Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2017ko irailaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4306

EBAZPENA, 2017ko abuztuaren 23koa, HABEko zuzendaria, zeinaren bidez arautzen baitira 2016-2017 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo baliokideak gainditu dituzten ikasleei diru-laguntzak emateko prozedura eta baldintzak, eta dagokion deialdia egiten baita.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzaketa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste diru-laguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, euskalduntze-prozesuetan murgilduta dauden ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratura egokitzen ditu.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2017ko maiatzaren 5eko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 euskara ikasleei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Horrela, bada, Ebazpen honen bitartez, HABEren mailak egiaztatu dituzten ikasleentzako diru-laguntzen aitortza egin eta horien baldintzak arautu nahi dira, maila baliokideren bat egiaztatu duten ikasleentzako diru-laguntzen deialdia egitearekin batera, 2017ko ekitaldi honi dagokiona.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Lege hori garatzen duen Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuz onartutakoak, ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emateko diru-laguntzen baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko, ondorengo baldintza guztiak bete beharko dira, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoaren arabera:

1.1.– HABEren erregistroan euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatua egotea 2016ko martxoaren 18tik 2017ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.

1.2.– HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenez deituta 2016. urteko bigarren ebaluazio-garaian edo ohiko bigarren deialdian edo deialdi irekian, edo 2017. urteko lehen ebaluazio-aldian edo lehen azterketa-deialdian parte hartu eta dagokion maila gainditzea.

1.3.– Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatikoak barne direlarik, hain zuzen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Halaber, diru-laguntza hauetarako eskubidea izango dute euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek ere, artikulu honetako 1.1 eta 1.3 puntuetan zehaztutako baldintzak beteta, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatuak, HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat 2016ko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera) egiaztatu eta Ebazpen honen 3. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskaera egiten dutenek.

3.– Diru-laguntzen deialdi honetatik at geldituko dira:

3.1.– Administrazio Publikoak finantzatuta eskolatu diren ikasleak.

3.2.– Aurreko ikasturteren batean egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat bakarrik egiaztatu dutenak.

3.3.– Deialdi honetako diru-laguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteak), euskaltegietako matrikulazioaren kudeaketarako aplikazioaren arabera, euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan egindako mailak baino beheragokoa egiaztatu dutenak. Gainera, diru-laguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteak) maila bat baino gehiago egin duten ikasleek egiaztatutako mailei dagozkien diru-laguntzak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.

3. artikulua.– Prozedura, agiriak eta epeak.

1.– Ebazpen honen 2. artikuluaren 1. puntuan zehaztutako baldintza guztiak bete eta artikulu bereko 3. puntuaren arabera baztertuak ez diren ikasleek, diru-laguntza hauek eskuratu nahi izatera, www.habe.euskadi.eus web orrian sartu ahal izango dira identifikazio elektronikoaren bitartez edo matrikulazioaren jarraipenerako aplikazioan sartzeko dituen sarbide bakoiztuak baliatuz, eta hor dagokion laguntza eskuratzeko duten aukera jakinaraziko zaie. Jakinarazpen horretan, gehienez eskura dezaketen laguntza adieraziko zaie (egiaztatutako mailak, azken bi ikasturteetan egindako mailak eta egiaztatutako maila bakoitzerako ezarritako gehienezko laguntza-kopurua kontuan hartuz), betiere gutxitu daitekeena euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan azken bi ikasturteetan ordaindutako kopuruagatik, beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzengatik edo 6. artikuluan aurreikusitako gehienezko kopurua eskaera guztiei aurre egitera heltzen ez delako gerta daitekeen hainbanaketagatik.

Interesdunek 2017ko irailaren 6tik urriaren 5era bitarteko epea, biak barne, izango dute diru-laguntzaren eskaria burutzeko, egiten zaien proposamena bere osotasunean onartuz. Proposamena onartzearekin batera, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete beharko dute. Edonola ere, ezarritako epea pasa eta ikasleak erantzunik eman ez duenean, HABEk proposatutako aukerari uko egiten diola ulertuko da. Onartuko ez balu, edo ikasleak nahiago balu, diru-laguntza eskaera artikulu honen 2. puntuan ezarritako prozedurari jarraikiz egin ahal izango du.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoak diren datuak jasoko dira datu-orrian: ordaindutako matrikula-kopuruen eta beste administrazio publikoetatik jasotako diru-laguntzen berri, aurreko artikuluaren 1.3. puntuan zehazten diren diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatearen aitorpena eta datuak konprobatzeko HABEren zuzendari nagusiari zuzendutako baimena; hauek guztiak erantzukizunpeko aitorpenaren bitartez adierazita. Halaber, diru-laguntza eskuratzeko bankuko kontuaren berri jasoko da bertan.

2.– Ebazpen honen 2. artikuluaren 2. puntuan ezarritako baldintza guztiak bete eta diru-laguntza hauek eskuratu nahi dituzten ikasleek www.habe.euskadi.eus web orrian sartu beharko dute identifikazio elektronikoaren bitartez edo matrikulazioaren jarraipenerako aplikazioan sartzeko dituzten sarbide-gako bakoiztuak baliatuz eta eskaera-orria bete eta aurkeztu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak aurreikusten dituen bideetakoren bat erabiliz, 2017ko irailaren 6tik urriaren 5era bitartean, biak barne.

3.– On-line egiten ez diren eskariak, behar bezala beteta eta sinatuta, HABEren zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio, egiaztatutako mailaren agiriaren edo dagokion erakundeak luzatutako ziurtagiriaren kopiarekin batera, bai HABEren Donostia (Vitoria-Gasteiz kalea, 3), Bilbo (Kale Nagusia, 85) edo Gasteizko (Samaniego kalea, 2) egoitzetara eramanez, bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak aurreikusitako beste edozein baliabide baliatuz.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 16.4 artikuluan aipatutakoari jarraituz posta bulegoetan aurkezten diren eskaera-orrien kasuan, aurkezpen-epearen barruan eta gutun-azal irekian eman beharko dira, ziurtatu aurretik postariak data eta zigilua jar diezaien eskaera-orrian bertan. Horrela bakarrik ulertuko da instantziak posta bulegoan utzi ziren egunean izan dutela sarrera HABEren Erregistro Orokorrean.

4.– HABEren egitekoa izango da eskatzaileek euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetan ordaindutako kopuruei buruz datu-orrietan emandako datuak egiaztatzea.

4. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Ikasleak aurkeztutako eskarian agiriren bat falta bada, edota okerren bat badago, hala jakinaraziko zaio, hamar eguneko epea emanez okerrak zuzen ditzan, eta horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela adieraziz.

5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzen finantzaketa.

Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2017. urtean 1.250.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura.

7. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

1.– Egiaztatu den maila bakoitzeko, jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:

a) HABEren A1 maila: 125 euro.

b) HABEren A2 maila: 175 euro.

c) HABEren B1 maila edo baliokidea: 550 euro.

d) HABEren B2. maila edo baliokidea: 400 euro.

e) HABEren C1 maila edo baliokidea: 150 euro.

f) HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

2.– Aipatutako HABEren diru-laguntza osorik eskuratzeko, ikasleak egoki zuritu beharko du 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan egiaztapenaren aurretik hasitako ikastaroetako matrikuletan beste horrenbeste ordaindu izana, hain zuzen ere, egiaztatutako mailetan. Hala egin ezean, ordaindutakoa izango da laguntzaren muga.

3.– Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari. Era berean, maila bat egiaztatu ondorengo diru-laguntza zuritzeko beharrezkoa izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

4.– Ebazpen honen 6. artikuluan aurreikusitako kopurua nahikoa ez balitz aurreko puntuan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako beharrei aurre egiteko, onuradunen artean hainbanatuko da diru-laguntza.

8. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta ordainketa.

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpena emango du, eta interesdunei, HABEren egoitzetako iragarki tauletan erantsiz eta interneteko www.habe.euskadi.eus web orrian argitara emanez jakinaraziko zaie. Hau guztia, 2017ko azaroaren 30a baino lehen.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea ezetsia izan dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 25. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Diru-laguntzen Ebazpena emanda, diru-laguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko diru-laguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

9. artikulua.– Bateragarritasuna.

Emango den diru-laguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubidea izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, betiere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

10. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebehar hauek:

1.– Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztatzeen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

2.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

3.– Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

4.– Horretaz gain, 1/1997 Legegintzako Dekretuak, 1997ko azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako betebeharrak ere izango ditu.

11. artikulua.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta, edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honek onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada, diru-laguntzak aitortu eta ordaintzerakoan edozein zirkunstantzia faltsutzen bada, edo laguntzak jaso ondoren gainfinantzaketa gertatzen bada, orduan, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoa aplikatuko da, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen baitu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baititu.

12. artikulua.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, deialdi honetan parte hartzeak interesdunaren baimena ematea dakar berekin, bere datuak HABEren Ikasleak izeneko fitxategi informatizatuetan sartzeko. Aipatutako legean aurreikusitako sartzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkaratzeko eskubideak HABEren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean gauzatu ahal izango dira (Vitoria-Gasteiz kalea 3, 20018 Donostia). Datu horien tratamendu eta babesaren erregimena araudi honek berak ezarritakoa izango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2017ko abuztuaren 23a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala