Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2017ko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4759

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez deklaratzen baita azkendu egin dela Aguraingo Udalari tokiko irrati-zerbitzu publikoa jartzeko emandako baimena, titularrak uko egin diolako.

Kulturako sailburuaren 2010eko urtarrilaren 20ko Aginduaren bidez –2010eko martxoaren 5eko EHAAn argitaratuta–, Aguraingo Udalari baimena eman zitzaion, zuzeneko kudeaketan, soinuaren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-hedapenaren zerbitzua jartzeko (107.9 MHz). Horretarako, toki-erakundeak dagokion frekuentziaren erreserba eskatu zuen, Telekomunikazioaren eta Informazio Gizartearen Estatu Idazkaritzan. Ondorioz, Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariordetza Nagusiak espektro erradioelektrikoa dela-eta emandako 2009ko abenduaren 7ko Ebazpenaren bidez onartu zen aurkeztutako proiektu teknikoa.

2010eko urtarrilaren 20ko Aginduak ezartzen duenez, baimenaz baliatu ahal izateko honako baldintza hau bete behar da: zerbitzua martxan jartzeko baimena lortu beharko da, irrati-espektroa kudeatzeko eta administratzeko eskumenak dituen organoak emisoraren instalazioa aztertu eta egiaztatu ondoren.

2016ko azaroaren 17an, Arabako Telekomunikazio Buruzagitzak jakinarazi zuen ez zela egin emisioak martxan jarri aurretik instalazioetan egin beharreko ikuskapena. Ondorioz, eskudun den Zuzendaritzak dagokion ofizioa bidali zuen, eta horri erantzunez, 2017ko apirilaren 19an, Aguraingo alkatearen idazkia jaso zuen, ebazpen hau eragin duen idazkia, hain zuzen.

Idazki horretan, Udalaren 2017ko otsailaren 23ko osoko bilkuran aho batez hartutako akordioa aditzera ematen da: «Uko egitea baimenak ematen duen soinuaren maiztasun modulatuko uhinen bidezko irrati-hedapenaren zerbitzua martxan jartzeari».

Ondorioz, Informazio Gizartearen eta Agenda Digitalaren Estatu Idazkaritzak bi ebazpen hauek eman ditu: 2017ko uztailaren 28ko Ebazpena, Aguraingo Udalaren alde emandako frekuentziaren behin-behineko erreserba ezerezten duena, eta 2017ko abuztuaren 3ko Ebazpena, dagokion demanio-afektazioa iraungitzen duena.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Deklaratzea azkendu egin dela Aguraingo Udalari soinuaren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-hedapenaren tokiko zerbitzua jartzeko emandako baimena, zuzeneko kudeaketan aritzeko dena (107.9 MHz), titularrak formalki uko egin diolako.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala