Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2017ko azaroaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5248

EBAZPENA, 2017ko urriaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioen 2. eta 17. burutzapen-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskatuta.

AURREKARIAK

2017ko maiatzaren 10ean, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskatu zuen Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioen 2. eta 17. burutzapen-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plan Berezia) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, Plan Bereziaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-agirian, agiri hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko maiatzaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia, URA-Uraren Euskal Agentzia, IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa eta Bizkaiko Ekologistak Martxan.

Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko ondorioen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, udal-mailan azalera txikiko eremuen erabilera ezartzen duten plan eta programei (6.1 artikuluan aipatuak) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko zaie. Horren prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da. Guztiarekin ere, V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.

Agiri teknikoak eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Plan Bereziaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plan Berezia aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen hamahirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioen 2. eta 17. burutzapen-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea. Txosten hori Amorebieta-Etxanoko Udalak eskatu du, eta eduki hauek jasotzen dira bertan:

A) Plan Bereziaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Basarrate erreka eta haren ibaiadartxoa ez ubideratzeko betebeharra dagoenez, 2. burutzapen-unitatearen mugak berregokitu behar dira, eta Tantorta auzorako aparkaleku-eremu bat sartu behar da burutzapen-unitate horretan. 17. burutzapen-unitatearen mugak egokitzeko beharra dakar berarekin 2. burutzapen-unitatearen mugaketa berriak.

Eremuaren antolaketa berri bat ezartzeaz gain, eraikinen bolumetria, erabilerak eta lurzoruaren erregimena xeheki ezarriko ditu Plan Berezi honek, baita 2. burutzapen-unitatearen tokiko sistemen sarearen lagapenak ere.

B) Plan Bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Plan Bereziaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Plan Bereziak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Aurretik ezarritako antolamendu xehatua aldatzen du Plan Bereziak, eta horrek hirigintza-proiektuan aldaketa bat dakar; aurkeztutako agirien arabera, Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Plan Bereziak zenbaterainoko eragina duen beste plan edo programa batzuetan. Plan Bereziak indarrean dauden arau subsidiarioetan ezarritako antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk soilik aldatzen ditu; beraz, esan daiteke ez duela eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plan Berezia egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. Plan Bereziak proposatutako zehaztapenak onartzeak hirigintza-kalitatea hobetuko du; izan ere, Basarrate errekaren ubide naturalaren eta haren ibaiertzeko landarediaren mantenimenduari atxikitako hirigintzarekin handitu egiten dira espazio libre publikoak, bai kantitatean eta bai kalitatean.

Era berean, hiri-eredu trinkoa indartzen da, eta, eraikinak diseinatzeko, kontuan hartzen dira Eraikuntzako Kode Teknikoan energiaren efizientziari dagokionez ezarritako neurriak. Hori dela eta, Plan Bereziaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

d) Ez da hauteman Plan Berezia gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plan Berezia egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europa edo Espainia mailako legedia txertatzeko.

2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean berean jasotakoarekin bat. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

– Lurren eta soberakien kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

a) Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

b) Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

c) Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

d) Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Amorebieta-Etxanoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoa babestea: era berean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Basarrate errekako urak babesteko neurri gisa, errekaren ibilgutik ahalik eta urrunen egongo dira pilaketa-eremuak eta instalazio osagarrien eremuak, eta areka perimetral bidez urak biltzeko sistemak izango dituzte: areka perimetral horrek jariatze-urak zolatarik kutxatila bateraino bideratu ditu, eta kutxatila hori, urak, isuri baino lehen, tratatuko dituen hidrokarburo-filtro batera konektatuko da. Ibaiaren eremu hurbilenekoetan eta lurrak mugitzen hasi baino lehen, hirigintza-proiektuak aurreikusiko du neurriak ezartzea solidoak (dekantazio-tangak, sedimentu-tranpak edo filtroak, kasu) ibai-sarera arrastatzea minimizatzeko.

– Landarediarekin zerikusia duten neurriei dagokienez, obrak amaitu eta gero, zolatu gabeko eremuak eta obrek kaltetutakoak landareztatuko dira. Beharrezko landareztatzeak gorabehera, neurri prebentibo eta zuzentzaile zenbait deskribatzen dira landarediaren gaineko eragina minimizatzeko, honako hauek:

a) Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da eragindako azaleran hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.

b) Baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, eta ez da herbizidarik erabiliko.

– Halaber, ibaien ekosistemen gaineko eraginak minimizatzeko, indarreko sektoreko araudia bete beharko da. Eta, bereziki, arriskuan dauden espezieen habitatak babestu eta mantentzeari dagokionez, Bisoi Europarraren Kudeaketa Planean xedatua beteko da, 118/2006 Foru Dekretua, zeinak Basarrate erreka «hobetu beharreko tarte» gisa definitzen baitu.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioen 2. eta 17. burutzapen-unitateen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala