Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2017ko urriaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4846

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako sektoreko prozesuen arloko berrikuntzarako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta 2017. urterako deialdia egiten duena.

Berrikuntza jarduketa-ardatzetako bat da, zeinetan oinarritzen baitira hazkunderako eta enplegurako ekintza estrategikoak. Horrela jasota dago Lisboako Estrategian eta Europa 2020 EBren hazkunde-estrategian. Horixe adierazi dute oraintsu I+G-ren aldeko Horizon 2020 Europako Esparru-programa berriak –zeinak lehen aldiz estaltzen baitu I+G+i-ren ziklo osoa– eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programa 2017-2020 izenekoak.

Horrela dago jasota baita ere I+G+B jarduerak sustatuz nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egindako, lagundutako eta bultzatutako planetan.

Jakintza da –ikerketaren bidez, garapen teknologikoaren bidez eta prozesu, produktu eta merkatuen berrikuntzaren bidez eskuratzen dena– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak nekazaritzako elikadura-politikako sektoreen lehiakortasuna hobetzeko hartutako estrategiaren giltzarrietako bat.

Agindu honetan ezarritako laguntzen aurrekari zuzenak daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzei buruzko urriaren 7ko 423/2013 Dekretuan daude jasota (Berriker Programa).

Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako sektorean «prozesuen arloko berrikuntza»ren arloko gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta laguntza horiek deitzea da agindu honen xedea.

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB) –zeinaren bidez Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla adierazten baita– ezartzen du zer baldintza eta betekizun bete behar dituzten laguntzek estatu kideek emandako laguntza jakin batzuk barneko merkatuarekin bateragarritzat jo daitezen, eta jakinarazteko eta Europar Batasunak aurretik baimentzeko betebeharretik salbuetsita egon daitezen.

Betebehar horietatik, baldintzak baldintza, egon daitezkeen hamar laguntza-kategorietako bat Erregelamenduaren III. kapituluaren 4. atalari dagokiona da («Ikertu, garatu eta berritzeko laguntzak»); horien barruan 29. artikuluak «Prozesuen eta antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzak» arautzen ditu, eta hori da, hain zuzen ere, agindu honetan arautu eta deitutako laguntzen izaera.

Laguntza hauen bidez, zero intereseko maileguak emango dira, eta, horretarako, 1.725.000 euroko finantzaketa dago. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko da. Hain zuzen ere, 2017ko ekitaldian 172.500 euro bideratuko dira, eta, gainerakoa, 1.552.500 euro, konpromiso-kreditukoak dira, 2018-2026 aldirako urteka banatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan jasotako xedapenen arabera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskumenekoak dira nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriei eta merkaturatzeari dagozkien jardun-arloak, besteak beste. Jardun-arlo horren eginkizunak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako sektoreko prozesuen arloko berrikuntzarako laguntzak deitzea, 2017. urterako, agindu honen I. eranskinean jasota dauden oinarri arautzaileekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako prozesuen arloko berrikuntza bultzatu eta sustatzeko laguntzen 2017ko deialdia zuzendu behar duten oinarri arautzaileak ezartzea da eranskin honen xedea.

2.– Agindu honetan araututako laguntzek helburutzat dute Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako sektorean berrikuntza sustatzea hazkunde eta enplegurako ekintza estrategiko modura, baita prozesuen efizientzia zein lehiakortasunaren eta jasangarritasunaren hobekuntza sustatzea ere.

2. oinarria.– Definizioak.

1.– Aplikatzekoak dira, oro har, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB) 2. artikuluan jasotako definizioak (Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen du).

2.– Bereziki, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Lankidetza eraginkorra: gutxienez bi alderdi independenteren arteko lankidetza ezagutzak edo teknologia elkarri trukatzeko, edo lan-banaketa oinarri hartuta helburu bera lortzeko, non esku hartzen duten alderdiek elkarlanean gauzatu beharreko proiektuaren eremua batera zehazten duten, hori aplikatzen laguntzen duten eta haren arriskuak eta emaitzak partekatzen dituzten; alderdi batek edo hainbatek proiektuaren kostu guztiak bere gain har ditzake eta, era horretan, gainerako alderdiei finantza-arriskuak kendu. Kontratupeko ikerketa eta ikerketa-zerbitzuen prestazioa ez dira lankidetza-modutzat hartzen.

b) Nekazaritzako produktuak merkaturatzea: salmentarako produktuak edukitzea edo erakustea, salmentarako eskaintza, merkaturako entregatzea edo merkatuan jartzeko edozein modu, lehen sektoreko ekoizleek bitartekariei edo eraldatzaileei egindako lehenengo salmenta edo lehen salmenta horretarako produktu bat prestatzeko jarduerak izan ezik; lehen sektoreko ekoizleek azken kontsumitzaileei egindako salmenta merkaturatzea dela ulertuko da baldin eta horretarako gordetako instalazio independenteetan egiten bada.

c) Erabateko lehiako baldintzak: operazio batean alderdi kontratatzaileen artean dauden baldintzak, enpresa independenteen artean izango liratekeenen parekoak, eta ez daukate inolako kolusio-elementurik. Prozedura ireki, garden eta diskriminaziorik gabeko baten ondoriozko operazio oro erabateko lehiako printzipioaren araberakotzat joko da.

d) Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen kostuak, betiere dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian.

e) Krisian dagoen enpresa: Krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako 2.2 zenbakiak aurreikusitakoari jarraikiz halakotzat hartutako enpresa (2014/C 249/01).

f) Diru-laguntzaren baliokide gordina: laguntzaren balio eguneratua, diruz lagun daitezkeen kostuen portzentajeetan adierazia. Laguntza ematen denean kalkulatuko da, 22.1 oinarrian ezarritako ordainketak eta agindu honetako 24.2 artikuluan ezarritako diru-itzultzeak kontuan hartuta, erreferentzia motak ezartzeko metodoa aztertzeari eta diruz laguntzeko moduko kostuen balio eguneratua eguneratzeari buruz Batzordeak egindako Jakinarazpenean ezarritako erreferentzia motaren oinarriaren gain.

g) Nekazaritza-ustiapena: abeltzaintza primarioa ekoizteko erabilitako lursail, lokal eta instalazioek osatutako unitatea.

h) Prozesuen arloko berrikuntza: ekoizpen- edo hornidura-metodo berri edo nabarmen hobetutako bat aplikatzea (tekniken, ekipoen edo programa informatikoen arloko aldaketa nabarmenak barne); ez dira barnean hartzen aldaketa edo hobekuntza txikiak, aurretik ere erabiltzen ziren fabrikazio-sistema edo logistiken oso antzekoak sartuta lortutako ekoizpen- edo zerbitzu-gaitasunen hobekuntzak, prozesu bat aurrerantzean ez erabiltzea, kapitala besterik gabe ordeztu edo handitzea, faktoreen prezioa aldatu dela-eta sortutako aldaketak, ekoizpen pertsonalizatua, tokiko erabileretara egokitzea, sasoiaren arabera edo bestela aldian-aldian egiten diren aldaketak eta produktu berrien edo nabarmen hobetuen salerosketa.

i) Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren zenbateko gordina, proiektuko diruz laguntzeko moduko gastuen portzentajean adierazita. Zifra guztiak kenkari fiskalak edo bestelako kenkariak aplikatu aurrekoak dira. Laguntzaren intentsitate gordina onuradun bakoitzeko kalkulatu behar da.

j) Nekazaritzako produktua: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendatutako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako arrantza- eta akuikultura-produktuak izan ezik.

k) Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena, EBFTaren I. eranskinean zerrendatuak, produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.

Ondore horietarako, nekazaritzako produktuen izaeraren aldaketa dakarrela joko da aipatutako produktu horiek biltegiratu, garbitu, hautatu, ontziratu eta/edo etiketatzeko eragiketak egiten direnean, betiere, aldi berean, honako hauek egiaztatzen badira:

1) Eragiketa horiek nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategietatik kanpo egiten dituztela.

2) Nekazaritzako ekoizpen primarioa gauzatu ez duten enpresek egiten dituztela eragiketa horiek.

l) Diru-itzultzea: laguntzen dinamikaren beraren ondorioz maileguak itzultzea, agindu honen 24. oinarrian ezarritakoaren arabera.

m) Itzultzea: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

n) Nekazaritzako sektorea: nekazaritza-ekoizpen primarioan zein nekazaritzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean jarduten duten enpresa guztiak.

o) Nekazaritzako produktuak eraldatzea: nekazaritzako produktu baten gainean egindako eragiketa, haren emaitza nekazaritza-produktu bat ere badenean, animalia- edo landare-produktu bat lehen salmentarako prestatzeko ustiategian egin behar diren jarduerak izan ezik.

p) Nekazaritzako beste eraldaketa batzuk: nekazaritzako produktu baten gainean egindako eragiketa oro, haren emaitza ez bada era berean nekazaritzako produktu bat. Nolanahi ere, ez dira nekazaritzako beste eraldaketatzat hartuko animalia- edo landare-produktu bat lehen salmentarako prestatzeko egin behar diren jarduerak.

3. oinarria.– Araubide juridikoa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak, bertan xedatutakoak ez ezik, honako hauek zuzenduko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsiak, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko manuek ere, eta hori garatzeko erregelamenduan xedatutakoak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartuta, eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudiak.

2.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritakoari jarraikiz ere zuzenduko dira; erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak betez.

3.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira barneko merkatuarekin, eta salbuetsita egongo dira Tratatuaren 108. artikuluaren 3. zenbakian jasotako jakinarazteko betebeharretik, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 29. artikuluan jasota baitaude. Erregelamendu horren 11. artikuluaren babesean, deialdi honi buruzko informazioa helaraziko zaio Europako Batzordeari, aipatutako manuak eskatzen duen moduan, gehienez 20 egun balioduneko epean, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4. oinarria.– Laguntza-motak eta diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak zero intereseko maileguak izango dira, nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako sektoreko eragileek egiten dituzten diruz laguntzeko moduko jarduerak finantzatzeko, 18. oinarrian ezarritako intentsitate eta gehieneko zenbatekoekin betiere. Halaber, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 1.3 artikuluan sektoreen eta jardueren arabera zehaztutako mugak ere izango dituzte.

2.– Diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko dira prozesuen arloko berrikuntzari dagozkionak; hala definituta dago 2. oinarriko 2. paragrafoko f) letran, guztiz bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin.

3.– Diruz laguntzeko moduko jarduerek prozesuen efizientzia handitzen eta lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen lagundu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- elikagaigintza- eta basogintza-sektorean.

4.– Ez dira diruz laguntzekoak izango honako sektore hauetako proiektuak:

a) Arrantzako eta akuikulturako produktuen sektorea.

b) Nekazaritza-ekoizpen primarioaren sektorea.

5. oinarria.– Onuradunak.

1.– Sektore pribatuko pertsona fisiko eta juridiko pribatuak, edozein forma juridikoa dutela ere, izan ahalko dira agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradun; betiere, nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako jarduera ekonomikoren batean badihardute eta agindu honek xedatzen duena betetzen badute.

Kanpo gelditzen dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak (publikoak edo pribatuak izan), ondasun-erkidegoak edo nortasun juridikorik ez duen beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi.

2.– Onuradunak honako hauetako bat izan beharko dira:

A) Enpresa txiki eta ertaina, ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) I. eranskinean jasotako ETEren definizioaren arabera.

B) Enpresa handiak, alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak. Onuraduna izan ahal izateko, enpresa handiak enpresa txiki edo ertain batekin lankidetza eraginkorra izan beharko du, 2.2.a) oinarriaren definizioaren zentzuan, laguntza eskatzen den jarduera horretantxe, eta enpresa txiki edo ertainak diruz lagundutako kostuen % 30 gutxienez hartu beharko du bere gain.

6. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

Diruz lagun daitezkeen kostuak honako hauek izango dira:

A) Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen kostuak, dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian, betiere gastu hautagarrien % 10eko muga dutela.

B) Ekipamendu-ondasunak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian. Ondasunak ez badira soil-soilik proiekturako erabiltzen beren bizitza baliagarri guztian, proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.

C) Eraikinen (erostea edo egokitzea) eta lursailen (egokitzea) gastuak, proiekturako erabiltzen diren heinean eta bitartean. Eraikinak ez badira soil-soilik proiekturako erabiltzen beren bizitza baliagarri guztian, proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat. Kontuan hartu beharreko kostuek ez dute gaindituko gastu hautagarri guztien % 15eko muga.

D) Kontratu-ikerketaren kostuak, ezagupen teknikoak edo patenteak, erositakoak edo kanpoko iturriek erabateko lehiako baldintzan emandako lizentzia bidez lortutakoak.

E) Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu gehigarri batzuk, hor sartuta material-kostuak, hornidurak eta zuzenean proiektutik eratorritako halako produktuak, gastu hautagarrien % 10eko muga dutela.

7. oinarria.– Finantzazioa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 1.725.000 eurokoak dira, eta jakinarazi beharrekoak ez diren laguntzen tratamendu bera izango dute.

Zenbateko horretatik, 172.500 euro 2017. urterako ordainketa-kreditua dira; 1.552.500 euro konpromiso-kreditua da, 2018-2026 aldirako urteka banatuta.

2.– Ematen den laguntza, guztira, oinarri honetako 1. zenbakian hura finantzatzeko xedatzen den guztizko zenbatekoaren parekoa izango da gehienez.

8. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten pertsonek, fisiko zein juridikoek, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egina ez izatea, eta edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez egotea, ezta hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta (hark eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu duenean salbu), epailearen esku-hartzearen menpe edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ere, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako edozein kontratu suntsitzea ez eragitea.

d) Laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

e) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak honako lege hauetan jasotako kasuren batean ez egotea: Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea; edo, bestela, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

h) Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin eta haren mendeko erakundeekin zorrik ez izatea (epez kanpokoak edo epearen barrukoak) hark emandako laguntzen arloko itzultzeko edo zehatzeko edozein prozeduraren ondorioz. Era berean, edozein administraziok edo haien mendeko edozein erakundek emandako diru-laguntzak itzuli beharrak dakartzan ordainketa-betebeharrak egunean ez izatea.

j) Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

k) Administrazio-ebazpena edo epai judiziala betez zehatuta ez egotea, laneko arriskuen prebentzioaren arloko falta astun edo oso astunagatik, diru-laguntza eskatzeko dataren aurreko urtean.

l) Laneko arriskuen prebentziorako plan bat edukitzea, horrela ezarrita badago Laneko Arriskuen Prebentzioaren azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera.

m) Onuradunak egiten duen jarduera ekonomikoari esleitutako Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko kodea diru-laguntzaren xede den nekazaritzako, elikagaigintzako edo basogintzako sektoreko jardueraren batena izango da.

2.– Laguntzak jasotzeko galerazpenek honako enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla-eta, pentsa badaiteke –eraldaketa, bategitea edo ondorengotzaren ondorioz– beste enpresa batzuen jarraipena edo deribazioa direla, eta horietan ere pertsona edo zirkunstantzia haiek izan badira.

3.– Onuraduna izateko betekizunak atxiki beharko dituzte laguntza guztiz itzuli arte.

4.– ETE baten eta enpresa handi baten arteko lankidetzaren kasuan, proiektuan parte hartzen duten guztiei eskatu ahal izango zaizkie betekizunak.

9. oinarria.– Proiektuaren baldintzak.

1.– Proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

b) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagai Industrietako Erregistroan jasotako establezimendu batean edo laguntzaren xede den nekazaritzako, elikagaigintzako edo basogintzako sektoreko jarduera garatzeko izen-ematea eskatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozeinetan egitea.

c) Bermatzea proiektuaren gastuetarako berezko ekarpena egingo dela, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren % 25ekoa, gutxienez, eskatzailearen baliabide propioen bitartez edo inolako laguntza publikorik ez duen kanpoko finantziazio bidez.

d) Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela eskabidea egin baino lehenago hasitakoak izan.

e) Proiektuak aplikagarri zaion ingurumeneko eta higiene eta osasuneko indarreko araudia betetzea.

f) Enpresa handietan, laguntzak prozesuen arloko berrikuntza-jardueren igoera garbia ekartzea. Aurreko ekitaldietako kontabilitatean erregistratutako jarduerarekin alderatuta frogatuko da igoera hori.

g) Proiektuak berrikuntza ekartzea, edo hobekuntza nabarmena, proiektua aurreko egoeraren aldean. Berritzailea dela erakusteko, berritasunaren deskribapen zehatza egin beharko da, sektore bereko beste enpresa batzuek gaur egun erabiltzen dituzten prozesuekin alderatuta.

h) Proiektuak arrisku nabarmena izatea. Arriskua egon badagoela erakusteko, kontuan hartuko da enpresaren negozio-bolumenarekiko proiektuaren kostua zenbatekoa den, proiektua garatzeko zenbat denbora behar den eta kostuen aldean prozesuen inguruko berrikuntzatik zenbateko irabazia espero den.

i) Proiektua ekonomikoki bideragarria izan dadila, bideragarritasuna ulertuta aurreikusitako ustiatzearen emaitza gordinaren handitzea bezala.

2.– Proiektuari eskatu beharreko baldintzei eutsi beharko diete laguntza guztiz itzuli arte.

10. oinarria.– Kontratazioa eta azpikontratazioa.

1.– Baldin eta onuradunak kontratatu behar duen diruz laguntzeko moduko gastua handiagoa bada sektore publikoko kontratuei buruzko araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino (18.000 euro, BEZ gabe, zerbitzuen edo horniduren kontratuetarako, eta 50.000 euro, BEZ gabe, obra-kontratuetarako), gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna aurkeztu aurretik, betiere haren ezaugarri bereziak direla eta halakoa egin, eman edo hornitzen duten erakunde kopuru nahikorik ez badago (azken hori behar bezala justifikatu beharko da).

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua –zeinak gastua justifikatzean aurkeztu beharko baitira– efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko abantailatsuenaren alde egiten ez bada.

2.– Onuradunak ondasunak, zerbitzuak edo hornidurak kontratatzen baditu harekin lotuta dauden pertsona fisiko edo juridikoekin, honako baldintza hauek bete beharko ditu aurretik:

a) Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egitea.

b) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortzea.

Ondore horietarako, pertsona fisiko edo juridikoekin edo taldeekin, nortasunik gabekoekin, lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

3.– Diru-laguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertzen da onuradun azpikontratatzaileak hirugarrenekin hitzartzen duela diru-laguntzaren helburua eratzen duen jardueraren exekuzio osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

4.– Onuradunak diruz lagundutako jardueraren ehuneko 100eraino azpikontratatu ahal izango du, honako muga hauekin:

a) Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio.

b) Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak emandako maileguaren ehuneko 20tik gora egiten badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek konplitu beharko ditu:

– Kontratua idatziz egitea.

– Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.

c) Diruz lagundutako jarduerak beste administrazio publiko baten diru-laguntza jaso duenean, ulertuko da administrazio horrek egiaztatu duela eskakizun horiek betetzen dituela.

d) Ezin da kontratua zatikatu zenbatekoa murriztu eta aurreko atalean eskatzen diren baldintzak betetzea saihestu.

e) Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.

f) Aurreko zenbakian jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie ziurtatzea, diruz lagunduko den jarduera gauzatzea hirugarrenekin hitzartuz gero, dekretu honek ezarritako mugak berdin errespetatuko direla diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituztela behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

g) Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

1) Diru-laguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako batean dauden edo horri lotuta dauden pertsonekin.

2) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

3) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

4) Onuradunei lotuta dauden pertsona edo erakundeekin, zeintzuk uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.2 artikuluan ezarritakoak izango diren, honako egoera hauetako batean salbu:

– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europako Politiketako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana.

5) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona edo erakundeekin.

11. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea, agindu hau indarrean jarri eta hilabetekoa izango da. Eskabidearekin batera, 12. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Web-helbide honetan egongo da eskuragai eskabidearen eredua: http://www.euskadi.eus, eta deialdiaren eranskin gisa ere argitaratuko da.

Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari helaraziko zaio eskabidea, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko da (Donostia kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen duen edozein bulegotan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

3.– Eskabidea aurkeztuz baimena ematen zaio organo kudeatzaileari eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituela ziurtatzeko dokumentazioa eskuratu edo egiaztatu dezan. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori; aukera hori eskabide-ereduan jasotzen da.

4.– http: //www.euskadi.eus helbidetik jaitsi ondoren, paperean bete beharko da, eta sinatuta eta zigilatuta bidali Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.

12. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, NANaren kopia. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren kopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia bana ere.

Pertsona fisikoei dagokienez, berariazko adostasuna agertuz gero, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak nortasun-agiriaren datuak egiaztatuko ditu uneoro indarrean eta jardunean dagoen administrazioen arteko bitartekaritza-tresnak datuak egiaztatu eta kontsultatzeko ematen duen sistemaren bidez.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 8.1 oinarrian, a)-tik m) letrara bitartean, eta 9. oinarrian, c), d) eta e) letretan, ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztekoa.

c) Baldin eta legez eskatzeko modukoa bada, itxitako azken bi ekitaldien urteko kontu onartuak eta erregistratuak. Derrigorrezko kontu-auditoretza egitera behartuta egonez gero, azken bi ekitaldietako auditoretza-txostena.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Memoria teknikoa, honako hauek jasota:

i) Berrikuntza proiektuaren deskripzio zehatza, honakoak adierazita: proiektuaren xedeak, egin beharreko jarduera zehatzak, betearazteko epea eta horri dagokion kronograma, eta curriculuma eta proiektuan dabiltzan langileen dedikazio denbora.

ii) Berrikuntzaren deskribapen zehatza eta sektoreko beste enpresa batzuek erabiltzen dituzten prozesuekiko alderaketa.

iii) Laguntzeko moduko enpresaren errendimendu osoan izandako eragina.

b) Ekonomia-memoria: proiektuaren kostuaren aurrekontu banakatuak, finantzaketa modua, teknika eta ekonomia bideragarritasunaren azterketa 10 urtera eta proiektuaren cash flowa.

c) Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

3.– Dokumentazio horretaz gain, eskatzailea ETE bat bada, egiaztatu egin beharko du ETE bat dela honako dokumentazio hau aurkeztuz (dokumentazio horrekin batera, bertan azaltzen den egoera aldatu ez dela dioen adierazpen bat aurkeztu beharko du):

A) Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

B) Pertsona juridikoentzat: Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren kopia.

13. oinarria.– Eskabideen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileak dagokion zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak egunean dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu badu laguntzaren eskabideko baimen inplizitua, eta, beraz, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu baditu, dokumentazio hori aztertu egin beharko da.

2.– Laguntzaren eskatzaileak berariaz ukatu badu Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak haren nortasunaren egiaztagiriak eskuratu edo egiaztatzea, aztertu egingo da aurkeztutako dokumentazioa.

3.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal dituzte laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal dizkio eskatzaileari.

14. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren zerbitzu teknikoek nortasun-datuak eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko dituzte eskabide bakoitzean, eta behar diren agiriak aurkeztu dituztela ere egiaztatuko dute; horren guztiaren berri jasoko dute, eta egiaztapenaren emaitza helaraziko diote Balorazio Batzordeari.

15. oinarria.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat sortuko da proiektuak ebaluatu eta aztertzeko, eta balorazio-irizpideak aplikatzeko eta haztatzeko. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzako hiru pertsonak osatuko dute. Horietako bat Ikerketa Programen arduraduna izango da, zeina batzordeko lehendakaria izango baita. Beste biak Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzetako teknikarien artean aukeratuko dira, eta sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan, idazkaria zein izango den adieraziko da, eta, betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari bat izango da.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Zerbitzu zuzendariak emandako ebazpen baten bidez.

3.– Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.

4.– Balorazio-batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuak ebaluatzea; ebaluazioaren barruan, proiektua eta ezarritako balorazio-irizpideak zenbateraino betetzen diren baloratuko du.

c) Baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpideetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez 19. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.

6.– Balorazio Batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

16. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak izango dira kontuan:

1.– Proiektuaren berritasun-maila edo egungo egoerarekin alderatuta bere eremuan duen hobekuntza nabarmena Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako, elikagaigintzako eta arrantzako sektoreetan: 25 puntu gehienez ere.

2.– Enpresaren lehiakortasuna hobetzea, alegia, errentagarritasuna hobetzea, ekoizteko gaitasuna hobetzea edo merkatu berrietarako bidea hobetzea: 25 puntu gehienez ere.

3.– Proiektuaren helburuek Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzaren Berrikuntza eta Lankidetzarako Estrategia Biziarekin duten lerrokatze-maila (http://www.euskadi.eus/aurkezpena-berrikuntza-lankidetza-estrategia/web01-a2nekber/eu/): 20 puntu gehienez ere.

4.– Metodologia egokia, honako hauek kontuan hartuta: proiektuaren deskribapena eta egituratzea: hurbilpen tekniko zientifiko justifikatua; argitasuna proiektuaren lehentasunetan, proposatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna, proposatutako teknologiarekiko egokitzapena: 15 puntu gehienez ere.

5.– Ingurumen-alderdiak kontuan hartzea proiektuaren planteamenduan: 15 puntu gehienez ere.

17. oinarria.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko prozedura norgehiagoka izango da.

2.– Aurkezten diren jarduketa-proiektu bakoitzari eman behar zaion hasierako zenbatekoa onetsitako gastu hautagarrien arabera eta aurkeztutako proiektuak alderatuz kalkulatuko da, 16. oinarrian zehaztutako irizpideen arabera baloratuta.

Aipatu araua aplikatu eta gero, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondoren laguntzak esleituko dira aipatu ordenari jarraikiz eta 17. oinarriaren 1. eta 2. zenbakietan ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

3.– Ez zaie diru-laguntzarik emango gutxieneko 40 puntutara iristen ez diren proiektuei.

18. oinarria.– Laguntzen intentsitatea eta zenbatekoak.

1.– Hautatutako proiektuetarako zero intereseko maileguak emango dira, gehienez ere diruz laguntzeko onartutako kostuen % 75eko zenbatekorainokoak. Prozesuen arloko berrikuntza-proiektuei enpresa eta proiektu bakoitzeko emateko diru-laguntza 600.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

2.– Prozesuen alorreko berrikuntza-proiektuetarako laguntzen intentsitatea, Diru-laguntzaren Balio Gordinean, gehienez ere, honako hau izango da:

a) Diruz laguntzeko moduko kostuen % 50 ETEetarako.

b) Diruz laguntzeko moduko kostuen % 15 enpresa handietarako.

3.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean proiektu bakoitzerako esleituko den laguntza zehatzaren intentsitatea diru-laguntza gordinaren baliokidean kalkulatutako da, zergen edo bestelako kargen kenketa egin aurretik; zenbateko hori laguntzaren balio eguneratua da, diruz laguntzeko moduko gastuen balio onartua ehunekotan adierazita. Laguntza ematen den unean kalkulatuko da hori, laguntzarako ezarritako erabilgarritasuna eta itzultzea aintzat hartuta.

19. oinarria.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egiten duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko; ebazpen bakarra emango du.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Onartutako eskabideetan:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Diruz lagundutako proiektuen izena.

3) Onartutako zero intereseko maileguaren zenbatekoa.

4) Diru-laguntzaren baliokide gordina.

5) Proiektua gauzatzeko epea eta proiektua gauzatzeko epearen amaiera-data.

6) Itzulketen egutegia.

7) Justifikatu beharreko gastuak.

B) Ukatutako eskabideetan:

1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo diru-laguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura administrazio-bidean amaituta izan beharko da diru-laguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz (borondatezko aldian bete gabea), baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

Era berean, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

6.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez agindu honen babespean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian; ebazpen horretan, emandako kopuruak eta diruz lagundutako proiektuen izena adieraziko dira, publikotasunaren ondorioetarako.

20. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1) Esleitutako diru-laguntza onartzea diru-laguntza ematearen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean. Berariaz ez onartzea laguntzari uko egitearen baliokidea izango da.

2) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzekoak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera.

4) Diru-laguntza eman izateko baldintzak betetzea onartutako zero intereseko mailegua itzultzen den arte.

5) Diruz lagundutako inbertsioari eta gastuei 5 urtez eustea gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira besterendu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.

6) Justifikatzea proiektua gauzatu izana 21. oinarrian aurreikusitako epeetan.

7) Zero intereseko maileguak itzultzea, 24. oinarrian ezarritako baldintzetan.

8) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

9) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

10) Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean.

11) Diru-laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

12) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50-2 artikuluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea, eta kontrol-lana egiten diharduenean Administrazioari laguntzeko betebeharra betetzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, nahitaez bete beharrekoak dira laguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.

13) Gastuei eta laguntza izandako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

14) Kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta gainerako dokumentuak izatea, merkataritza-legeriak exijitutako baldintzetan, eta kontabilitate bereiziko sistema bat edo kontabilitateko kode egoki bat izatea, deialdi bakoitzean finantzatzen den inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako, araudiak xedatzen dituen kontrol-lanak egin ahal izateko.

15) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

16) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edota haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez jakinaraztea idatziz Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, deialdi honen 8. oinarriaren 1-i) letran xedatutakoari kalterik egin gabe.

17) Indarreko legeriak jarduera egiteko eskatutako baldintzak betetzea. Administrazioak edonoiz eskatu ahal izango dio eskakizun horiek egiaztatzea.

18) Tratu-berdintasunaren arloko araudian eta ingurumenari buruzkoan xedatutakoa betetzea.

19) Onuraduna izateko betekizunak eta proiektuari eskatutakoak betetzea laguntza guztiz itzuli arte.

21. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak gehienez ere 24 hilabetetan gauzatuko dira, eskabidean zehaztutako proiektuaren hasiera-egunetik kontatzen hasita.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren hasiera bat etorriko da 2017ko aurrekontu-ekitaldiaren hasierarekin, eta, edonola ere, laguntzaren eskabidea aurkeztu ondoren hasiko dira.

3.– Agindu honen 27. oinarriaren 4. zenbakian xedatutakoari jarraituz, inbertsioa edo gastua egiteko epearen luzapena eskatu ahalko du onuradunak aurreikusitako data baino hilabete lehenago. Luzapena gehienez ere 6 hilabetekoa izango da.

22. oinarria.– Laguntza ordaintzea eta bermeak.

1.– Interesik gabeko maileguak Finantzen Euskal Institutuaren bitartez ordainduko zaizkio onuradunari, agindu honetako 26. oinarrian aurreikusten denaren arabera. Ordainketa horiek honela gauzatuko dira:

– % 40, laguntza onartzen denean.

– Beste % 40, proiektuaren gastu hautagarriaren % 40 justifikatu eta gero.

– Azken % 20a, proiektuaren gastu hautagarri guztia justifikatu ondoren.

2.– Finantzen Euskal Institutuak zero intereseko maileguak onuradunari ordaindu aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bitartez, baimena emango dio eragiketa hori egiteko.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo diru-laguntzen itzulketa-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, eta itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

4.– Inbertsioa ez bada ezarritako epeetan egiten, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa edo gastua egin izana ez bada justifikatzen, onuradunek laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, 29. oinarrian aurreikusitako itzultze-prozedura jarriko da abian.

23. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Proiektuen gauzatzea justifikatzeko epeak ez du aldatuko laguntza ematean onartu zen diru-itzultzeen egutegia. Nolanahi ere, proiektua aurreikusitakoa baino lehenagoko ekitaldi batean amaitzeak itzultze-egutegia aurreratzea ere ekarri ahal izango luke, 24.1 oinarrian ezarritakoaren arabera.

2.– Onartutako gastuen justifikazioa bi alditan egingo da:

a) Proiektuaren gastu onartuaren % 40 justifikatzea; hori egin ondoren, emandako maileguaren bigarren ordainketa-zatia egiteko aginduko da.

b) Proiektuaren gastu onartuaren % 60 justifikatzea, proiektua osorik gauzatu eta gero; hori egin ondoren, emandako maileguaren hirugarren ordainketa-zatia egiteko aginduko da.

3.– Emandako laguntzari esker egindako inbertsioa edo gastua gauzatu dela justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren onuradun izan ahal izateko betekizun guztiak, 8-3 eta 9-2 oinarritakoari jarraikiz, betetzen dituela eta proiektuak oraindik eskakizun guztiak betetzen dituela adierazteko.

c) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafikoak balio dutenak edo administrazio-efikazia dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere, eta dagokien ordainketa-frogagiria.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, non azalduko baita fakturak eta gainerako ziurtagiriak ez direla aurkeztu beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko; beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira, faktura edo ziurtagiri horiek zein laguntza-programa edo -programatakoak diren, eta faktura edo agiri baliokide bakoitzeko jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.

e) 10. oinarriaren 1. zenbakian xedatutakoa aplikatuta, diruz laguntzeko moduko gastua handiagoa bada Sektore Publikoko Kontratuei buruzko araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino (18.000 euro, BEZ gabe, zerbitzuen edo horniduren kontratuetan, eta 50.000 euro, BEZ gabe, obra-kontratuetan) gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu dituztenak agiri bidez frogatzea, salbu eta ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago horrelakoak egiten, ematen edo hornitzen dituzten erakundeen kopuru nahikorik (hori justifikatu beharra egongo da). Halaber, eskaintza merkeena aukeratu ezean ere justifikazioa aurkeztu beharko dute.

4.– Inbertsio guztia eta gastua aurreko zenbakian zehaztutako agiriak aurkeztuz justifikatu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek proiektuaren gauzapena ebaluatuko dute eta haren azken ziurtagiria emango dute; horrek ez du eragotziko, halere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak proiektuaren gauzatze-maila edonoiz egiaztatzea.

5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.

6.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko baimen horri, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

24. oinarria.– Zero intereseko maileguak itzultzea.

1.– Zero intereseko maileguak sei urtekako kuotatan itzuliko dira, eta urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen ordaindu beharko dira; lehenengo epemuga proiektua amaitu eta hurrengo aurrekontu-ekitaldiaren ekainaren 30a izango da. Aurrekoa dela eta, proiektua aurretiaz amaitzeak itzulketen egutegia aldatzea ekarri ahal izango du.

Baldin eta, 27. oinarrian xedatutakoa aplikatuz, luzapena ematen bazaio proiektua gauzatzeko, horrek ez du eragingo maileguak itzultzeko epean.

2.– Urteko kuota bakoitzean itzuli beharko den zenbatekoa honako hau izango da:

– Lehenengo urtekoan, jasotako maileguaren % 10.

– Bigarren urtekoan, jasotako maileguaren % 15.

– Hirugarren urtekoan, jasotako maileguaren % 15.

– Laugarren urtekoan, jasotako maileguaren % 20.

– Bosgarren urtekoan, jasotako maileguaren % 20; eta

– Seigarren urtekoan, jasotako maileguaren % 20.

3.– Zero intereseko maileguak erakunde laguntzaileari itzuliko zaizkio.

25. oinarria.– Diru-itzultzeak atzeratzea.

1.– Aurreko oinarrian xedatutakoari kalterik egin gabe, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak luzapenak edo zatikatzeak onartu ahal izango ditu diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako itzultze-egutegian, betiere hori egitea justifikatzen duten arrazoiak baldin badaude eta onuradunak horretarako eskaria egin badu; itzultzeko epemuga baino gutxienez bi hilabete lehenago egin beharko da eskaria.

Luzapena edo zatikatzea hasierako egutegian ezarritako itzultze guztiei, bakarren bati edo batzuei aplikatu ahal izango zaie, eta ezingo da izan hamabi hilabetetik gorakoa. Baimen hori emateko, onuradunaren finantza-egoera aztertu beharko da, baita onuradun horrek itzultzeak itzultzeko duen gaitasuna ere cash-flowaren arabera.

2.– Diru-itzultzeak atzeratzea edo zatikatzea onartuz gero, onuradunak dagozkion interesak ordaindu beharko ditu, eta, interes horiek kalkulatzeko, dagozkion ekitaldietarako indarrean dauden legezko interes-tasak aplikatuko dira.

26. oinarria.– Erakunde laguntzailea.

1.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresna izatea; beraz, erakunde laguntzaile gisa arituko da, honako xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52. artikulua; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren); eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15., 16. eta 46. artikuluak.

2.– Agindu honen 22. eta 24. oinarrietan ezarritako jarduerak egiteko, Finantzen Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute.

27. oinarria.– Laguntza emateko baldintzen aldaketa eta inbertsioa egiteko epeen luzapena.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokitzeko, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak arautzen duen itzulketa-prozedura hasiko du.

2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua, gastua edo jarduera ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatu egiten bada, baina, aldi berean, proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak.

Proiektua funtsean aldatzen dela ulertuko da, baldin eta proiektuan hasiera batean ezarritako helburuetako bat modu nabarmenean aldatzen edo kentzen bada, gauzatze-faseetako bat bertan behera uzten bada, eta, era berean, proiektuan parte hartzen duen eragileetako bat ordezten bada edo proiektutik baztertzen bada.

3.– Gastuaren behin betiko eta benetako kostua txikiagoa bada diruz laguntzeko moduko onetsitako gastua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez, eta diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen bidez, inbertsioa gauzatzeko luzapena eman ahal izango du; ebazpen horretan luzapenaren gehieneko aldia edo aldiak ezarriko ditu. Aldez aurretik, halere, idatziz eskatu beharko du onuradunak, laguntza emateko ebazpenean inbertsioa edo gastua amaituta egoteko xedatutako eguna baino hogeita hamar egun baliodun lehenago gehienez.

28. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Tazitua ere izan daiteke atzera egitea, ebazpena jakinarazi aurreko edozein unetan eskaera bati ez erantzuteagatik. Hori gertatuz gero, atzera egitea eta prozedura amaitzea deklaratzeko ebazpena ere eman beharko da.

2.– Onuradunek emandako laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza jakinarazi ondoren ere, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, ukoa onartu eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

20. oinarrian ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, laguntza berariaz ez onartzeak uko egite tazituaren ondorioak izango ditu eta, era berean, uko egitea onartzeko eta prozedura amaitutzat jotzeko ebazpena ere ekarriko du.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

29. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Maileguen itzultzeak ez egitea dagozkion ekitaldietan, betiere maileguak itzultzeko luzapenik edo zatiketarik ez badago, Dekretu honetako 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

b) Agindu honetan adierazitako betebeharrak edo, halakorik egonez gero, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Proiektua zati batez ez betetzea, laguntza eman zen xedea guztiz indargabetuta.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat izatea.

2.– Agindu honen 1. zenbakiko kasu batzuk daudela egiaztatuz gero, laguntzak eman zituen organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientearen ostean (interesdunari entzunaldia eginda), laguntzarako eskubidea, guztiz edo zati batez galdu dela joko du ebazpen bidez.

Ebazpen horrek, hala dagokionean, jasotako laguntzak, guztiak edo zati bat, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, itzuli beharra deklaratu ahal izango du, baita, hala badagokio, interesak ere (interes horiek kalkulatzeko, dagozkion ekitaldietarako indarrean dauden legezko interes-tasak aplikatuko dira), eta egokiak diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe; hori guztia hauetan xedatutakoari jarraikiz: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren aipatutako 53. artikulua.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan, hala badagokio.

30. oinarria.– Laguntzak metatzea.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere diru-laguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, onuradunari entzun ondoren.

31. oinarria.– Datuen babesa.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Interesdunek emandako datuak eta eskabideetan ageri direnak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira –zeinaren helburua laguntza-espedienteak kudeatzea baita– Datuak Babesteko Euskal Bulegoari jakinarazi ondoren. Aipatutako fitxategiak behar diren segurtasun-neurriak ditu datuen erabateko segurtasuna bermatzeko. Datu horiek ez zaizkie beste batzuei jakinaraziko legez ezarritako kasuetatik kanpo, halaber.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala