Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2017ko urriaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4985

111/2017 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Estatuko Ikerketa Agentziarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, osasun arloan ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntza-deialdiaren ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu du, eta zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Ikerketa Agentziarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, osasun arloan ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntza-deialdiaren ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko dena. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 10a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEŃA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 10Eko 111/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMEN ESPEZIFIKOA, ESTATUKO IKERKETA AGENTZIAREKIN SINATUTAKOA, OSASUN ARLOAN IKERKETA- ETA GARAPEN-PROIEKTUETARAKO LAGUNTZA-DEIALDIAREN EBALUAZIO ZIENTIFIKO-TEKNIKOA EGITEKO DENA

Madril, 2017ko uztailaren 20a.

Batetik, Marina Pilar Villegas Gracia andrea, Estatuko Ikerketa Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz, bertako zuzendaria den aldetik (kargu horretarako Zuzendaritza Kontseiluak izendatu zuen, 2016ko ekainaren 20an egindako bileran), Burutzak hala eskuordetuta, Estatuko Ikerketa Agentziako Burutzak eskumenak eskuordetzeko emandako 2016ko ekainaren 21eko Ebazpenaren bidez.

Bestetik, Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren izenean eta hura ordezkatuz, Osasuneko sailburuordea den aldetik, abenduaren 13ko 224/2016 Dekretuaren bidez hala izendatuta (abenduaren 16ko EHAA, 238. zk.), Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak 5.1.g) artikuluan emandako eskumenaz baliatuta, eta Gobernu Kontseiluak hala baimendu ondoren.

Bi aldeek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Estatuko Ikerketa Agentzia azaroaren 27ko 1067/2015 Errege Dekretuaren bidez sortu zen, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu Idazkaritzari atxikita.

Agentziaren Estatutuak 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, besteak beste hau du helburua: «Estatuko Administrazio Orokorrak bere ekimenez edo Espainiako edo beste herrialde batzuetako administrazio edo erakundeekin nahiz nazioarteko organismoekin batera ezagutza sortu, trukatu eta ustiatzeko sustatzen duen ikerketa zientifiko eta teknikoko jarduera ebaluatzea».

Estatuko Ikerketa Agentziaren Estatutuak 5. artikuluan dioenez, bere zereginen artean dago «Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako Estatu Planen esparruan esleitzen zaizkion programak, tresnak eta jarduerak kudeatzea, bai eta Estatuko Administrazio Orokorrak berariaz esleitzen dion beste edozein edo beste erakunde batzuekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen edo beste jarduera batzuen ondorioz sortzen direnak kudeatzea ere, eskuragarri dauden baliabideen esleipen objektibo eta inpartzial bidez, eta proposamen, jarduera edo eskumenen ex ante eta ex post ebaluazio zientifiko-teknikoa antolatu eta kudeatzea, nazioartean aitortutako merezimendu zientifiko eta teknikoetan oinarritutako ebaluazio-irizpideak eta dagozkien deialdietan ezartzen diren irizpideak erabil daitezkeenean».

(...) «Estatuko Administrazio Orokorrak agintzen dizkion zerbitzuak ematea edo jarduerak egitea, edo, hitzarmen, kontratu eta -orokorrean- negozio juridikoen bidez, beste erakunde batzuek agintzen dizkiotenak».

Estatutu horrek 17.2.a) artikuluan dioenez, Estatuko Ikerketa Agentziako Koordinazio eta Ebaluazioko Azpi-atala izango da ex ante ebaluazio-prozedurak antolatzeko eta Agentziak kudeatutako deialdi eta jardueretan jasotako arau, printzipio eta irizpideak aplikatzeko arduraduna, eta eskariak hautatzeko prozesuen gardentasuna, objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatu beharko du, arbitraje-berrikuspenaren edo panelaren prozesuen bidez.

Estatuko Ikerketa Agentziak koordinazio-taldeak ditu, garrantzi eta ospe handiko Espainiako eta nazioarteko ikertzaileek osatuak, bai eta kalitate handiko adituen oinarri handi bat ere, eta Zientzia eta Teknologia Sistema osorako erreferentea eta babesa da horregatik.

Bigarrena.– Apirilaren 11ko 80/2017 Dekretua (Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, apirilaren 21eko EHAA, 76. zk.) betez, Osasun Sailari dagokio osasun-arloko ikerketa eta berrikuntza planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea, osasun-sisteman ikerketa zein horren emaitzen aplikazioa bultzatzearren. Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien alorrean ikerketa-jarduerak planifikatzea, koordinatzea eta sustatzea, horixe baita EAEko osasun-sistema etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua.

Hirugarrena.– Osasun Sailak Koordinazio eta Ebaluazioko Azpi-atalaren lankidetza eduki nahi du osasun-arloan ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntza-deialdian jasotako eskarien ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko, Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Zuzendaritzak sustatuta, jarduera horietan kanpo-ebaluaziorako prozesu bat behar baita, independentea, kalitatezkoa eta nazioarteko estandarretan oinarritutakoa, kudeaketa hobetu eta baliabideak esleitzeko prozesuari oinarri objektiboa emate aldera.

Laugarrena.– Hori guztia dela eta, alderdiei bereziki interesgarria eta garrantzitsua iruditzen zaie, Espainian I+G+b sustatze aldera, bien xedea baita hori, lankidetza-mekanismo bat ezartzea, halako moldez non Osasun Sailak garatuko dituen politika zientifiko eta teknologikoko jarduerek Estatuko Ikerketa Agentziaren ebaluazio zientifiko eta teknikoa edukiko duten, eta, hala, baliabideak esleitzean objektibotasuna, independentzia eta eraginkortasuna bezalako printzipioak aplikatzen direla bermatuko den.

Horrenbestez, bi aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira lankidetza-hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Honako hau da hitzarmenaren helburua: Estatuko Ikerketa Agentziaren (Koordinazio eta Ebaluazioko Azpi-atalaren bitartez) eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko lankidetza, osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntza-deialdian jasotzen diren eskaeren ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko orduan, Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Zuzendaritzak sustatuta.

Langile kualifikatuek egingo dituzte ebaluazio-jarduerak (Espainiako eta nazioartean izena duten atzerriko zientzialariek, teknologoek eta adituek, besteak beste), eta horiekin batera administrazio- eta kudeaketa-lanak egiteko beharrezko langileak ere arituko dira.

Bigarrena.– Jarduerak.

1.– Ebaluazio-prozesua Estatuko Ikerketa Agentziak diseinatuko du, bertan egutegia, prozesuaren faseak, adituen izendapena, ebaluazio-txostenen prestaketa, jardueren laburpen exekutiboa eta amaierako txostena barne hartuta.

2.– Ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko behar bezalako kualifikazio zientifikoa duten langileak emango ditu Estatuko Ikerketa Agentziak, betiere osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen deialdian ezarritako irizpideen arabera, eta bere ebaluatzaileentzako ordainketak zuzenean kudeatuko ditu.

3.– Hain zuzen ere, honako parametro hauek kontuan hartuta egingo da ebaluazio-prozesua:

– Aurkeztutako eskabide-kopurua.

– Txostenak egiteko Estatuko Ikerketa Agentziak izendatutako aditu-kopurua.

– Nazioarteko adituen ehunekoa.

– Ebaluazioen banaketa Estatuko Ikerketa Agentziaren arloen arabera.

– Ebaluazio-kalifikazioen banaketa Estatuko Ikerketa Agentziaren arloen arabera.

4.– Dokumentazioa: Osasun Sailak eskabideei dagokien deialdiaren testua emango dio Estatuko Ikerketa Agentziari ebaluazio-prozesua hasi aurretik. Horrekin batera, ebaluazio-irizpideak ere emango dizkio, baita ebaluatu beharreko eskabideen gutxieneko datuak jasotzen dituen taula bat ere (erreferentzia, eskatzailearen izena eta abizenak, erakundea, proiektuaren izena eta dagokion Estatuko Ikerketa Agentziaren arloa). Eskabideen dokumentazio guztia Koordinazio eta Ebaluazioko Azpi-atalaren aplikazio informatikoan kargatuko du Osasun Sailak, garaiz eta modu egokian. Halaber, aurkeztutako dokumentazioa zuzena dela egiaztatuko du. Dokumentazio guztia aipatutako aplikazio informatikoan era egokian kargatu ondoren hasiko da Estatuko Ikerketa Agentziaren ebaluazio-prozesua.

5.– Ebaluazio honen ondoriozko datuak ustiatzea Osasun Sailaren eskumena da, kontuan hartuta Ekonomia Iraunkorrari buruzko Legeak 54. artikuluan adierazitakoa bai ikerketa-jardueraren emaitzen titulartasunari eta ondare-izaerari buruz, bai jabetza industrial eta intelektualeko tituluak eskatzeko (horiek babeste aldera) eskubideari buruz.

6.– Estatuko Ikerketa Agentziak honako betebehar hauek izango ditu:

Osasun Sailak ebaluazio-prozesurako emandako dokumentazioari buruzko isilpekotasuna gorde beharko du. Orobat, konfidentzialtasun bera eskatuko die dokumentaziora jotzen duten aditu guztiei.

Erabilitako informazioa aztertzeko beharrezkoa den edozein balio-judizio egiteko orduan inpartziala izan beharko da, eta alborapen oro saihestu beharko du horretan.

Ebaluazio-prozesuan zehar erabilitako informazio konfidentzialetik ez du zuzeneko onurarik lortu beharko.

Laguntzen interesdunek eta eskatzaileek aurkeztutako errekurtsoen alegazioak baloratzen lagundu beharko du.

7.– Osasun Sailak Estatuko Ikerketa Agentziari igorriko dio hitzarmen honen xedean agertzen den ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteko eskatu duen jarduera edo deialdia ebazten duen behin betiko ebazpena.

8.– Osasun Sailak ebaluazio zientifiko-teknikoaren prozesuan Estatuko Ikerketa Agentzia lankidetzan aritu dela agerraraziko du emandako laguntzen publizitatea edo hedapena gauzatzen duenean.

9.– Hitzarmen honen barruan egin beharreko lanak garatzeko orduan topatutako era guztietako zailtasunak garaiz jakinaraziko dizkiote elkarri aldeek; eta gauza bera egingo dute, oro har, haren garapen onari eragin diezaiokeen informazio guztiarekin, beste aldeak egoki irizten dizkion neurriak hartu ahal izan ditzan.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

1.– Hitzarmen honetan aipatutako jarduerak gauzatzeko aurrekontua 40.850 eurokoa izango da gehienez –200 eskabide ebaluatzeko asko jota–; horren barruan aldi baterako ebaluatzaileei eta laguntzaileei egin beharreko ordainketa dago jasota:

Aldi baterako laguntzaileei ordaindutako zenbatekoak, bai eta kanpoko ebaluatzaileen laguntzen eta txostenenak ere, Aurrekontu eta Gastuen Estatu Idazkariaren 2015eko urriaren 1eko Ebazpena beteko du; aipatutako ebazpenaren bidez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 19. artikuluan aipatutako organoetako espezialista eta adituei, laguntzen kontzeptuan, ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoak baimentzen dira. Bestela, bere indarraldia amaitzean onartzen den ebazpena bete beharko da.

2.– Lehen klausulan aipatutako administrazio- eta kudeaketa-lanak Estatuko Ikerketa Agentziako langileen kontura joango dira, eta ez dute gastua handitzea ekarriko horrelakoek.

3.– Aurreko 1. puntuan adierazitako aurrekontua Osasun Sailaren kontura izango da, 2017. urteko gastuen aurrekontutik (17.0.1.08.14.0000.1.238.99.41141.002/J aurrekontu-aplikazioa), eta Altxor Publikoan sartuko da, harik eta Estatuko Ikerketa Agentziak diruzaintza propioa izan arte, behin 069 modeloaren ordainketa-gutuna igorri ostean, edo Agentziak hura duenean, horretarako gaitutako Estatuko Ikerketa Agentziaren titulartasuneko kontuan egindako transferentzia bidez, hitzarmena aipatuz, honako ordainketa-egutegi honekin: ebaluaziorako azken txostenak entregatzean.

Laugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Lankidetza-hitzarmen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean izango da eraginkorra, eta beren gain hartutako betebeharrak hitzartutakoaren arabera bete arte iraungo du, edo, nolanahi ere, 2017ko abenduaren 31ra arte.

Bosgarrena.– Hitzarmena baliogabetzea.

Hitzarmena iraungi egingo da, bere indarraldia amaitzeaz gain, bestelako arrazoi hauengatik ere:

a) Alderen batek berariaz salatzen badu, gutxienez hilabete lehenago.

b) Hitzarmenaren sinatzaileek elkarrekin adosten badute.

c) Jarduerak egitea edo jarraitzea ezinezkoa dela edo beharrezkoa ez dela irizten bazaio.

d) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

Aldez aurretik iraungitzen bada, aldeen artean ez da kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko, eta egin diren jarduerak likidatu egingo dira, baldin eta egindakoa erabilgarria bada.

Aldeek beren gain hartutako betebeharren bat urratzen badute, urraketa egin duen aldeari jakinaraziko zaio, eta 15 egun naturaleko epea emango zaio ez-betetze hori zuzen dezan.

Seigarrena.– Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea.

Jarraipena eta kontrola egiteko batzorde bat ezarri ahal izango da, Osasun Sailaren bi ordezkarik (Osasuneko sailburuak izendatuta) eta Estatuko Ikerketa Agentziaren bi ordezkarik (Estatuko Ikerketa Agentziako zuzendariak izendatuak) osatuta. Aipatutako batzordeak, besteak beste, programen ebaluazio zientifiko-teknikoa koordinatuko du eta hitzarmena administrazio-ikuspegitik behar bezala gauzatzen dela bermatuko du. Batzorde honen barruan, alde batek besteari jakinarazi beharko dizkio antzematen dituen ez-betetzeak, modu boluntarioan zuzen daitezen.

Batzordea sortzeko akordioan zehaztuko da batzordearen burutza eta idazkaritza nori dagozkion.

Bere eraketari, funtzionamenduari eta erabakiak hartzeari dagokienez, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak Aurretiazko Tituluko II. Kapituluko 3. zenbakian kide anitzeko organoentzat jasotako indarreko araudia bete beharko du batzordeak.

Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzeak ez du gastua handitzea ekarriko.

Zazpigarrena.– Araubide juridikoa eta gatazken konponbidea.

Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka. Berariaz bete behar ditu bai bere baldintza eta betekizunak, bai Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak Aurretiazko Tituluko VI. Kapituluan aurreikusitakoa. Halaber, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 4.1.c) artikuluan aurreikusita dago (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua). Hori dela eta, bere aplikazio-eremutik kanpo dago.

Hitzarmen honen interpretazioak eta gauzatzeak ekar litzakeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegien eta epaitegien esku jarriko dira, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera. Nolanahi ere, Estatuari eta Instituzio Publikoei Laguntza Juridikoa emateari buruzko azaroaren 27ko 52/1997 Legean eta Estatuko Zerbitzu Juridikoaren Araudia onartzeko uztailaren 25eko 997/2003 Errege Dekretuan aurreikusitakoa hartu beharko da kontuan, eta, aplikagarria bada, baita maiatzaren 20ko 11/2011 Legeak (Arbitrajeko abenduaren 23ko 60/2003 Legea aldatzen duena eta Estatuko Administrazio Orokorrean Arbitraje Instituzionala arautzen duena) xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitakoa ere.

Zortzigarrena.– Testu hau Estatuko Abokatuak 2016ko otsailaren 15ean igorritako txostenean dago oinarrituta.

Aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, hasieran aipatutako toki eta egunean izenpetzen dute hitzarmen hau, ale bikoitzean.

Estatuko Ikerketa Agentziako burua, Eskuordetuta (2016ko ekainaren 21eko Ebazpena, ekainaren 24ko BOE, 152. zk.) Estatuko Ikerketa Agentziako zuzendaria, Marina Pilar Villegas Gracia andrea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburuordea, Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui jauna.


Azterketa dokumentala