
186. zk., 2017ko irailaren 28a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 1 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4651
EBAZPENA, 2017ko irailaren 15ekoa, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarena, zeinaren bidez epea luzatzen baita Etxebizitza bat legez okupatzeko edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE) jasotzeko eskubide subjektiboa arautzen duen dekretu-proiektua jendaurrean jartzeko.
2017ko abuztuaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako 2017ko uztailaren 31ko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Etxebizitza bat legez okupatzeko edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE) jasotzeko eskubide subjektiboa arautzen duen dekretu-proiektua. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita 2017ko irailaren 29ra arte (bi egun horiek barne) egon zen jendaurrean.
2017ko irailaren 11n, etxegabetzeen kontrako Euskadiko plataformek eskatu dute «jendaurreko epea luzatzeko, ahalik eta jende gehienak parte har dezan arautu nahi den arloan, kontuan hartuta nolako garrantzia duen etxebizitzak pertsonen bizitzan».
Etxebizitzako sailburuordeak, Etxebizitzaren Behatokiaren bidez, aurreikusita dauka herritarren proiektuan parte hartzeko prozesu bati ekitea. Prozesu horrek 2017ko irailaren 20tik urriaren 8ra bitartean iraungo du.
Hori dela eta, onartu egiten da informazioa jendaurrean jartzeko epea luzatzeko eskaria. Herritarrek parte hartzeko prozesua bukatu arte iraungo du epeak.
Hori guztia dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 7.c), 16.1.a) eta 16.2.f) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2017ko urriaren 8ra arte luzatzea Etxebizitza bat legez okupatzeko edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE) jasotzeko eskubide subjektiboa arautzen duen dekretu-proiektua jendaurrean jartzeko epea.
Bigarrena.– Dekretu-proiektuaren edukia Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean, euskadi.eus atarian, egongo da eskuragarri.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 15a.
Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria,
MARIO JOSE YOLDI DOMINGUEZ.
RSS