1125/2003 Errege Dekretuak ezarritakoa (dekretu horrek lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetan kredituen sistema europarra eta kalifikazio sistema ezartzen ditu).

3.– Ezin izango zaie aitorpen hau egin beste unibertsitate batetik lekualdaketa eginda UPV/EHUra sartu diren ikasleei, ezta UPV/EHUko beste ikastegi edo atal batetik lekualdaketa eginda titulaziora sartu diren ikasleei, ikasketa berberak izan zein ez izan. Edonola ere, ez da ulertuko truke programetan parte hartu duten ikasleak egoera horietan daudenik.

3. artikulua.– Aitorpena espediente akademikoan eta tituluaren gehigarri europarrean jasotzea.

UPV/EHUk·egingo die bikaintasunez graduatuaren aitorpena horretarako baldintzak betetzen dituzten ikasleei.

Aitorpena ikaslearen espediente akademikoan jasoko da, baita ziurtagiri akademikoan eta TGEn ere, ikasleak egokitzat jotzen duenean erabili ahal dezan. lkasleek ikasketak bukatzen dituzten ikasturteko aktak urriaren 31n behin betiko itxi ondoren jasoko da aitorpena.

Txertatuko den testua honako hau izango da: «lkaslea bikaintasunez graduatu da».

Espediente akademikoa aitorpena egin aurretik eskuratu duten ikasleek beste espediente bat eskatu ahal izango dute –aitorpena txertatua–, baina itzuli egin beharko dute hasieran eskuratutako dokumentua.

TGE aitorpena egin aurretik eskuratu duten ikasleek beste TGE bat eskatu ahal izango dute –aitorpena txertatua–, baina itzuli egin beharko dute hasieran eskuratutako dokumentua.

4. artikulua.– Bikaintasunez graduatuaren aitorpena indarrean sartzea.

Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Aitorpen hau egin ahal izango zaie UPV/EHUn 1393/2007 Errege Dekretuaren babesean ezarritako graduko ikasketak amaitu dituzten ikasle guztiei (Unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 30eko BOE, 260. zk.), nahiz eta ikasleok ikasketak bukatuta eduki erabaki hau indarrean sartu baino lehen.


Azterketa dokumentala