Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2017ko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
4763

EBAZPENA, 2017ko irailaren 27koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, 2016ko ekitaldian Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat emandako laguntzak luzatzeko eskabideak ebazten dituena; erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko dira aipatu laguntzak.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren 2016ko irailaren 21eko Ebazpenaren bitartez (irailaren 29ko EHAA, 186. zk.), Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat 2016rako laguntzak eman ziren, erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.

Otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 2.3. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, beka lortu duten lankide boluntarioek urtebetez luzatu ahalko dute egonaldia beka eman zaien urtean lan egin duten bulegoan. Dekretu horren bidez arautu ziren Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeei eta horiei atxikitako pertsona juridikoei esleitzen zaizkien laguntzak, herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren 2016ko maiatzaren 11ko Ebazpenaren 2.2 artikuluak ezartzen du 240.000 euro bideratuko direla laguntza-luzapenetarako. Ebazpen horren bidez, Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat laguntzak ematen dira, 2016ko ekitaldian erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko (maiatzaren 16ko EHAA, 91. zenbakia).

Aipatu otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuko 2.3 eta 8.4 artikuluek –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta erregulatzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legeko 11.2 artikuluari dagokionez (uztailaren 10eko EHAA, 131. zk.)– eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuko 11.1 artikuluak diotenari jarraituz, eta aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren 2016ko irailaren 21eko Ebazpenaren bitartez 2016ko ekitaldirako emandako laguntzak luzatzeko eskabideak baiestea; laguntza horiek Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeentzako eta horiei atxikitako pertsona juridikoentzako dira, nazioarteko erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten borondatezko lankideei bekak emateko. Ebazpen honetako eranskinean jasotako erakundeei ematen zaizkie baietsitako laguntza-luzapen horiek, bertan zehazten diren zehaztapen eta zenbatekoekin.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Gora jotzeko errekurtsoa jarri eta hiru hilabete igaro ondoren ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela esan nahiko du, eta zabalik geratuko da administrazioarekiko auzietako bidea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ECHEVERRY.


Azterketa dokumentala