Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2017ko irailaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4388

AGINDUA, 2017ko uztailaren 24koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Jaso Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertu da «Jaso Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea, honako aurrekariak kontutan hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko abenduaren 15ean, Herri Administrazio eta Justizia Saila zenean eskari bat sartu zen, «Jaso Fundazioa» delakoaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Javier Etxebeste Otegik sortu zuen fundazio hori. Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak 2016ko apirilaren 21eko idazkiaren bidez, dokumentazioan ikusitako akatsak zuzentzeko eskatu zien interesdunei eta espedientean ageri den dokumentazioa sartu zen.

Hirugarrena.– 2016ko apirilaren 16an Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.

Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:

«Helburu nagusia Euskalherriko gizarte zibilaren garapena da, horretarako edozein kultur, hezipen, aisialdi, osasun eta kirol ekintzak antolatuaz, beti euskera hizkuntza baliabidetzat izanez.»

Bosgarrena.– Estatutuen 5 eta 6 artikuluetan jasotakoaren arabera, fundazioaren egoitza Bilbo (Bizkaia), Kale Nagusia 82, 5. eskuinean eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Seigarrena.– Hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela –agiri bidez– jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Patronatuko kidea, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, bere fundatzailea soila, Javier Etxebeste Otegi jauna hain zuzen ere, izango da bizitzarako. Berak onartu du bere kargua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera,

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7tik 39ra artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36tik 39ra artikuluetan ezarritakoa betez lege eta erregelamenduzko arauen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F- 422 erregistro-zenbakiarekin, Bilboko (Bizkaia) «Jaso Fundazioa» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere (patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira), 2015eko abenduaren 3an, Andres María Urrutia Badiola jauna notarioaren aurrean emandako eskritura publikoan (2186 protokolo-zenbakia) xedatu bezala.

Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean; agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 24a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala