Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2017ko azaroaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5358

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 7koa, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarena, garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren deialdia egiten duena 2017rako.

Azaroaren 18ko 189/2008 Dekretuaren bitartez arautzen da «Ignacio Ellacuría» saria, eta helburua da Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea, euskal gizartea eta nazioartekoa sentsibilizatze aldera.

Dekretu horren 3. artikuluan ezartzen denez, saria urtero deituko da garapenerako lankidetzaren arloko sailburu eskudunaren agindu bidez, eta aginduan edizio bakoitzaren aldi baterako oinarri espezifikoak zehaztuko dira. Bestalde, dekretuaren 5. artikuluak xedatzen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko duela saria.

Bestetik, aurrerantzean, administrazio publikoekin harremanak izan nahi dituzten erakunde juridikoak behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera, hala ezartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluak.

Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, eta bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia da deialdi hau egiteko organo eskuduna.

Saria emateko kudeaketei eta horretarako eman beharreko ebazpenei dagokienez, berriz, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak izango du eskumena, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 4.b) artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b) artikuluan.

Azkenik, adierazi behar da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Artezkaritza Kontseiluak proposatu eta erabaki duela deialdi hau egitea, 2017ko uztailaren 13an egindako bilkuran.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren 2017ko deialdia egitea, onartu diren eta I. eranskinean agertzen diren oinarriei jarraituz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztirako, arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 189/2008 Dekretua, azaroaren 28koa, garapen-lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» saria sortu eta arautzen duena; bai eta 38/2003 Lege Orokorra ere, azaroaren 17koa, Diru Laguntzei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 7a.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia,

JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.

I. ERASKINA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN «IGNACIO ELLACURÍA» SARIAREN 2017KO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren deialdia egitea; sari honen helburua da Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea eta behar den hedapena ematea, euskal gizartea sentsibilizatze aldera.

Bigarrena.– Sariaren ezaugarriak.

Saritzat oroigarrizko artelan bat eta 15.500 euroko zenbateko gordina emango dira. Diru-zenbateko horrek dagokion atxikipen fiskala izango du.

Hirugarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus edo http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orriaren bidez, deialdien atalean.

3.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea eta modua.

1.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkezten diren hautagaitzak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta egingo dira.

Bosgarrena.– Hautagaitzak eta eskatzen den dokumentazioa.

1.– Hautagaitza inprimaki normalizatuan bete beharko da, behar bezala eta osorik, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri baitago.

2.– Hautagaitza horrekin batera, hauek aurkeztu behar dira:

a) Legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, betiere eskaera sinatzen duen pertsona Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada (eskuragarri helbide hauetan: https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus).

b) Baimena, saria ematen duen erakundeak zuzenean egiazta dezan honako hauetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla (zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei buruzkoak): 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluak, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatzen badu baimen hori, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako errege dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3.– Ezingo dira sariaren onuradun izan Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakunde eskatzaileak.

Seigarrena.– Epaimahaia.

Hautagaiak aztertzeko epaimahai bat eratuko da. Honako hauek izango dira epaimahai horretako kideak:

– Lehendakaria: Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeko burua: Ana Oregi Bastarrika.

● Bokalak:

● Eusko Jaurlaritzaren eta beste euskal erakunde batzuen ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando Porres, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria, Miren Izaskun Landaida Larizgoitia.

● Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Euskadiko Koordinakundearen lehendakaria: Sofia Marroquín Guerrero.

● Lankidetzaren eta garapenaren alorrean izen handia duen pertsona bat: Jose Angel Cuerda Montoya, 2015eko deialdian Ellacuría saria jaso zuena.

– Idazkaria: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa, Ana Rojo González.

Epaimahai horrek, deialdi honetan jasotako irizpideak kontuan hartuta, Agentziako Zuzendaritzari bidaliko dio dagokion ebazpen-proposamena.

Zazpigarrena.– Saria ematea.

Saria Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak xede horretarako antolatutako ekitaldi batean emango emango da, 2017ko abenduaren 22an, Lehendakaritzaren egoitzan, Vitoria-Gasteizen.


Azterketa dokumentala