Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2017ko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4761

EBAZPENA, 2017ko irailaren 29koa, Kulturako sailburuordearena, Azkoitiko (Gipuzkoa) Kale Nagusiko 4. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzeko espedienteari hasiera emateko, jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzunaldia emateko dena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunik botatzerik, baldin eta aldez aurretik euren aurri-egoera adierazi ez bada eta dagokion foru-aldundiak eraisteko baimenik eman ez badu. Era berean, derrigorrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak sailkatutako kultura ondasun izatetik kentzeari buruzko baimena aldez aurretik ematea.

Aipatutako araudia garatzeko, azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen, alegia, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko ebazpenaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa.

Azkoitiko Udalak, aipaturiko 306/1998 Dekretuari jarraituz, Euskal Kultura Ondarearen Zentroari igorri zion Azkoitiko hirigune historikoan den (Kale Nagusia, 4) higiezina desafektatzeko eskaera, eraikina aurri-egoeran zegoela aintzat hartuz.

Urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuak Azkoitiko Hirigune Historikoa kultura-ondasun gisa monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu zuen, eta hura zaintzeko babes-arauak ezarri zituen. Dekretu horren arabera, higiezin horrek oinarrizko babesa du.

Zerbitzu teknikoen txostenak kontuan harturik, eta aurri-egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentu Ondarearen Aholku Batzordeak, 2017ko martxoaren 28an egindako saioan, Azkoitiko Kale Nagusiko 4 zenbakiko eraikina partzialki desafektatzea eta lursaila babes morfologikoa duten elementuen artean sartzea erabaki zuen.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluari jarraituz, eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuan (Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko Dekretua), 17. artikuluan, ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azkoitiko Kale Nagusiko 4. zenbakian den eraikinaren desafektazio partzialaren prozedurari hasiera ematea, oinarrizko babesa duten elementuen zerrendatik kentzeko eta lursaila babes morfologikoa duten elementuen artean sartzeko. Urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren arabera (2005eko otsailaren 4ko EHAA, 24. zk.), Azkoitiko Hirigune Historikoa, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu zen, hura zaintzeko babes arauak ezarri ziren eta higiezinari oinarrizko babesa ezarri zitzaion.

Bigarrena.– Azkoitiko Kale Nagusiko 4. zenbakian den eraikina partzialki desafektatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epea irekitzea eta interesdunei entzuteko izapideari ekitea. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Azkoitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 29a.

Kulturako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.


Azterketa dokumentala