Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2017ko azaroaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
5411

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 460/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostia-San Sebastiángo Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: seme-alabentzako neurrietarako 460/2016 auzia.

Demandatzailea: Fabiana Arruda de Souza.

Abokatua: Nielson Maycon de Souza.

Prokuradorea: Marisa Hernandez Vegas.

Demandatua: Romario Bezerra Brizeno.

Gaia: guraso eta seme-alaben arteko harremanak arautzea.

Prozedura horretan, epaia eman zen 2017ko urriaren 10ean, eta hau da haren epaitza:

XEDAPEN-ZATIA

Baietsi egiten dut auzitegietako Hernandez Vegas prokuradoreak, Fabiana Arruda de Souza-ren izenean eta ordez, Romario Bezerra Brizeno-ren aurka aurkeztu duen demanda, eta, horrenbestez, harremana desegitearen ondoriozko behin betiko neurri hauek hartzen ditut, XXXXX seme adingabeari dagokionez:

1.– Guraso-ahala. Erabakitzen da Romario Bezerra Brizeno demandatuari XXXXX seme adingabearen gaineko guraso-ahala kentzea. Guraso-ahal hori adingabearen ama Fabiana Arruda de Souza-k egikarituko du modu esklusiboan, hori arrazoitu zuen kausa desagertu arte.

Amak, guraso-ahala esklusiboki egikaritzen duenean, aukera izango du adingabeari buruzko erabaki garrantzizkoak hartzeko, aitari adostasuna eskatu beharrik izan gabe. Guraso-ahalaren esparruan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea eta adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaiak barnean direla.

b) Ikastetxea aukeratzea eta aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).

e) Edozein motatako mediku-egintzak.

f) Pasaportea eta bizileku-txartelak egin eta berritzea, eta aitaren sinadura behar duten adingabearen bestelako administrazio-agiriak izapidetzea.

Halaber, amak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzko edozein erabaki hartu ahal izango du, eta horretarako ez du behar izango guraso-adostasunik.

2.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. XXXXX seme adingabea Fabiana Arruda de Souza amaren zaintza eta jagoletzapean geratuko da.

3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da ezartzen aitaren eta semearen arteko bisita-araubiderik. Aitak borondatea agertzen badu semearekiko harremanari berriz ekiteko, gurasoen arteko adostasunez finkatuko dira bisitak, eta, adostasunik ez badago, neurri hori aldatzeko eskatu ahal izango dute horretarako legez ezarritako prozeduraren bidez.

4.– Mantenu-pentsioa. Aitak XXXXX seme adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean 150 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; indizea abendutik abendura zenbatuko da, eta lehen eguneratzea 2018ko urtarrilaren batean gauzatuko da.

5.– Ezohiko gastuak. Gurasoek erdibana ordainduko dituzte semearen ezohiko gastuak, ados baldin badaude eta gastuak agiri bidez egiaztatuta geratzen badira. Bi gurasoen adostasunez erabakiko da halako gastuak egitea, edo, ados ez badaude, epaile batek baimena emanda, eta betiere gastuak egin baino lehen. Kontzeptu horretatik kanpo, zenbait gastu utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira). Beste zenbait gastu, berriz, sartu egingo dira ezohikoen kontzeptuan, eta, katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.

Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo adingabearentzat oso komenigarria bada eta familiaren egoerari egokitzen bazaio. Araubide horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.

Ezohiko gastuak ordaindu beharra amaitu egingo da semea, adin nagusikoa izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independentea denean, hartara eragotzi gabe 150. eta 152. artikuluetan betebeharra amaitzeko adierazten diren kausak.

6.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.

Berariaz ez da kosturik ezartzen.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Romario Bezerra Brizeno demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.

Interesdunak eskuragarri du jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, auzitegi honetako bulego judizialean.

Donostia, 2017ko urriaren 11.

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.


Azterketa dokumentala