Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2017ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4363

90/2017 EBAZPENA, irailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko Lapuebla de Labarcako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko Lapuebla de Labarcako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 4a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 4KO 90/2017 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA LAPUEBLA DE LABARCAKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN AZAROAREN 26KO 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO
(EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA)

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 26a.

BILDU DIRA

Batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa, eta, bestetik,

Maider Murillo Treviño andrea, Lapuebla de Labarcako Udaleko alkate-lehendakaria, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok honako manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretua eta Gobernu Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta, bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea eta Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.

Bi aldeek elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organotako erregistroan, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administraziotakoak, dela Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu horretan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa gauzatu egiten da hitzarmen honen bidez, hau da, herritarrek EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Labuebla de Labarcako Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute; hauek dira hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Lapuebla de Labarcako Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Lapuebla de Labarcako Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesdunek epeak betetzeari dagokionez; ildo horretatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Lapuebla de Labarcako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, sarrera-eguna, idazkia aurkeztu zeneko eguna eta ordua, interesdunaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriok erregistroan jaso eta, beranduenez handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Lapuebla de Labarcako Udalari EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.

b) Lapuebla de Labarcako Udalari baliabide egokiak ematea, hark EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek, euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileek aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen honen indarraldia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean erregistro elektronikoari buruz jasotako xedapenak indarrean jartzean amaituko da, eta muga 4 urtekoa da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Hitzarmena arrazoi hauek direla kausa ere iraungiko da: a) administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; b) edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena argitara emango dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean eta Lapuebla de Labarcako Udaleko iragarki taulan.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla-eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira, eta, haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, interesdunek jatorrizko bi ale sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Lapuebla de Labarcako Udaleko alkate-lehendakaria,

MAIDER MURILLO TREVIÑO.


Azterketa dokumentala