Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2017ko abuztuaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4190

AGINDUA, 2017ko abuztuaren 24koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, sail honetako lanpostu bat -Gazteriarako Zuzendaritzako goi-kargudunaren idazkaria, 520010 kodea, 194. dotazioa- izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean, Gazteriarako Zuzendaritzako goi-kargudunaren idazkari lanpostua hutsik dagoenez (520010. kodea, 194. dotazioa), Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena emanda, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berberetan, honakoek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute. Ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora ez badute bete.

3.– Eskatutako baldintzak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren langileen gaietan eskumena duen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 15 egun balioduneko epean. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.

2.– Hautagaiek eskaerarekin batera «curriculum vitae» aurkeztu beharko dute, eta bertan honako hauek adierazi:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edo bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman zuen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 24a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

ERANSKINA

Lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria (kodea: 520010; dotazioa: 194).

– Kokapena: Gazteriarako Zuzendaritza.

– Saila: Enplegua eta Gizarte Politikak.

– Herria: Vitoria-Gasteiz.

– Kidegoak: C1 administraria / D1 administrari laguntzailea.

– Destino-osagarriaren maila: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2017/03/31.

Betebeharrak:

– C1 edo D1 kidegokoa izatea.

– Era berean, beharrezkoa izango da administrarien kidegoan urtebeteko esperientzia izatea, edo, administrari laguntzaileen kidegoan urte biko esperientzia.


Azterketa dokumentala