Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2017ko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4758

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako esparruaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialentzako 2017ko ekitaldiko laguntzak emateko deialdia («Elkarteak» Programa).

2011ko abenduaren 12an, honako hau argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko 233. zenbakian: 233/2011 Dekretua, azaroaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa).

Dekretu horretako 8.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, sailburuaren agindu baten bidez erabakiko da urtero zer eperen barruan aurkeztu behar diren laguntza-eskaerak, zer irizpide aukeratuko diren 7.1 artikuluan ezarritakoen artetik, zein den sektore bakoitzerako (nekazaritza, arrantza, elikadura) aurrekontu-esleipena, eta zer diru-laguntza eman daitezkeen gehienez ere diruz lagun daitezkeen 5. artikuluko gastu hauetarako: a) ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkionak, b) funtzionamenduaren gastu arruntak, c) izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkionak eta d) nekazaritza, arrantza eta/edo elikadurari buruzko azokak eta lehiaketak antolatzeko egindakoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legeak gaituta ditu deialdi honetarako beharrezko aurrekontuak.

Hori dela bide, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu honen xedea da azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako esparruaren barruan araututako diru-laguntzetarako deialdia argitara ematea, 2017ko ekitaldirako. Izan ere, dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzak arautu dira («Elkarteak» programa).

Xede horretarako, bostehun eta berrogei mila hirurehun eta hirurogeita hamabi euro (540.372,00 euro) bideratuko dira guztira 2017. urterako. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarri den kredituaren arabera. Diru-kopuru hori honela banatuko da:

– Nekazaritza-sektorerako: berrehun eta hirurogei mila euro (260.000).

– Elikadura-sektorerako: ehun mila euro (100.000).

– Arrantza-sektorerako: ehun eta laurogei mila hirurehun eta hirurogeita hamabi euro (180.372).

Bigarrena.– Onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, jarraian sektoreka adieraziko diren balorazio-ehuneko metagarriak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, aurrez aipatutako dekretuaren 5. artikuluan finkatutako mugen barruan betiere:

Elikadura-sektorea:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere % 10).

b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere % 10).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 20).

d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (gehienez ere % 20).

e) Lanbideko azoketan izan duen parte-hartzea (gehienez ere % 10).

f) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan (gehienez ere % 15).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera, bai elkartearen edo federazioaren barneko nahiz kanpoko komunikazioetan (gehienez ere % 15).

Nekazaritza-sektorea:

a) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen ekonomia eta gizarte interesen garrantzia (gehienez ere % 25).

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 20).

c) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere sektore hori modernizatu eta hobetzeari dagokionez (gehienez ere % 10).

d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (gehienez ere % 10).

e) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (gehienez ere % 20).

f) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan (gehienez ere % 10).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera, bai elkartearen edo federazioaren barneko nahiz kanpoko komunikazioetan (gehienez ere % 5).

Arrantza-sektorea:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere % 20).

b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere % 15).

c) Erakundeak sektore bakoitzean garatu edota sustatzen dituen jardueren garrantzia (gehienez ere % 15).

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 15).

e) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere sektore hori modernizatu eta hobetzeari dagokionez (gehienez ere % 15).

f) Ekoizpenaren garrantzia, lehen sektoreari dagokionez (gehienez ere % 10).

g) Berori osatzen duten ekoizle eta egileen kopurua (gehienez ere % 10).

2.– Lehenengo atalean ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, diru-laguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte. Sektore bakoitzaren barruan diru-laguntza sobera badago, soberakin hori gainerako sektoreei esleituko zaie, harik eta soberakina erabat agortu arte. Ehunekotan neurtuta aurrekontu-beharrik handienak dituenari emango zaio lehentasuna.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzko azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan («Elkarteak» programa) ezarritako diru-laguntzak jaso ahal izateko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak eta beste hauek bete beharko dira:

1.– Onuradun izatea, erreferentziako dekretuko 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Laugarrena.– 1.– Diru-laguntza eskaerak egiteko, aipatutako dekretuko I. eranskineko inprimaki normalizatuak aurkeztu beharko dira, 8. artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla justifikatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Diru-laguntzen eskabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetara bidali behar dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste edozein bidetatik aurkeztu. Sektore bakoitzak dagokion zuzendaritzara bideratu behar ditu eskabideak:

a) Nekazaritza-sektoreak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara.

b) Elikaduraren sektoreak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.

c) Arrantza-sektoreak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara.

3.– Aurkeztutako eskabideak akatsen bat badu edo behar bezalako zehaztasunak ematen ez baditu, edota baldintza guztiak betetzen ez baditu, errekerimendu bat egingo zaio interesdunari, akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan. Adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena eman ostean, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

Bosgarrena.– Azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako laguntzak («Elkarteak» programa) jasotzeko eskaerak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Seigarrena.– Dagokion zuzendaritzak, eskaera jaso duenak, izapidetu, ebatzi eta ordainduko ditu laguntza-eskabideak, azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Zazpigarrena.– Aurrez aipatutako dekretuko 5. artikuluan adierazitako gastuak lagundu ahal izango dira diruz 2017an, zenbateko hauen arabera:

a) Ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuak, gehienez ere % 90.

b) Funtzionamenduaren gastu arruntak, gehienez ere % 50. Dena den, zenbait funtzionamendu-gastutan (bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbiketaren eta komunitatearen gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta zainketa- eta konponketa-gastuak), 50 eurotik gorako fakturak (BEZa barne) soilik lagundu ahal izango dira diruz.

c) Izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkion gastuak, % 100eraino.

d) Azokak eta lehiaketak antolatzearen gastuak, % 100eraino.

Zortzigarrena.– Hona hemen diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak, kontzeptu jakin batzuetarako:

a) 75.000 euro, autonomia-erkidegoaren, estatuaren eta Europako Erkidegoaren eremuetan bazkideen interesak defendatzeko eman eta aitortu zaizkien ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuetarako.

b) 100.000 euro, elkarteen funtzionamendurako gastu arruntak ordaintzeko, gastu horiek elkarteen helburu sozialak behar bezala bete daitezen sustatzeko badira betiere.

c) 120.000 euro, izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteko gastuetarako, baldin eta jarduera eta azterlan horien helburua bada sektoreetako jardueren baldintzak eta baldintza sozioekonomikoak sustatu eta hobetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala