Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2017ko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN HARREMANEN KONTSEILUA
4752

EBAZPENA, 2017ko irailaren 30ekoa, Lan Harremanen Kontseiluko lehendakariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita: Lan Harremanen Kontseiluko lanpostu huts bat –lan-harremanetako teknikariarena– izendapen askeko sistemaz betetzeko deialdia.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46 artikuluak eta hurrengoek xedatutakoarekin bat etorriz, eta Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzupeko langileak antolatzeko maiatzaren 8ko 2/1992 Legearen 3. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, Kontseiluko lehendakariak zera erabaki du: lanpostu huts bat, eranskinean zehazten dena, izendapen askeko sistemaz betetzeko deialdia egitea, ondoko oinarriekin bat etorriz.

OINARRIAK

Lehenengoa.– A titulazioko taldekoen kidegokoa izanik, Estatuaren Administrazio Zibilean edo euskal administrazioetarik edozeinetan karrerako funtzionario denak (aktiboan bada) eska dezake deialdian sartzen den lanpostua. Era berean, A titulazioko taldekoen kidegokoa izanik, beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan dauden karrerako funtzionarioek, eta, orobat, nahitaezko edo borondatezko eszedentzian daudenek parte har dezakete deialdian –azken kasu horretan, egoera horretan egon beharreko gutxieneko epea beterik izan beharko dute–. Horrez gain, lanpostu horretan jarduteko betekizunak, eranskinean zehazten direnak, konplitu beharko dituzte.

Bigarrena.– Interesdunek Lan Harremanen Kontseiluko Idazkaritza Nagusira igorri beharko dituzte eskabideak (Urkixo zumarkalea 2, 3. solairua, 48008 Bilbao), edo, osterantzean, posta elektronikoz bideratu, crl-lhk@crlv.net; ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik harako hamabost eguneko epearen barruan.

Hirugarrena.– Eskabide-idazkian datu pertsonalak eta interesdunen egungo destinoa jaso beharko dira, eta, horrez gain, curriculum vitae erantsi beharko da, zeinetan honako hauek jaso beharko baitira:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai administrazio publikoetan, bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta kurtsoak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki irizten zaion beste edozein merezimendu.

Eskatutako baldintzak eta adierazitako merezimenduak ziurtatzeko agiriak aurkezteko tokia.

Laugarrena.– Lan Harremanen Kontseiluko lehendakariak ebazpen baten bidez ebatziko da deialdi hau; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Bilbao, 2017ko irailaren 30a.

Lan Harremanen Kontseiluko burua,

TOMÁS ARRIETA HERAS.

ERANSKINA

– Lanpostuaren izena: lan-harremanetako teknikaria.

– Kodea: 520202.

– Dotazioa: 2.

– Kidegoa: A.

– Destinoko udalerria: Bilbao.

– Destino-osagarria: 27.

– Hizkuntza-eskakizuna: 4.

– Derrigortasun-data: d/g.

– Beharrezkoa da lan-zuzenbideaz ezagutza zabala izatea; eta bereziki baloratuko dira zuzenbide kolektiboaren gaineko ezagutzak (negoziazio kolektiboa eta gatazken konponketa).


Azterketa dokumentala