Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2017ko irailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4452

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 19koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarena, sinbologia frankista ezabatzeko diru-laguntzak deitzen dituena 2017. urterako.

Abenduaren 26ko 52/2007 Legeak (gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituenak, eta haien aldeko neurriak ezartzen dituenak) zioen azalpenean dioenez, Gerra Zibilaren edo Diktaduraren oroimenezko ikur eta monumentuetan altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren gorespena saihestu behar da, herritarrek horretarako –hain zuzen ere ikurrak, liskarrerako, irainerako edo bidegabekeriarako aitzakia izan beharrean, jendea elkartzeko baliagarri izan daitezen– eskubidea baitute. Horren harira, lege horren 15.1 artikuluak honela dio: «Administrazio publikoek, beren eskumenak betez, altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko berariazko neurriak hartuko dituzte. Neurri horien artean, diru-laguntza edo laguntza publikoak kentzea sartu ahal izango da.»

Aipatu den 15. artikulu horretan xedatutakoa bete dadin, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak Gerra Zibila eta Diktadura goraipatzen duten Euskadiko ikur eta monumentu publikoen katalogoa egiteko eskatu zuen, Euskadin kontu horiek zertan ziren jakiteko. Azterlanak egiaztatu zuenez, oraindik badaude era horretako ikurrak Euskadiko udalerrietan. Horrenbestez, Giza Eskubideen Zuzendaritzak –Eusko Legebiltzarrak eskatuta, 28/2011 legez besteko proposamenaren bidez, zeina Memoria Historikoaren Legean aipatutako erregistroa egiteari buruzkoa baita– Euskadin ikur frankistak kentzeko Batzorde Teknikoa eratu zuen; bost kidek osatu zuten batzorde hori. 2012ko urrian, Euskadin ikur frankistak kentzeko Batzorde Teknikoaren gomendio-irizpena egin zuten.

Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak) erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren gorespena saihestuko duen politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez. Helburu nagusia, izan ere, ikur publikoak liskarrerako, irainerako edo bidegabekeriarako aitzakia izan beharrean, jendea elkartzeko baliagarri izan daitezela da.

Lege hauek eratzen dute deialdi hau hartzen duen esparru juridikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluak (azaroaren 11ko 1/1977 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legeak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Diru-laguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, eta horren barruan diruz lagun daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau. Memoria historikoari buruzko euskal erakundeekin lankidetzan aritzea du helburu.

Era berean, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko estatutuen 11.2. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez (azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuak onartzen ditu estatutu horiek), Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta diru-laguntzak erregulatzea, deitzea eta esleitzea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Sinbologia frankista ezabatzeko jarduerak diruz laguntzeko 2017. urterako laguntzak deitzea da ebazpen honen xedea.

2. artikulua.– Epealdia.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, jarduerak 2017ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahalko dira altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak, bustoak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko jarduerak.

2.– Etxebizitza Institutu iraungiaren (Instituto de la Vivienda delakoa) plakak –etxeak eta geziak marraztuta dituztenak– ezabatzeko jarduerak ere diruz lagunduko dira, oraindik ere ikus baitaitezke babes ofizialeko eraikin zahar batzuetan.

4. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Deialdi honetara, hogeita hamar mila (30.000) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2017ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Gehienez ere, zazpi mila (7.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da jarduera bakoitzeko.

5. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, eskabideak aurkezteko datak hartuko dira kontuan.

2.– Diru-laguntzen programa honetako funts publikoak mugatuta daudenez, funtsak agortzen badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da horren berri. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da, laguntza gehiago emateko prozedura eten dadin.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Laguntza bakoitzari dagokion zenbatekoa zehazteko, aurkeztutako aurrekontua edukiko da kontuan.

2.– Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango.

3.– Onartutako aurrekontuan ez dira sartuko eskaera egin duten toki-erakundeetako langileen soldatak.

4.– Diruz lagun daitezkeen gastuei dagokienez, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatuta aplikatuko da.

7. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoez azpiko toki-erakundeek eskatu ahalko dituzte ebazpen honetan agertzen diren laguntzak.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, lurralde historikoz azpiko toki-erakundetzat joko dira: udalerriak, udalerriek osatutako mankomunitateak, kontzejuak, Arabako lurralde historikoko kuadrillak eta nortasun juridikoa duten udalerriz azpiko lurraldeko toki-erakunde guztiak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako toki-erakundeek EAEko Toki Erakundeen Erregistroan inskribatuta egon behar dute.

4.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, hala dagokionean, eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuz. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Diru-laguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.

5.– Era berean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dituzte erakunde onuradunek.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/subvencion/2017/simbologia-franquista/y22-izapide/eus

3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2017ko azaroaren 10ean amaituko da.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan sartuta.

11. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenak.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.

b) Jarduera gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, jarduera finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira, eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin beharko da.

c) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: garatuko diren jardueren helburua, lurralde-eremua eta egutegia.

3.– Era berean, jarduerak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

4.– Dagoeneko eginda dauden jardueretan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak ebatziko du laguntzak esleitzeko prozedura. Ebazpen horretan, laguntzen zenbatekoa ere jasoko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak onartu direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenaren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako diru-laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.

14. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Diru-laguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Era berean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. artikuluan xedatutako obligazioak bete behar dituzte erakunde onuradunek.

16. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

b) Bigarren ordainketa 2017an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

17. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Diru-laguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2017ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan egindako gastuak eta jasotako diru-sarrerak zehazten eta justifikatzen dituen memoria, ordainagiri eta guzti. Superabitik egon bada, memoriarekin batera dirua itzuli beharko da.

2.– Goian aipatutako dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da.

3.– Administrazioak, beharrezko baderitzo, agiri originalak eska ditzake. Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

4.– Edonola ere, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatuta aplikatuko da.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotatik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.

19. artikulua.– Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:

a) Bere garaian aurkeztutako jarduera ikusita, jasotako diru-laguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

b) Hautatutako jardueran aldaketak egin dira; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko titularrak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.

c) Eskabidean, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.

2.– Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze interesekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean ondorioak izango ditu.

Bilbao, 2017ko uztailaren 19a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria,

MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.


Azterketa dokumentala