Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2017ko azaroaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5360

EBAZPENA, 2017ko urriaren 17koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez baimentzen baita «Altzo-Alegia lotura-arteria» izeneko gas naturala banatzeko sarea (S20ALE150072) ezartzea eta onura publikoko deklaratzen baita, 5 bar-eko gehieneko eragiketa-presioan, Altzo eta Alegia udalerrietan.

Erref.: RI 20/24.107 – CGG 2017/7.

Javier Bermejillo Eguia jaunak, Naturgas Energía Distribución SAUren izenean eta hura ordezkatuz (helbidea: Concha jenerala kalea 20, Bilbao), 2017ko martxoaren 23an, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan administrazio-baimena eskatu zuen, bai eta onura publikoko deklaratzea ere «Altzo-Alegia lotura-arteria» izeneko proiektua, Altzo eta Alegia udalerrietakoa (Gipuzkoa).

Espedientea ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

AURREKARIAK

1.– Naturgas Energía Distribución SAUk onura publikoko aitorpenerako eta baimena emateko eskabide bateratua aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, 2017ko martxoaren 23an, hain zuzen, A taldeko instalazioak exekutatzeko, betiere Gas kanalizatuko zerbitzu publikoko instalazioak baimentzeko eta zerbitzuan jartzeko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan (BOE, 1998-10-08) ezarritakoaren ondorioetarako, dagokion iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2017ko ekainaren 3koan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2017ko ekainaren 20koan, eta Diario Vasco egunkarian, 2017ko ekainaren 22ko alean. Iragarkia, orobat, Altzoko Udaleko iragarki-oholean jarri zen jendaurrean, 2017ko ekainaren 15etik uztailaren 12ra bitartean, eta Alegiako Udalekoan, ordea, 2017ko ekainaren 22tik uztailaren 19ra bitartean.

3.– 2017ko ekainaren 13an, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien Altzoko eta Alegiako udalei eta ukitutako organismoei, hau da, Ura-Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako Zerbitzu Nagusiari, baimenaren alde edo aurka zeuden adierazteko, eta, hala iritziz gero, baldintza teknikoak ezar zitzaten. Eskabide hori berriro bidali zitzaion Ura-Uraren Euskal Agentziari, 2017ko abuztuaren 21ean, baina orduan ere ez zioten erantzunik eman eskabideari.

4.– Altzoko Udalak aldeko txostena eman zuen eta baldintza tekniko batzuk ezarri zituen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako Zerbitzu Nagusiak erantzun zuen esanez eskatzaileak obrak egiteko baimena eskatu beharko duela.

5.– Alegiako Udalak idazki bat aurkeztu zuen non adierazi baitzuen ideia egokia iruditzen zitzaiola, baina onespena eman aurretik proiektuaren zenbait alderditan sakondu behar dela. Era berean, txosten bat aurkeztu zuen, zenbait baldintza tekniko ezartzen zituena.

6.– Altzoko eta Alegiako Udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideetako Zerbitzu Nagusiak prestatutako baldintza teknikoak enpresa eskatzaileari helarazi zitzaizkion (Naturgas Energía Distribución SAU), eta hark erantzun zuen onartu egiten zituela baldintza haiek.

7.– Ezarritako jendaurreko informazio-aldian ez zen aurkeztu alegazio-idazkirik.

Hona hemen ebazpen honen

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak emandako eskumena erabiliz (2017-04-21eko EHAA).

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998-10-08ko BOE) eta gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak, eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuak (2002-12-31ko BOE) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen dute gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, eta onura publikoko deklaratzen ditu lege horren IV. tituluan aipatzen diren instalazioak, gas-erregaiak kanalizazio bidez hornitzekoak.

3.– Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko Arautegi teknikoa eta horren ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak (2006-09-04ko BOE) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen du gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, baita sare horiei loturiko Biltegiratzeko Zentroak eraiki aurretik ere.

4.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko (lehengoa) Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren 2014-05-05eko Instrukzioa, gas kanalizatuko hartune eta sareetarako administrazio-baimenen espedienteak izapidetzeari buruzkoa.

5.– Espedientearen izapideetan eta edukian egiaztaturik dago bete egiten direla indarreko legerian eta aplikatu beharreko gainontzeko legeetan ezarritako baldintzak eta betekizunak.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita eta oro har haiekin bat etorrita aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Gipuzkoako Lurralde ordezkariak honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Baimena ematea Nortegas Energía Distribución SAri «Altzo-Alegia lotura-arteria» izeneko gas naturaleko sarea eraikitzeko, Altzo eta Alegia udalerrietan; hona hemen ezaugarriak:

Banaketa-sarea (MOP = 5 bar)

– Presio ertaineko gehieneko presio erlatiboaren eragiketa: MOP = 5 bar.

– Gutxieneko presioa kontsumo-puntuan: 0,6 bar.

– Trazatua: luzera: 985 metro.

– Tutuak: PE 100 SDR 17,6 DN 110.

– Hasiera: 1. lotunea, proiektuko planoen arabera.

– Amaiera: 2. lotunea, proiektuko planoen arabera.

Harguneak

– Harguneak: 7 unitate.

– Luzera: 15 metro.

– Hodiak: PE 100 SDR 11 DN 32.

2.– Baimentzen diren instalazioak onura publikoko deklaratzea, bereziki; izan ere, deklarazio horrek berekin dakar, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez (1998-10-08ko BOE), eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideak hartu beharra; eta, halaber, premiazko okupazioa egin eta ondorioak ezarri beharra dakar, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak premiaz okupatzeko deklaraziorako xedatutakoarekin bat etorrita.

Instalazioak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Baimentzen diren instalazioak martxan jartzeko epea hogeita lau (24) hilabetekoa izango da, eraginpeko finkak benetan okupatzen direnetik, eta gehienez hogeita hamasei (36) hilabetekoa, okupatu aurreko aktak sinatzen direnetik.

2.– Ebazpen honen bitartez baimentzen diren instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera egin beharko dira. Proiektu hori Ángel Casas Bachiller industria-ingeniariak sinatu du, 2017ko martxoan.

3.– Dagokion baimena lortu beharko da onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuei eragiten dieten aldakuntzak sartzeko.

4.– Indarrean dauden xedapenen arabera instalazioetan egin beharreko azterketak, saiakerak eta probak –orokorrak nahiz partzialak– baimena eskuratu duen enpresak aldez aurretik Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza honi jakinarazi beharko dizkio idazki bidez, behar den aurrerapenarekin.

5.– Instalazioak egiteko lanak amaitu eta gero, Lurralde Ordezkaritza honek obrako zuzendaritzako azken ziurtagiria eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Ziurtagiri horretan azaldu beharko dira egindako instalazioen behin betiko ezaugarriak eta trazadura, baita harguneak ere; era berean, jasota geratuko da instalazioak eraiki eta muntatzerakoan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak onartutako arauak eta aplikagarri zaizkion gainerako Arau Teknikoak errespetatu direla.

6.– Nortegas Energía Distribución SAk lanak amaitu direla jakinarazi beharko dio Lurralde Ordezkaritzari, behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita martxan jarri.

7.– Baimen hau lortu arren, udal- eta probintzia-erakundeen lizentzia eta baimenak eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoak lortu beharko ditu eskatzaileak.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Zerbitzu Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

Donostia, 2017ko urriaren 17a.

Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,

JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.


Azterketa dokumentala