Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2017ko urriaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5150

AGINDUA, 2017ko urriaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, Leioako udalerrian (Bizkaia) «St. George’s English School» atzerriko ikastetxe pribatua ireki eta jardunean jartzeko baimena emateko dena.

«Sociedad Mercantil Colegio San Jorge S.L.» erakundearen ordezkariak aurkeztutako eskaera aztertu da, zeinaren bidez Leioako udalerrian (Bizkaia) atzerriko ikastetxe pribatu bat ireki eta jardunean jartzeko baimena eskatzen den britainiar hezkuntza-sistemako irakaskuntzak emateko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, Heziketarako eskubidea arautzen duena (uztailaren 4ko BOE); otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak (martxoaren 12ko BOE) aldatzen duen maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretua, Espainian dauden atzerriko ikastetxeen erregimenari buruzkoa (ekainaren 23ko BOE); 2012ko martxoaren 12ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta atzerriko hezkuntza-sistema bateko ikasketak eta Espainiako eta Euskal Herriko hizkuntza eta kulturari buruzko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakasgaiak ezartzen eta arautzen dituena (apirilaren 20ko EHAA), eta gai horretan aplikatzekoa den indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau:

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematen da Leioako udalerrian (Bizkaia) «St. George’s English School» atzerriko ikastetxe pribatua ireki eta jardunean jartzeko, britainiar hezkuntza-sistemako irakaskuntzak eman ditzan:

Honako hau izango da ikastetxearen egitura:

Kode-zenbakia: 48019481.

Izen generikoa: Atzerriko Ikastetxe Pribatua.

Izen espezifikoa: «St. George’s English School».

Titularra: Sociedad Mercantil Colegio San Jorge S.L.

Helbidea: Artazagane kalea 51.

Udalerria: Leioa.

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Honako hauek dira ikastetxean emango diren britainiar hezkuntza-sistemako irakaskuntzak:

Nursery-tik (3 urte) Year 7-ra (11-12 urte) bitarteko irakaskuntzak, 225 ikaspostu.

2. artikulua.– British Council erakundeak eginiko txostenaren arabera, Nursery-tik Year 6-ra bitarteko irakaskuntzak emateko baimenak 2021eko ekainaren 2ra arte izango du balioa, eta Year 7-ko irakaskuntzak emateko baimenak, 2018ko ekainaren 2ra arte. Data horietatik aurrera, baimena Britainiar Enbaxadako zerbitzuen ikuskapenaren mende egongo da.

3. artikulua.– Ikastetxeak Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Literatura eta Geografia eta Historia irakaskuntzekin osatu beharko ditu baimendutako irakaskuntzak, 2012ko martxoaren 12ko Aginduan ezarritakoaren arabera (2012ko apirilaren 20ko EHAA).

4. artikulua.– Ikastetxeak NBE CPI/96 Eraikuntzako Oinarrizko Araua bete beharko du, suteen aurka babesteko eraikinek bete beharreko baldintzei buruzkoa (urriaren 4ko 2177/1996 Errege Dekretuak onartua), bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere.

5. artikulua.– Indarrean dauden legeak betetzera beharturik gelditzen da ikastetxea, eta agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, dagokion berrikusketa eskatzera.

6. artikulua.– Agindu honen bidez emandako baimena Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek 2017-2018 ikasturtetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala