Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2017ko urriaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5222

AGINDUA, 2017ko irailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, Bergarako (Gipuzkoa) «Mariaren Lagundia Ikastola» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena.

Bergarako «Mariaren Lagundia Ikastola» ikastetxe pribatuaren ordezkariak hasarazitako espedientea aztertu da, zeinean eskatzen baitu baimena alda dakiola Lanbide Heziketako heziketa-ziklo berri bat emateko.

Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedurari jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.

Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, Araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE); azaroaren 4ko 1593/2011 Errege Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita erdi mailako mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta titulua eta finkatzen baitira titulu horren gutxieneko irakaskuntzak (abenduaren 15eko BOE, akatsen zuzenketa 2012ko otsailaren 18ko BOE), eta 2016ko martxoaren 15eko Dekretuak aldatutako (apirilaren 1eko EHAA) 2012ko azaroaren 27ko 250/2012 Dekretua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen baita aipatutako teknikari-tituluari dagokion curriculuma (2013ko otsailaren 4ko EHAA); eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– 2017-2018 ikasturtetik aurrera jarraian zehazten den ikastetxe pribatuaren baimena aldatzen da:

Kode zenbakia: 20005452.

Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua.

Izen espezifikoa: «Mariaren Lagundia Ikastola».

Titularra: Orden de la Compañía de María.

Helbidea: Espoloia 1.

Udalerria: Bergara.

Lurralde historikoa: Gipuzkoa.

Baimena:

– «Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta» erdi-mailako heziketa-zikloa ematea. Edukiera: ziklo 1, 20 ikaspostu.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 7 unitate, 8, 13 edo 20 ikaspostutarako edukiera izango dutenak, ikasleak, hurrenez hurren, urtebetez beherakoak, urtebetetik bi urtera bitartekoak, edo bi urtetik hiru urtera bitartekoak izatearen arabera.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 6 unitate 150 ikaspostutarako edukieraz.

– Lehen Hezkuntza: 12 unitate, 300 ikaspostutarako edukieraz.

– Hezkuntza Berezia: 2 unitate.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 8 unitate 240 ikaspostutarako edukieraz.

– Lanbide Heziketa:

Familia: Gizarte eta Kultur Zerbitzuak.

Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arretako erdi mailako prestakuntza-zikloa. Edukiera: ziklo bat.

Gizarteratzeko goi mailako prestakuntza-zikloa. Edukiera: ziklo bat.

Haur Hezkuntzako goi mailako prestakuntza-zikloa. Edukiera: ziklo bat.

2. artikulua.– Ikastetxeak indarrean dagoen araudia bete beharko du, agindu honen bidez baimentzen zaizkion heziketa-zikloak irakasteko eskatzen diren ikaspostuen kopuruari, ekipamenduari eta irakasleen titulazio akademikoari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, emandako baimena baliogabetuta geratuko da.

3. artikulua.– Ikastetxeak Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartua, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxeko titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez dauka bere baitan, inola ere, hezkuntza-itunen araubidearen bitartezko laguntzak lortzea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala