
167. zk., 2017ko irailaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (228 KB - 3 orri.)
- EPUB (192 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
4269
EBAZPENA, 2017ko uztailaren 26koa, Lehiaren Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, zeinaren bitartez iragartzen baita Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusiaren lanpostua izendapen askearen bidez hornitzeko deialdi publikoa.
Lehiaren Euskal Agintaritzak erabakitzen du erakunde autonomo honetako idazkari nagusiaren lanpostua (511946. kodea eta 2. dotazioa) izendapen askearen bidez hornituko duela iragartzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta aldez aurretik Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren aldeko txostena izanik. Honako hauek hartu ditu kontuan.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Parte har dezakete deialdi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta eranskinean adierazitako eskakizunak betetzen badituzte.
Halaber, betebehar bera izanik, parte har dezakete, beste herri-administrazio batzuetako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek eta karrerako funtzionario irakasleek ez ezik, erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, baldin eta lanpostu horietan, lanpostuen zerrendan, hain zuzen, berariaz aurreikusi bada langile horiek bete ditzaketela lanpostuok.
2.– Langile horiek parte har dezakete deialdi honetan, edozein administrazio-egoeratan egonda ere, hauek izan ezik:
a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioak, hauek ezin dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.
b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileak.
3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskakizunak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko eskakizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.
Bigarrena.– Eskabidea.
1.– Hautagaiek Lehiaren Euskal Agintaritzari egin behar diote eskaera, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost egun balioduneko epean. Eskabidean datu pertsonalak eta jarduneko lanpostua adierazi behar dituzte.
2.– Hautagaiek, idatzi horrekin batera, curriculum vitaea aurkeztu behar dute, hauek adierazita:
a) titulu akademikoak.
b) betetako lanpostuak, bai herri-administrazioan, bai enpresa pribatuan, kasuan kasu.
c) egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntza-jakintzak eta bestelako merezimenduak, hautagaiek egokitzat jotzen dituzten guztiak.
Eskabidearekin batera, adierazitako merezimenduen eta eskakizunen egiaztagiriak aurkeztu behar dituzte, langileen erregistroan jasota daudenenak izan ezik. Halaber, horiekin batera, egokitzat jotzen dituzten bestelako argitalpenak, txostenak eta agiriak aurkez ditzakete.
Hirugarrena.– Ebazpena.
Deialdi hau ebazpen bidez ebatziko du Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariak. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hilabeteko epean gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
Lanpostuaren esleipenduna lanpostuaz jabetu behar da adierazten zaion egunean eta, kasuan kasu, lehengo lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hileko epean.
Bilbao, 2017ko uztailaren 26a.
(Lanpostua hutsik, Lehiaren Euskal Agintaritzaren 1/2012 Legearen 7.9 artikulua).
Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakaria,
RAFAEL ITURRIAGA NIEVA.
ERANSKINA
Deialdiko lanpostua: Lehiaren Euskal Agintaritzako idazkari nagusia.
Kidegoa: X02EU.
Destino-osagarriaren maila: 29.
Berariazko osagarria: 0-A.
Tokia: Lehiaren Euskal Agintaritza.
Herria: Bilbao.
Helbidea: Ercilla, 4 – 2 (48009 Bilbao).
Hizkuntza eskakizuna: 4.
Derrigortasun-data: datarik gabe.
Eginkizunak: lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legearen 15. artikuluan zerrendatutakoak:
1.– Lehiaren Euskal Agintaritzari dagokionez, eginkizunak honako hauek dira:
a) agintaritzaren aurrekontu-aurreproiektua prestatzea eta haren jarraipena eta aldaketak egitea.
b) erakundearen jarduera-oroitidazkia eta urteko jarduera-programa eta urtebeteko eta urte biko jarduera-planak egitea, jasotako jarraibideak kontuan hartuta, eta Lehiaren Euskal Kontseiluari helaraztea.
c) erregistro orokorra, agiritegia eta agintaritzaren beste dokumentazio-guneak kudeatzea.
d) espedienteak zaintzea izapidetzearen edozein fasetan, jakinarazpenak egitea, eta prozeduratik datorren edozein jarduera, administrazio-izaerakoa, egitea.
e) agintaritzaren ekonomia, giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea.
f) agintaritza arlo juridikoan aholkatzea.
g) zehapen-prozeduren eta promozioko prozeduren jarraipena egitea eta haiek kudeatzea.
h) laguntza emateko gainerako eginkizunak, lehendakariak hala erabakita.
2.– Lehiaren Euskal Kontseiluari dagokionez, eginkizunak honako hauek dira:
a) lehiaren Euskal Kontseilua biltzeko deitzea, lehendakariaren ekimenez.
b) bileretako gai-zerrenda prestatu eta bidaltzea.
c) bileretako aktak idatzi eta baimentzea.
d) akten, ebazpenen eta erabakien ziurtagiriak egitea.
e) lehiaren Euskal Kontseiluko kideak arlo juridikoan aholkatzea.
f) herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko araudiak administrazioko kide anitzeko organoetako idazkariei ematen dizkien gainerako eskumenak izatea.
RSS