Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2017ko urriaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4935

EBAZPENA, 2017ko irailaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baita Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegia.

Vitoria-Gasteizko, Donostiako eta Elkanoko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea fusionatu ondoren, 2016ko urriaren 15ean (2016ko urriaren 14ko EHAA) indarrean jarri zen Ekonomia eta Enpresa Fakultateko arautegia. Horren ondorioz beharrezkoa da Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegi berri bat onartzea, gaur egungo zentroko antolaketari egokituta.

2017ko uztailaren 14an, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Batzarrak Kalitate Batzordearen arautegiaren proposamena onartu zuen. Proposamenak txosten juridiko aldekoa du eta bat dator Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen esparru-araudiarekin (2010eko uztailaren 21eko EHAA).

Aipatutako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiak honela dio 2.2 artikuluan: «Ikastegiko Kalitate Batzordearen Araudia behin betiko onartzea Gobernu Kontseiluari dagokio, Ikastegiko Batzarrak halaxe eskatuta, eta dagokion legezkotasun txostena aurkeztu ondoren. Idazkaritza Nagusiak (eskuordetuta) onartuko ditu araudiak. Onartzeko, alabaina, araudiek aldeko txosten guztiak izan beharko dituzte eta Gobernu Kontseiluko kide bakar batek ere edo Ikastegiko Batzarreko kideen % 15ek ez dute espresuki eskatu beharko txostenak Gobernu Kontseilura eramatea. Onartuz gero, Gobernu Kontseiluari jakinarazi beharko zaio».

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Kalitateko Batzordearen arautegia onartzea.

Bigarrena.– Onarpen honen berri Gobernu Kontseiluari ematea.

Hirugarrena.– Agindua ematea Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Kalitateko Batzordearen arautegia argitaratzeko, Gobernu Kontseiluari horren berri eman eta gero.

Leioa, 2017ko irailaren 28a.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

UPV/EHU-KO EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA

Hitzaurrea

Arautegi hau UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2010eko apirilaren 29an ikastegi guztiei emandako agindua betetzera dator. Agindu horren arabera, ikastegi bakoitzak bere kalitate batzorderako arautegia egin beharko du, egun hartan kontseiluak onartutako oinarrizko arautegiari jarraiki. Testu honen helburua da, beraz, oinarrizko arautegi hura garatzea eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen errealitatera egokitzea, oinarrizko arautegiaren aginduak errespetatuz betiere.

Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da. Dekanotza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta, horrez gain, kalitate sistema horren politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen barne komunikaziorako tresna da. Ikastegiko Kalitate Batzordeak, gainera, dekanotza taldeari eta Fakultateko Batzarrari laguntza eta aholkularitza emango dizkie tituluen curriculuma garatzeari begira, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko prestakuntza eta ebaluazioa ere, irakaskuntza testuinguru kooperatibo eta eleanizdun batean. Era berean, Ikastegiko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.

Fakultateko Batzarrari dagokio, UPV/EHUko ikastegietako kide anitzeko ordezkaritza eta gobernu organoa den neurrian, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Era berean, Fakultateko Batzarrari dagokio graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan tituluetarako proposatutako hobekuntza ekintzak onartzea, Kalitate Batzordeak egindako ebaluazio txostenak oinarri hartuta.

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Organoaren izena hau izango da: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Kalitate Batzordea.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Kalitate Batzordeak –aurrerantzean, Kalitate Batzordea– arautegi honen eta UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiaren arabera jardungo du, baita aplikagarri zaizkion gainerako arautegien arabera ere.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Kalitate Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema (KBBS) diseinatzea, ezartzea, abian jartzea eta horren jarraipena egitea.

b) Prozesuen jarraipena egitea, haiei lotutako adierazleen bitartez.

c) Kalitate Batzordean adostutako proposamenak ikastegiko dekanotza taldeari helaraztea.

d) Ikastegiaren urteko helburuak jasotzea eta, hala behar denean, haien formulazioa koordinatzea eta haien betetze prozesuaren jarraipena egitea.

e) Gogobetetze-inkesten emaitzak jasotzea, eta, haietan oinarrituta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta ikastegiko tituluetan ezarritako helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen diren hobekuntza ekintzak proposatzea.

g) Tituluen eta fakultatearen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

i) Tituluen curriculuma garatzeko plangintza egiten eta aurrera eramaten laguntzea.

j) Ikastegiko irakasleek graduen eta masterren curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

k) Ikastegiko kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea.

l) Ikastegiko zuzendaritzari aholkularitza ematea, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.

m) Ikastegiko Batzarrari erabakiak onartzeko proposatzea, haren eskumenen esparruan.

n) Fakultatearen kanpo harremanez arduratzea, irakaskuntzaren kalitateari dagokion guztian. Zehazki, elkarrizketa irekia bideratu eta bultzatuko du ikastegian emandako tituluetarako garrantzia duen ekonomia eta lan ingurunearekin, eta bereziki enpresa, elkarte eta administrazioekin, lan merkatura egokitzeko gai izango diren profesionalak prestatzeko helburua lortze aldera.

2.– Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenez, kalitatearen kudeaketarekin zerikusia duten beste zeregin batzuk eskuordetu ahal izango dizkio Kalitate Batzordeari; esate baterako, ikastegiaren irakats eskaintzaren kalitatea aldiro ebalua dadin bermatzea eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Kalitate Batzordea honako kide hauek osatua egongo da:

a) Fakultateko dekanoa edo hark eskuordetzez izendutako pertsona, dekanoak izendatutako dekanorde bat – egoitzako kalitate dekanordea izango dena, halakorik bada–, ataleko koordinatzaileak edo haiek eskuordetzez izendatutako pertsonak.

b) Irakasle-ikertzaileen ordezkariak: Ekonomia eta Enpresa Fakultateari atxikitako sailetako ordezkari bana eta ikastegian eratutako sailetako atal bakoitzeko ordezkari bana, ikastegian egoitza ez duten sailen kasuan. Ikastegian egoitza duten sailek proposatuko dituzte, edo ikastegian eratutako sailen atalek, ikastegian egoitza ez duten sailen kasuan. Irakasle-ikertzaile horiek ez dira dekanotza taldeko kideak izango, eta, ahal bada, kalitatearen kudeaketari buruzko prestakuntza izango dute (arautegi honen 4.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera berrituko dira).

c) Tituluetako koordinatzaileak eta, hainbat ataletan emandako tituluen kasutan, koordinatzaile bat, atal eta egoitza bakoitzeko.

d) AZPeko kidea: Fakultateko administrazio burua eta egoitzako gestio-teknikaria.

e) ikasleen bi ordezkari, Ikasleen Kontseiluak proposatutakoak.

2.– Egoera jakin batzuetan, Ekonomisten Euskal Elkargoak proposatutako enplegu emaile bat gonbidatu ahal izango da, ahotsa izango duena baina botorik ez.

3.– Kalitate Batzordea osatuko duten kideak izendatzean, bi sexuen ordezkaritza orekatua izan dadin zainduko da.

4.– Batzordeburua dekanoa izango da, edo hark eskuordetzez izendatutako pertsona. Dekanoak kargua norbaitengan eskuordetzen badu, hala adierazi beharko da bilera deialdian.

5.– Sailek Kalitate Batzorderako proposatutako kideak Fakultateko Batzarrak izendatuko ditu, dekanotza taldeak emango duen proposamenaren arabera. Izendapena lau urterako izango da. Ikasleen ordezkariak bi urterako izendatuko dira, baina epe hori beste bi urterako luzatu ahal izango da.

6.– Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, batzordea berritzen den bakoitzean; hau da, bi urtean behin, irakasle-ikertzaileen ordezkarien erdiak bakarrik aldatuko dira. Zozketaz erabakiko da zer kide aldatuko diren, Kalitate Batzordearen jarduneko lehen bi urteak betetzean.

5. artikulua.– Laguntza-azpibatzordeak.

Kalitate Batzordeak egoitzako eta ataleko laguntza-azpibatzordeak eratu ahal izango ditu, haren menpe egongo direnak eta aholkularitza emango dutenak. Azpibatzorde horiek Kalitate Batzordeko kide ez diren pertsonek osatu ahal izango dituzte. Kalitate Batzordeak azpibatzorde bakoitzaren alderdi hauek zehaztuko ditu: osaera, azpibatzordeko burua eta idazkaria, jarduera eremua eta eginkizunak, eta, behar izanez gero, haren funtzionamendu erregimenaren berezitasunak. Esate baterako, haien ardurapean egongo dira UPV/EHUko irakasleen irakaslana ebaluatzeko Docentiaz programa eta Ekoscan.

6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Kalitate Batzordeak Ikastegiko Batzarreko funtzionamendu arau berberen arabera jardungo du, arau horiek aplikatu daitezkeen neurrian.

2.– Kalitate Batzordean kide batek agintaldia amaitu baino lehen kargua uzten duenean, horren arrazoia edozein dela ere, ordezko bat izendatuko da, kargua utzi duen pertsonaren taldeari arautegi honen arabera dagokion prozedurari jarraiki.

3.– Batzordearen erabakiak bilerara bertaratutako kideen botoen gehiengo soilaz hartuko dira. Batzordeburuak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango. Ikastegiko dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio, dagozkion neurriak har ditzan.

4.– Egoitzako gestio teknikaria batzordeko idazkaria izango da, akta egingo du, eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die; era berean, hartutako erabakiak jendaurrean jarriko ditu, ikastegiko kide guztien esku egon daitezen.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Konfidentzialtasun-betebeharra.

Kalitate Batzordeko eta azpibatzordeetako kideek konfidentzialtasun-betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.

Era berean, Kalitate Batzordeko eta azpibatzordeetako datu pertsonalen fitxategiak datu pertsonalei buruzko arauen arabera sortu eta erabiliko dira beti.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean jartzearekin batera, indargabetuta geratzen dira Bilbao, Vitoria-Gasteiz eta Donostiako Enpresa Unibertsitate Eskoletako arautegiak eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko arautegia.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala