Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2017ko irailaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4387

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 16koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena. Honen bidez, onartu egiten da Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko estatutuen 2. artikulua aldatzea.

Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko estatutuen 2. artikulua aldatzeko espedientea ikusita eta aztertuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko sailburuaren 2016ko azaroaren 22ko aginduaren bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen agindu hori, 2017ko otsailaren 27an), Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko estatutuak aldatu ziren.

Bigarrena.– 2017ko martxoaren 27an, Ingeniari Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko estatutuak onartzen dituen aginduaren aurka. Errekurtsoan, Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko estatutuen 2. artikuluan alderdi formal eta funtsezko jakin batzuk sartzea eskatzen zen. Lehenengo paragrafoan, alderdi formalen inguruko kontuak sartzea eskatzen zen (hala nola, Ingeniaritza jakin bat teknikoa dela adieraztea aipamenetako batean), eta, bigarren paragrafoan, elkargoaren aipamena singularrean idaztea eta CIN 351/2009 Aginduko erreferentzia duen titulazioaren inguruko kontuak sartzea.

Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren ustez, proposatu diren aldaketek hobetu egiten dute Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko estatutuen 2. artikuluaren idazketa, Ingeniaritza Tekniko Industrialeko Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Arabako eta Bizkaiko Elkargo Ofizialetako estatutuek proposatu denaren antzeko idazketa baitzuten CIN 351/2009 Aginduari dagokionez, eta halaxe jakinarazi zion Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialari, berraztertzeko errekurtsoarekin batera, eta 10 eguneko epea eman zion egoki iritzitako alegazioak egin zitzan.

Laugarrena.– Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialak idazki bat aurkeztu zuen 2017ko apirilaren 27an. Bertan, sailak proposatutako idazketarekin ados zegoela adierazi zuen.

Bosgarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Horretarako, kontuan hartu dituzte zuzenbideko oinarri hauek:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa urratu gabe, betiere.

Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, elkargoa sortzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Tituludun Profesionalen, Elkargo Profesionalen eta Kontseilu Profesionalen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 22. artikulua; Lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1. artikulua.

Hirugarrena.– Betetzen da Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua, bai eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan xedatutakoa ere.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialeko estatutuen 2. artikulua aldatzea onartzea. Honela geratzen da idatzita:

«2. artikulua.– Elkargokideei buruz.

2.1.– Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Gipuzkoako Elkargo Ofizialak barruan bilduko ditu Industria Ingeniaritzako Gradudun, Ingeniari Tekniko Industrial eta Peritu Industrial guztiak, Ingeniaritza Tekniko Industrialaren arloko ikaskuntza teknikoaren esparruetan; betiere, dagokien titulu ofiziala eskuratuta badute, lurralde nazional guztian balio duena, Estatuak eman, homologatu edo aitortua. Elkargoko kide izatea eskatu egin behar dute, eta estatutu hauetan eskatzen dena behar bezala bete. Ogibidea lantzen ari direnak eta lanez Elkargoak hartzen duen lan-eremuan kokatuta daudenak nahitaez bildu behar dute Elkargora. Elkargoko kide izatea nahitaezkoa da hala agintzen duelako Errege Dekretu batek; hortaz, indarraldia iragankorra izango da, hau da, Omnibus Legearen laugarren xedapen iragankorraren aplikazioaren araberakoa.

Elkargoan honako hauek sartuko dira: Industria Ingeniaritzako Gradudunen, arlo berdineko Ingeniari Tekniko tituludunak (azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren aurretiko ikasketa-planen arabera, eta urriaren 26ko 1462/1990 eta azaroaren 20ko 1402/1992, 1403/1992, 1404/1992, 1405/1992 eta 1406/1992 errege-dekretuen arabera) eta Peritu Industrialak. Horretarako, dagokien titulu eduki behar dute, estatuak aitortua, kide izateko eskaera egin behar dute, eta estatutu hauek agintzen dituzten betekizunak bete. Elkargoan sartuko dira, halaber, adar industrialetako graduko ingeniari-titulu ofiziala dutenak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 12.9 artikuluan xedatutakoaren arabera eta otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduan ezarritako baldintzen arabera eskuratuta. Industria-ingeniari teknikariaren lanbidean jarduteko egokiak diren beste unibertsitate-titulu batzuk dituztenak ere bai».

Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen 2. artikuluan egindako aldaketa argitaratzeko agintzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 16a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala