Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2017ko urriaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5219

AGINDUA, 2017ko urriaren 23koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan finantza-laguntzak ezartzen dituena (Sendotu 2017 programa).

Nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetako inbertsio-proiektuen finantzaketa bultzatzeko xedez, Gobernu Kontseiluak, 2017ko irailaren 26an, berme-funts bat eratzea onartu du, aipatutako sektoreei maileguak ematearren Finantzen Euskal Institutuarekin eta kreditu-erakundeekin egindako lankidetza-hitzarmen baten esparruan.

Neurri horren xedea da Finantzen Euskal Institutuak maileguak ematea ahalbidetzea, hitzarmena izenpetzen duten finantza-erakundeekiko lankidetzan, eta hori erabat operatiboa izan dadila. Alde horretatik, tartean diren erakundeek kredituak kreditu-merkatuan daudenen antzeko baldintzetan emateko programa bat ezarriko duten arren, ez dago zalantzarik aurreikusitako berme honek pertsona eta erakunde onuradunei erraztuko diela finantzaketa horretara iritsi ahal izatea.

Onuradunek lortzen duten abantaila honako hauen bidez zehazten da: batetik, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk aitortzen dituena, Tratatuko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (tratatu horretan zehazten dira Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharraz salbuetsita geratzen diren eta barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzak (zehazki, erregelamendu horren hirugarren atalean, 21. artikuluan, arriskua finantzatzeko laguntzak daude araututa, finantza-bitartekarien mailan, eta inbertitzaile pribatuei emandako arrisku-finantzaketarako laguntzak, besteak beste, berme forma hartzea xedatzen da, zuzenean edo zeharka diruz lagun daitezkeen enpresetan egindako arrisku-finantzaketako inbertsio proportzionatuek eragindako galerak estaltze aldera); bestetik, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; horietan jasotzen denarekin bat, erregimen horretan dauden laguntzak Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharraz salbuetsita daude eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira; halaber, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Minimis laguntzatzat hartzen dira diru-laguntzak, interes-tasaren hobaria, maileguak eta bermeak.

Egoki da, horrenbestez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak horretarako laguntza-deialdia egitea. Ohartarazi behar da laguntza horiek bete-betean lotuta daudela hala arestian aipatutako datan Gobernu Kontseiluak erabakitako neurriekin, nola Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeekiko lankidetzan emango dituen maileguen bidezko finantzaketarekin. Horregatik, segurtasun juridikoko arrazoiak direla eta, gomendagarria da Sendotu 2017 programaren araudi oso bat aurkeztea. Horrek agindu honetako artikuluetan aipamenak sartzea eskatzen du, bai aipatutako finantzaketari buruzkoak, bai Gobernu Kontseiluak eratzea erabaki duen berme-funtsari buruzkoak. Orobat, agindu honetako eranskintzat sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza erakundeekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmena.

Sendotu programa hau aurreko Sendotu 2015-2016 programaren jarraipena da eta horretarako deialdia egin zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko uztailaren 29ko Aginduaren bidez. Programaren helburua programaren eraginpean geratzen diren sektoreen ekimenez sortzen diren proiektu berrien finantza-beharrei erantzutea da.

Halaber, nabarmentzekoa da deialdi honetako laguntzak (Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan oinarritzen direnak) Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita daudela eta barne-merkatuarekin bateragarriak direla.

Aurreko hori gorabehera, kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen arloan indarrean den araudian jasotako diru-laguntzaren kontzeptua zeinen zabala den, onuradunek jasotzen dituzten abantailei aplikagarri zaie Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zena. Bereziki, 51.2 artikuluan ezarrita dago gobernua, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakari eta zuzendariak direla arauak onartu eta bakoitzak bere esparruko laguntzak eta diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak. Era berean, aplikatzekoa da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

Hori guztia aplikatzeko, egoki da laguntzen deialdia egitea, arriskuko inbertsiorako laguntzen modalitatean edo bermeen eran nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetan (Sendotu 2017 programa).

Hori dela bide, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea 2017ko eta 2018ko ekitaldietarako laguntzen programa bat ezartzea da nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetako pertsona fisiko edo juridikoentzat, inbertsio-proiektuak finantzatzeko. Horiek finantzaketaren esparruan egituratuko dira, Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeekiko lankidetzan eman beharreko maileguen bermeak eskainiz, horiek baitira laguntzen euskarria.

2.– Bereziki, planteatzen diren laguntza-lerroak honako hauek dira:

a) Laguntza-lerro bat arriskua finantzatzeko, kotizatu gabeko enpresa txiki eta ertainentzako, betiere, agindu honetako 3. artikuluaren 1. paragrafoko a) letran ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte. Laguntza horiek bermeen bidez eskainiko zaizkie nekazaritza, basogintza, arrantza, elikadura eta landa-garapeneko sektoreei, hasierako inbertsioak finantzatu ahal izateko. Finantzazko Berme Funts bat izango dute, kobraezinak estaltzeko, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko Hirugarren Kapituluko Hirugarren Atalean jasotzen den moduan; halaber, atal horretan, Tratatuko 107. eta 108. artikuluan aplikatuta, barne-merkatuarekiko bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria aitortzen dira.

b) Arriskua finantzatzeko laguntza-lerro bat, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan diharduten enpresei zuzendutako bermeak eskainiz, kobraezinak estaltzeko finantzazko Berme Funtsa duena, honako hauen bidez gauzatuta: Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokiona; horretan, zehazten da erregimen horren mende dauden laguntzak Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita geratzen direla eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen direla; Europako Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzako minimis laguntzei aplikatzeari dagokiona; eta Europako Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamendua, ekainaren 27koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari dagokiona.

2. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen kontzeptuak:

1.– Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onuradunak neurri horietatik ateratzen duela jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.

2.– Erakunde arduraduna: Europako Inbertsio Bankua eta Europako Inbertsio Funtsa, estatu kide bat akzioduntzat duen nazioarteko finantza-erakunde bat, edo agintaritza publiko baten kontrolpean, interes publikoa lortzeko asmoa duen finantza-erakunde bat, estatu kide batek ezarritakoa, edo zerbitzu publiko baten eginkizunak dituen erakunde pribatu bat edo zuzenbide publikoko erakunde bat. Erakunde arduraduna zuzenean izendatua edo hautatua izan daiteke, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzko 2004/18/CE Zuzentarauan (1) edo zuzentarau hori ordezten duen geroztiko edozein arautan ezarritakoari jarraituz.

3.– Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.

4.– Inbertitzaile pribatu independentea: bere inbertsioaren xede den eta diruz lagun daitekeen enpresaren akziodun ez den inbertitzaile pribatu oro. Bereziki, probidentziazko inbertitzaileak (business angels) eta finantza-erakundeak, edozein dela ere haien titulartasuna, bere inbertsioei dagokienez arrisku osoa bere gain hartzen duen neurrian. Enpresa berri bat sortzen denetik aurrera, inbertitzaile pribatuak, fundatzaileak barne, enpresa horretatik independentetzat jotzen dira.

5.– Arriskuko finantzaketako inbertsioa: diruz lagun daitezkeen enpresentzako maileguak, finantza-errentamenduak, bermeak eta modalitate horien konbinazioak barne, inbertsio berriak egiteko helburua dutenak.

6.– Pertsona fisikoa: erakunde juridikoaz besteko pertsona oro, enpresa ez dena, Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

7.– Lehenengo merkataritza-salmenta: enpresa batek produktu- edo zerbitzu-merkatu batean egindako lehen salmenta, merkatua zundatzeko egindako salmenta mugatuak izan ezik.

8.– Enpresa txiki eta ertainak: Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak.

9.– Enpresa txiki edo ertain kotizatugabea: balore-burtsa batean ofizialki kotizatzeko onartu ez den enpresa txiki edo ertain oro, negoziazio-plataforma alternatiboak izan ezik.

10.– Hasierako inbertsioa: a) establezimendu berri bat sortzeari, lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzeari, establezimendu batean lehenago ekoizten ez ziren produktuetara establezimendu horren ekoizpena dibertsifikatzeari edo lehendik zegoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu globala eraldatzeari lotutako aktibo material eta immaterialetako inbertsioa; edo b) itxi den edo bestek erosi izan ez balute itxita legokeen eta saltzaileari lotuta ez dagoen inbertitzaile batek erosi duen establezimendu batenak diren aktiboak erostea; enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da hasierako inbertsiotzat hartuko.

11.– Mailegua: mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku, hitzartutako epe baterako, hitzartutako diru kopuru bat jartzen duen edozein hitzarmen. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera behartzen du. Maileguaren edo beste finantzatze-tresna baten forma har dezake, baita finantza-errentamendu batena ere, mailegu-emaileari gutxieneko etekineko osagai nagusi bat eskaintzen diona. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.

12.– Bermea: idatzizko edozein konpromiso, hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna norberaren gain hartzen duena, berriki eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.

13.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.

14.– Itzulketa: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

15.– Berme-tasa: dagokion estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.

16.– Enpresa bakarra: halakotzat hartuko dira beren artean gutxienez lotura hauetako bat duten enpresak:

a) enpresa batek beste enpresa baten akzionisten edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du;

b) Enpresa batek beste enpresa baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo atzera botatzeko eskubidea du;

c) enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz;

d) Enpresa bat bestearen akzionista edo bazkidea da eta, berak bakarrik kontrolatzen ditu haren akzionisten boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akzionista edo bazkide batzuekin izandako akordioaren ondorioz.

Horrela, beste enpresa baten edo beste enpresa batzuen bitartez a) eta d) letretan ezarritako harremanetariko edozein duten enpresak ere enpresa bakartzat hartuko dira.

3. artikulua.– Pertsona onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunak:

1.– Agindu honetako 1. artikuluko 2. paragrafoko a) letran aurreikusten den laguntza-lerrorako:

a) Enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetakoak direnak, eta arriskuko finantzaketako hasierako inbertsioaren unean ondorengo baldintza hauetako bat behintzat betetzen dutenak:

● ezein merkatutan eragiketarik ez egin izatea;

● beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gutxiago eramatea;

● arriskuko finantzaketako hasierako inbertsio bat behar izatea; geografiaren edo produktuen aldetik berria den merkatu batean sartzeko asmoz egindako negozio-plan batean oinarrituta, inbertsio horrek azken bost urteko urteko negozio-bolumenaren batez bestekoaren % 50 baino gehiago izan behar du.

2.– Agindu honetako 1. artikuluko 2. paragrafoko b) letran aurreikusten den laguntza-lerrorako, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai edo landa-garapeneko sektoreetako kide diren pertsona fisiko edo juridiko pribatuak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen bidez deitzen den finantzaketa-lerroaren erreferentziazko muga hamar milioi bederatziehun eta laurogeita bat mila berrehun eta berrogeita hamar (10.981.250) eurokoa izango da, Finantzen Euskal Institutuak eta Finantza Erakunde laguntzaileek formalizatuko dituzten maileguen eran. Mailegu horiek Finantzen Euskal Institutuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Finantza Erakunde laguntzaileek izenpetutako Lankidetza Hitzarmenaren (agindu honen Eranskin gisa argitaratzen da) esparruan formalizatuko dira.

2.– Hitzarmen honen esparruan berme-funts bat eratu da, inbertsioetarako finantzaketa-lerro honetako kobraezinak estaltzeko helburuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargu. Berme-funts horren zenbatekoa milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamazazpi mila (1.757.000) eurokoa da. Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzak formalizatutako mailegu-zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, kobraezinengatiko lehenengo galeren % 20ren mugarekin.

Hori guztia, honako hauetan xedatuta dagoenari eragin gabe: Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 21. artikulua, agindu honetako 1. artikuluko 2. paragrafoko a) letran aurreikusitako laguntzetarako; Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua; Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua; Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluko 2. paragrafoko b) letran, agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako.

3.– Eman beharreko maileguen bolumenari lotuta esleitutako zenbatekoa agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratze horretatik aurrera, agortu den laguntzarako aurkezten den eskabiderik ez da onartuko.

4.– Artikulu honetako 2. paragrafoan esleitutako zuzkidura ekonomikoa areagotu egin daiteke, agindu honen beraren eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko uztailaren 29ko Aginduaren esparruan emandako eta ezeztatutako maileguen bermeak askatzetik lortzen diren kantitateen arabera (agindu horren bidez, zenbait laguntza ezartzen dira nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreen finantza-laguntzarako programaren esparruan -Sendotu programa-) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan zenbait finantza-tresna finantzatzeko xedea duten funtsetatik askatzen diren kantitateen arabera.

Areagotze hori gertatu ahal izateko, Berme Funtsa ere areagotu behar da, Gobernu Kontseiluaren Akordio bidez. Horrelakorik gertatzen bada, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

5.– Dagoeneko aurkeztuta dauden eta izapidetzen ari diren eskabideak, 1. paragrafoan zehaztutako eman beharreko maileguen bolumena agortu delako artatu ezin direnak, arrazoi horrengatik ukatuko dira, Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariaren ebazpenaren bidez.

5. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen zenbatekoa eta ezaugarriak.

1.– Inbertsioak finantzatzeko, maileguak baimenduko dira, eta Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duten finantza-erakundeek formalizatuko dituzte, agindu honen eranskinean argitaratzen den lankidetza-hitzarmenaren babesean. Finantzaketarako, maileguko, eskabidean aurreikusitako inbertsioaren % 80ko muga ezarri da.

2.– Finantzaketa-eragiketen zenbateko maximoa honako hau izango da, aukeratutako eta eskatutako laguntza-lerroaren arabera:

a) Agindu honetako 1. artikuluko 2. paragrafoko a) letran aurreikusitakoen kasuan, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 21. artikuluko 9. atalean ezarritakoa, alegia, arrisku-finantzaketaren guztizko zenbatekoak ez duela 15 milioi euro gaindituko diruz lagundu daitekeen enpresa bakoitzeko.

b) Agindu honetako 1. artikuluko 2. paragrafoko b) letran aurreikusitakoen kasuan, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduko 4. artikuluan ezarritakoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruz; edota abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduko 4. artikulua, nekazaritzako minimis laguntzei buruzkoa; edota Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduko 4. artikulua, arrantza eta akuikultura minimis laguntzei buruzkoa; betiere, proiektu edo onuradun motaren arabera.

c) Formalizatu beharreko maileguen interes-tasa, epeak eta gainerako baldintzak agindu honi erantsita doan lankidetza hitzarmenean ezarritakoak izango dira. Finantzen Euskal Institutuaren, parte hartzen duten finantza-erakundeen, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren arteko lankidetza hitzarmena da.

d) Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, hala lankidetza-hitzarmenean nola agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat.

e) Programan parte hartzen duten finantza-erakundeek inbertitzaile pribatu independente gisa parte hartzen dute.

6. artikulua.– Baldintzak.

1.– Pertsona onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dira. Baldintza horiek Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan daude jasota eta honako hauek dira:

a) Edozelan ere, finantzaketa-beharren zati bat finantzaketa pribatuak estali beharko du, gutxienez inbertsio osoaren % 20, agindu honen eranskintzat argitaratu den lankidetza-hitzarmenari lotutako finantzaketak alde bat utzita.

b) Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aginduko 1. artikuluko 2. paragrafoko b) letran aurreikusitako laguntza-lerrorako, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikadura eta landa-garapeneko sektoreentzako mailegu-berme formako finantza-laguntzak ezartzen dituenerako (SENDOTU 2017 programa), Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduko 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduko 3. artikuluan eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduko 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea.

c) Inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan egitea.

d) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

e) Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua krisian den enpresatzat hartua ez izatea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

f) Eskatzaileek jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez ere, orobat, hala dagokionean, azken bi urteetan zer minimis laguntza jaso dituzten.

g) Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.

h) Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izatea.

i) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

j) Konkurtso-deklarazioa ez eskatu izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitu ez izana, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

k) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea ez eragin izatea.

l) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

m) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

n) Hartzailea ezingo da egon kaudimengabezia kolektiboko prozeduran eta ezingo ditu bete hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak.

o) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.

p) Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– 1. paragrafoko i) letran xedatutako debekuaren helmena zehazteko, 21. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen testu bategineko 20.c) artikuluari dagokionez (ekainaren 16ko 2/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu honen indarraldia hasten den egunean hasiko da, eta funtsak erabat agortutakoan bukatuko da, agindu honetako 4. artikuluan ezarritakoarekin bat, edota 2018ko abenduaren 31n bukatuko da.

Epe hau luzatu egin ahal izango da, 24 hilabeteko gehieneko epearekin, 2018ko abenduaren 31rako agindu honetako 4. artikuluan aurreikusitako funtsak ez badira agortu. Luzapen hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aginduz erabaki behar da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da 2018ko abenduaren 31 baino lehen.

2.– Sendotu 2017 programaz baliatzeko eskabiderako inprimakia http://www.euskadi.eus webgunean eta agindu honen Eranskin gisa dago eskuragarri. Eskabidea Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariari helaraziko zaio, eta aipatu zuzendaritzaren bulegoetan aurkeztuko da (Donostia kalea, 1 - 01010 Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen eta Administrazio Publikoen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4.artikuluak xedatzen duen edozein bulegotan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

Behin http: //www.euskadi.eus helbidetik jaitsitakoan, ordenagailua erabiliz bete beharko da, eta, behin inprimatutakoan, sinatuta eta zigilatuta bidaliko da Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzara.

3.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANaren kopia.

b) Pertsona juridikoa bada, enpresaren IFZren kopia, ahalordea emateko eskrituraren kopia eta legezko ordezkariaren nortasun-agiriaren kopia, baita eratze-eskrituraren eta erakundearen estatutuen kopia ere. Azken horiek erregistratuta egon beharko dute.

c) 6. artikuluko 1. paragrafoko e), f), g), h), j), k), l), m), n), o), eta p) letretan aurreikusten diren baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, orobat 12. artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzeari buruzkoa; adieraziko du hori ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioari helaraziko diola hala eskatzen zaionean. Halaber, adieraziko du arrisku-finantzaketaren hasierako inbertsioa azken bost urteetako urteko negozio-bolumenaren batez bestekoa baino % 50 handiagoa dela.

d) Inbertsio Proiektuaren Memoria, I. eranskin gisa eransten den ereduan ezarritakoarekin bat.

e) Arauek hala eskatzen dutenean, azken bi ekitaldietako Urteko Kontuak (hala dagokionean eta arau aplikagarriek hala eskatzen dutenean, horiek ikuskatuta egon behar dute) eta Galera eta Irabazi Aurreikusien Kontua, eskabidea aurkezten den ekitaldiaren ondorengo hiru urteetarako. Gainerako kasuetarako, jarduerari atxikitako aktibo eta pasiboen inbentarioa aurkeztuko da, baita azken bi ekitaldietan lortutako emaitzen deskribapen-memoria eta eskabidea aurkezten den ekitaldiaren hurrengo hiru urteetarako aurreikuspenen memoria ere.

f) Finantza-erakunde laguntzailearen idazkia, aipatu hitzarmenaren barruan finantzaketa-proiektua balioztatzeko asmoa duela adierazten duena.

g) Eta eskatzaileak, eskabidea baliozta dadin, aurkeztu nahi duen edozein agiri osagarri.

Espedientea kudeatzen duen Zuzendaritzak, agindu honetako 9. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoari jarraiki, automatikoki egiaztatuko du nortasun-agiria, IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak estalita daudela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkezten badute eskatutako dokumentazioa eta berariaz adierazten bada aldaketarik ez dela egin, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4.– Eskatzaileek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute bermea jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

5.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

6.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A.– Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

B.– Pertsona juridikoentzat: eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren kopia.

Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

7.– Edonola ere, espedientea kudeatzen duen Zuzendaritzak aurkeztutako mailegu-eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko irizten dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

8.– Berme-eskabideei pixkanaka erantzungo zaie, harik eta ematekoa den kopuru osoa (agindu honetako 4. artikuluan jasota dagoena) agortu arte. Eskabideak beharrezko agiri guztiekin sartu diren ordena berean sartuko dira programan.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko, ondoz ondoko konkurrentziaren prozedura erabiliko da; beraz, laguntzak esleitzeko, eskabideak aurkezteko unearen hurrenkerari erreparatuko zaio, eta, ezarritako funts guztiak (Agindu honetako 4. artikuluan aurreikusita daude daudenak) amaitzen diren arte esleituko zaizkie laguntzak agindu honetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei.

9. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen kudeaketa.

1.– Agindu honetan deitzen diren laguntzak kudeatzeko organo eskudunak, aurkeztutako proiektuak zein arlotakoak diren arabera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mendeko Zuzendaritzak izango dira.

Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzak koordinatuko du kudeaketa eta izango du harremana Balorazio eta Segimendu Batzordearekin eta Finantzen Euskal Institutuarekin.

2.– Aurkeztutako finantzaketa-eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balorazio eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori finantza-lankidetzako hitzarmenean ezarritakoarekin bat etorrita eratuko da (agindu honen eranskinean jaso da hitzarmen horren eredua). Formalizatu beharreko eragiketa guztiek Balorazio eta Segimendu Batzordearen baimena beharko dute.

3.– Balorazio eta Segimendu Batzordearen bilera bakoitzaren aurretik, aurkeztutako eskabideak aztertuko dituzten, aurkeztutako proiektuak zein arlotakoak diren arabera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mendeko Zuzendaritzek. Zuzendaritzek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute agindu honetan xedatutakoa betetzen dela eta proiektua teknikoki eta ekonomikoki bideragarria dela, eta berariaz utziko dute jasota, dagokion txostenaren bidez; txosten hori proiektua dagokion arloko Zuzendaritzaren titularrak izenpetuko du. Aipatu txosten horrek, kasuan kasu, finantzaketa izapidetzeko eta bermea esleitzeko aldeko proposamena, edo aurkakoa, izango du.

Proposamen hori Elikagai Politika eta Industrietako Sailburuordetzaren aurrean aurkeztuko da, hilabeteko gehieneko epean, espedientea kudeatzen duen zuzendaritzan espedientea osatuta dagoen unetik zenbatzen hasita.

4.– Proposamena finantzaketa izapidetzearen eta bermea esleitzearen aldekoa bada, eta Elikagai Politika eta Industrietako Sailburuordetzak Balorazio eta Segimendu Batzordeari bidaliko dizkio, aipatutako proposamenarekin batera, eskabidea eta espedienteetako dokumentazioa, hark azter ditzan, mailegua baimentzeko edo ukatzeko.

Proposamena finantzaketa izapidetzearen eta bermea esleitzearen aurkakoa bada, Elikagai Politika eta Industrietako Sailburuordeak aipatutako proposamena bidaliko dio Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzari, eskabideari ezezkoa emateko, agindu honetako 10. artikuluan xedatzen denarekin bat.

5.– Balorazio eta Segimendu Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa. Eskabide bakoitzari atxikitako finantza-erakundeek parte hartzeari uko egin ahalko diote. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batzuek esku hartzeko bidea emango dute.

6.– Ez Finantzen Euskal Institutuak ez finantza-erakunde laguntzaile batek ere ez badu interesik agertzen eragiketaren gainean, interesdunari jakinaraziko zaio eskabidea ezetsi egin duela Elikagai Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzak.

7.– Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek mailegua formalizatu aurretik, Balorazio eta Segimendu Batzordeak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari jakinaraziko dizkio eskatutako mailegua onartzearen alde emandako txostenak, izaera loteslea izango dutenak, organo horrek dagokion ebazpena eman dezan, agindu honetako 10. artikuluan ezarritako eran.

10. artikulua.– Bermea emateko ebazpena.

1.– Balorazio eta Segimendu Batzordeak mailegu-eragiketak onartutakoan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak eskatu diren maileguei dagozkien finantza-bermeen laguntzak baimendu eta ebazteari ekingo dio. Ebazpen horretan, ondorengo hauek zehaztuko ditu:

● Onuradunaren izena edo sozietatearen izena, IFZ edo NANa.

● Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza-erakunde laguntzailearekin formalizatu beharreko maileguen zenbatekoa, interes-tasak, epea eta gabealdia zehaztuta.

● Emandako bermea eta haren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG), eragiketa bakoitzari aplikatzekoa.

● Hala dagokionean, laguntza hauek Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2015 (EB) Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako finantzaketarako laguntzen izaera izango dute.

● Hala dagokionean, eragiketaren minimis-izaera, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua aipatuz.

2.– Balorazio eta Segimendu Batzordeak mailegu-eragiketak ez baditu onartzen edota, 9. artikuluko 4. paragrafoan xedatzen den moduan, espedientea kudeatzen duen zuzendaritzak aurkako proposamena eman badu finantzaketa izapidetzeari eta bermea esleitzeari dagokionez, Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzak ukatu egingo ditu laguntzak, eskatutako maileguei dagozkien finantza-bermeen eran, ebazpenean zehazten den moduan:

● Eskatzailearen izena edo sozietatearen izena, IFZ edo nortasun-agiria.

● Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Mailegu-eragiketarako finantza-berme gisa emandako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko da.

4.– Finantza-bermez hornitutako mailegu-eragiketaren eskabidea aurkezten den egunaren ondoren gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Halaber, Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendariak Finantzen Euskal Institutuari eta eragindako finantza-erakundeari jakinaraziko dio aipatutako ebazpena.

5.– Onuradunei finantza-berme hau onartzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedura oro amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari baldin bada.

6.– Aintzat hartzeko edo aintzat ez hartzeko ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera. Berariazko ebazpenik badago, hilabete izango dute horretarako, ebazpenaren berri izan eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

11. artikulua.– Mailegu-eragiketa formalizatzea.

1.– Behin bermea emateko ebazpenaren onuradunari jakinarazitakoan, enpresa edo pertsona eskatzaileak dagokion mailegua formalizatuko du Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza-erakunde parte-hartzaileekin, gehienez hiru hilabeteko epean.

2.– Finantzen Euskal Institutuak, orobat, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinaraziko dizkio formalizatutako mailegu-eragiketak, lankidetza-hitzarmenean ezarritako maiztasun, betekizun eta ereduekin.

3.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazteaz gainera, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez, mailegua formalizatutakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen itzalpean onuradun izango diren pertsonen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako finantza-laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Mailegu-polizak formalizatzea, agindu honen 11. artikuluan ezarritako baldintzetan.

2.– Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea, hain zuzen.

3.– Bermatutako maileguarekin egindako inbertsioak aktibo mantendu behar dira Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakundeek emandako mailegua indarrean dagoen bitartean.

4.– Pertsona eskatzaileak eskatu eta aukeratu duen laguntza-lerroaren arabera eta, hain zuzen, jaso duen laguntzaren laguntza-lerroaren arabera, bete egin behar da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 21. artikuluan xedatutakoa, edota: Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruz; Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua.

5.– Agindu honetako 6. artikuluko 6. paragrafoak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta egutegiko hamabost eguneko epean.

6.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

7.– Diru-laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri eman behar diote Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzari, idatziz.

8.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein obligazio betetzea.

13. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honen bidez esleitzen diren laguntzak bateragarriak izango dira agindu honetan aurreikusten diren helburu berak dituzten eta diruz lagun daitezkeen ekintza berak gauzatzeko jasotzen den beste edozein laguntza publikorekin, betiere, horien baturak ez duenean gainditzen kasu bakoitzerako zehazten den laguntzaren intentsitatea, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoa aplikatuz edota Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduko 5. artikuluarekin, Europako Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduko 5. artikuluarekin eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduko 5. artikuluarekin bat.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu berberei dagokienez, minimis laguntzak ez dira beste ezein laguntzarekin edo arriskuko finantzaketako neurri bererako laguntzarekin metatuko, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi batean, minimis-laguntzak arautzen dituen erregelamendu batean edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez. Diruz lagundu daitezkeen kostu zehatzetarako ematen ez diren minimis laguntzak edo diruz lagundu daitezkeen kostu zehatzei egotzi ezin dakizkiekeenak, Estatuko beste laguntza batzuekin metatu ahal izango dira, baldin eta kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten arabera eman badira.

3.– Gainfinantzaketa gertatzen bada edo agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren mugak gainditzen badira, gaindikinari dagokion kopurua gutxituko zaio, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez.

4.– Arau honen bidez onuradun diren pertsona edo enpresek beti jakinarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industrien Zuzendaritzari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Berme-emate gisako laguntzaren onuradunak ez baditu agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainontzeko arauetan ezarritako betekizunak betetzen, edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badago, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren (espediente horretan interesdunari entzungo zaio), Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariak funtsa kudeatzen duen erakundeari eta dagokion finantza erakundeari jakinaraziko die hori, emandako finantzaketa ezeztatu dezaten. Hori dela eta, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, aurretiaz amortizatuta.

2.– Funtsaren berme-obligazioekin bat etorriz, laguntzarekin lotutako ez-betetzeen ondorioz onuradunaren derrigorrezko amortizazio aurreratuaren faltari aurre egiteko ordainketen ordaina eman beharko balu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, eskumena duen organoaren bidez, prozedura egokia bideratu eta erakunde onuradunari entzun ondoren, pertsona edo enpresa horren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.

3.– Bermerako eskubidea galdutzat emateko prozedurari edo itzulketa-prozedurari hasiera emateko arrazoia administrazioko arau-haustea izan litekeen egitateren bat bada, dagokion arloan eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

4.– Bestalde, egiaztatzen bada erakunde laguntzaileren batek bereganatutako betebeharren bat ez duela bete, harekin sinatutako hitzarmena azkendu egingo litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lege- eta administrazio-jarduera batzuk abiaraztea baztertu gabe.

15. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

Berme gisako laguntzaren onuradun den pertsonak onartu zaion laguntzari uko egin ahalko dio, emandako diru-laguntza onartu eta gero, baldin eta mailegu-eragiketa formalizatu ez bada. Uko egitea idatziz aurkeztuko da, idazkia Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendariari zuzenduta. Zuzendari horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du ukoa, eta harentzat prozedura bukatu dela deklaratuko du. Behin ukoa onartuta, pertsona onuradunak besterik gabe galduko du emandako laguntzara onartu zaion eskubidea.

16. artikulua.– Datuen babesa.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 23a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO MEMORIAREN EREDUA

1.– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailearen jarduera.

2.– Sustatzaileen identifikazioa.

3.– Enpresa-egitura.

4.– Proiektuaren kokalekua.

5.– Egin beharreko inbertsioen deskribapen xehakatua (herri-lanak, makineria, eta abar).

6.– Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Laguntzaren xede den inbertsioa bideratuko den jardueraren deskribapen xehakatua eta bideragarritasuna.

7.– Mailegua eskatzen den inbertsio motaren arabera, fabrikatutako produktuen eta erabilitako lehengaien, zerbitzuen eta enplegu-sorkuntzaren deskribapen xehakatua.

8.– Inbertsioak egikaritzeko epea.

9.– Inbertsioak egiteko aurreikusitako aurrekontua.

10.– Azken bi urteetako salmentak eta emaitzak eta hiru urtetarako aurreikuspenak.

11.– Inbertsioen finantzaketa-plana.

II. ERANSKINA
FINANTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN, FINANTZEN EUSKAL INSTITUTUAREN ETA ZENBAIT FINANTZA-ERAKUNDEREN ARTEKOA, NEKAZARITZA, BASOGINTZA, ARRANTZA, ELIKAGAI ETA LANDA-GARAPENEKO SEKTOREETAN INBERTITZEKO FINANTZAKETA-LERRO BAT BIDERATZEKOA (SENDOTU 2017 PROGRAMA)

Bilduta:

– Batetik: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, eta, haren izenean, Maria Aranzazu Tapia Otaegui Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta Pedro María Azpiazu Uriarte Ogasun eta Ekonomiako sailburua.

– Beste alde batetik: Finantzen Euskal Institutua, eta, haren izenean, Josu Garay Ibañez de Elejalde zuzendari nagusia.

– Beste alde batetik: 1. finantza-erakundea SA, eta haren izenean, zuzendari nagusia.

2. finantza-erakundea SA, ordezkaritzat bere zuzendari nagusia duela.

XXXXX Kred. Soz. Koop. mugatua, ordezkaritzat bere zuzendari nagusia duela.

Azaltzen dute:

Lehena.– Nekazaritza, basogintza, arrantza, elikadura eta landa-garapeneko sektoreetan proiektuak finantzatzea bultzatzeko, beharrezkotzat jo da sektore horietako inbertsioak finantzatzeko programa bat martxan jartzea (Sendotu 2017 programa). Horretarako, Hitzarmen honen bitartez, maileguak esleitzeko eskema bat egituratzen da, honako hauen bidez gauzatzen dena: Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) Hirugarren Kapituluko Hirugarren Atala, barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk aitortzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioan; eta Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokiona; horretan, zehazten da erregimen horren mende dauden laguntzak Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita geratzen direla eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen direla; Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzako minimis laguntzei aplikatzeari dagokiona; eta Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari dagokiona, laguntza motaren arabera.

Bigarrena.– Lankidetza Hitzarmen honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:

1.– Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onuradunak neurri horietatik ateratzen duela jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.

2.– Erakunde arduraduna: Europako Inbertsio Bankua eta Europako Inbertsio Funtsa, estatu kide bat akzioduntzat duen nazioarteko finantza-erakunde bat, edo agintaritza publiko baten kontrolpean, interes publikoa lortzeko asmoa duen finantza-erakunde bat, estatu kide batek ezarritakoa, edo zerbitzu publiko baten eginkizunak dituen erakunde pribatu bat edo zuzenbide publikoko erakunde bat. Erakunde arduraduna zuzenean izendatu edo hautatu daiteke, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzko 2004/18/CE Zuzentarauan (1) edo zuzentarau hori ordezten duen geroztiko edozein arautan ezarritakoari jarraituz.

3.– Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.

4.– Inbertitzaile pribatu independentea: bere inbertsioaren xede den eta diruz lagun daitekeen enpresaren akziodun ez den inbertitzaile pribatu oro. Bereziki, probidentziazko inbertitzaileak (business angels) eta finantza-erakundeak, edozein dela ere haien titulartasuna, bere inbertsioei dagokienez arrisku osoa bere gain hartzen duen neurrian. Enpresa berri bat sortzen denetik aurrera, inbertitzaile pribatuak, fundatzaileak barne, enpresa horretatik independentetzat jotzen dira.

5.– Arriskuko finantzaketako inbertsioa: diruz lagun daitezkeen enpresentzako maileguak, finantza-errentamenduak, bermeak eta modalitate horien konbinazioak barne, inbertsio berriak egiteko helburua dutenak.

6.– Pertsona fisikoa: erakunde juridikoaz besteko pertsona oro, enpresa ez dena, Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

7.– Lehenengo merkataritza-salmenta: enpresa batek produktu- edo zerbitzu-merkatu batean egindako lehen salmenta, merkatua zundatzeko egindako salmenta mugatuak izan ezik.

8.– Enpresa txiki eta ertainak: Europako Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamenduko I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak.

9.– Enpresa txiki edo ertain kotizatugabea: balore-burtsa batean ofizialki kotizatzeko onartu ez den enpresa txiki edo ertain oro, negoziazio-plataforma alternatiboak izan ezik.

10.– Hasierako inbertsioa: a) establezimendu berri bat sortzeari, lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzeari, establezimendu batean lehenago ekoizten ez ziren produktuetara establezimendu horren ekoizpena dibertsifikatzeari edo lehendik zegoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu globala eraldatzeari lotutako aktibo material eta immaterialetako inbertsioa; edo b) itxi den edo bestek erosi izan ez balute itxita legokeen eta saltzaileari lotuta ez dagoen inbertitzaile batek erosi duen establezimendu batenak diren aktiboak erostea; enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da hasierako inbertsiotzat hartuko.

11.– Mailegua: edozein hitzarmen, zeinaren bitartez mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku jartzen duen hitzartutako diru kopuru bat, hitzartutako epe baterako. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera obligatzen du. Maileguaren edo beste finantzatze-tresna baten forma har dezake, baita finantza-errentamendu batena ere, zeinak mailegu-emaileari gutxieneko etekineko osagai nagusi bat eskaintzen baitio. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.

12.– Bermea: idatzizko edozein konpromiso, zeinaren bitartez norberaren gain hartzen baita hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna, berriki eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.

13.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.

14.– Itzulketa: Laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

15.– Berme-tasa: dagokion Estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.

16.– Enpresa bakarra: halakotzat hartuko dira beren artean gutxienez lotura hauetako bat duten enpresak:

a) enpresa batek beste enpresa baten akzionisten edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa du;

b) enpresa batek beste enpresa baten administrazio-, zuzendaritza-, edo kontrol-organoko kideen gehiengoa izendatu edo errebokatzeko eskubidea du;

c) enpresa batek beste batean eragin dominatzailea izateko eskubidea du, harekin sinatutako kontratu baten edo bigarren enpresaren estatutu-klausula baten ondorioz;

d) enpresa bat bestearen akzionista edo bazkidea da eta berak bakarrik kontrolatzen ditu haren akzionisten boto-eskubideen gehiengoa, bigarrenaren beste akzionista edo bazkide batzuekin izandako akordioaren ondorioz.

Horrela, beste enpresa baten edo beste enpresa batzuen bitartez a) eta d) letretan ezarritako harremanetariko edozein duten enpresak ere enpresa bakartzat hartuko dira.

Hirugarrena: Horregatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Ogasun eta Finantza Sailaren bitartez), Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde laguntzaileen arteko finantza-loturak egoki egituratzearren, esku-hartzaileek finantza-izaerako lankidetza-hitzarmena formalizatzea erabaki dute. Hauek dira

Klausulak

– Lehena: hitzarmenaren xedea.

1.– Hitzarmen honek definitzen ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren, Ogasun eta Finantza Sailaren (biak ere EAEko Administrazioak dira), finantza-erakunde sinatzaileen eta Finantzen Euskal Institutuaren arteko lankidetza-baldintzak, 2017 eta 2018ko ekitaldietarako nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetan finantza-laguntzako programa bat (SENDOTU 2017 programa) garatzeko. Nekazaritza, basogintza, arrantza, elikadura eta landa-garapenaren sektoreetako kide diren inbertsio-finantzaketaren eskatzaileei maileguak ematean datza programa hori.

– Bigarrena: parte-hartzaileak.

1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Elikagaien Kalitate eta Industrietako Zuzendaritzaren bitartez, hitzarmen honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitutako eginkizunak egingo ditu. Gainera, aintzat hartuko dira bermeak emateari dagokionez Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskumenak.

2.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta horren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea da. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, Sendotu 2017 programa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat, maileguak izapidetzeari eta bermeak emateari dagokionez, hitzarmen honetan ezarritako baldintzetan. Finantzen Euskal Institutuak kreditu-arriskua partekatuko du, pari-passu baldintzetan, parte hartzen duten finantza-erakundeekin.

3.– Hitzarmen honetan parte hartzen duten finantza-erakundeek indarrean dagoen araudiak ematen dien gaitasuna dela bide, eta inbertitzaile pribatu independente gisa, jarduten dute.

– Hirugarrena: sinatzaileen betebeharrak.

A) Ekonomiaren garapen eta azpiegitura sailaren konpromisoak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du kobraezinak estaltzeko berme-funtsa eratzeko beharrezko ekarpenak egiteko, hamargarren klausulan ezarritakoari jarraituz.

Orobat, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu 2017 programa) laguntza-programa bat ezartzeko eta dagokion deialdia egiteko konpromisoa hartzen du.

B) Finantzen Euskal Institutuaren Konpromisoak

Finantzen Euskal Institutuak konpromisoa hartzen du, hitzarmen honen indarraldian, honekin batera doan eranskineko «Maileguen ezaugarriak» apartatuan markatutako baldintzetan onuradunei maileguak emateko, baita Hamargarren Klausulan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko ere.

Baimena edukiz gero, finantzaketa erdibana gauzatuko dute Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile batek edo gehiagok, arrisku eta zenbateko berarekin.

Eragiketa bakoitza formalizatzeko, Finantzen Euskal Institutuak bere balantzeko edo finantzaketa-iturri arruntetako funtsak erabiliko ditu.

C) Finantza-erakundeen konpromisoak.

Akordio hau izenpetzen duten finantza-erakundeek konpromisoa hartzen dute, hala onartzen badute, hitzarmen honen indarraldian, honekin batera doan eranskineko «Maileguen ezaugarriak» apartatuan markatutako baldintzetan onuradunei maileguak emateko, baita hamargarren klausulan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko ere.

Baimena edukiz gero, finantzaketa erdibana gauzatuko dute Finantzen Euskal Institutuak eta parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile batek edo gehiagok, arrisku eta zenbateko berarekin.

– Laugarrena: hartzaileak.

Hitzarmen honetan aurreikusten den finantzaketaren hartzaileak izan daitezke.

1.– Bermeak mailegatu bidez arriskua finantzatzeko laguntzei dagokienez, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren hirugarren kapituluko hirugarren atalaren esparruan dago. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Tratatuko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu.

Enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetakoak direnak, eta arriskuko finantzaketako hasierako inbertsioaren unean ondorengo baldintza hauetako bat behintzat betetzen dutenak:

– Ezein merkatutan eragiketarik egin ez izana.

– Beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gutxiago eman izana.

– Arriskuko finantzaketako hasierako inbertsio bat behar izatea; geografiaren edo produktuen aldetik berria den merkatu batean sartzeko asmoz egindako negozio-plan batean oinarrituta, inbertsio horrek azken bost urteetako urtez urteko negozio-bolumenaren batezbestekoaren % 50 baino gehiago izan behar du.

2.– Arriskua finantzatzeko laguntzei dagokienez, bermeak mailegatuko dira, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduaren babesean, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikadura eta landa-garapeneko sektoreetan diharduten pertsona fisikoak edo juridiko pribatuak izatea.

– Bosgarrena.– baldintzak.

Hitzarmen honen xedeetarako, Sendotu 2017 Programaren finantzaketaren pertsona hartzaileek Klausula honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen direnak; honako hauek dira:

1.– Edozein kasutan, finantzaketa-beharren zati bat finantzaketa pribatuak estali beharko du, gutxienez inbertsio osoaren % 20, agindu honen eranskintzat argitaratu den lankidetza-hitzarmenari lotutako finantzaketak alde bat utzita.

2.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aginduko 1. artikuluko 2. paragrafoko b) letran aurreikusitako laguntza-lerrorako, nekazaritza, basogintza, arrantza, elikadura eta landa-garapeneko sektoreentzako mailegu-berme formako finantza-laguntzak ezartzen dituenerako (Sendotu 2017 programa), Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduko 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduko 3. artikuluan eta Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduko 3. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea.

3.– Inbertsioa Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

4.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

5.– Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

6.– Eskatzaileek jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez ere, orobat, hala dagokionean, azken bi urteetan zer minimis laguntza jaso dituzten.

7.– Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.

8.– Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izatea.

9.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

10.– Konkurtso-deklarazioa ez eskatu izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitu ez izana, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

11.– Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea ez eragin izana.

12.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

13.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

14.– Hartzailea ezingo da egon kaudimengabezia kolektiboko prozeduran eta ezingo ditu bete hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak.

15.– Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.

16.– Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

– Seigarrena: muga maximoa.

1.– Lankidetza-hitzarmen honen babesean Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde laguntzaileen artean formalizatutako maileguen guztizko zenbatekoa ez da izango hamar milioi bederatziehun eta laurogeita bat mila berrehun eta berrogeita hamar (10.981.250) euro baino handiagoa.

2.– Zenbateko hori handitu egin daiteke, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko uztailaren 29ko Aginduaren esparruan emandako eta ezeztatutako maileguen bermeak askatzetik lortzen diren kantitateen arabera (agindu horrekin, zenbait laguntza ezartzen dira nekazaritza, basogintza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreen finantza-laguntzarako programaren esparruan -Sendotu programa-) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan zenbait finantza-tresna finantzatzeko xedea duten funtsetatik askatzen diren kantitateen arabera.

Gorakada hori gauzatu ahal izateko, Berme Funtsa ere areagotu behar da, Gobernu Kontseiluaren Akordio bidez.

– Zazpigarrena: eskabideak aurkezteko eta izapidetzeko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua, baita aurkeztu beharreko dokumentazioa ere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ematen duen deialdiko aginduan ezarriko dira.

2.– Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailean finantzaketa-eskabideak aurkeztu ondoren eta, deialdiari dagokion aginduan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldeko azterketa lortzen duten eskabideetarako, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantzaketa-eragiketan parte hartzeko interesa duten finantza-erakundeen eskura jarriko dira erakunde horien arabera beharrezko diren dokumentu teknikoak, finantzaketa-proiektuaren banan-banako azterketa egitearren.

3.– Tartean diren erakundeetako bakoitzak aurkeztu diren eskabideak aztertu eta gero, zortzigarren klausulan zehaztutako Balorazio eta Segimendu Batzordea batzartuko da, eskabide bakoitza onartzeko edo ukatzeko.

– Zortzigarrena: balorazio eta segimendu batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balorazio eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori eragiketa bakoitzean esku hartzen duten alderdietako bakoitzak eratuko du. Beraz, kide hauek izango ditu:

– Finantzen Euskal Institutuaren ordezkari bat.

– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkari bat, titularraren aginduz izendatuta, idazkari gisa jarduteko.

– Finantzaketa-proiektuan parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile bakoitzaren ordezkari bat.

Balorazio eta Segimendu Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu, bere kideen artean informazioa albait modu eraginkorrenean bideratzeko.

– Bederatzigarrena: mailegu-eragiketak onartzea.

1.– Behin eskabideak dokumentazio guztia duenean eta Kalitate eta Elikagai Industrietako Zuzendaritzak egindako txosten teknikoa aldekoa denean, Balorazio eta Segimendu Batzordeen bileren aurretik, honako dokumentazio hau bidaliko die kide guztiei Kalitate eta Elikagai Industrietako Zuzendaritzak:

a) eskabidea eta espedienteko dokumentazioa.

b) aldeko txosten teknikoa; horiek, aurkeztu diren proiektuak zein arlotakoak diren arabera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzetako zerbitzu teknikoek egingo dituzte eta titularrak sinatuko ditu; titularrak, era berean, deialdiaren aginduan xedatutakoa betetzen dela egiaztatu behar du, baita proiektuaren bideragarritasun tekniko-ekonomikoa ere, eta ziurtatuko du proiektuaren edukia hitzarmen honetan ezartzen den ereduarekin bat datorrela.

2.– Balorazio eta Jarraipenerako Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa.

3.– Eskabide bati atxikitako finantza-erakunde batek eskatu den eragiketan parte hartzeari uko egin ahalko dio. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batek esku hartzeko bidea emango du. Finantza-erakunde laguntzaile batek ere ez badu eragiketari buruzko interesik erakusten, Balorazio eta Segimendu Batzordeak eskabidea ukatu duela jakinaraziko dio interesdunari Kalitate eta Elikagai Industrietako Zuzendariak.

4.– Behin finantzaketa-eragiketa onartutakoan, Balorazio eta Segimendu Batzordeak Kalitate eta Elikagai Industrietako Zuzendariari jakinaraziko dio finantzaketa-eragiketa onartzearen alde emandako txostena, eta Finantzen Euskal Institutuaren eta dagokion finantza-erakunde laguntzailearen artean mailegu-eragiketa bana formalizatuko da (zenbateko nominal berekoak), aipatu Balorazio eta Segimendu Batzordeak onartutako baldintzetan. Edozelan ere, formalizazio hori egin baino lehen, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak laguntzak onartzeko ebazpena emango du, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak xedatutako laguntza-aginduan ezarritako eran jakinaraziko du. Halaber, Kalitate eta Elikagai Industrietako Zuzendariak lehen aipatutako ebazpena jakinaraziko die Finantza Erakundeei eta Finantzen Euskal Institutuari.

5.– Sei hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak segimendu-txosten bat egingo du. Txostenaren edukia hau izango da:

A) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-datarekin:

1) Ordainketak maileguen onuradunei.

2) Onuradunen diru-itzultzeen kobrantzak.

3) Aurreko eragiketetako bakoitzaren osteko saldoa.

B) Onuradun bakoitzeko, erregistro bat eramango da, ordainketa-datekin, itzulketekin, atzerapenekin eta gorabeherekin (batez ere, mailegu-hartzaileek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoei buruzkoak).

6.– Eragiketa bakoitza onartzeaz gainera, Balorazio eta Segimendu Batzordeak onartutako eragiketen segimendu-lanak egingo ditu. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde laguntzaileek maileguen kudeaketari buruz egoki diren xehetasun guztiei buruzko informazioa emango dute, datu nabarmenenak bidalita.

– Hamargarrena: arriskuaren estaldura. Berme-funtsa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, finantzaketa-lerroa bultzatu duen erakundea denez, finantzaketa-lerroaren arriskua estaltzen parte hartuko du, kobraezinak estaltzeko berme-funts bat eratuz, hirugarren klausulan adierazita dagoen moduan.

Bermearen zenbatekoa milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamazazpi mila (1.757.000) eurokoa izango da, eta finantzaketa-lerroaren zenbateko maximoa hamar milioi bederatziehun eta laurogeita bat mila berrehun eta berrogeita hamar (10.981.250) eurokoa izango da.

Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile bakoitzak –Finantzen Euskal Institutua barne dela– formalizatutako mailegu-zorroko kobraezin bakoitzaren % 80ari, programa honen babesean, finantza-erakunde laguntzaile bakoitzak eta / edo Finantzen Euskal Institutuak formalizatutako zenbateko nominal osoaren % 20ko mugarekin. Finantza-erakunde bakoitzean formalizatutako mailegu-zorrotzat hartuko dira, bai aurreko Sendotu 2015-2016 Programaren babesean formalizatutako eragiketa guztiak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko uztailaren 29ko Aginduaren bidez deitu zena -2015eko irailaren 9ko EHAA-, eta 2015eko azaroaren 11ko Aginduz aldatu zena -2015eko azaroaren 27ko EHAA-) eta bai uneko Sendotu 2017 programaren babesean formalizatutakoak ere.

Bermean sartuta egongo dira kapitala, interesak eta mailegu kobraezin bakoitzetik eratorritako gastuak.

Orobat, finantza-bermeez hornitutako mailegu-eragiketarako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko du Kalitate eta Elikagai Industrietako Zuzendaritzak.

2.– Behin lankidetza-hitzarmen hau sinatuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak 2017an ordainketa bakar bat egingo dio Finantzen Euskal Institutuari, berme-funtsa eratzearren, goian aipatutako zenbatekoarekin.

3.– Finantzen Euskal Institutuak kudeatuko du berme-funtsa, eta irizpide hauek hartuko ditu aintzat:

a) Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde laguntzaile sinatzaile bakoitzaren mailegu-zorroari banakatuta aplikatuko zaio funtsa. Finantza-erakunde baten zorroko zenbateko erabiligabeak ezingo zaizkio aplikatu xede bererako zenbateko osoa dagoeneko agortu edo aplikatu dioten beste bati.

b) Finantzen Euskal Institutuak euroguneko finantza-erakundeen edo jaulkitzaileen diru-gordailuetan edo likidezia bermatua duen zor publikoan izango du kobraezinak estaltzera aplikatu ez den berme-funtseko saldoa.

c) Kobraezinak metatzearen ondorioz berme-funtsak onartutako galeren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, bai Finantzen Euskal Institutuarentzat edo bai parte hartzen duen finantza-erakunde laguntzaile batentzat, horietako bakoitza izango da hitzarmen honi lotutako bere mailegu-zorrotik eratorritako kobraezin erantsien zenbatekoari aurre egin beharko diona.

d) Gehienez ere sei hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak, finantza-erakunde laguntzaileen informazioa jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari haien zorroei lotuta dauden eta ez ordaintzeengatik edo hornidurak eratzeagatik gorabeherak dituzten maileguei buruzko informazioa bidaliko dio.

4.– Finantzaketa-eragiketa bat kobraezintzat jotzeko, honako baldintza hauetako bat bete beharko da gutxienez:

a) Erabat kitatuta eta % 100ean hornituta egotea.

b) Haien saldoa kobraezintzat kontabilizatuta egotea agindu-kontuetan, eta baja emanda egotea arriskua, osorik edo zati batean.

c) Galera eta berreskuratzeko bide posibleen ezintasuna egiaztatu eta justifikatzea.

Eragiketa bat kobraezintzat jo ondoren, Finantzen Euskal Institutuak, saldo erabilgarririk badago, berme-funtsaren zati bat haren kontabilitate-estaldurarako erabili ahal izango du, eta, era berean, eragiketa kobraezin horrek eragindako finantza-erakunde laguntzaileari dagokion zenbatekoa transferitu ahal izango dio, agiri bidez behar den bezala justifikatu ondoren. Zenbateko hori berme-funtsaren kargura aplikatzeko, argi dagoenez, kontuan hartuko da klausula honen 1. zenbakian finkatutako estaldura noraino heltzen den.

5.– Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde laguntzaileek, betiere, zor zaizkion kopuruak kobratzeko egoki irizten diren ekintza guztiak egingo dituzte, hala auzibidetik kanpo nola auzibidean. Bermeak gauzatzearen bidez edo beste bitarteko batzuez berreskuratutako kopuruak, erasandako alderdien artean banatu beharko ditu, bakoitzaren arrisku-ehunekoaren arabera.

Berme-funtsa aplikatu ondoren, Finantzen Euskal Institutuak edo finantza-erakunde laguntzaileek, bermeak gauzatzearen bidez edo beste bitarteko batzuen bidez, Finantzen Euskal Institutuak eta erakunde laguntzaileek berek kobraezintzat onartutako zenbatekoa gainditzen duten zenbatekoak berreskuratzen badituzte, gaindikin hori berme-funtsari itzuliko zaio.

6.– Aurreko apartatuetan xedatutakoaz gainera, azken onuradunak Sendotu mailegutik zor duen edozein kopuru ordaintzen ez badu, finantza-erakundeak, egoki baldin baderitzo, Finantzen Euskal Institutuari eskatu ahalko dio onuradun horrek duen kreditua laga diezaiola, haren eskubide eta bermeekin batera (direla pertsonalak, direla errealak). Hala egiten bada, Finantzen Euskal Institutuak lagatze hori gehienez hogeita hamar egun naturaleko epean egin ahalko du, eskatu zitzaionetik zenbatzen hasita.

7.– Sendotu 2017 programa bukatutakoan, eta haren babesean emandako maileguak mugaeguneratuta, Finantzen Euskal Institutuak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari aurkeztu beharko dio berme-funtsaren kudeaketako azken balantze bat, hala egokituz gero soberako zenbatekoen likidazioa eta guzti.

– Hamaikagarrena: hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau izenpetzen denetik 2018ko abenduaren 31ra arte izango da aplikagarri, edo, hala egokituz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz ematekoa den maileguen gehieneko bolumena agortu arte, data hori baino lehen hala gertatuz gero.

Finantzaketarako bermeak eskaintzeko behar adinako zuzkidura ekonomikoa badago, hitzarmen hau urteko aldietan luzatu ahalko da, bi urtera arte gehienez ere, amaitzen den unetik zenbatzen hasita. Alderdiek aho batez onartu behar dute luzapena eta idatziz formalizatu behar da, amaitu baino lehen.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta hitzarmena sinatu duten finantza-erakundeen konpromisoek iraun egingo dute haren babesean emandako maileguen epemugaraino.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburua.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua.

Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia.

Kred. Koop. Soz. Kreditua, mugatua.

1. finantza-erakundea, SA.

2. finantza-erakundea, SA.

...........................................

MAILEGUEN EZAUGARRIAK

– Baliabidea: mailegu amortizagarria.

– Finantzatzeko zenbatekoa: Eskabidean aurreikusitako inbertsioaren % 80ko maileguko mugarekin, kasuan kasu, honako hau izango da finantzaketa-eragiketen zenbateko maximoa, aukeratutako eta eskatutako laguntza-lerroaren arabera:

1.– Agindu honetako 1. artikuluko 2. paragrafoko a) letran aurreikusitakoen kasuan, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko 21. artikuluko 9. apartatuan ezarritakoa, hau da, arrisku-finantzaketaren guztizko zenbatekoak ez duela 15 milioi euro gaindituko diruz lagundu daitekeen enpresa bakoitzeko.

2.– Agindu honetako 1. artikuluko 2. paragrafoko b) letran aurreikusitakoen kasuan, Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduko 4. artikuluan ezarritakoa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruz; edota abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduko 4. artikulua, nekazaritzako minimis laguntzei buruzkoa; edota Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduko 4. artikulua, arrantza eta akuikulturako minimis laguntzei buruzkoa; betiere, proiektu edo onuradun motaren arabera.

– Interes-tasaren modalitatea: Interes-tasa aldakorra, proiektu bakoitzaren arrisku-ebaluazioaren araberakoa, urtebetera gehienez ere Euribor gehi % 2,00ko diferentzialeko kostuarekin, bost urtetik gorako epea duten eragiketetarako; eta gehienez ere Euribor gehi % 1,75eko diferentzialeko kostuarekin, bost urteko epea edo txikiagoa duten eragiketetarako.

Interesa urtero berrikusiko da. Interesak egunero sortuko dira, maileguaren printzipal biziaren gainean, eta hiruhilekoz hiruhileko likidatuko dira.

Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuter-en Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hamabi hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketa formalizatu den egunaren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko. Finkapenaren datan Euriborra % 0tik beherakoa izanez gero, interes-tasa kalkulatzeko, % 0 dela joko da.

– Epea: 10 urtera arte.

– Gabealdia: 2 urtera arte.

– Amortizazio-sistema: sei hilean behingo epemugak.

– Komisioak eta gastuak: ez da komisiorik aplikatuko maileguaren nominalaren gainean, ez irekitzeagatik eta ez aldez aurretik amortizatzeagatik. Mailegu-hartzailearentzako gastu gehigarri bakarra fede-emaile publikoen edota jabetza-erregistroaren (hala egokituz gero) esku hartzetik datorrena izango da.

– Bermeak: ekarritako bermeei eta proposatutako eragiketari buruz egiten den ebaluazioaren arabera, Finantzen Euskal Institutuak berme osagarriak –direla pertsonalak, direla errealak– eskatu ahalko dizkie bazkideei, beste sozietate batzuei edo elkar bermatzeko sozietateei. Berme horiek maila eta ehuneko beretan banatuko dituzte eragiketa bakoitzean parte hartzen duten Finantza Erakundeek eta mailegu-entitate bakoitzak. Bestalde, parte hartzen duten finantza-erakundeek ezingo dute eskatzailearengandik berme gehigarririk hartu, Finantzen Euskal Institutuak eskatutakoez gainera.

– Kredituen hurrenkera: mailegu-hartzailea derrigortuta dago, mailegu honen indarraldian, bere aktiboetako edozeinen gainean eskubide errealik, kargarik edo zerga nahiz pribilegiorik ez sortzera, aurrez Finantzen Euskal Institutuaren baimena izan ezean. Era berean, onuradunak maileguaren indarraldi osoan ez-pribilegiatuak eta ez-mendekoak diren bere beste hartzekodunen maila bera mantenduko du.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala