Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2017ko irailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4481

AGINDUA, 2017ko irailaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2017. urtean kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 15eko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien zabalkundearen gaineko eskumenak.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren bidez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoa eta ikusizko arteen beharrak aztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan haien jarduna sustatzeko, sendotzeko eta hedatzeko hartu beharreko neurri administratiboak hartzeko eginkizuna.

Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta diru-laguntzei dagokienez: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua - EONALTB- (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, egokia da jardunbide bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdiei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, sail horren eskumenen esparruan sartzen da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko diru-laguntzak eskainiz gauzatzen da, bereziki, honako arlo hauetan: musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak. Neurri horri esker, kultur ekoizpena gizarte osoaren eskura jarri nahi da, herritar guztiek kultura adierazpide guzti horietaz goza dezaten.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2017ko maiatzaren 9an onartu duen eta sailaren beraren webgunean (https://www.euskadi.eus/2017ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhk/eu helbidean) argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2017rako urteko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da.

Bada nahiko aurrekontu-kreditua agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako, hala baitio apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea hau da: 2017ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea eta haietarako deialdia egitea, kultura-arloko jaialdiak antolatzeko, bereziki kultura-arlo hauetan: musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak. Kultura-ekintzok espezializazio- edo berezitasun-maila handikoak izan beharko dute, eta interes berezia sortu Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren eremuan.

2.– Diru-laguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukiak batez ere kulturala izan beharko du eta programazio artistiko intentsiboa izan.

b) Diru-laguntzen deialdi honetara aurkeztutako programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute. Hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da, eta hartan, agindu honen 7. artikuluan xedatutako gutxieneko autofinantziazio-maila eta 10. artikuluan ezarritako finantzazio-mugak errespetatu beharko dira.

c) Diruz lagundu beharreko jarduerek oro har herritar guztiei irekita egon beharko dute.

d) Aurretiko eta ondorengo faseak gorabehera (prestatzekoak, ixtekoak nahiz baloratzekoak izan), jendaurreko jarduerak epe mugatu batean gauzatu beharko dira, eta epe hori ez da inola ere bi egun baino laburragoa izango, ez eta bi hilabete baino luzeagoa ere.

e) Jaialdiak aldikakoak izango dira eta irauteko bokaziodunak.

3.– Deialditik kanpo geratuko dira:

a) Artikulu honen 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak.

b) Kultura-programazio orokorrak.

c) Artikulu honen 2.b) atalaren arabera ekonomikoki bideragarriak direla erakusten ez duten jarduerak.

d) Ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak, hala nola lantegi, mintegi eta antzekoak.

e) Izaera akademiko zein gremialeko ekitaldiak eta promozio- zein oroitzapen-ekitaldi puntualak.

f) Sariak eta galak.

g) Erakundeen barne-jarduerak, beren ikus-entzuleentzakoak.

2. artikulua.– Hautapena eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraz emango dira, hain justu ere 11. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan izanik, aurkeztutako eskabideak konparatuz, horiei lehentasunezko hurrenkera bat ezartzeko. Eta balorazio fasean, artikulu horretan zehaztu puntuazioa edo hortik gorakoa lortzen dutenek bakarrik eskuratuko dituzte diru-laguntzak; eta diru-laguntza horiek ahalik eta handienak izango dira, 10. artikuluan ezarritako mugen arabera betiere.

2.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa izango da. Aurkezten diren proiektuak bi kategoriatan sailkatuko dira, aurrekontuaren arabera:

– A kategoria. 100.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuak.

– B kategoria. 100.000 eurokoa edo aurrekontu txikiagoko proiektuak.

Honela banatuko da kreditu globala bi kategoria horietan:

– 150.000 euro A kategoriako jaialdiak antolatzeko.

– 200.000 euro B kategoriako jaialdiak antolatzeko.

Baldin eta 10. artikuluan xedatutako mugak aplikatzearen ondorioz aurreikusitako kopuru horiek osorik esleitu gabe geratzen badira, soberakina beste kategoriaren zuzkidura handitzeko baliatuko da.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Pertsona fisikoek, pertsona juridiko pribatuek eta ondasun-erkidegoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak agindu honen babesean, baldin eta 1. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiten badituzte. Besteren izenean diharduten pertsonek eta erakundeek hala adierazi beharko dute, eta ordezkapena justifikatu.

2.– Deialditik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak helburu bererako emandako diru-laguntza izendun baten onuradunak bai eta ikastetxeak eta arte-, musika, dantza eta bestelako arte-diziplinetako ikastegiak ere.

3.– Orobat geratuko dira bazterturik:

a) Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

b) Diru-laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.

4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Eskatzaileek ezin izango dute laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik izan, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, hala ezarrita baitago Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean.

Eskatzaileek ez dute egon beharko DLOaren 13.2 eta 13.3 artikuluak xedatzen dituen onuradun bilakatzeko debekuen ezein kasutan.

Eskatzaileek, halaber, egunean izan beharko dituzte ogasunarekiko zein Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, bai eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere, halakorik izanez gero. Baldintza horiek emandako diru-laguntza kitatu bitartean behintzat atxiki beharko dira, eta, beraz, diru-laguntza esleitzean zein ordainketak egitean egiaztatuko da betetzen diren ala ez.

5. artikulua.– Eskatzaileen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, eskatzaileek zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak dituztela. Eskabidea aurkezteak berekin dakar inplizituki egiaztapen hori egiteko baimena ematea; nolanahi ere, eskatzaileek berariaz egin ahal izango diote uko baimen hori emateari, baina kasu horretan berak ekarri beharko ditu behar diren ziurtagiriak.

2.– Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute interesdunek. Estatu espainiarretik kanpo izanez gero egoitza fiskala, egiaztagiri eguneratua aurkeztu beharko da: zergekiko obligazioak egunean izateari buruzko egiaztagiria, organo eskumendunak emandakoa. Kasu bietan ere egiaztagiriek ez dute izango sei hilabetetik gorako antzinatasuna.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua betez, betebehar hauek bete direla egiaztatuko da, eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publikoei zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Baldin eta eskatzailea halako baten pean egon bada, identifikatu beharko da prozedura, eta amaituta egon beharko dute eman zaizkion laguntzak itzultzeko nahiz eskatzailea zehatzeko hasi eta oraindik izapidetzen ari diren prozedura guztiek.

– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurreko kanala: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aurkeztuko dira, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honen 5. atalean adierazten diren helbideetan.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala nahiz elektronikoa– hautatzeak ez dakar berekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz bakarrik aurkeztuko dituzte, lehen adierazitako helbide elektronikoan.

Ondasun-erkidegoek ezinbestean aurkeztu beharko dute agiri bat, eskabidearekin batera, non adieraziko baitute erkidegoko kide bakoitzak zer konpromiso hartzen dituen bere gain proiektua gauzatzeko eta diru-laguntzaren zer zati jasoko duen bakoitzak. Halaber, erkidegoaren ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute kideek, onuradun gisa erkidegoari egokitzen zaizkion betebeharrei erantzuteko adinako ahalmena duena.

Erkidegoak deuseztatu gabe iraun beharko du harik eta EONALTBaren 44. artikuluak Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideetarako aurreikusten dituen preskripzio-epeak agortzen diren arte.

4.– Eskatzaileek eskabide bana besterik ezin izango dute aurkeztu.

5.– Eskabide-orria, eta orria bera, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak bide elektronikoz zein presentzialez izapidetzeko jarraibideak, euskadi.eus egoitza elektronikoaren helbide elektroniko honetan eta administrazio-egoitzetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/jaialdiak/y22-izapide/eu/

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nireizapideak

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen erabilera arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

7.– Eskabidea epe barruan eta behar bezala aurkeztua, eta beraz zuzentzeko modukoa dela irizteko, gutxienez, nahitaez, eskabide-orria, jarduera-proiektuaren memoria xehea eta jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatu, banakatu eta xehea aurkeztu beharko dira, epe barruan.

8.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileari berari buruzko agiriak:

a) Pertsona fisikoen kasuan:

– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoen kasuan:

Administrazio honen mendeko erregistroetan inskribatutako erakundeek:

– Eskabidean adieraziko dute zer erregistrotan dauden inskribaturik, eta ez dute zertan aurkeztu inskripzio horren egiaztagiririk.

Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako entitateek legez sortuak direla frogatu beharko dute, beren izaera juridikoaren arabera, bai eta pertsona ordezkariaren identitatea erakutsi ere; gainera, ordezkaritza-ahalorde nahikoa dutela justifikatu beharko dute, horretarako, agiri hauek aurkeztuz:

– Sortze-eskritura, estatutuak, eta dagokien erregistro ofizialaren jatorrizko ziurtagiria, inskribatuta daudela egiaztatzen duena.

– Identifikazio fiskaleko zenbakiaren egiaztagiri-txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta hark erakundea ordezkatzeko boterea duela egiaztatzeko agiriak.

Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez jakinaraziko baitute aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den de minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, baiezkoan, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.

2.– Jarduerari buruzko dokumentazioa:

– Proposamena aginduaren 11. artikuluaren 2. atalean xedatutako irizpideen arabera egoki baloratzeko behar diren puntuak zehaztu eta garatu egiten dituen memoria zehatza eta jaialdiaren gauzatze-egutegia. Halaber adieraziko da zer lurralde-eragin aurreikusten zaion jaialdiari.

Jaialdiaren lehen ekitaldia baldin bada, lau urterako garatze-plana gehituko zaio aurrekoari, jarraitutasun-plana bistaratu eta haren balorazio-irizpideak definitzen dituena.

– Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Gutxienez 15.000 eurokoa izango da aurrekontua, eta eskatu beharreko gutxieneko diru-laguntza, berriz, 5.000 eurokoa. Baldin eta eskaeran 18. artikuluak ez-lagungarritzat jotako gasturik aurreikusten bada, organo kudeatzaileak aurrekontua araztuko du halakoak baztertuz, eta arazketaren ondoren onartzen den aurrekontua baizik ez da hartuko lagungarritzat eta diru-laguntza kalkulatzeko oinarritzat. Aurrekontuaren autofinantziazio-maila gutxienez % 20koa izan beharko da, halakotzat hartuta iturri publikoetatik ez datorren frakzioa (alegia, norberak egindako ekarpena, gehi mezenas pribatuek egindakoa, gehi jarduerak berak eragindako diru-sarrerak, hala nola publizitatea, sarrerak nahiz bestelako ondasun eta zerbitzuak saltzeak eragindakoak).

– Erantzukizunpeko adierazpena, erakunde pribatuei zein publikoei xede bererako egin zaizkien beste diru-laguntza eskaeren zerrenda eta horietako bakoitza zertan den zehazten duena.

– Beren izaera dela-eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, horren inguruko motibazioa, 11.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko ote den ere.

3.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzen Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztua izan beharko du, dela eskabidearekin batera, dela prozeduraren beste une batean.

4.– Erabilitako kanala edozein delarik ere (aurrez aurrekoa nahiz elektronikoa), agiri elektronikoek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:

a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira. Bestela, ahal delarik PDF formatuan aurkeztuko dira.

b) Dokumentazio elektroniko osoaren tamaina 30 Mb-koa izango da gehienez ere.

5.– Eusko Jaurlaritzaren esku dauden agiriak eta datuak ez ekartzeko eskubidea dute eskatzaileek, baldin eta haiek indarrean jarraitzen badute. Eskubide horretaz baliatu nahi izanez gero, datu horiek zer prozeduratan, zer organoren aurrean eta zer egunetan aurkeztu zituzten jakinarazi beharko dute eskatzaileek.

8. artikulua.– Aurkezten diren eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideari antzemanez gero izapidera onartzeko agirietan akats formalak dituela, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

Pertsona juridikoek, beren eskabidea elektronikoki aurkeztu behar dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezatela eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuz. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.

9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren Kultura Sustatzeko zuzendariari dagokio agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

10. artikulua.– Diru-laguntzen muga eta bateragarritasuna.

1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurrekontu onartu osoaren % 50etik gorakoa haren lehen bost ekitaldietan, ez eta aurrekontu onartu osoaren % 30etik gorakoa ere, hortik aurrerako ekitaldietan.

2.– Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 35.000 euro jasoko dituzte.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituzten laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera eta nolanahiko baliabideekin, betiere gain-finantziaziorik ez bada; kasu horretan, bidezkoa izango da diru-laguntzaren munta murriztea, dagokion mugaraino.

Dena dela, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak proiektu bera egiteko nahiz haren zati bat egiteko emandako diru-laguntzekin, diru-laguntza horiek izendunak, zuzenekoak zein aginduen bitartez emandakoak direla ere.

11. artikulua.– Proiektuak baloratzeko eta hautatzeko, eta diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– A eta B kategoriak zein bere aldetik baloratuko dira, eta bateko eta besteko proiektuak elkarrekin baizik ez dira lehiatuko.

2.– Aurkeztutako eta bertan behera utzi gabeko proiektuak baloratzeko, irizpide eta baremo hauek erabiliko dira:

a) Proposamenaren kalitatea (50 puntu).

a.1.– Programazioa (25 puntu).

Hau balioetsiko da:

– Edukien interesa eta kalitatea (0-15 puntu).

– Euskal artisten eta konpainien presentzia (0-5 puntu, portzentajearekiko proportzio linealean).

– Aurrekontuaren baliabide ekonomikoen, materialen eta giza baliabideen arteko koherentzia (0-5 puntu).

a.2.– Berrikuntza (ez teknologikoa) (15 puntu).

– Proposamena berrikuntzarekiko baloratuko da, haren ekarpenaren garrantzia (0-5 puntu), espezifikotasuna (0-5 puntu) eta abantailak (0-5 puntu) aintzat hartuta.

a.3.– Berezitasuna eta erreferentzialtasuna (10 puntu).

– Proposamena bere sektore barruan duen berezitasunaren (0-3 puntu) eta bere erreferentzialtasunaren arabera (0-7 puntu) baloratuko da.

b) Jaialdiaren ezaugarriak (35 puntu).

b.1.– Ibilbidea (5 puntu).

– Aurretiko edizioen kopurua. Puntu bana edizio bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu.

b.2.– Autofinantzaketa (10 puntu).

– Aurrekontu onartuaren autofinantzaketa-portzentajea.

% 20 - % 34,99: 1 puntu.

% 35 - % 49,99: 3 puntu.

% 50 - % 64,99: 6 puntu.

% 65etik gora: 10 puntu.

b.3.– Ikusleen erantzuna areagotzeko estrategiak (12 puntu).

Helburu hauetara bideratutako ekintzak balioetsiko dira:

– Ikuslegoa zabaltzea (denbora-faltari lotutako oztopoak, geografikoak, fisikoak eta ekonomikoak minimizatuz) (0-6 puntu).

– Ikusleen esperientzia aberastea, edukiak zabaldu eta parte hartzeko, konprometitzeko eta elkarlanerako eremuak irekitzen dituzten jarduerak programatuz (0-6 puntu).

b.4.– Lurralde-eragina (8 puntu).

– Jaialdiak beren lurralde-eraginaren eta lurraldean dinamismoa era erakarmena sorrarazteko gaitasunaren arabera balioetsiko dira (0-8 puntu).

Herri-mailako eragina: 1 puntu.

Eskualde-mailako eragina: 3 puntu.

Lurralde historiko mailako eragina: 5 puntu.

Autonomia Erkidego mailako eragina: 6 puntu.

Nazioarte-mailako eragina: 8 puntu.

c) Euskararen presentzia (10 puntu).

c.1.– Euskarak programazioan, marketinean eta publizitatean zer presentzia duen baloratuko da

Honen arabera puntuatuko da:

– Ekitaldi eta jardueretan euskararen erabileraren portzentajea (0-5 puntu). Irizpide hau ez da baloratuko beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan; ikus artikulu honen 4. puntua.

– Euskarazko marketin eta publizitatean egindako gastuaren portzentajea marketin eta publizitateko gastu osoarekiko (0-5 puntu).

Bi aldagaiak baremo honen bidez baloratuko dira:

% 0 - % 10: 0 puntu.

% 10,01 - % 20: 1 puntu.

% 20,01 - % 30: 2 puntu.

% 30,01 - % 40: 3 puntu.

% 40,01 - % 50: 4 puntu.

> % 50: 5 puntu.

d) Genero-berdintasuna (5 puntu).

d.1.– Sentikortzeko eta ekintza positiboko neurriak balioetsiko dira:

– Emakumeen portzentajea parte hartzen duten artisten artean (0-2 puntu).

% 0 - % 25: 0 puntu.

% 25,01 - % 50: 1 puntu.

> % 50: 2 puntu.

– Emakumeen portzentajea epaimahai eta erabakitze-organoetan (0-3 puntu).

% 0 - % 30: 0 puntu.

% 30,01 - % 40: 1 puntu.

% 40,01 - % 50: 2 puntu.

> % 50: 3 puntu.

3.– Beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, hala nola eskultura, pintura, grabatua, musika klasikoa eta abar, berariaz motibatu beharko du eskatzaileak kontua. Balorazio Batzordeak nahikoa dela irizten baldin badio motibazioari, eskatzailearen puntuazioa gorantz egokituko da, 1,05 faktoreaz biderkatuta.

4.– Puntuazio osoaren % 60 (100 puntutik 60, hain zuzen) lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira.

5.– Hautatutako proiektuei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) A kategorian puntu gehien bildu dituen proiektutik hasi eta diru-laguntza esleituko zaio, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua, (b) 10.1 artikuluak ezarritakoa eta (c) 10.2 artikuluak ezarritakoa. Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.

b) Prozedura errepikatu egingo da artikulu honen 4. puntuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten hurrengo proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, kategoria honetarako aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei egokitze-faktore proportzional bat aplikatuko zaie, faktore hori izanik diru-laguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.

c) Prozedura errepikatu egingo da B kategoriako proiektuei dagokien diru-laguntza kalkulatzeko ere.

6.– Aipatu mugak aplikatzearen ondorioz geldikinik geratzen bada, puntuen % 60 baino gehiago jaso eta berari dagokion mugara iritsi ez den hurrengo proiektuari emango zaio; prozedura errepikatu egingo da, harik eta deialdiaren zuzkidura amaitzen den arte edo, kasua bada, eskabide guztiak zein bere laguntzaren mugara iristen diren arte.

12. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio Batzorde bati egokituko zaio aurkezten diren eskabideak, dagokion ebazpen-proposamena hartzea eta Kulturako sailburuordeari igortzea.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen batek zehaztuko du, eta haren lehen bilkura baino lehenago argitaratuko da EHAAn.

3.– Kultura Sustatzeko zuzendaria nahiz hark izendatzen duen eskuorde bat izango da Balorazio Batzordearen presidentea; Idazkari, berriz, hitzarekin baina botorik gabe, zuzendariak Zuzendaritza horretako teknikarien artetik izendatzen duenak jardungo du. Kide anitzeko organoaren jardunaren legaltasun formala eta materiala bermatzea izango da Idazkariaren zeregina.

Batzordeko bokalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kulturaren munduko profesionalen artetik aukeratuko dira, dela profesional independenteak, dela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sektorial adierazgarrietako kideak.

4.– Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da Balorazio Batzordea eratzean.

5.– Balorazio Batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektuen arduradunekin elkarrizketak adostu ere.

6.– Esleitzeko irizpideetan oinarritutako ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari Balorazio Batzordeak, non diru-laguntza jasotzeko proposatzen dituen eskatzaileak eta horientzat proposatutako zenbatekoak urteen arabera banakatuta aipatuko diren. Halaber adieraziko da zer eskabide ez diren onartu, zer eskabideri ukatzen zaien diru-laguntza eta erabaki horren zergatia.

Nolanahi ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa bete beharko da.

7.– Ebazpen-proposamenean, diru-laguntza ematearen aldeko proposamena jaso duten eskabideen kasuan, datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez:

a) Onuraduna, pertsona, elkartea, enpresa nahiz erakundea.

b) Diruz lagunduko den jarduera.

c) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

d) Agindu honetan ezarritako beste edozein betebehar, diru-laguntza jasoko duen proiektua gauzatuko dela bermatze aldera betiere.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kulturako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko du ea eskatutako diru-laguntza ematen den ala ez; ematen bada, honako hauek adierazi beharko dira: onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta hori urteka nola banatzen den. Eta ukatzen bada: eskatzailearen izena edo izen soziala, eta laguntza zergatik ukatu den.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabete bateko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Diru-laguntzak esleitzeko eta onuradunei ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak zein haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntza edo laguntzen esparruan hasitako eta izapidetze-aldian den zigortze- nahiz itzultze-prozedura orok; gainera, zigortze- nahiz itzultze-prozedura amaituta ere, izan litekeen zor orok ordainduta egon beharko du.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei; hala ere, jende orok jakin dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda bai eta diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako proiektua ere.

6.– Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1. artikuluan xedatutako ondorioetarako.

14. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapide presentziala eginez gero, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluak eta haren ondorengoek xedatutakoari jarraikiz joko da jakinarazpen oro egintzat.

2.– Izapideak telematikoki eginez gero, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak hura jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea honelaxe zenbatuko da: jakinarazpeneko egintza izana elektronikoki sinatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesatuaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.

3.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaion eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Ogasunarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izaten jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute onuradunek, diru-laguntza ordainduko bazaie.

2.– Jaialdiaren katalogo eta programazio-eskuorriak gutxienez euskaraz eginak izan beharko dira beti (azaroaren 24ko Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legearen 26. artikuluak aurreikusitakoari jarraikiz).

3.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek beteak beharko dituzte beti:

a) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoetan. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

b) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako, salbu eta atal honetako f) letran aldaketen onarpenari buruz ezarritakoa aplikatzekoa bada.

d) Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa eman beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatze aldera.

e) Agindu honen babesean jasotako diru-laguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.

f) Deialdira aurkeztu den bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektua. Proiektuari gerora egiten zaizkion aldaketak idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, lagundutako proiektuaren amaiera-epea ahitu aurretik betiere, eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Aldaketa bidezkoa izango da Agindu honetan onuradun izateko gutxieneko baldintzak salbu geratzen badira. Nolanahi ere, epe horren barruan ez bada berariazko jakinarazpenik egiten, planteatutako aldaketa onartu egin dela ulertu beharko da.

g) EONALTBaren 50. artikulutik eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetatik eratorritakoak.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honetan aukeratutakoarekin bat etorriz ematen diren diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:

a) Emandako diru-laguntzaren % 50 egiten duen zenbatekoa lehen ordainketan, emate-ebazpena jakinarazi ostean.

b) % 50 egiten duen bigarren ordainketa, Eusko Jaurlaritzaren 2018ko aurrekontuaren kontura: 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere emandako diru-laguntza justifikatu ostean eta 17. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.

17. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta kitapena.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek diruz lagundutako jarduerak amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, edonola ere, 2018ko martxoaren 31 baino lehen:

a) Jarduera egin ondorengo memoria; bertan, gutxienez, agindu honen 11.2 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak bete direla aipatu beharko da.

b) Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak nahiz kopia autentifikatuak.

c) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda.

d) Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta bestelako material grafikoen edo entzunezkoen hizkuntza bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da, bai eta, hala egokitzen bada, dagokion web orriaren helbidea ere.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan daude zerrendatuta) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.

– Bide elektronikoz ere aurkeztu ahalko dituzte web helbide honetan: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz baizik ez dituzte aurkeztuko justifikazioak, lehenago adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Justifikazioak, bide presentziala erabiliz nahiz bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honen 6.4 artikuluan adierazitako helbidean.

5.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jaso bada, Kulturako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du –betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, eta aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 15.3 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, diru-laguntzaren helburua bete dela jotzen bada–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diru-laguntzak itzultzeko ezartzen duen prozedurarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

18. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

Sustatzailearen egiturari, mantentze-lanei eta ohiko jardunari lotutako gastuak: lokalen alokairua, finantza-gastuak, baimenak, zergak, lege-aholkua, ohiko kontsumoak (argia, ura, telefonia, internet...) eta abar ezin izango dira guztira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.

2.– Lagundu daitezkeen gastuetatik at geratzen dira:

a) Ondasun higiezinak eta azpiegiturak erostearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin lotutako guztiak, bai eta ekipamendu-ondasun inbentariagarriak ere.

b) Proiektua garatzeko zentzunez beharrezkoak ez diren eta zenbatekoa sinesteko moduan frogatua ez duten gastu-kontzeptuak.

c) Erakunde sustatzailearen langileen ordainak, aseguru sozialen kotizazioak eta zerga-atxikipenak.

d) Eskatzaileak berak egindako lanengatiko gastuen fakturak.

e) Diru bidezko sariak.

f) Protokolo-ekitaldiak, hala nola afariak, festak, koktelak eta antzekoak.

3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.

19. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik edo partez, ebazpenean onartu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako jarduera aldatzea, osorik edo partez, Kulturako sailburuordeak horretarako onespenik eman gabe agindu honetako 15.3 artikuluan adierazten den eran.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren mende egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.

3.– Artikulu honetan adierazitako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako zenbatekoa, osorik nahiz partzialki, gehi diru-laguntzen alorrean egokitzen diren berandutze-interesak, DLOaren 37. artikuluak xedatuak, betiere aldez aurretik Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako moduan, eta horietan ezarritakoa beteta.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

LEHENENGOA.– Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24koo EBAO, L 352/1. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

BIGARRENA.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoarekin bat, deialdi honen izapideak egiterakoan bildutako datu pertsonalak, deialdiko parte hartzaileek tratatzeko eta argitaratzeko baimena emana dutenak, fitxategi batean sartuko dira; fitxategi horren helburua izango da diru-laguntzen deialdi hau eta deialdi honekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo –espedientea kudeatzea eta parte hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. 2015eko abenduaren 2ko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Aginduan arautzen da delako fitxategi hori, alegia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzekoan (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak). Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 1 Vitoria-Gasteiz). 01010 Vitoria-Gasteiz. Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

HIRUGARRENA.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua); halaber daude honako hauetan ezarritako oinarrizko arauen mende: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu zuen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

LEHENENGOA.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

BIGARRENA.– Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala