Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2017ko abuztuaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4174

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 3koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren Estatutuak argitaratzen dira.

2013ko irailaren 16ko Aginduaren bidez (Herri Administrazio eta Justizia sailburuaren agindua, egun Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila), Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren estatutuak onartu ziren, kontseilu horren kudeaketa-batzordeak 2012ko irailaren 17an eta 2013ko irailaren 2an hartutako erabakietan xedatutakoaren arabera. Agindu hori 2013ko urriaren 18an argitaratu zen EHAAn (EHAA, 200. zk.).

Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren estatutuak EHAAn argitaratu behar dira.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Estatutu horiek erabaki honi erantsi zaizkio.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 3a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LAN HARREMANETAKO GRADUDUNEN KONTSEILUAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
IZAERA, NORTASUN JURIDIKOA ETA HELBIDEA

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseilua zuzenbide publikoko korporazio bat da, bere nortasun juridikoa dauka eta jarduteko ahalmen osoa, eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Lan Harremanetako Gradudunen Elkargoak ordezkatzen ditu.

Haren helburua lan-harremanetako gradudunaren lanbidearen ordezkaritza gorena eta defentsa dira, elkargokide nahitaez egiteko betekizunari eusten zaion bitartean, elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesen babesean inspiratuta, gizartearen interes eta beharrizan orokorrekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan, administrazio publiko ororen aurrean, indarreko legediak orokorrean eta, zehazki, azaroaren 21eko 18/1997 Legeak –tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa– eta estatutu hauek esleitutako eginkizunak beteta eta aplikatzen zaion legezko beste edozein xedapen errespetatuta, haien artean, besteak beste, hauek: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraua –barne-merkatuaren zerbitzuei buruzkoa–; otsailaren 13ko 2/1974 Legea –elkargo profesionalei buruzkoa–; eta uztailaren 3ko 15/2007 Legea –Lehiaren Defentsari buruzkoa–.

2. artikulua.– Dagokion jarduera eremuan, Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo bakoitza guztiz autonomoa da eta bere nortasun juridikoa eta bere xedeak eta helburuak betetzeko jarduteko ahalmen osoa dauzka.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren legezko ordezkaritza, bai epaiketan bai handik kanpo, haren kontseiluburuari dagokio. Kontseiluburuak eskumena dauka prokuradoreei, abokatuei eta edozein mandatari motari ahalmen orokorrak edo bereziak emateko.

3. artikulua.– Kontseiluak Bizkaiko Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialaren egoitzan dauka bere helbidea, Bilbon, Lutxana kaleko 4an, 2. solairuan, eta beste edozein tokitan egin ditzake bilerak.

II. KAPITULUA
XEDEAK ETA EGINKIZUNAK

4. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuaren barruan, xede hauek izango ditu:

a) Lan-harremanetako gradudunaren lanbidean, modalitate guztietan, jarduteko baldintza orokorren araudian botere publikoekin batera lan egitea.

b) Osatzen duten elkargoak koordinatzea, eta lanbidearen interes orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkatzea, bereziki administrazio publikoekiko harremanetan, elkargo bakoitzaren autonomia eta eskumena kaltetu gabe.

c) Elkargokideen interes korporatiboak defendatzea, autonomia erkidegoan eremua nahiz eragina dauzkaten heinean, kideak berak bere borondatez, pertsonalki eta berariaz hala eskatzen badu.

d) Lan-harremanetako gradudunaren lanbidearen independentzia babestea hura murriztea edo urritzea bilatzen duen esku-sartze ororen aurrean.

e) Legean ezarritako esparruaren barruan, lanbidearen zaintza eta jarduna ordenatzea, arau deontologikoak eta etikoak betetzen direla zainduz, eta lan-harremanetako gradudunaren lanbidearen izen ona defendatzea.

5. artikulua.– Honako eginkizun hauek izango ditu, bere eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Lan-harremanetako gradudunaren lanbidearen arau deontologiko komunak jaso eta sortzea.

b) Bere estatutuak onartu eta aldatzea eta, legeak xedatutakoarekin bat, lan-harremanetako gradudunaren lanbidearen jarduna arautzea.

c) Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 54. artikuluak aipatzen dituen arauzko egitasmoen berri ematea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-harremanetako gradudunen elkargo guztietan sartutako lan-harremanetako gradudunen errolda egitea eta mantentzea.

e) Lan-harremanetako gradudunaren lanbideari dagokionez, erakundeak, zerbitzuak eta jarduerak sustatu, sortu eta antolatzea, xede hauek izanik: prestakuntza eta hobekuntza profesionala, kultura sustapena, gizarte eta osasun laguntza, aurreikuspena, lankidetza eta mutualismoa, okupazioa sustatzea eta beste jarduera komenigarri batzuk. Horretarako, administrazioarekin eta dagozkion erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin itun eta hitzarmen egokienak ezartzea.

f) Biltzarrak, jardunaldiak, sinposioak eta antzeko ekitaldiak deitu eta egitea.

g) Legediari eta jurisprudentziari buruzko liburu eta lan juridikoak eta informaziokoak kontsultarako editatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko lan-harremanetako gradudunen intereseko arauak eta xedapenak argitaratzea.

h) Botere publikoekin batera lan egitea bere lurraldearen barruan pertsonaren eta erakundeen eskubideak gauzatzen eta erabat garatzen, eta pertsonaren eskubideen eta askatasunen babes, arauketa eta bermerik eraginkor, zuzen eta bidezkoenean.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-harremanetako gradudunen elkargoen, nahiz haietako kideen eskubideak defendatzea, azken kasuan, kideak berak bere borondatez, pertsonalki eta berariaz hala eskatzen duenean, autonomia-erakundeen aurrean dagokion elkargoak hala eskatzen duenean edo legez hala xedatuta dagoenean.

j) Lanbidea ordezkatzea eta defendatzea administrazioen, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean, alderdi izateko legitimazioarekin, profesionalen interesetan eragina duten auzi guztietan. Eta eskariak egiteko eskubidea erabiltzea, legearen arabera.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuaren eskumen publikoak, hark eskuordetzen edo ematen dizkionak, betetzea eta kudeatzea.

l) Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko administrazio publikoaren kontseiluetan eta organismo aholku-emaileetan ordezkariak izendatzea, legeak aurreikusitako kasuetan.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-harremanetako gradudunen elkargoen erabakien aurka jar daitezkeen errekurtsoez arduratu eta haiek ebaztea. Halaber, kontseiluak berak hartutako erabakien aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoez arduratzea eta haiek ebaztea.

n) Autonomia erkidegoko elkargoetako gobernu-batzordeetako kideen aurkako diziplina-ekintzak hartzea, legezko arauen eta indarreko diziplina-prozeduraren araudiaren arabera. Kontseilukideen gaineko diziplina-eskumena Espainiako Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarena izango da nolanahi ere.

o) Euskal Autonomia Erkidegoko elkargoetako lan-harremanetako gradudunei eragiten dieten zehapenen erregistro bat eramatea.

p) Bere diru-sarreren eta gastuen aurrekontua eta haren kontuak egitea.

q) Elkargoek kontseiluaren gastuetan eman behar duten laguntza zuzentasunez ezartzea, ekarpen finkoen, behin-behinekoen edo derrama berezien arabera.

r) Ematen dituen zerbitzuen eta jardueren ondorioz eskubide eta ordainketengatik eduki litzakeen bere diru-sarrerak ezartzea.

s) Kontseiluaren beraren ondareari dagokionez, erabiltzeko eta kargatzeko egintza mota oro egitea.

t) Elkargokideei, kontseilukideei edo hirugarrenei sariak ematea.

u) Lan-harremanetako gradudunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko gobernu-salan eta justizia administrazioko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko gainerako organoetan izan behar dituzten ordezkariak izendatzea, legez aurreikusita dagoenean.

v) Arestiko letretan jasotakoen antzeko beste edozein eginkizun, haietan berariaz adierazi ez dena, nahiz Espainiako Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak transferitu edo eskuordetutakoak.

III. KAPITULUA
ELKARGOEI BURUZ

6. artikulua.– Kontseiluan egonda estatutu honen xedapenei lotuta dauden elkargoek eskubide hauek dauzkate:

a) Bizitza korporatiboan aktiboki parte hartzea.

b) Kontseiluaren osoko bilkuretara joatea estatutu honetan aipatutako ordezkaritzarekin, borondate korporatiboa osatzen hitza eta botoa izanik esku hartuz.

c) Kontseiluaren osoko bilkura berezia eskatzea, estatutu honetan adierazitakoaren arabera.

d) Kontseiluak gauzatutako jarduerari buruzko informazioa jasotzea.

e) Kontseiluko organoei proposamenak, eskaerak eta zuzenketak egitea.

f) Eskatzeko eskubidea legeetan ezarritako moduan.

g) Kontseiluko gobernu-organoen erabakiak errekurritzea.

7. artikulua.– Elkargoek betebehar hauek dauzkate:

a) Kontseiluaren erabakiak, estatutu honetan eta haiek osatzen eta garatzen dituzten xedapenetan xedatutakoa betetzea.

b) Lanbidearen interesari eragiten dioten eta ezagutzen dituzten lanbide esku-sartzeen eta legez kontrako jardueren eta jarduera irregularren kasuak jazartzea, kasuan kasu, hark dagozkion ekintzak gauzatu ahal izateko.

c) Kontseiluari ekarpen ekonomikoak, estatutuan xedatutakoaren arabera ezarritakoak, epean ordaintzea, zein ere den haien izaera.

d) Bizitza korporatiboan aktiboki parte hartzea eta bereziki Kontseiluaren osoko bilkuretara joatea, estatutu honetan aipatutako ordezkaritzarekin.

e) Kontseiluak deitzen dituenean agertzea.

f) Kontseiluari helbidean eta kide anitzeko organoen osaketan gertatzen diren aldaketa guztiak jakinaraztea.

IV. KAPITULUA
KONTSEILUAREN ORGANOAK

8. artikulua.– Hauek dira Kontseiluaren artezkaritza-organoak: osoko bilkura, batzorde iraunkorra eta kontseiluburua.

9. artikulua.– Hauek osatzen dute osoko bilkura:

a) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialetako presidenteek.

b) Kontseilukide kopuru batek, elkargo bakoitzeko kideen kopuruaren arabera izendatuta, tarte hauen arabera:

– 110 kideraino, kontseilukide bat.

– 111-160, beste kontseilukide bat.

– 161-220, beste kontseilukide bat.

– 221-300, beste kontseilukide bat.

– 301 kidetik aurrera 100 kide gehiagoko, beste kontseilukide bat.

10. artikulua.– Kontseiluburuak, txandaka eta bi urteko epeetarako, elkargo profesionaletako lehendakaritza-organoetako titularrak izango dira, kide kopuru handienetik txikienera ordenatuta.

Gainerako kontseilukideak, elkargo bakoitzeko lehendakariak izan ezik, zeinak lehendakari izateagatik izango baitira kide, euren elkargoetako gobernu-organoek hautatuko dituzte.

11. artikulua.– Kontseiluburuari txit goren esango zaio bizi bitartean.

12. artikulua.– Hauek ezingo dira izan Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluko kide:

a) Epai irmoan kondenatuak izan diren elkargokideak, kargu publikoetarako desgaitzea edo kargugabetzea baitakar berekin, hark dirauen bitartean.

b) Falta astun nahiz oso astunagatik diziplina-zehapena jarri zaien elkargokideak, hura indargabetzen ez den bitartean.

c) Kontseilukide izendatua izan ahal izateko diharduen elkargokide izan beharko du.

13. artikulua.– 1.– Kontseilukideek zio hauengatik utziko diote kide izateari:

a) Hautatuak izan ziren epea amaitzeagatik; elkargoko lehendakariek dauzkaten karguak, ordea, karguagatiko kontseilukideak direnez gero, nolanahi ere, euren elkargoan lehendakari agintaldia amaitzen denean amaituko dira. Kontseiluburuak bere kargua uzteak berak izendatutako kontseiluburu ordeek ere kargua uztea ekarriko du.

b) Kargua betetzeko estatutuko baldintzak gertatzez ez betetzeagatik.

c) Interesdunak uko egiteagatik.

d) Segidan hiru bilkuratara edo urtebetean aldizka bost bilkuratara justifikaziorik gabe ez joateagatik.

2.– Arestiko zenbakiko b) eta d) letretako kasuetan interesdunaren entzunaldi-prozedura bat behar da.

3.– Arestiko edozein kasutan, kontseilukide berria hautatuko da aurreko artikuluetan aurreikusitako moduan.

14. artikulua.– 1.– Osoko bilkura hiru hilean behin bilduko da gutxienez eta kontseiluburuak, bere erabakiz nahiz kontseilukideen ehuneko hogeik eskatuta, deitzen duen guztietan.

2.– Deialdia kontseiluburuak egingo du, eta bertan gai-zerrenda, tokia, eguna eta ordua jasoko dira. Kontseiluaren osoko bilkura kontseilukide bakoitzak hartu izana jasota geratzen den edozein bitartekoren bidez deituko da eta idazkaritza nagusiak bidaliko du, kontseiluburuak agindu ondoren, gutxienez zortzi egun lehenago, premia oso handiko kasuetan izan ezik. Kasu horietan aldez aurreko epe berezirik gabe deitu ahalko da.

3.– Kontseiluaren osoko bilkuraren bileren eraketa baliozkoa izango da gutxienez hiru kide bertaratzen direnean eta haietan elkargo guztiak ordezkatuta daudenean. Halaber, eraketa baliozkoa izango da kide guztiak bertan daudenean eta egintzari izaera hori ematea erabakitzen dutenean.

4.– Erabakiak bertaratuen gehiengo sinplez hartuko dira, bertaratuek elkargo guztiak ordezkatzen badituzte. Bakoitzak boto bakarra izango du.

15. artikulua.– Batzorde iraunkorra hauek osatuko dute:

1.– Kontseiluburuak.

2.– Bi kontseiluburu ordeek.

3.– Idazkariak.

4.– Diruzainak.

Batzorde iraunkorreko kideen kopurua kontseiluan dauden batzordeetako batzordebururen batekin edo guztiekin handitu ahalko da, eta kontseiluburuak edukiko du horretarako eskumena.

16. artikulua.– Batzorde iraunkorrak eginkizun hauek dauzka:

a) Kontseiluaren ohiko administrazioa, kudeaketa eta zuzendaritza.

b) Urte bakoitzeko azken hiruhilekoan kontseiluaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua egitea eta osoko bilkurari bidaltzea.

c) Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa egitea eta osoko bilkurari bidaltzea.

d) Osoko bilkurak esleitzen dizkion kontseiluaren gainerako eskumenak.

Batzar iraunkorra kontseiluburuak deitu edo gutxienez bi kidek eskatzen dutenean bilduko da.

V. KAPITULUA
KONTSEILUKO KARGUEI BURUZ

17. artikulua.– Hauek dagozkio kontseiluburuari:

a) Kontseiluaren ordezkaria izatea estatutu hauen 2.2 artikuluetan jasotako moduan eta botere publiko, entitate, korporazio eta pertsona fisiko nahiz juridikoekiko harremanetan, lanbidearentzat orokorrak diren arloak badira, kontseiluaren eremuaren barruan, eta organismo autonomoen eskumen badira.

b) Kontseilua Espainiako Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian ordezkatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Elkargoen Kontseiluan sartutako elkargo guztien eta haietako kideen defentsan behar diren ekintzak egitea, auzitegien eta mota orotako agintarien aurrean, erkidegoko elkargo guztientzako arau, programa edo ebazpen orokorrak direnean, elkargo bakoitzak dagozkion autonomia eta eskumena kaltetu gabe, elkargokideak ordezkatzeko kasuan, haiek lehenago euren borondatez, pertsonalki eta berariaz eskatu badute.

d) Kontseiluaren bilera guztiak deitzea, gai-zerrenda finkatzea eta buru izatea. Eztabaidak ordenatzea eta bilkurak hastea, etetea edo amaitzea.

e) Kontseiluak antolatutako biltzar, jardunaldi eta sinposioetan eztabaidetan buru izatea eta haiek zuzentzea, eta saioak hasi, eten eta amaitzea.

f) Idazkariak egindako agiriak eta ziurtagiriak bisatzea.

g) Kontseiluaren funtsak erabiltzea, diruzainarekin edo eginkizun horiek egiten dituenarekin batera.

h) Bozketetan gertatzen diren berdinketak kalitatezko botoarekin erabakitzea.

18. artikulua.– Kontseiluburu ordeek kontseiluburua ordeztuko dute, euren ordenan, hura agertzen ez bada, gaixotzen bada edo kargua hutsik geratzen bada.

Gainera, kontseiluburuak eman edo eskuordetutako eginkizun guztiak beteko dituzte.

19. artikulua.– Idazkariak eginkizun hauek dauzka:

a) Kontseiluaren eta batzorde iraunkorraren bilkuren aktak egin eta baimentzea, haiek onartzeko emanez, hala badagokio. Bilera horietan jorratu behar diren eta kontseiluburuak egintzen dizkion gaien berri ematea, hala badagokio.

b) Kontseiluaren erabakiak eta, estatutuen arabera, kontseiluburuak hartutako ebazpenak betearaztea.

c) Kontseilua eta kideak informatzea, ekimeneko eskumenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren eskumenekoak diren gai guztietan.

d) Arestiko puntuetan aipatutako xedeak erdiesteko jarduera guztiak egitea.

e) Kontseiluburuari bere eginkizunean laguntzea eta hartu behar diren ekimen tekniko, profesional eta korporatibo guztiak bideratzea eta sustatzea.

f) Behar diren akta-liburuak eramatea, behar diren ziurtagiriak egin eta baimentzea, baita, kasuan kasu, kontseiluak nahiz kontseiluburuak baimendutako jakinarazpen eta zirkular guztiak ere.

g) Euskal Autonomia Erkidegoan elkargo bakoitzean izen emanda dauden elkargokideen errolda egitea, datu profesionalen erregistro-fitxategi bat eramanez.

h) Zehapenen erregistroa eramatea.

i) Kontseiluaren jardueren eta proiektuen urteko memoria idaztea.

j) Espedienteak eta erregistroak zaintzeko ardura izango du.

k) Kontseiluan sor litezkeen zerbitzuen eta kontseiluak berak egintzen duen beste edozeinen goi-zuzendaritza betetzea.

l) Pertsonal administratiboaren eta kontseiluaren bulegoen buruzagitza bere gain hartzea. Behar diren txostenak eskatzea, ebatzi behar diren gaien izaeraren arabera, txosten horiek idazkariarentzat lotesleak izan gabe.

m) Bide administratibo onera daramaten kontu guztiak proposatu eta kudeatzea.

20. artikulua.– Diruzainak eginkizun hauek dauzka:

a) Kontseiluburuaren oniritziz, egiaztatu behar diren ordainketarako ordain-aginduak ematea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren izenean irekitako kontuen mugimendurako behar diren ordain-aginduak sinatzea.

b) Kontseiluaren kutxari eragiten dioten diru-sarreren eta gastuen eta, oro har, haren ondare mugimenduaren erregistrorako behar diren liburuak eramatea.

c) Edozein kontzepturengatik kontseiluaren kontuetan sartu behar diren kopuru guztiak kobratzea, bere sinadurarekin dagozkien ordainagiriak baimenduz eta kontseiluburuari eta kontseiluari diruzaintzaren egoeraren eta aurrekontu-aurreikuspenen garapenaren berri ematea.

d) Kontseiluaren kontabilitatearen eta funtsen inbertsioaren egoera onera daramaten kontu guztiak proposatzea eta kudeatzea.

e) Diruzaintzaren kontu orokorrekin urteko memoria ekonomikoa egitea.

f) Aurrekontuen urteko proiektua egitea.

g) Kontabilitatetik ondorioztatzen den balantzea sinatzea, dagozkion kontaketak erregulartasunez eta aldian behin eginez.

21. artikulua.– Idazkaria bertaratzen ez bada, gaixotzen bada edo kargua hutsik badago, haren ordezkoa izendatuko du kontseiluburuak.

VI. KAPITULUA
BATZORDEAK

22. artikulua.– Osoko bilkurak erabakiko du zein ohiko batzordetan antolatu beharko den kontseiluaren funtzionamendua, eta batzorde hauek eratu ahalko dira:

a) Erakunde harremanak.

b) Prestakuntza.

c) Deontologia eta baliabideak.

d) Ofiziozko txanda eta doako laguntza juridikoa.

e) Nazioarteko harremanak.

Osoko bilkurak kasu bakoitzean komenigarritzat jotzen dituen batzordeak, azpibatzordeak eta txosten bereziak eratzea erabaki ahalko du.

Batzordeen eginkizunak osoko bilkurak eskuordetutakoak izango dira, eta premia arrazoiengatik berehala gauzatu behar diren erabakiak hartu behar badira, kontseiluko osoko bilkurari jakinarazi beharko diote hark berresteko.

VII. KAPITULUA
EKONOMIA-ARAUBIDEA

23. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren ekonomia ez dago lotuta bertan sartutako lan-harremanetako gradudunen elkargoen ekonomiari eta elkargo bakoitza autonomoa izango da bere ondasunen administrazioan, eta kontseiluari eusten lagunduko dute.

24. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluak baliabide hauek edukiko ditu:

a) Osoko bilkurak Euskal Autonomia Erkidegoko lan-harremanetako gradudunen elkargoei ezarritako ohiko kuotak. Haietan izen emandako kide egoiliarren kopuruaren proportzioan finkatuko dira kuota horiek.

b) Lan-harremanetako gradudunen elkargoek Espainiako Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusitik jasotzen duten kuotan dagokion parte-hartzea.

c) Egiten dituen agiri eta ziurtagiriengatik dagozkion eskubide ekonomikoen zenbatekoa.

d) Diru-laguntza ofizialak eta partikularrak, dohaintzak, legatuak eta esleipenak.

e) Inguruabar bereziengatik kontseiluak erabaki ditzakeen derrama bereziak, a) letran bezala.

f) Kontseiluak egiten dituen zerbitzuak eta jarduerak emateagatik dagozkion eskubideak.

g) Kontseiluak bere jarduerengatik jaso ditzakeen beste sarrera batzuk.

25. artikulua.– Kontseiluak urte naturalaren amaiera bakoitzean itxiko du ekitaldi ekonomikoa eta hurrengo urterako aurrekontu proiektua eta balantze orokorra eta aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa egingo ditu, osoko bilkurak aztertu eta onar dezan.

VIII KAPITULUA
DIZIPLINA-JURISDIKZIOA

26. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluak eskumena dauka diziplina-eginkizuna administrazio-bidean betetzeko.

a) Lehen instantzian, eragindako pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko edozein elkargoko gobernu-batzordeko kidea denean.

b) Eragindako pertsona Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Autonomia Kontseiluko edo Kontseilu Nagusiko kidea denean, Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarena izango da eskumena nolanahi ere.

c) Bigarren eta azken instantzian, elkargoen erabakien aurka jarritako gora jotzen errekurtsoak ebazteko.

IX KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ERANTZUKIZUNA ETA ZEHAPEN-ARAUBIDEA

27. artikulua.– Faltak eta zehapenak, Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren estatutuetan eta elkargo bakoitzaren estatutuetan jasotakoez gain, artikulu hauetan ezarritakoak dira.

Dagozkien ondorioetarako faltak arinak, astunak eta oso astunak izango dira eta dagokien zehapena ekarriko dute.

28. artikulua.– Falta arinak dira:

a) Estatutuen manuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluaren organoen erabakiak ez betetzea eta zabarkeriaz betetzea, garrantzi urrikoa bada.

b) Kontseiluaren bileretara behin eta berriz ez joatea.

c) Kontseilukideen arteko garrantzi txikiko begirunerik eza.

d) Kontseiluan diziplinarik ezeko egintza arinak egitea.

29. artikulua.– Falta astunak dira:

a) Estatutuen manuetan edo kontseiluaren zuzendaritza-organoen erabakietan xedatutakoa era barkaezinean ez betetzea.

b) Kontseiluaren bidez izapidetu behar den edozein agiri faltsutzea.

c) Estatuko edo Autonomiako administrazioak emandako edozein arau edo Kontseilu Nagusiak edo Autonomikoak estatutu hauek aplikatu eta interpretatzeko hartutako erabakiak ez betetzea.

d) Diziplina ezeko egintza errepikatuak, kontseiluaren zuzendaritza-organoetako kideekiko begirunerik ezekoak barne.

e) Kontseilukideen diziplina-espediente bat ezagutu eta ebatzi gabe ez geratzea, kideek espediente horretan interesa daukatenean.

f) Urtebetean arau-hauste arin bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoaren bidez hala jo denean.

30. artikulua.– Falta oso astunak dira:

a) Astun gisa adierazitakoak, haietan asmo txar eta dolo handiko inguruabarrak daudenean.

b) Urtebetean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoaren bidez hala jo denean.

c) Dolozko delituagatik kondenatua izatea, kontzeptu publikoan bere kargua betetzean belzgarritzat edo laidogarritzat jotzen bada.

d) Duintasunaren edo etika profesionalaren aurkako eraso handia diren ekintzak egitea.

31. artikulua.– Arestiko artikuluetan zerrendatutako faltengatik zehapen hauek ezarri ahalko dira:

1.– Falta arinengatik:

a) Ahozko ohartarazpena.

b) Idatzizko ohartarazpena.

c) Errepresio pribatua kontseiluaren osoko bilkuraren aurrean, aktan eta haren espedientean idatziz jasoz.

2.– Falta astunengatik:

a) Kontseiluko zuzendaritza-karguak betetzeko desgaikuntza, gutxienez hiru hilabetez eta gehienez bi urtez.

b) Agiraka publikoa.

3.– Falta oso astunengatik:

a) Kontseiluko zuzendaritza-karguak betetzeko desgaikuntza, gutxienez bi urtez eta gehienez lau urtez.

32. artikulua.– Kontseiluak diziplinaren arloan dauzkan eskumenen eremuan, kontseiluaren osoko bilkurak hauek zehatuko ditu:

a) Arau-hauste arinak espedientearen bidez zehatuko ditu, inkulpatuaren entzunaldira edo zuribidera mugatuta.

b) Arau-hauste astunak eta oso astunak diziplina-espedientea zabaldu ondoren zehatuko dira. Espedientea Diziplina Prozeduraren Araudian xedatutakoaren arabera izapidetuko da.

33. artikulua.– Falta oso astunak lau urtetan preskribatuko dira, astunak bi urtetan, eta arinak, urtebetean, falta egin den egunetik kontatzen hasita.

Preskripzioa eten egingo da interesdunari diziplina-prozedura hasteko erabakia jakinaraztean, eta epeak berriz egingo du aurrera prozedurak salatuari egozterik ez dagoen kausagatik bi hilabetez baino gehiagoz geldirik badago.

34. artikulua.– Falta arinengatik jarritako zehapenak urtebetera preskribatuko dira, astunak bi urtera eta oso astunak hiru urtera.

Interesatua jakinaren gainean egonik, betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etengo du, eta epeak berriz ere aurrera egingo du, baldin eta zehaturi egozterik ez dagoen kausagatik prozedura hori bi hilabetez baino gehiagoz geldirik badago.

35. artikulua.– Administrazio-bidean irmoak direnean, diziplina-zehapenak haiek ezartzeko erabakiak dioen bezala betearaziko dira.

X. KAPITULUA
ERREKURTSOEI BURUZ

36. artikulua.– Kontseiluak bere organoak eratzeari lotuta daukan jarduera eta euren administrazio-eskumenak betez egiten dutena, administrazio-zuzenbidearen mende egongo da.

Egintza eta ebazpen zibilak eta penalak eta haren zerbitzurako pertsonalarekiko harremanei dagozkionak, dagokien araubide zibilaren, penalaren edo lan-araubidearen mende.

37. artikulua.– Kontseiluak aztertu eta ebatziko ditu hura osatzen duten elkargoetako gobernu-organoen egintza eta erabakien aurka jarritako errekurtsoak.

38. artikulua.– 1.– Kontseiluaren egintzek eta ebazpenek, administrazio-zuzenbidearen menden daudenek, administrazio-bidea amaitzen dute.

2.– Kontseiluko gobernu-organoen egintza eta erabakien aurka nahiz izapide-egintzen aurka, azken horiek gaiaren mamia zuzenean edo zeharka erabakitzen badute, prozedurarekin ezin jarraitzea badakarte, babesgabetasuna eragiten badute edo bidezko eskubide eta interesei kalte konponezina eragiten badiete, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke kontseiluan bertan, jartzea hautazkoa izanik.

Errekurtsoa jartzeko epea hilabete izango da, egintza espresua bada. Egintza espresua ez balitz, epea hiru hilabetekoa izango da.

3.– Arestiko zenbakian aurreikusitako errekurtsoa jarri beharrik gabe, interesdunak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkara dezake egintza hura arautzen duen legean xedatutakoaren arabera.

4.– Arestiko zenbakietan xedatutakoa, autonomia-erkidegoko administrazioari kontseiluak, administrazio horrek eskuordetutako administrazio-eginkizunak betez, egindako egintzen eta ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak aztertzeko dagokion eskumena kaltetu gabe ulertzen da.

XI. KAPITULUA
HARREMANAK EUSKO JAURLARITZAREKIN, ESPAINIAKO LAN HARREMANETAKO GRADUDUNEN ELKARGO OFIZIALEN KONTSEILU NAGUSIAREKIN ETA LAN HARREMANETAKO GRADUDUNEN ELKARGOEKIN

39. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Sailari eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari hauek jakinarazi beharko dizkie:

a) Bere estatutuaren testua eta haren aldaketak, legezkotasuna kontrolatu ondoren hura erregistroan inskribatzea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erabakitzeko.

b) Une bakoitzean kontseilua osatzen duten pertsonak, betetzen dituzten karguak adieraziz.

40. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lan-harremanetako gradudunen elkargoek hauek jakinaraziko dizkiote kontseiluko idazkaritzari:

a) Euren estatutuak eta aldaketak.

b) Euren gobernu-batzordeetako kideen izenak.

c) Urte bakoitzeko abenduaren 31n diharduten eta ez diharduten elkargokideen zerrenda eta alta eta baja ematen dutenak, baja emateko zioa adieraziz, lan-harremanetako gradudunen errolda eraman ahal izateko.

d) Ezartzen dituzten diziplina-zehapenak.

41. artikulua.– Kontseiluak bere estatutuaren, aldaketen eta osoko bilkurako kideen berri emango dio Espainiako Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.

XII. KAPITULUA
KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEI ETA ELKARGOKIDEEI ARRETA EMATEKO ZERBITZUA

42. artikulua.– Kontseiluak kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua edukiko du, nahitaez izapidetuko dituena elkargokideen zerbitzu profesionalak kontratatu dituzten kontsumitzaileek eta erabiltzaileek aurkeztutako elkargoaren edo elkargokideen jarduerari buruzko kexak eta erreklamazioak, baita kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta erakundeek horien ordezkaritzan edo interesen defentsan aurkeztutakoak ere. Gainera, hala dagokionean, horiek guztiak ebatzi ere egingo ditu.

43. artikulua.– Kontseiluak kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuaren bitartez ebatziko ditu kexak edo erreklamazioak, dela gatazkak judizioz kanpo konpontzeko sistemaren berri emanez, dela espedientea elkargo-organo eskudunei igorriz –beharrezkoak diren informazio- edo diziplina-espedienteak bidera ditzan–, dela amaitutzat joz edo bere eskumeneko beste edozein erabaki hartuz, baina betiere zuzenbidearen barruan dagokionaren arabera.

Zerbitzu hori erregulatzean, kontuan hartu beharko da, halaber, kexak eta erreklamazioak mezu elektronikoz eta urrundik aurkezteko aukera.

44. artikulua.– Kontseiluak, berez edo probintzia-elkargoen nahiz Kontseilu Nagusiaren bitartez, web orria edukiko du eta administrazio publikoekin batera jardungo du, zerbitzuetako jardueretarako sarbide askeari eta horien gauzatzeari buruzko legean aurreikusitako leihatila bakarraren bidez, profesionalek elkargokide egiteko, jarduteko eta elkargoan baja emateko behar diren izapide guztiak gune bakar baten bidez, elektronikoki eta urrundik egin ahal izateko, eta lege horretan aurreikusitako gainerako jarduerak egin ahal izateko.

Leihatila bakarraren bidez, lan-harremanetako gradudunek hauek egin ahalko dituzte doan:

a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak eskuratu.

b) Beharrezko dokumentazioa eta eskariak aurkeztu, elkargokide egiteari buruzkoa barne.

c) Interesduntzat jotzen diren prozedurak nola dauden jakin, derrigorrezko izapide-egintzen berri jaso eta elkargoak egintza horien gainean emandako ebazpenaren berri ere jaso, diziplina-espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egiterik ez badago.

d) Elkargoaren batzar orokorren ohiko eta ezohiko bilera-deiak eta haren jarduera publiko eta pribatuari buruzko informazioa jaso.

Leihatila bakar horren bitartez informazio hau eskainiko da era argian eta zalantzarik gabean:

a) Elkargokideen Erregistrora bitarteko elektronikoen bidez doan sartzeko prozedura. Erregistroa beti egongo da eguneratuta eta bertan honako datu hauek jasoko dira: elkargokide diren lan-harremanetako gradudunen izen-deiturak, elkargokide-zenbakia, titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.

b) Lanbide-elkarteen erregistrorako sarbidea, Lanbide Elkarteei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legeak 8. artikuluan azaldutako edukiarekin.

c) Erreklamazio-bideak eta errekurtsoak, kontsumitzaile edo erabiltzaile baten eta elkargokide baten edo elkargoaren arteko gatazkarik gertatuz gero aurkez daitezkeenak.

d) Lan-harremanetako gradudunen zerbitzu profesionalen hartzaileek zer kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkartetara edo erakundetara jo dezaketen (elkarteen datuak).

e) Kode deontologikoen edukia.

Elkargo-korporazioek, artikulu honetan zehaztutakoa betetzeko, teknologia egokiak hartuko dituzte eta sistemen arteko elkarreragingarritasuna eta desgaitasuna duten pertsonen erabilerraztasuna bermatuko dituzten plataforma teknologikoak sortu eta elikatuko dituzte. Hori lortzeko, kontseiluak koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak jarri ahal izango ditu martxan, baita beste lanbide batzuetako korporazioekin ere.

XII. KAPITULUA
KONTSEILUA DESEGITEARI BURUZ

45. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseilua desegin ahalko da horretarako bereziki deitutako kontseiluaren osoko bilkurak hala erabakitzen duenean, eta bertaratutako kontseilukideen hiru laurdenek aldeko boto emanda. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Horretarako, lehenago, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Sailari eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari jakinarazi beharko zaie.

Eusko Jaurlaritzak dagokion erabakiaren bidez desegitea onartuta, haren ondare soziala, lehenik, pasiboa estaltzeko erabiliko da, eta gainerako aktiboari osoko bilkurak erabakitako erabilera emango zaio.

XIV. KAPITULUA
ESTATUTUEN ERREFORMARI BURUZ

46. artikulua.– Estatutu hauek osorik nahiz partzialki aldatu ahalko dira kontseiluaren osoko bilkurak hala erabakitzen duenean, horretarako bereziki deitutako bileran, bertaratutako elkargokideen gehiengoz. Elkargokide horiek, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko lan-harremanetako gradudunen elkargoetan kidetutako gehiengoa ordezkatu behar dute.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Gradudunen Kontseiluari dagokio estatutu hau arautzea, garatzea eta interpretatzea, eta betetzen dela zaintzea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Era osagarrian, Espainiako Lan Harremanetako Gradudunen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren estatutua aplikatuko da, estatutu honetan jaso ez diren alderdi guztietan.

XEDAPENA IRAGANKORRA

Estatutu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean, kontseilukide berriak izendatu, hautatu eta kargua hartuko dute, eta hurrengo bi hilabeteetan kontseiluburua, idazkaria eta diruzaina hautatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek indarrean jarriko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.


Azterketa dokumentala