Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2017ko abuztuaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
4155

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko otsailaren 27ko bilkuran hartua, Euskal Trenbide Sarearen 2015eko ekitaldirako fiskalizazio-txostena behin-betiko onartzen duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko otsailaren 27an egindako bilkuran

ERABAKI DU:

Euskal Trenbide Sarearen 2015eko ekitaldirako fiskalizazio-txostena onartzea, erabaki honen eranskinean ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak ezarritakoarekin bat, txostenaren ondorioak dagozkien aldizkari ofizialetan argitara daitezela xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 27a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
EUSKAL TRENBIDE SAREA OROKORRAREN KONTUA 2015EKO

Laburdurak.

ADIF.– Trenbide Azpiegituren Administratzailea.

BAOA.– Baldintza administratibo orokorren agiria.

BFA.– Bizkaiko Foru Aldundia.

BGP.– Bizkaiko Garraio Partzuergoa.

BHT.– Bilboko Hiri Trenbidea.

EAE.– Euskal Autonomia Erkidegoa.

EEE.– Europako Ekonomia Erkidegoa.

EHTSB.– Euskal Herriko Trenbide Sare berria.

EJ.– Eusko Jaurlaritza.

ET.– Eusko Trenbideak SA.

ETS.– Euskal Trenbide Sarea.

KBJ.– Kontrataziorako Barne Jarraibideak.

SPKL.– 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.

SPKLTB.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina.

TVCP/HKEE.– Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

XG.– Xedapen gehigarria.

I.– Sarrera.

HKEEren urteko lan programak Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren 2015eko ekitaldiko fiskalizazio lana besarkatzen du (aurrerantzean ETS).

6/2004 Legeak ETS zuzenbide pribatuko erakunde modura sortu zuen, 1/1997 LDren 15. artikuluaren babesean. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikia dago eta EAEn trenbideen gaineko eskumenak ditu.

Sozietatearen helburua honako hau da:

1.– Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko trenbide gaietan eskumena duen sailarekin lankidetza teknikoa izatea, trenbideko garraioaren azpiegiturak planifikatu eta programatzen.

2.– EJk agindutako trenbideko garraioaren azpiegiturak egitea; baita, azpiegitura berri hauek zaindu, kudeatu eta administratzea ere, dela zuzenean dela zuzenbide publiko edo pribatuko beste erakunde baten bitartez, eta zeinahi negozio juridikoren bitartez.

3.– EJk atxikitzen dizkion lehenagoko trenbideko garraioaren azpiegiturak zaindu, kudeatu eta administratzea, aurreko paragrafoan jasotako baldintza beretan.

4.– EJk agintzen dion bestelako zeinahi egiteko eta zuzenean nahiz zeharka trenbideko garraioaren azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin loturik dagoena, eta bereziki, trenbide garraioaren politikari, telekomunikazioen zerbitzuei eta espazio publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren gaineko azterlan eta proiektuak idazteari eta kudeaketari dagozkionak, zuzenbidean onartutako edozein negozio juridikoren bitartez.

5.– Lege honen ondorioetarako, trenbide azpiegituratzat hartuko dira 1970eko abenduaren 18ko Batzordearen 2598/70 zenbakiko Erregelamenduko I. eranskinaren A letran (EEE) jasotzen diren elementu guztiak, 1108/70 zenbakiko Erregelamenduaren I. eranskina kontabilizatzeko eskemen kontu-sailen edukia zehazteari dagokionez.

6.– ETSk ez du inola ere trenbide garraioaren zerbitzuen emakida bere gain hartuko.

Halaber, 6/2004 Legearen bigarren xedapen gehigarriari jarraikiz, ETSk bere gain hartzen du Bilboko hiri trenbideko linea berrien eraikuntza eta ondasun guztien kudeaketa, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren jabetzako den trenbide-azpiegitura osatzen dutenak.

Fiskalizazioaren helburua.

Lanaren mamia honako hau izan da:

1.– 2015eko ekitaldian erakundeari ezargarria zaion legeria bete dela egiaztatzea, honako atal hauetan: aurrekontu, zorpetze eta eragiketa finantzarioetan, langilerian eta ekitaldi horretan izenpetutako hitzarmen, akordio eta mandatuetan. Berebat, txosten honen xede izan da obra, hornidura eta zerbitzuen kontratazioari ezargarria zaion araudia bete dela egiaztatzea eta horretarako, ETSk 2015eko ekitaldian egin dituen esleipen nagusien lagin bat eta HKEEren aurreko txostenean ikuskatutako espedienteak aztertu ditugu, 2013ko ekitaldikoak, 2015ean jarduera izan dutenak.

2.– 2015eko ekitaldiko Urteko Kontuak fiskalizatzea. Erakundea urtero ikuskatzen da; honenbestez, gure lana auditoreen lan paperak berrikustera mugatu da eta hala behar izan denean, egoki iritzitako proba osagarriak egin ditugu.

Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi den ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

1.– ETSk guztira 139.191 euroren gastuak egin ditu ekitaldian, bi hirugarreni dagozkienak, zuzenean esleituta. Ordea, kopuruak aintzat hartuta, SPKLTBren 191. artikuluari jarraikiz, lehia bermatuko zuen publikotasundun prozedura bitartez kontratatu behar ziratekeen eta aldez aurretik pleguak eginda, SPKLTBren 137. artikuluak agintzen duen moduan.

2.– ETSk txandakako lan-kontratu bati loturik erretiro partziala hartzen duten langileei ordainsariaren ehuneko 100era arteko aldea osatzen duen osagarri bat ordaintzen die; horrek EAEren Aurrekontu Orokorren 5/2014 Legearen 19. artikuluko 11. atala urratzen du, zeinak baliogabe uzten dituen «primak, kalte-ordainak eta borondatezko erretiroa berdintzeko zeinahi prestazio ekonomiko mota, edozein dela ere horren izena». Osagarri hau guztira 101.013 eurorena izan da eta 2015ean 19 laguni eragin die.

Epaitegi honen ustetan, erakundeak, aurreko paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Kontuei buruzko iritzia.

1.– ETSk ez du ondare garbian jasotako diru-laguntza ez itzulgarrietatik eratorritako dagokion ondorio fiskala erregistratzen, 228,9 milioi euroren zenbatekoan, ez eta oinarri zergagarri negatiboetatik eta dedukzioetatik -kasua balitz, etorkizunean 40 milioi euroan gauza litezkeenak- eratorritako kreditu fiskalen eragina ere. Ondorioz, 2015eko abenduaren 31n Jasotako diru-laguntza, dohaintza eta legatuen idazpuruari balio handiegia eman zaio, 228,9 milioi eurorena hain zuzen ere, eta Erreserbak eta ekitaldiaren emaitzari, berriz, hurrenez hurren, 37,7 eta 2,3 milioi euroren balio txikiagoa. Horren ondorioz, ETSren ondare garbia neurriz kanpo baloratuta dago, hau da, 188,9 milioi euro gehiago baloratuta dago 2015eko abenduaren 31n.

2.– ETS sozietatearen helburua EAEko trenbide azpiegiturak eraiki eta kudeatzea da, 2006ko abuztuaren 1ean helburu horrekin EJk atxikipen erregimenean esleitu zizkionak eta ordura arte ET-FV SA sozietate publikoari atxikiak zeuden lehenagoko ibilgetu material eta ukiezinek osatzen zutena; 204,9 milioi euroren kontularitzako balio garbia zuten horiek eta kontrakontua ETSren Funts Sozialean. Berebat, erakundeak 20,4 milioi euroren zenbatekoa egin zuten hainbat aktibo jaso zituen Eusko Trenbideak sozietatetik, 2006ko ekitaldian esleipen datara arte egindako gehikuntzei zegozkienak eta aipatutako sozietateari ordaindu zitzaizkionak. Erakundeak gaur egun ET-FV SA sozietate publikotik eratorritako eta erakundeari atxikitako ibilgetu materialen multzoa osatzen duten elementuen erregistro banakakorik ez du eta honenbestez ezin egiaztatu izan da bakoitzaren kostua ez eta ETSri eskualdatu eta atxikitako ondasun materialen dagokion amortizazioa ere eta ondorioz, ezin izan da erakundearen urteko kontuetan izan duten eragina zehaztu ere, 2015eko abenduaren 31n 87 milioi euroren kontularitzako balio garbiarekin erregistraturikoak.

Aurreko paragrafoan esandakoaz gain, Eusko Jaurlaritzak ekainaren 6ko 118/2006 Dekretuari jarraikiz, ETSri EAEko trenbide-jabari publikoko gainerako ondasunak eman zizkion atxikipen moldepean eta horien administrazioa eta kudeaketa agindu zion. ETSk ez du eskualdatutako linea hauei dagozkien ondasunen zerrenda eta baloraziorik eta honenbestez, ezta horien erabilera-eskubideari egotz dakiokeen baliorik ere. Honenbestez, gaur egun ezin zehatz daiteke aipatutako eskubidea aitortzeak 2015eko abenduaren 31n urteko kontuen likidazioaren gainean izan lezakeen balizko eragina.

Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, honekin baterako Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2015eko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

Auditoriako gure iritzian eraginik ez badu ere, ondotik adieraziko ditugun alderdiak azpimarratu nahi ditugu, ETSren oroitidazkian jasoak daudenak:

2015eko ekitaldian ETSk berrikusi egin du instalazio tekniko eta bestelako ibilgetu materialaren aktiboen bizitza baliagarria eta egunean jarri ditu, banakako aktiboen desagregazio maila handiagoa eskuratuz; horrek ibilgetu materialaren amortizazioa ez ezik, ekitaldiaren emaitzari egotzitako diru-laguntza, dohaintza eta legatuak ere murriztea ekarri du, aurreko ekitaldietako bizitza baliagarriei eutsi izan balitzaie izango zirenekiko 5,4 milioi euro gutxiagoko zenbatekoan. Honenbestez, 2015eko ekitaldiko zifrak 2014koekin alderatzeko orduan datu hauek aintzat hartu beharko dira.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.

III.1.– Langileak.

– Erakundeak ez du Zuzendaritza Nagusiak jasotako suspergarriei lotutako helburuen betetze mailaren ebaluaziorik egin, helburu horiek zenbatetsi gabe daudelako.

– Zuzendari nagusiak kalte-ordain kontzeptuan jasotako lanuzteagatiko ordainsaria, hilabeteko soldataren baliokidea, ez da PFEZari meneratutako ordainsari modura aitortu, errenta irregular modura aitortu behar zatekeenean.

III.2.– Ondasun erosketa eta zerbitzuak.

Kontrataziorako Barneko Aginpideak eta ekitaldian esleitutako kontratazio espedienteak aztertzetik, lehenagoko ekitaldietan esleitutako espedienteen jarraipena egitetik eta gastuak berrikustetik honako alderdi hauek azpimarratu nahi ditugu:

2015ean esleitutako kontratuak.

– Guztira 51,2 milioi euroren zenbatekoan esleitu diren 11 espedientetan, baldintza administratibo berezien agiriek esleipen-irizpide orokorrak dituzte, proiektuaren azterketa zorrotza, programazioaren koherentzia, irtenbide tekniko zein eraikuntzakoak, e.a.

– Guztira 20,6 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 4, 5, 6, 7 eta 8 zenbakiko espedienteetan pleguetako 11.1 klausula urratu da, esleipenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta kontratua formalizatzeko 20 eguneko epea finkatzen duena; ordea, kontratuak finkatutako epearekiko 1 eta 6 hilabete bitarteko atzerapenez gauzatu dira.

– Guztira 12,5 milioi euroan esleitutako 3 eta 6 zenbakiko espedienteetan, Laneko Segurtasun eta Osasun Planak, hurrenez hurren, 3 hilabete eta 13 eguneko atzerapenez onartu ziren, obrak abiarazten dituen zuinketa egiaztatzeko akta gauzatu ostean; horrek 1627/1997 EDren 7.2. artikulua urratzen du, zuinketa hori obrei hasiera eman aurretik onartuta izatera behartzen duena.

– Eskaintzak balioztatzeko prozeduran hobekuntza modura eta 31/2007 Legean, 19. artikuluan, jasotako kontratazio-printzipioak babesteko komenigarria litzateke pleguetan SPKLTBren 150.2 artikuluak finkatutako prozedura barne hartzea: «eskaintzak zenbakarri diren irizpideen arabera formulak aplikatze hutsarekin ebaluatuko dira aurretik egoera hau ez duten beste irizpide haien ebaluazioa egin ondoren eta hori dokumentu bidez egiaztatua utziko da. Era honetara, eskaintzaren balorazio teknikoan ez du inoiz horren prezio handiago edo txikiagoak eraginik izango.

Zatikapena.

– Gure lanean 3 hirugarreni 529.382 euroren zenbatekoan ordaindutako gastuak azaleratu zaizkigu, ia beti aldez aurretik eskaintzak eskatuta egin direnak; horiek aurretik antzeko kontzeptuen arabera metatuz gero, dagozkion prozedurak baliatuta lizitatu ahal izango lirateke.

III.3.– 2015ean izenpetutako hitzarmenak.

ETSren administrazio-kontseiluak 13 hitzarmenen sinadura onartu du, 12 beste hainbeste udalekin eta 1 EHU eta Euskoiker Fudazioarekin. Hitzarmen hauetatik 10, 2015ean izenpetu dira; 1, 2016an eta gainerako 2ak, lana egin dugun datan, zirriborro fasean daude:

– Deba eta Zestoako Udalekin izenpetutako hitzarmenen helburua bi udalerrietako trenbideen geltokietako eraikinen erabileraren lagapena egitea zen. Erabileraren lagapen hauek erregistratu gabe daude.

IV.– 2014ko eta 2015eko ekitaldien urteko kontuak.

2014ko eta 2015eko ekitaldietako urteko kontu laburtuak 1514/2007 ED bidez onartutako Kontabilitate Plan Orokorraren eta bere aldaketa eta egokitzapenen arabera aurkeztu dira.

(Ikus .PDF)

2014ko eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako ekitaldiei dagozkien galera eta irabazien kontua.

(Ikus .PDF)

2014ko eta 2015eko abenduaren 31n amaitutako ekitaldiei dagokien ondare garbian aldaketen egoera laburtuak:

1) Aitortutako sarreren eta gastuen egoera.

(Ikus .PDF)

2) Ondare garbian aldaketen egoera guztira.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
EUSKAL TRENBIDE SAREAREN FISKALIZAZIO-LANAREN ONDORIOEI JARRITAKO ALEGAZIOAK, OGASUN ETA FINANTZA SAILARENAK, EKONOMIA KONTROLERAKO BULEGOA – EUSKO JAURLARITZA, 2015-EKO EKITALDIA

I.– Sarrera.

Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren 2015. urteko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, erreferentziazko gaiaren inguruan erakunde bakoitzak egin nahi izan dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira txosten honetan.

II.– Iritzia.

II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.

1.– Egindako gastuak, guztira 139.191 eurokoak, zuzenean esleitutakoak.

Dagoeneko zuzendu dira kontratuetako bati erreferentzia egiten dioten inguruabarrak, zerbitzu hori kontratuan sartu baita; horren lizitazioa Eusko Jaurlaritzaren beraren Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak tramitatu zuen Ejie SA enpresaren bitartez, telekomunikazio-zerbitzua emateko.

Bigarren kontratuari dagokionez, adierazi behar da, dagokion espedientea tramitatuta eta zerbitzuaren xede den instalazioa desafektatzeko eta beste Administrazio bati entregatzeko prozesuan dagoela, instalazio hori erabilerarik gabe geratu baita geltoki horretan tren-zerbitzua kendu izanaren ondorioz, linea metropolitar berriak gauzatu direlako; beraz, mantentze-lanetarako kontratu hori ere indargabetuta geratuko da.

2.– Txanda-kontratu bati lotutako erretiro partziala aukeratzen duten langileei beren ordainsariaren ehuneko 100era arteko aldea estaltzen dien osagarria ordaintzea, EAEko Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2014 Legearen 19. artikuluaren 11. atala urratuz; atal horrek eten egiten ditu «borondatezko erretiroagatiko sariak, kalte-ordainak eta izen guztietako edozein diru-prestazio konpentsagarri». Osagarri hori 101.013 eurokoa izan da, eta 19 langileri eragin die 2015ean.

I.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2014 Legearen 19. artikuluak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen zerbitzuan ari diren lan-kontratuko langileen ordainketei dagokienez, hau ezartzen du: «Horregatik guztiagatik, aurreko atalean aipatzen diren lan-kontratuko langileen soldata-masak ez du gehikuntzarik eduki ahal izango, aurreko urtekoaren aldean».

Horrela, arauak ez du soldata-masaren ehunekorik edo ekitaldian, oraingo honetan 2015ekoan, hura, mugaraino, gainditu gabe, ez erabiltzea edo ez banatzea agintzen duen bestelako behar adineko xehetasunik ezartzen.

Aipatzekoa da, baita ere, aipaturiko arauaren 22. artikulua. Bertan, 2015. urterako ordainketen hazkundeak eragiten dituzten akordio edo hitzarmen kolektiboak sinatuz gero bete beharreko eskakizunak ezartzen dira. Horren edukia ez da aplikagarritzat hartzen, aurrerago zehaztuko diren arrazoiak direla eta.

Beste alde batetik, 2012ko ekitaldirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko 6/2011 Legeak, abenduaren 23koak, Aurrekontu plantillei buruzko 13.3 artikuluan hau jasotzen du «Orokorrean, aurrekontu-plantillak langile-zuzkidura berriak sortuz aldatzen badira, behar beste zuzkidura amortizatu egin beharko dira horren ondorioz, urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin», eta hori bete egiten da ETSko programa gauzatzean, 2008. urtearen aurretik, eta 2008ko urtarrilaren 1etik gaur egun ere indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa aplikatuz (bere egunean Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioko erakunde eskudunek baimendua eta 2009ko maiatzaren 27ko 99 zenbakiko EHAAn argitaratua), bai programa gauzatzen ari den bitartean (soldata-masa inolaz ere ez gainditzea) zein erretiratu partzialen behin betiko erretirora heltzean, haien lanpostu gehienak ETSko erakundean amortizatzen baitira, plantillaren egoera nibelatuz, aurrekontuan bestelako buruhausterik sortu gabe.

Ildo horretan, eta interesatutako 6/2011 Legearen 19. artikulua erreferentzia gisa hartuz, langileen ordainketen alorrean, hau ezartzen da «Etenda geratuko dira bere aplikazioan, halaber, enplegatu publikoen erretiro partzialeko eskaerekin lotutako txanda-kontratuak egiteko konpromisoak arautzen dituzten artikuluak eta klausulak. Alabaina, baimena ematen zaio Jaurlaritzari artikulu horien aplikazioa mantendu ahal izateko salbuespeneko kasu batzuetan, betiere kontratazio horrek gastu-gutxitzea eragiten baldin badu I. kapituluan».

Berriro aipatu behar da ETSk, 2012. urte horretan, aurrera jarraitu zuela Jaurlaritzak baimendutako bere erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko programarekin, I. kapituluko gastua murrizteko konpromisoaren barruan, hori horrela egin baita eta egiten jarraitzen da (datuak aurrerago eskainiko dira), soldata-masa ez gainditzeaz gain, haren gorengo mailaren azpitik geratu baita.

II.– ETSko hitzarmen kolektiboak, bere 7.1. artikuluan, hau jasotzen du: «Halaber, beste ehuneko 0,5eko igoera aplikatuko da, Itzarri BGAEri egindako ekarpenean», aurretik ere, aurreko urteetan, ETSn dagoeneko ekarpen hori egiten ari baitzen, ehuneko hori 2008an beste ehuneko 0,5ean handituz, ordura arte egindakoarekin alderatuz. Beraz, une horretan aipatutako ekarpenak egin ziren, eta ikusiko dugu aurrerago ez direla egingo.

Hitzarmen kolektiboak, Erretiroak izeneko 69. artikuluan, hau jasotzen du: Borondatezko erretiroa 60 urtetik gora izango da. Horri dagokionez, adierazi behar da erakunde publikoan inor ez dela zergati hori dela eta erretiratu 2015. ekitaldian.

Beste alde batetik, artikulu orokorrei dagokiena ez den beste atal batean, Lehen Xedapen Iragankorrean, hain zuzen ere, Erretiro partziala eta Errelebuko kontratua araupetzen dira. Xedapen horretan ETSko langileek erretiro partziala eskuratzeko aukera ezartzen da, beti ere une bakoitzean ezarritako araubide orokorraren edukiarekin bat etorriz.

Halaber, bertan, bigarren atalean «...erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren modeloa eta baldintzak aplikatzeko, une honetan indarrean dauden termino eta baldintza berberekin» ezartzen da. Beraz, gai horri buruzko arautegi orokorra aldatu edo hitzarmeneko testu berria sinatu arte, erretiro partzialak eta errelebuko kontratuak ezarritako baldintzetan jarraituko dute. Baldintza horiek, erretiro partzialak eta errelebuko kontratuak aplikatzen hasi zirenetik erakundean aplikatzen ari diren berberak dira.

III.– Adin gehieneko langileen lan bizitzaren jarraipena bultzatzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriei buruzko martxoaren 15eko 5/2013 Lege Errege Dekretuak, beste alderdi batzuen artean, bosgarren azken xedapenean esaten du «ukitutako langileek, ordezkari baterakoek eta sindikalek edo enpresek, 2013ko apirilaren 15era arte izango dute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko probintzietako zuzendaritzei jakinarazteko eta haien esku jartzeko hitzarmen kolektiboetan jasotako erretiro partzialeko planak edozein arlokoak edo enpresetako hitzarmen kolektiboei dagozkienak, 2013ko apirilaren 1a baino lehen sinatutakoak, erretiro partziala 2013ko apirilaren 1a baino lehen edo ondoren gertatu bada ere. Dokumentazio horrekin batera, 2013ko apirilaren 1a baino lehen Erretiro Partzialeko Planean sartutako langileen nortasuna egiaztatzen duen enpresaren ziurtagiria aurkeztuko da». Baldintza hori denbora eta modu egokian bete du ETSk, alderdi sozialaren partaidetzarekin, bere unean, eta INSSk baieztatuta, hasierako une hartan, eta baita prozesuan zehar, gaur egunera arte, erretiro partzialen eta egiten ari diren errelebuko kontratuen jardunbidearekin.

Horri dagokionez, komenigarria da Langileen Estatutuaren 82. artikuluaren edukia gogoratzea. Bertan hau ezartzen da: «1.– Hitzarmen kolektiboak langileen eta enpresaburuen ordezkariek egindako negoziazioaren emaitza direnez, partaideok talde legez duten autonomiari esker askatasunez lortutako akordioaren adierazpen dira. 2.– Hitzarmen kolektiboen bidez, dagokien eremuan, langileek eta enpresaburuek laneko eta produktibitateko baldintzak arautzen dituzte; laneko bakea ere arautu dezakete, betebeharrak itunduta. 3.– Lege honen bidez araututako hitzarmen kolektiboek beren aplikazio-eremuan dauden enpresaburu eta langile guztiak behartzen dituzte, indarrean dauden denbora guztian».

Horrekin batera, 86. artikulu bera aipatu behar da. Bertan, indarraldiari dagokionez, hau esaten da: «...Kontrako itunik ez badago, urtetik urtera luzatuko dira hitzarmen kolektiboak, alderdiek berariazko salaketarik egiten ez badute», eta egoera horretan dago ETS 2016. urtearen amaieran, 2008ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoen hitzarmen kolektiboarekin eta, hori guztia, arauak dioen bezala, aldeetako batek ere ez duelako hitzarmena salatu eta, ondorioz, hitzarmena aplikatzen jarraitu da.

Azken kontu hori ez da garrantzirik gabekoa, garraioa bezalako zerbitzu sektore funtsezko eta estrategiko batean, trenbideko zirkulazioko segurtasunetik sortutako gehigarriekin batera, izan ere, indarrean dagoen arautegiak aintzatesten duen bezala, kontrol sistemaren kudeaketari, zirkulazioari eta segurtasunari dagozkien eginbeharrak ezin zaizkie beste batzuei agindu. Azpimarratzekoa da, indarraldia dela eta Espainiako estatuan tren arloan dagoeneko historikoa bilakatu den hitzarmen kolektiboaren edukiaren iraupenari eutsi izana, horri esker, zerbitzua, gorabehera garrantzitsurik gabe, era normalizatuan jarraitzea posible egiten duen bake sozialerako aukera eskaintzen duelako.

IV.– ETSko egungo Zuzendaritzak eta aurrekoek hartutako kudeaketa neurriak, izan ere berriro gogoratu behar da baldintza hauek dituzten erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren erregulazioa aurreko urteetakoa dela, beti ere langileen legezko ordezkaritzaren parte hartzearekin, enplegua sortzeko helburu nagusiarekin bultzatu direla, beste batzuen artean, errelebuko kontratuaren araupetzeak lan jardueran aritzeko aukera ematen baitie langabezian dauden pertsonei. Interes berbereko lan bateratu horri esker, soldata-masaren efektuak banatu ahal izan dira, erretiro partziala hartzen duten langileen soldata osatzeko jarrera historikoa barne, haien irteera eta langile berriak sartzea bideratuz, hori guztia, une bakoitzean ezarritako soldata-masaren mugen barruan eta baita haren azpitik ere, defizitaren kontrol ondoreetarako. Horri dagokionez, berriro azpimarratu behar da soldataren osagaiaren aplikazioa, haren muga gainditu gabe, eta langilea, erretiro partziala eskuratu aurretik jasotzen ari zenaren efektu naturalean, aurreko urte guztietako erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko sekuentzian ezarrita zegoela, eta, ondorioz, printzipioz, indarrean dagoen arautegiak jasotzen duen bezala, ETSko langileek betidanik izan dituzten eskubideei eutsi egingo litzaieke.

Asko dira erabateko enplegua lortzera zuzendutako politiken edo estrategien garapena aipatzen duten arauzko erreferentziak. Horrela, beste batzuen artean, Konstituzioaren 40. artikulua aipa dezakegu. Bertan ezartzen denez, aginte politikoek erabateko enplegua lortzera zuzendutako politikak eraman beharko dituzte aurrera. Eta aipatzekoa da, baita ere, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.2. artikulua, aginte publikoek enpleguaren hazkundea sustatzera zuzendutako neurriak hartu beharko dituztela ezartzen duena.

Halaber, badago une jakin batzuetan neurri zehatzak hartu beharra ezartzen duen jurisprudentzia ere, langabezia murrizteko edo pertsonei lan merkatuan baldintza duinetan sartzeko aukera emateko, 2015eko urtarrilaren 22ko Konstituzio Epaitegiaren Epaia eta 2014ko uztailaren 16ko Konstituzio Epaitegiaren Epaia, besteak beste.

Erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren aplikazioak absentismo mailaren kontrola ere badute ondorio positibo gisa, eta ETSren kasuan zifra horiek erabat kontrolatuta daude, Administrazio Publikoetan, orokorrean, gertatu ohi denarekin alderatuz. Errelebuko kontratu berriak dakartzaten erretiro partzialei esker, erakundeetan langile gazteagoak sar daitezke, eta hori dela eta, absentismo mailek behera egiten dute.

Azpimarratzekoa da absentismo maila horien murrizketa are nabarmenagoa dela trenbideko zirkulazioarekin erlazionatutako lanpostuetan, behar bezala prestatutako langile horiek sartzeak, maila horiei, maila orokorren azpitik eusteko aukera ematen baitu.

V.– Adierazitako guztiarengatik, eta ondorio gisa, esan behar da ETSk argi eta garbi izan duela defizita kontrolatzeko eta soldata-masa doitzeko jarrera, baita fiskalizazio honen aurreko uneko aplikazioan, HKEE-TVCPren 2015eko ekitaldiaren fiskalizazioaren aurretik ere, kudeaketa efektu guztiak era egokian eta neurtuan harmonizatzeko interesarekin, beti ere une bakoitzean ezarritako soldata-masaren mugen barruan eta baita haren azpitik ere, defizitaren kontrolerako eta lortu beharreko helburu anitzak lortzeko. Horrela, azken urteetako emaitzak hauek izan dira:

(Ikus .PDF)

Prozesu honetan parte guztien borondateari erantzun behar izan zaio, baita erretiro partziala eskuratu duten langileenari ere, 2015eko ekitaldian parte bat pentsio planera egindako ekarpenetan jasotzeari utziz eta beraien soldata aurreko urteetan, 2000ko hamarkadaren hasieran programa hau hasi zenetik, egin ohi den bezala osatzea onartuz.

Berriro aipatu behar da Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2014 Legearen erreferentzia. Bertan «aurreko atalean aipatzen diren lan-kontratuko langileen soldata-masak ez du gehikuntzarik eduki ahal izango, aurreko urtekoaren aldean» ezartzen da, eta ikus daiteke erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko programa aipatutako baldintzetan aplikatuz, ezarritako muga, ez gainditzeaz gain, haren azpitik geratu dela. Horrela, langileen gastura zuzendutako zenbatekoaren betetze maila, aurretik adierazi den bezala, 2015ean aurrekontuaren ehuneko 92,8an geratu da.

Aipatutako «Laneko baldintzei buruzko akordioen eta hitzarmenen sinadurarako eskakizunak» izeneko 22. artikuluaren edukiari dagokionez, artikulu hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko azken urteetako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan jasotzen den arren, adierazi behar da ez dela erabili bertan ezartzen den prozedura, erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren figuren gainean egindako aplikazioari ez dagokiolako hori hasterik, ez dagoelako akordio edo hitzarmen berririk, 2008ko hitzarmen kolektiboaren edukian oinarrituz eusten doan egoeraren aplikazioa baizik, eta hori inoiz ez da zalantzan jarri edo eztabaidatu erakunde horrek egindako aurreko urteetako fiskalizazioetan.

Adierazi behar da, baita ere, erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko programa horrek, lanpostuen berradskripzioaren, langileak berrantolatzearen edo beste baliabide batzuk erabiliz giza baliabideen ordenamenduko beste neurri batzuen bitartez antolakuntzako behar berriei erantzuteko ezintasunari erantzuten diola, ETSren kudeaketa eta bake soziala apurtu beharrean. Argi eta garbi ikusten da orain arte hori gertatu dela eta, beti ere, azpimarratu behar denez, 2008ko ETSko hitzarmen kolektiboarekin bat etorriz jardun dela.

Amaitzeko, adierazi behar da, 2015ean aipatutako baldintza ekonomikoetan erretiro partzialeko egoera eskuratu duten langileak 9 izan zirela, idatzitako dokumentuan aipatzen diren 19en aurrean, eta zenbatekoa 19.143,68 euro-koa izan dela. Horrez gain, 9 pertsona horietatik, erretiro partziala eskuratu dutenen arteko 6 lanpostu amortizagarriak dira eta horrek, aurretik amortizatutakoekin eta ondoren amortizatuko direnekin batera, murrizketa garrantzitsua eragingo du plantillako kideen kopuruan.

Aipatutako guztiarekin, aurkeztutako azalpenak onartzeko eta 2015eko ekitaldian, dagozkien zenbatekoetan, bideratutako erretiro partzialak zuzenbidearekin bat datozela onesteko eskaria egiten da.

III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.

III.1.– Langileria.

– Erakundeak ez dauka erakundearen zuzendaritza nagusiak jasotako pizgarriekin lotutako helburuen betetze-mailari buruzko ebaluaziorik, helburu horiek ez baitaude kuantifikatuta.

Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzen duen otsailaren 23ko 130/1999 Dekretuaren 7.1 artikuluak agintzen du, goi-mailako kargudunen lansariei buruzko 14/1988 Legearen eta artikulu horretan xedatutakoaren arabera «Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek bermatu gabeko zenbatekodun pizgarriak ezarri ahal izango dituztela zuzendaritza-taldekideentzat, kudeaketako helburuak betetzeagatik».

Goi-mailako kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 4. artikuluaren 2. atalean agindutakoa betez, pizgarriak ebaluatzeko eta emateko irizpideak zehazterakoan honako hauek hartuko dira kontuan: sozietate edo erakunde publiko bakoitzaren urteko aurrekontuen eta ekitaldi bakoitzean aurrekontuekin batera doan urteko txostenean jasotako helburu kualitatiboen betetze-maila, bai eta erakundearen urteko kudeaketa-planaren eraginkortasuna ere, betiere zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzeko otsailaren 23ko 130/1999 Dekretuak zehaztutakoaren arabera.

Pizgarriak jasotzeko baldintza da aurrekontuan indarrean dagoen ekitaldirako jasotako pizgarriei lotutako helburuak betetzea, bai eta hori lortzeko erabilitako bitartekoak eraginkortasunez kudeatzea ere, eta hori Kapital-aurrekontuaren eta Ustiapen-aurrekontuaren betetze-mailaren bitartez neurtzen da.

Kontseiluak egiten du deskribatutako irizpideen betetze-mailaren ebaluazioa erakundearen Urteko Kontuak eta Kudeaketa-txostena formulatu ondoren, eta Aurrekontuen Jarraipenerako Txostena kontuan izanda.

Eta ebaluazio hori erakunde publikoak idazten duen aurrekontuaren eta legezkotasunaren betetze-mailari buruzko Txostenaren bitartez egiten da, eta hor jasotzen da kapital- eta ustiapen-aurrekontuaren betetze-maila zein den; agiri berean, programatutako helburuen betetze-maila kuantifikatzen duen berariazko atal bat jasotzen da. Horretarako, aurreikusitakoa azkenean lortutakoarekin alderatzen da. Agiri hori da Administrazioko Kontseiluari Zuzendaritza Nagusiak ezarritako helburuak bete dituen edo ez ebaluatzeko bide emango diona (Administrazioko Kontseiluak 2016ko uztailaren 29an egindako batzarrean hartu zuen erabakia); hala ere, kontuan izango da Kontuen Epaitegiak emandako ikuspuntua, eta horretarako berariazko txostena egingo da, aurrekontuaren betetze-mailari buruzko txostenean adierazitakoa berretsiko duena.

III.2.– Ondasunen eta zerbitzuen kontratazioa.

2015ean esleitutako kontratuak:

– 51,2 milioi euroren truke esleitutako 11 espedientetan, administrazio-baldintza orokorren agiriek esleipenerako irizpide generikoak jasotzen dituzte, esate baterako: proiektuaren azterketa sakona, programazioaren koherentzia, irtenbide teknikoak edo eraikuntzakoak, etab.

Aipatutako 11 espedienteei dagokienez, adierazi behar da obra-kontratuak eta zerbitzu-kontratuak daudela tartean; horietatik bederatzi obra-kontratuei dagozkie, eta gainerako biak zerbitzu-espedienteak dira. Lehenengoa obra-zuzendaritzari, eta bestea proiektuak idazteari, laguntzeko zerbitzu baterako.

Goian aipatutako kontratuei aplikatu beharrekoa den 31/2007 Legeak honako hau ezartzen du 61. artikuluan: «proposamenak baloratzerakoan eta ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza zein den zehazterakoan, aintzat hartu behar dira kontratuaren helburuari zuzenki lotutako irizpideak, esate baterako: kalitatea; prezioa; obraren erabilerari edo zerbitzua emateari lotutako ordainsariak berrikusteko erabiliko den formula; egikaritze- edo entrega-epea; erabilera-kostua; ingurumenari dagozkion ezaugarriak edo kontratatu beharreko prestazioen erabiltzaileei edo onuradunei dagokien gizarte-egoera ahuleko biztanleria-kategoriei berez dagozkien beharrei –kontratuaren espezifikazioetan definitutakoak– erantzuten dizkieten exijentzia sozialak betetzearekin lotutakoak; errentagarritasuna; balio teknikoa; ezaugarri estetikoak edo funtzionalak; ordezko piezen eskuragarritasuna eta kostua; mantentze-lanak; laguntza teknikoa; salmenta ondorengo zerbitzua, eta antzerako beste alderdi batzuk». Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 150. artikuluan ere jasotzen dira irizpideok.

«Ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen kontratuen kasuan, ingurumen-baldintza neurgarriak baloratuko dira, hala nola ingurumenean eragin txikiagoa izatea; eraginkortasun energetikoa; bizi-zikloaren kostua; hondakinen sorkuntza; material birziklatuen edo berrerabilien edo material ekologikoen erabilera»; horiek ere erabil daitezkeen irizpide gisa sartzen dira arau-xedapen bietan.

Kontuen Epaitegiak aipatutako lizitazio-espedienteen plegu guztiek aurreikusten dituzte esleipenerako irizpide horiek; horrekin batera, baita deskribapen xehatu bat ere (nahiz eta horietakoren batek zehatzagoa izan beharko lukeen) eta ematen den ponderazio bat, Europako Zuzentarauekin bat etorriz; eskaintzak baloratzeko irizpideak argi eta garbi mugatuta egotea da helburua eta kontratuaren xedearekin lotutakoak izatea, lizitatzaileek irizpide horiek ondo ezagutzea eta guztiei berdin aplikatzea, kontratazio-organoak inola ere ez dezan izan aukeraketa egiteko neurririk eta mugarik gabeko botererik.

Azpimarratzekoa da aparteko garrantzia daukala Batasuneko jurisprudentziak. Europar Batasunaren zuzenbidearen interesekoa da lizitazio batean ahalik eta lizitatzaile gehienen parte-hartzea bermatzea; horregatik, berebiziko garrantzia dute berdintasun eta gardentasun-printzipioek, eta printzipio horiek dira kontratu publikoak esleitzeko prozedurei buruzko Zuzentarauen oinarria. Beraz, baldintza berdinekin abiatu behar dute interesdun guztiek, eta aukera berdinak izan behar dituzte beren eskaintzak aurkezten dituztenean; beraz, pleguek ezin dute bereizkeriarik egin lizitatzaileen egoitzagatik edo nazionalitateagatik; ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza aukeratzeko kontratazio-organoak kontuan hartuko dituen irizpide guztiak ezagutu behar dituzte lizitatzaileek, baita haztapena ere, beraz, ezin da puntuazioak emateko irizpideei buruzko azpi-irizpiderik aplikatu, baldin eta ez bazaie aldez aurretik horren berri eman lizitatzaileei; eta kontratazio-organoek esleipen-irizpideen interpretazio berari eutsi behar diote prozedura osoan zehar.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak finkatutako doktrina da tratu-berdintasunaren printzipioak gardentasuna nahitaez eskatzen duela, eta exijitzen duela lizitatzaile izan daitezkeenek, beren eskaintzak prestatzen dituzten unean, erakunde esleitzaileak ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza aukeratzeko kontuan hartuko dituen faktore guztiak eta faktore horien garrantzi erlatiboa ezagutzea. Horrekin lortu nahi da lizitazio batean parte hartzen duten enpresen arteko lehia sanoa eta eraginkorra izatea, eta lizitatzaile guztiek, beren eskaintza formulatzen dutenean, aukera berdinak izatea ahalbidetzen da; eta horrek dakar eskaintza guztiek baldintza berak izatea lehiakide guztientzako. Horrek esan nahi du baldintza berdinak izango dituztela eskaintzak aurkezterakoan, bai eta erakunde esleitzaileak egiten duen eskaintza horien ebaluazioan ere.

Tratu-berdintasunaren printzipio horrek gardentasuna bermatzea dakar nahitaez; eta, funtsean, horren helburua da hori ez dela erakunde esleitzaileak kutunkeriaz eta arbitrariotasunez jarduteko arriskua izango bermatzea, eta prozeduren inpartzialtasuna kontrolatzea. Horretarako, beharrezkoa da lizitazio-prozeduraren baldintza guztiak argi eta zehatz formulatuta egotea lizitazio-iragarkian edo baldintzen agirian, ondo informatuta dauden eta arduraz jokatzen duten lizitatzaile guztiek baldintza horien esanahi zehatza uler dezaten eta guztiek modu berean interpreta ditzaten; eta, bestalde, erakunde esleitzaileak egiaztatu ahal izan dezan lizitatzaileek aurkeztutako eskaintzek dagokion kontratuari aplikatu beharreko irizpideak betetzen dituztela.

Epaitegiak aipatutako 11 espedienteetan erabilitako irizpideak aztertzen baditugu –horietatik bederatzi obra-kontratuei dagozkien espedienteak dira, eta gainerako biak zerbitzu-kontratuei dagozkienak–, adierazi behar da puntuaziorik altuena irizpide objektiboak erabiltzera bideratuta dagoela, eta horien balorazioa formula aritmetikoetan oinarrituta egiten dela («proposamen ekonomikoa» eta «egikaritzeko epea», normalean), eta gainerako irizpide subjektiboak pleguetan adierazitako irizpideen arabera baloratzen dira, horiei emandako ponderazioaren arabera; eta, zalantzarik gabe, irizpide horiek ahalik eta argienak eta zehatzenak izan behar dira, nahiz eta gero eskaintzak baloratzen dituzten teknikarien eskumenaren mende egon horien balorazioa, administrazioaren esparruan zein esparru judizialean aitortuta dagoen bezala.

Obra-kontratuetan zein zerbitzu-kontratuetan erabilitako irizpide subjektiboak azpi-irizpideetan banatzen dira, dagozkien ponderazioekin, lizitatzaileek jakin dezaten zein den kontratua esleitzeko orduan baloratuko diren alderdien edukia.

Ildo horretan, proposamenaren kalitatea ponderatzekp baloratuko diren alderdiak zehazten dira, baina hori ez da irizpide generikotzat jo behar; kalitatezko eskaintza aurkezteko lizitatzaileak garrantzitsuentzat jotzen dituen alderdiak definitu dira, eta obra zibileko hainbat espedientetan ikus daiteke hori.

«Aurkeztutako proposamenaren kalitatea» baloratu da, eta hori azpi-irizpideetan definitu da; «obra eta mantentze-zerbitzu» gisa lizitatzen den espedienteetako batean, adibidez, erabili da:

«mantentze-lanen zerbitzua baloratuko da kontuan hartuta lan-taldearen prestasuna, erantzun-denbora, funtzionamendu konpromisoak, esleipendunaren kontura konponduko edo ordeztuko diren elementuak edo piezak, aholkularitzarako konpromisoa (...)

Obraren guneen eta zatien programazioaren koherentzia baloratuko da. Ezagupena eta koherentzia baloratzen dira, instalazioen eta ekipoen kontratuekin eta trenbidearen akaberaren kontratuarekin aldi berean egin beharreko jarduketekin lotuta.

Ingurumena kudeatzeko eta zaintzeko programaren hobekuntzak, obraren egikaritze-prozesu bakoitzari dagokionez (kontrolatu beharreko alderdien indize bati dagokionez, eskaintzen den kontrol-maila adieraziz), kontuan hartuta kontrol-neurrien mota eta kopurua, bai eta jarraipen-txostenaren maiztasunaren eta hitzemandako edukiaren hobekuntzak ere».

Halaber, «Lanen programazio» gisa erabilitako irizpidea ere azpi-irizpidetan banakatuta dago, eta horiek aldatu egiten dira kontratu motaren arabera:

«obra egikaritzeko jarduketak baloratuko dira, baita jarduketa horiek obra zibileko kontratuei eta trenbideetako instalazioen kontratuei lotutako lanekin koordinatzeko modua ere, eta nola eragiten dieten jarduketok trenbide-zerbitzuari eta -zirkulazioari lanen eremuan eta inguruan.

Kontratua egikaritzeko prozesuen programazioa baloratuko da; jarduketak eta horien errendimenduaren ahalik eta antolaketarik onena eskaintzen dela frogatu beharko da, erabili beharreko makineriaren eta ekipo lagungarrien arabera.

Bereziki kontuan hartuko dira obretara bidalketak egiteko plana (....), ordutegien banaketa, garraioa, etab. Zama-lanetan, obran biltegiratze-lanak egiterakoan eta hirugarrenekiko interferentziatan eragiten diren eragozpenak minimizatzea.

Beren behin betiko kokalekuan eskaileren muntaketa mekanikoa egiteko denbora-plangintza baloratuko da, kanoien obra zibila eten behar ez izateko eta eskailerak beren behin betiko kokalekuan muntatzeko lanak epearen barruan amaitu ahal izateko, kanoien obra zibilak aurrera jarraitu ahal dezan eta epearen barruan amaitu ahal izan dadin».

Zerbitzuen kontratuari dagokionez, kasu horretan ere irizpide subjektiboak erabili dira; esate baterako: «hiri- eta ingurumen-integrazioa hobetuko duten ondorengo proposamenak baloratuko dira». Irizpide hori, aldi berean, hainbat azpi-irizpidetan banatzen da:

Geltokietara sartzeko kanoiak hirian integratzea aztertzen duen lizitatzaile bakoitzak aurkeztutako proposamenak baloratuko dira.

Trenbide-trafikoarekiko interferentziak minimizatuko dituzten Morlanseko lotunerako proposamenak baloratuko dira, eta hobeto baloratuko dira trenbide-adar berriaren egikaritzeak gaur egungo trenbide-zerbitzuaren ustiapenean izango duen eragina minimizatu eta bateratuko dituzten proposamenak.

Gainazaleko lanak egikaritzeko faseen proposamena, eta obra horien iraupena ahalik eta gehien laburtzeko egin beharreko trafiko-desbideratzeak».

Ikus daitekeen moduan, irizpide horiek ez dira mugatzen programazioaren koherentzia finkatzera, ez dira irtenbide tekniko edo eraikuntzako irtenbide hutsak baloratzen, baizik eta horrekin batera, baloratuko diren alderdiak sakonago eta zehatzago garatzen dira. Deskribatutako irizpide bat, irakurketa soil bat eginda, irizpide orokortzat jo daiteke; hala ere, lizitatzaileak enkantera ateratzen den eraikuntza-proiektuari buruz daukan ezagutzak baloratuko diren alderdiak ezagutzeko aukera ematen dio. Horrela, bada, lizitatzaileek ez dute inoiz obra- eta zerbitzu-kontratuetan erabilitako irizpideen aurkako errekurtsorik aurkeztu, ezta irizpideok zalantzan jarri ere. Ezin dugu esan interesdunek errekurtsorik aurkeztu ez izanak irizpideak generikoak ez direla esan nahi duenik, baina zantzu bat da, eta pentsaraz diezaguke lizitatzaileek uneoro jakin dutela zein diren baloratuko diren alderdiak, eta ez dela zalantzarik sortzen baloratuko diren kontuak azpimarratzerakoan.

Halaber, adierazi behar da aipatutako azpi-irizpideetako batzuk erabili izan direla aurreko ekitaldietan Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aztertutako beste lizitazio eta kontratu batzuetan, eta ez direla jeneralistatzat jo izan.

Behin hori esanda, komenigarria da Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zerrendatutako gai horiek baloratzea; izan ere, nahiz eta uste dugun aipatutako espedienteetako bederatzitan irizpideek ez dutela zalantzarako batere biderik ematen, hirutan hobeto definitu beharko lirateke.

– Espediente batean Laneko Segurtasun eta Osasun Plana 3 hilabeteko atzerapenez onartu zen, obrak abiarazten dituen zuinketa egiaztatzeko akta gauzatu ostean; horrek 1627/1997 EDren 7.2. artikulua urratzen du, zuinketa hori obrei hasiera eman aurretik onartuta izatera behartzen duena.

Eraikuntza-lanetan gutxieneko segurtasun eta osasun xedapenak ezartzen dituen urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretuak ezartzen duenaren arabera, obra hasi aurretik onetsi behar du segurtasun eta osasun plana obra egikaritzen den bitartean segurtasun eta osasun arloko koordinatzailea izango denak, eta Administrazio publikoen kasuan, obra esleitzen duenak, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailearen txostena jaso ondoren.

Horiek horrela, adierazi behar da Bilboko Hiri Trenbidearen 1. lerroko Urdulizko trenbide-pasagunea kentzeko lanak egiteari dagokionez, segurtasuneko eta osasuneko koordinatzaileak enpresa bakoitzeko Segurtasun eta osasun planari txostena egin ziola aldez aurretik, zuinketa-egiaztapenerako akta izenpetu eta lanak hasi baino lehenago. IV zk. eranskina txertatu da. Segurtasuneko eta osasuneko koordinatzaileak Segurtasun eta osasun planari egindako txostena).

– Eskaintzak baloratzeko prozedura hobetzeko, 31/2007 Legearen 19. artikuluan jasotako kontrataziorako printzipioak babesteko, komeniko litzateke pleguetan Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 150.2 artikuluak ezartzen duen prozedura sartzea. Era horretan, eskaintzaren prezioak ez luke inoiz eraginik izango balorazio teknikoan.

Honako hau dio Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 150.2 artikuluak, hirugarren paragrafoan:

«Eskaintzak ebaluatzeko –formulak aplikatuta kuantifikatzekoak diren irizpideen arabera ebaluatzeko, alegia–, lehenbizi, bestelako irizpideak ebaluatuko dira, eta ebaluazio horren berri idatziz jasoko da (.....)».

Epaitegiak zera dio bere txostenean: «Pleguetan 150.2 artikuluan ezarritako prozedura jasotzea komeniko litzateke»; goian jaso duguna, alegia. Hau da, lehenbizi eskaintza teknikoa baloratuko da, pleguetan jasotako irizpide subjektiboen arabera, eta eskaintza teknikoen balorazioaren emaitzak prest daudenean irekiko da dokumentazio ekonomikoa duen gutun-azala, edo formula ekonomikoak aplikatuta baloratu beharrekoa, batez ere, esleipenerako irizpide objektiboak aplikatzea eskatzen duena. Erakunde publiko honek irizpide subjektiboak eta objektiboak bananduta baloratzen direla bermatzen du, gutun-azal bereizietan aurkezten baitira irizpide batzuen eta besteen arabera baloratu beharreko dokumentazioak, eta horrelaxe egin zen ikuskaritzak aztertu duen ekitaldian ere, 31/2007 Legearen arabera tramitatzen diren espedienteei dagokienez.

Zatikatzea:

– Egindako gastuak –gehienak eskaintzak eskatu ondoren egin dira–, antzerako kontzeptuka taldekatu ondoren, dagozkien prozeduren bitartez lizitatu litezkeenak.

Kontratu horiek, gehienbat, geltokien mantentze- eta eraberritze-lanekin eta instalazio elektrikoen konponketa eta zaharberritze-lanekin lotutakoak dira; erakundeak duen mantentze-lanen kontratutik kanpo dauden ezusteko jarduketa zehatzen ondorioz gertatu dira, geltoki eta geralekuen elektrizitateko mantentze-zerbitzuaren arloan, iturgintzako, sarrailagintzako, arotz-lanen, aire-girotzearen, kristaldegiaren arloetako mantentze-lanen esparruan, eta guztiak tramitatu dira kontratu independente gisa esparru bakoitzean, publizitate, lehia, berdintasun eta gainerako printzipioak bermatuz.

Hala ere, kontuan hartuko dira eta baloratuko dira Kontuen Epaitegiak egindako oharpenak, tramitazioa indarrean dagoen araudiak ezarritako prozeduren bitartez egite aldera.

III.3.– 2015ean sinatutako hitzarmenak.

– Debako eta Zestoako Udalekin sinatutako hitzarmenen helburua udalerri bietan dauden tren-geltokietako eraikinen erabileraren lagapena egitea zen. Erregistratu gabe daude erabileraren lagapen horiek.

6/2004 Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, erakunde publikoak Euskadiko ondarearen barruan dagoen ondarea du; hor sartuko dira eraikiko dituen azpiegitura batzuk, aurrez atxikita zeudenak, bere helburuak betetzeko atxikiko diren ondasun higikorrak eta higiezinak, bai eta legeak esleitzen dizkion eginkizunak –zuzenean zein zeharka– betetzeko eskuratuko dituenak ere.

Erakunde publikoak ondasun horiek kudeatzeko, ondareari buruzko araudia aplikatuko zaio, eta erakundearen beraren organoek egingo dute kudeaketa-lan hori, legean bertan Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari ematen zaizkion eskumenei dagokienean izan ezik, trenbideen, ogasunaren eta ondarearen esparruetan eskumena duten sailek proposatuta Gobernuak emandako dekretuetan ezartzen den moduan.

6/2004 Legearen eta Euskadiko Ondarearen Legearen testu bategina onesten duen 2/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera erakunde publikoak dituen eskumenen kalterik gabe, adierazi behar da 6. artikuluan argi eta garbi adierazten dela, Euskadiko ondarearen barruan baldin badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokiola ondasun higiezinen jabetza, higiezinen eskubide errealen eta errentamendu-eskubideen titulartasuna eta gorputzik gabeko jabetza-eskubideen titulartasuna, horien erabiltzaile, sortzaile edo eskuratzaile edozein erakunde dela ere.

Behin erakunde publikoa sortu ondoren, ekainaren 6ko 118/2006 Dekretu bidez Eusko Trenbideak SA.ren kapitala hainbat ekarpen itzuliz gutxitzea baimendu zen, eta lehendik zeuden trenbide-azpiegituren administrazioa Euskal Trenbide Sareari atxikitzea eta agintzea. Erakunde publikoak dekretu haren bitartez atxiki zitzaizkion ondasunak ditu eta, halaber, adierazi behar da ez dela erakunde publiko honen eskumena horiek erregistroan inskribatzea, baizik eta Administrazio Orokorrari dagokiola.

Hori esanda, esan behar da, baita ere, beharrezkoa den arren ondasun bat immatrikulatzea haren aldi baterako lagapena erregistratzeko –esan behar da, bide batez, bost urterako lagapena dela–, hori ez dela nahitaezkoa.

EUSKAL TRENBIDE SAREAREN 2015. URTEARI DAGOKION FISKALIZAZIOARI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK

Lehenengoa.– txostenaren ondorioei egindako alegazioak.

Lehenengo atal honetan formulatzen diren alegazioak, barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketako prozedurei buruz fiskalizazio-txostenean ematen diren iritziei eta gogoetei egindakoak dira.

II.– Iritzia.

II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.

1.– Egindako gastuak, guztira 139.191 eurokoak, zuzenean esleitutakoak.

Dagoeneko zuzendu dira kontratuetako bati erreferentzia egiten dioten inguruabarrak, zerbitzu hori kontratuan sartu baita; horren lizitazioa Eusko Jaurlaritzaren beraren Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak tramitatu zuen Ejie SA enpresaren bitartez, telekomunikazio-zerbitzua emateko.

Bigarren kontratuari dagokionez, adierazi behar da, dagokion espedientea tramitatuta eta zerbitzuaren xede den instalazioa desafektatzeko eta beste Administrazio bati entregatzeko prozesuan dagoela, instalazio hori erabilerarik gabe geratu baita geltoki horretan tren-zerbitzua kendu izanaren ondorioz, linea metropolitar berriak gauzatu direlako; beraz, mantentze-lanetarako kontratu hori ere indargabetuta geratuko da.

2.– Txanda-kontratu bati lotutako erretiro partziala aukeratzen duten langileei beren ordainsariaren ehuneko 100era arteko aldea estaltzen dien osagarria ordaintzea, EAEko Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2014 Legearen 19. artikuluaren 11. atala urratuz; atal horrek eten egiten ditu «borondatezko erretiroagatiko sariak, kalte-ordainak eta izen guztietako edozein diru-prestazio konpentsagarri». Osagarri hori 101.013 eurokoa izan da, eta 19 langileri eragin die 2015ean.

HKEE-TVCPren 2015eko ekitaldiaren fiskalizazioari dagokionez, eta «II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia» atalari dagokionez, bigarren atalarekin erlazionaturik («ETSk Txanda-kontratu bati lotutako erretiro partziala aukeratzen duten langileei beren ordainsariaren ehuneko 100era arteko aldea estaltzen dien osagarria ordaintzea, EAEko Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2014 Legearen 19. artikuluaren 11. atala urratuz; atal horrek eten egiten ditu «borondatezko erretiroagatiko sariak, kalte-ordainak eta izen guztietako edozein diru-prestazio konpentsagarri». Osagarri hori 101.013 eurokoa izan da, eta 19 langileri eragin die 2015ean»), ondorengo aipamenak egin behar dira:

I.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2014 Legearen 19. artikuluak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen zerbitzuan ari diren lan-kontratuko langileen ordainketei dagokienez, hau ezartzen du: «Horregatik guztiagatik, aurreko atalean aipatzen diren lan-kontratuko langileen soldata-masak ez du gehikuntzarik eduki ahal izango, aurreko urtekoaren aldean».

Horrela, arauak ez du soldata-masaren ehunekorik edo ekitaldian, oraingo honetan 2015ekoan, hura, mugaraino, gainditu gabe, ez erabiltzea edo ez banatzea agintzen duen bestelako behar adineko xehetasunik ezartzen.

Aipatzekoa da, baita ere, aipaturiko arauaren 22. artikulua. Bertan, 2015. urterako ordainketen hazkundeak eragiten dituzten akordio edo hitzarmen kolektiboak sinatuz gero bete beharreko eskakizunak ezartzen dira. Horren edukia ez da aplikagarritzat hartzen, aurrerago zehaztuko diren arrazoiak direla eta.

Beste alde batetik, 2012ko ekitaldirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko 6/2011 Legeak, abenduaren 23koak, Aurrekontu plantillei buruzko 13.3 artikuluan hau jasotzen du «Orokorrean, aurrekontu-plantillak langile-zuzkidura berriak sortuz aldatzen badira, behar beste zuzkidura amortizatu egin beharko dira horren ondorioz, urteko kostu gordina handiagoa izan ez dadin», eta hori bete egiten da ETSko programa gauzatzean, 2008. urtearen aurretik, eta 2008ko urtarrilaren 1etik gaur egun ere indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa aplikatuz (bere egunean Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioko erakunde eskudunek baimendua eta 2009ko maiatzaren 27ko 99 zenbakiko EHAAn argitaratua), bai programa gauzatzen ari den bitartean (soldata-masa inolaz ere ez gainditzea) zein erretiratu partzialen behin betiko erretirora heltzean, haien lanpostu gehienak ETSko erakundean amortizatzen baitira, plantillaren egoera nibelatuz, aurrekontuan bestelako buruhausterik sortu gabe.

Ildo horretan, eta interesatutako 6/2011 Legearen 19. artikulua erreferentzia gisa hartuz, langileen ordainketen alorrean, hau ezartzen da «Etenda geratuko dira bere aplikazioan, halaber, enplegatu publikoen erretiro partzialeko eskaerekin lotutako txanda-kontratuak egiteko konpromisoak arautzen dituzten artikuluak eta klausulak. Alabaina, baimena ematen zaio Jaurlaritzari artikulu horien aplikazioa mantendu ahal izateko salbuespeneko kasu batzuetan, betiere kontratazio horrek gastu-gutxitzea eragiten baldin badu I. kapituluan».

Berriro aipatu behar da ETSk, 2012. urte horretan, aurrera jarraitu zuela Jaurlaritzak baimendutako bere erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko programarekin, I. kapituluko gastua murrizteko konpromisoaren barruan, hori horrela egin baita eta egiten jarraitzen da (datuak aurrerago eskainiko dira), soldata-masa ez gainditzeaz gain, haren gorengo mailaren azpitik geratu baita.

II.– ETSko hitzarmen kolektiboak, bere 7.1. artikuluan, hau jasotzen du: «Halaber, beste ehuneko 0,5eko igoera aplikatuko da, Itzarri BGAEri egindako ekarpenean», aurretik ere, aurreko urteetan, ETSn dagoeneko ekarpen hori egiten ari baitzen, ehuneko hori 2008an beste ehuneko 0,5ean handituz, ordura arte egindakoarekin alderatuz. Beraz, une horretan aipatutako ekarpenak egin ziren, eta ikusiko dugu aurrerago ez direla egingo.

Hitzarmen kolektiboak, Erretiroak izeneko 69. artikuluan, hau jasotzen du: Borondatezko erretiroa 60 urtetik gora izango da. Horri dagokionez, adierazi behar da erakunde publikoan inor ez dela zergati hori dela eta erretiratu 2015. ekitaldian.

Beste alde batetik, artikulu orokorrei dagokiena ez den beste atal batean, lehen xedapen iragankorrean, hain zuzen ere, Erretiro partziala eta Errelebuko kontratua araupetzen dira. Xedapen horretan ETSko langileek erretiro partziala eskuratzeko aukera ezartzen da, beti ere une bakoitzean ezarritako araubide orokorraren edukiarekin bat etorriz.

Halaber, bertan, bigarren atalean «...erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren modeloa eta baldintzak aplikatzeko, une honetan indarrean dauden termino eta baldintza berberekin» ezartzen da. Beraz, gai horri buruzko arautegi orokorra aldatu edo hitzarmeneko testu berria sinatu arte, erretiro partzialak eta errelebuko kontratuak ezarritako baldintzetan jarraituko dute. Baldintza horiek, erretiro partzialak eta errelebuko kontratuak aplikatzen hasi zirenetik erakundean aplikatzen ari diren berberak dira.

III.– Adin gehieneko langileen lan bizitzaren jarraipena bultzatzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko neurriei buruzko martxoaren 15eko 5/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, beste alderdi batzuen artean, bosgarren azken xedapenean esaten du «ukitutako langileek, ordezkari baterakoek eta sindikalek edo enpresek, 2013ko apirilaren 15era arte izango dute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko probintzietako zuzendaritzei jakinarazteko eta haien esku jartzeko hitzarmen kolektiboetan jasotako erretiro partzialeko planak edozein arlokoak edo enpresetako hitzarmen kolektiboei dagozkienak, 2013ko apirilaren 1a baino lehen sinatutakoak, erretiro partziala 2013ko apirilaren 1a baino lehen edo ondoren gertatu bada ere. Dokumentazio horrekin batera, 2013ko apirilaren 1a baino lehen Erretiro Partzialeko Planean sartutako langileen nortasuna egiaztatzen duen enpresaren ziurtagiria aurkeztuko da». Baldintza hori denbora eta modu egokian bete du ETSk, alderdi sozialaren partaidetzarekin, bere unean, eta INSSk baieztatuta, hasierako une hartan, eta baita prozesuan zehar, gaur egunera arte, erretiro partzialen eta egiten ari diren errelebuko kontratuen jardunbidearekin.

Horri dagokionez, komenigarria da Langileen Estatutuaren 82. artikuluaren edukia gogoratzea. Bertan hau ezartzen da: «1. Hitzarmen kolektiboak langileen eta enpresaburuen ordezkariek egindako negoziazioaren emaitza direnez, partaideok talde legez duten autonomiari esker askatasunez lortutako akordioaren adierazpen dira. 2. Hitzarmen kolektiboen bidez, dagokien eremuan, langileek eta enpresaburuek laneko eta produktibitateko baldintzak arautzen dituzte; laneko bakea ere arautu dezakete, betebeharrak itunduta. 3. Lege honen bidez araututako hitzarmen kolektiboek beren aplikazio-eremuan dauden enpresaburu eta langile guztiak behartzen dituzte, indarrean dauden denbora guztian».

Horrekin batera, 86. artikulu bera aipatu behar da. Bertan, indarraldiari dagokionez, hau esaten da: «...Kontrako itunik ez badago, urtetik urtera luzatuko dira hitzarmen kolektiboak, alderdiek berariazko salaketarik egiten ez badute», eta egoera horretan dago ETS 2016. urtearen amaieran, 2008ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoen hitzarmen kolektiboarekin eta, hori guztia, arauak dioen bezala, aldeetako batek ere ez duelako hitzarmena salatu eta, ondorioz, hitzarmena aplikatzen jarraitu da.

Azken kontu hori ez da garrantzirik gabekoa, garraioa bezalako zerbitzu sektore funtsezko eta estrategiko batean, trenbideko zirkulazioko segurtasunetik sortutako gehigarriekin batera, izan ere, indarrean dagoen arautegiak aintzatesten duen bezala, kontrol sistemaren kudeaketari, zirkulazioari eta segurtasunari dagozkien eginbeharrak ezin zaizkie beste batzuei agindu. Azpimarratzekoa da, indarraldia dela eta Espainiako estatuan tren arloan dagoeneko historikoa bilakatu den hitzarmen kolektiboaren edukiaren iraupenari eutsi izana, horri esker, zerbitzua, gorabehera garrantzitsurik gabe, era normalizatuan jarraitzea posible egiten duen bake sozialerako aukera eskaintzen duelako.

IV.– ETSko egungo Zuzendaritzak eta aurrekoek hartutako kudeaketa neurriak, izan ere berriro gogoratu behar da baldintza hauek dituzten erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren erregulazioa aurreko urteetakoa dela, beti ere langileen legezko ordezkaritzaren parte hartzearekin, enplegua sortzeko helburu nagusiarekin bultzatu direla, beste batzuen artean, errelebuko kontratuaren araupetzeak lan jardueran aritzeko aukera ematen baitie langabezian dauden pertsonei. Interes berbereko lan bateratu horri esker, soldata-masaren efektuak banatu ahal izan dira, erretiro partziala hartzen duten langileen soldata osatzeko jarrera historikoa barne, haien irteera eta langile berriak sartzea bideratuz, hori guztia, une bakoitzean ezarritako soldata-masaren mugen barruan eta baita haren azpitik ere, defizitaren kontrol ondoreetarako. Horri dagokionez, berriro azpimarratu behar da soldataren osagaiaren aplikazioa, haren muga gainditu gabe, eta langilea, erretiro partziala eskuratu aurretik jasotzen ari zenaren efektu naturalean, aurreko urte guztietako erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko sekuentzian ezarrita zegoela, eta, ondorioz, printzipioz, indarrean dagoen arautegiak jasotzen duen bezala, ETSko langileek betidanik izan dituzten eskubideei eutsi egingo litzaieke.

Asko dira erabateko enplegua lortzera zuzendutako politiken edo estrategien garapena aipatzen duten arauzko erreferentziak. Horrela, beste batzuen artean, Konstituzioaren 40. artikulua aipa dezakegu. Bertan ezartzen denez, aginte politikoek erabateko enplegua lortzera zuzendutako politikak eraman beharko dituzte aurrera. Eta aipatzekoa da, baita ere, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9.2. artikulua, aginte publikoek enpleguaren hazkundea sustatzera zuzendutako neurriak hartu beharko dituztela ezartzen duena.

Halaber, badago une jakin batzuetan neurri zehatzak hartu beharra ezartzen duen jurisprudentzia ere, langabezia murrizteko edo pertsonei lan merkatuan baldintza duinetan sartzeko aukera emateko, 2015eko urtarrilaren 22ko Konstituzio Epaitegiaren Epaia eta 2014ko uztailaren 16ko Konstituzio Epaitegiaren Epaia, besteak beste.

Erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren aplikazioak absentismo mailaren kontrola ere badute ondorio positibo gisa, eta ETSren kasuan zifra horiek erabat kontrolatuta daude, Administrazio Publikoetan, orokorrean, gertatu ohi denarekin alderatuz. Errelebuko kontratu berriak dakartzaten erretiro partzialei esker, erakundeetan langile gazteagoak sar daitezke, eta hori dela eta, absentismo mailek behera egiten dute. Azpimarratzekoa da absentismo maila horien murrizketa are nabarmenagoa dela trenbideko zirkulazioarekin erlazionatutako lanpostuetan, behar bezala prestatutako langile horiek sartzeak, maila horiei, maila orokorren azpitik eusteko aukera ematen baitu.

V.– Adierazitako guztiarengatik, eta ondorio gisa, esan behar da ETSk argi eta garbi izan duela defizita kontrolatzeko eta soldata-masa doitzeko jarrera, baita fiskalizazio honen aurreko uneko aplikazioan, HKEE-TVCPren 2015eko ekitaldiaren fiskalizazioaren aurretik ere, kudeaketa efektu guztiak era egokian eta neurtuan harmonizatzeko interesarekin, beti ere une bakoitzean ezarritako soldata-masaren mugen barruan eta baita haren azpitik ere, defizitaren kontrolerako eta lortu beharreko helburu anitzak lortzeko. Horrela, azken urteetako emaitzak hauek izan dira:

(Ikus .PDF)

Prozesu honetan parte guztien borondateari erantzun behar izan zaio, baita erretiro partziala eskuratu duten langileenari ere, 2015eko ekitaldian parte bat pentsio planera egindako ekarpenetan jasotzeari utziz eta beraien soldata aurreko urteetan, 2000ko hamarkadaren hasieran programa hau hasi zenetik, egin ohi den bezala osatzea onartuz.

Berriro aipatu behar da Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2014 Legearen erreferentzia. Bertan «aurreko atalean aipatzen diren lan-kontratuko langileen soldata-masak ez du gehikuntzarik eduki ahal izango, aurreko urtekoaren aldean» ezartzen da, eta ikus daiteke erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko programa aipatutako baldintzetan aplikatuz, ezarritako muga, ez gainditzeaz gain, haren azpitik geratu dela. Horrela, langileen gastura zuzendutako zenbatekoaren betetze maila, aurretik adierazi den bezala, 2015ean aurrekontuaren ehuneko 92,8an geratu da.

Aipatutako «Laneko baldintzei buruzko akordioen eta hitzarmenen sinadurarako eskakizunak» izeneko 22. artikuluaren edukiari dagokionez, artikulu hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko azken urteetako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan jasotzen den arren, adierazi behar da ez dela erabili bertan ezartzen den prozedura, erretiro partzialaren eta errelebuko kontratuaren figuren gainean egindako aplikazioari ez dagokiolako hori hasterik, ez dagoelako akordio edo hitzarmen berririk, 2008ko hitzarmen kolektiboaren edukian oinarrituz eusten doan egoeraren aplikazioa baizik, eta hori inoiz ez da zalantzan jarri edo eztabaidatu erakunde horrek egindako aurreko urteetako fiskalizazioetan.

Adierazi behar da, baita ere, erretiro partzialeko eta errelebuko kontratuko programa horrek, lanpostuen berradskripzioaren, langileak berrantolatzearen edo beste baliabide batzuk erabiliz giza baliabideen ordenamenduko beste neurri batzuen bitartez antolakuntzako behar berriei erantzuteko ezintasunari erantzuten diola, ETSren kudeaketa eta bake soziala apurtu beharrean. Argi eta garbi ikusten da orain arte hori gertatu dela eta, beti ere, azpimarratu behar denez, 2008ko ETSko hitzarmen kolektiboarekin bat etorriz jardun dela.

Horrekin batera, PricewaterhouseCoopers Auditores enpresak 2014ko eta 2015eko azken bi auditoria txostenen edukiaren erreferentzia aipatu behar da, aurrekontuen legetasunari eta gauzatzeari dagokienez. Bertan ezartzen denez, «urteko kontuek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakundearen ondarearen eta finantza egoeraren irudi leiala jasotzen dute». (I zenbakiko eranskina eransten da. 2014ko eta 2015eko Auditoria txostenak).

Amaitzeko, adierazi behar da, 2015ean aipatutako baldintza ekonomikoetan erretiro partzialeko egoera eskuratu duten langileak 9 izan zirela, idatzitako dokumentuan aipatzen diren 19en aurrean, eta zenbatekoa 19.143,68 euro-koa izan dela. Horrez gain, 9 pertsona horietatik, erretiro partziala eskuratu dutenen arteko 6 lanpostu amortizagarriak dira eta horrek, aurretik amortizatutakoekin eta ondoren amortizatuko direnekin batera, murrizketa garrantzitsua eragingo du plantillako kideen kopuruan.

Aipatutako guztiarekin, aurkeztutako azalpenak onartzeko eta 2015eko ekitaldian, dagozkien zenbatekoetan, bideratutako erretiro partzialak zuzenbidearekin bat datozela onesteko eskaria egiten da.

III.– Barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko gogoetak.

III.1.– Langileak.

– Erakundeak ez dauka erakundearen zuzendaritza nagusiak jasotako pizgarriekin lotutako helburuen betetze-mailari buruzko ebaluaziorik, helburu horiek ez baitaude kuantifikatuta.

Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzen duen otsailaren 23ko 130/1999 Dekretuaren 7.1 artikuluak agintzen du, goi-mailako kargudunen lansariei buruzko 14/1988 Legearen eta artikulu horretan xedatutakoaren arabera «Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek bermatu gabeko zenbatekodun pizgarriak ezarri ahal izango dituztela zuzendaritza-taldekideentzako, kudeaketako helburuak betetzeagatik».

Goi-mailako kargudunen Lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 4. artikuluaren 2. atalean agindutakoa betez, pizgarriak ebaluatzeko eta emateko irizpideak zehazterakoan honako hauek hartuko dira kontuan: sozietate edo erakunde publiko bakoitzaren urteko aurrekontuen eta ekitaldi bakoitzean aurrekontuekin batera doan urteko txostenean jasotako helburu kualitatiboen betetze-maila, bai eta erakundearen urteko kudeaketa-planaren eraginkortasuna ere, betiere zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzeko otsailaren 23ko 130/1999 Dekretuak zehaztutakoaren arabera.

Pizgarriak jasotzeko baldintza da aurrekontuan indarrean dagoen ekitaldirako jasotako pizgarriei lotutako helburuak betetzea, bai eta hori lortzeko erabilitako bitartekoak eraginkortasunez kudeatzea ere, eta hori Kapital-aurrekontuaren eta Ustiapen-aurrekontuaren betetze-mailaren bitartez neurtzen da.

Kontseiluak egiten du deskribatutako irizpideen betetze-mailaren ebaluazioa, Erakundearen Urteko Kontuak eta Kudeaketa-txostena formulatu ondoren, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontu-ikuskaritzako Zerbitzuak onetsitako Aurrekontuen Jarraipenerako Txostena kontuan izanda.

Eta ebaluazio hori erakunde publikoak idazten duen aurrekontuaren eta legezkotasunaren betetze-mailari buruzko Txostenaren bitartez egiten da, eta hor jasotzen da kapital- eta ustiapen-aurrekontuaren betetze-maila zein den; agiri berean, programatutako helburuen betetze-maila kuantifikatzen duen berariazko atal bat jasotzen da. Horretarako, aurreikusitakoa azkenean lortutakoarekin alderatzen da. Agiri hori da Administrazioko Kontseiluari Zuzendaritza Nagusiak ezarritako helburuak bete dituen edo ez ebaluatzeko bide emango diona (Administrazioko Kontseiluak 2016ko uztailaren 29an egindako batzarrean hartu zuen erabakia); hala ere, kontuan izango da Kontuen Epaitegiak emandako ikuspuntua, eta horretarako berariazko txostena egingo da, aurrekontuaren betetze-mailari buruzko txostenean adierazitakoa berretsiko duena.

III.2.– Ondasun eta zerbitzuen kontratazioa.

2015ean esleitutako kontratuak:

– 51,2 milioi euroren truke esleitutako 11 espedientetan, administrazio-baldintza orokorren agiriek esleipenerako irizpide generikoak jasotzen dituzte, esate baterako: proiektuaren azterketa sakona, programazioaren koherentzia, irtenbide teknikoak edo eraikuntzakoak, etab.

Aipatutako 11 espedienteei dagokienez, adierazi behar da obra-kontratuak eta zerbitzu-kontratuak daudela tartean; horietatik bederatzi obra-kontratuei dagozkie, eta gainerako biak zerbitzu-espedienteak dira. Lehenengoa obra-zuzendaritzari, eta bestea proiektuak idazteari, laguntzeko zerbitzu baterako.

Goian aipatutako kontratuei aplikatu beharrekoa den 31/2007 Legeak honako hau ezartzen du 61. artikuluan: «proposamenak baloratzerakoan eta ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza zein den zehazterakoan, aintzat hartu behar dira kontratuaren helburuari zuzenki lotutako irizpideak, esate baterako: kalitatea; prezioa; obraren erabilerari edo zerbitzua emateari lotutako ordainsariak berrikusteko erabiliko den formula; egikaritze- edo entrega-epea; erabilera-kostua; ingurumenari dagozkion ezaugarriak edo kontratatu beharreko prestazioen erabiltzaileei edo onuradunei dagokien gizarte-egoera ahuleko biztanleria-kategoriei berez dagozkien beharrei –kontratuaren espezifikazioetan definitutakoak– erantzuten dizkieten exijentzia sozialak betetzearekin lotutakoak; errentagarritasuna; balio teknikoa; ezaugarri estetikoak edo funtzionalak; ordezko piezen eskuragarritasuna eta kostua; mantentze-lanak; laguntza teknikoa; salmenta ondorengo zerbitzua, eta antzerako beste alderdi batzuk». Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 150. artikuluan ere jasotzen dira irizpideok.

«Ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen kontratuen kasuan, ingurumen-baldintza neurgarriak baloratuko dira, hala nola ingurumenean eragin txikiagoa izatea; eraginkortasun energetikoa; bizi-zikloaren kostua; hondakinen sorkuntza; material birziklatuen edo berrerabilien edo material ekologikoen erabilera»; horiek ere erabil daitezkeen irizpide gisa sartzen dira arau-xedapen bietan.

Kontuen Epaitegiak aipatutako lizitazio-espedienteen plegu guztiek aurreikusten dituzte esleipenerako irizpide horiek; horrekin batera, baita deskribapen xehatu bat ere (nahiz eta horietakoren batek zehatzagoa izan beharko lukeen) eta ematen den ponderazio bat, Europako Zuzentarauekin bat etorriz; eskaintzak baloratzeko irizpideak argi eta garbi mugatuta egotea da helburua eta kontratuaren xedearekin lotutakoak izatea, lizitatzaileek irizpide horiek ondo ezagutzea eta guztiei berdin aplikatzea, kontratazio-organoak inola ere ez dezan izan aukeraketa egiteko neurririk eta mugarik gabeko botererik.

Azpimarratzekoa da aparteko garrantzia daukala Batasuneko jurisprudentziak. Europar Batasunaren zuzenbidearen interesekoa da lizitazio batean ahalik eta lizitatzaile gehienen parte-hartzea bermatzea; horregatik, berebiziko garrantzia dute berdintasun eta gardentasun-printzipioek, eta printzipio horiek dira kontratu publikoak esleitzeko prozedurei buruzko Zuzentarauen oinarria. Beraz, baldintza berdinekin abiatu behar dute interesdun guztiek, eta aukera berdinak izan behar dituzte beren eskaintzak aurkezten dituztenean; beraz, pleguek ezin dute bereizkeriarik egin lizitatzaileen egoitzagatik edo nazionalitateagatik; ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza aukeratzeko kontratazio-organoak kontuan hartuko dituen irizpide guztiak ezagutu behar dituzte lizitatzaileek, baita haztapena ere, beraz, ezin da puntuazioak emateko irizpideei buruzko azpi-irizpiderik aplikatu, baldin eta ez bazaie aldez aurretik horren berri eman lizitatzaileei; eta kontratazio-organoek esleipen-irizpideen interpretazio berari eutsi behar diote prozedura osoan zehar.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak finkatutako doktrina da tratu-berdintasunaren printzipioak gardentasuna nahitaez eskatzen duela, eta exijitzen duela lizitatzaile izan daitezkeenek, beren eskaintzak prestatzen dituzten unean, erakunde esleitzaileak ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza aukeratzeko kontuan hartuko dituen faktore guztiak eta faktore horien garrantzi erlatiboa ezagutzea. Horrekin lortu nahi da lizitazio batean parte hartzen duten enpresen arteko lehia sanoa eta eraginkorra izatea, eta lizitatzaile guztiek, beren eskaintza formulatzen dutenean, aukera berdinak izatea ahalbidetzen da; eta horrek dakar eskaintza guztiek baldintza berak izatea lehiakide guztientzako. Horrek esan nahi du baldintza berdinak izango dituztela eskaintzak aurkezterakoan, bai eta erakunde esleitzaileak egiten duen eskaintza horien ebaluazioan ere.

Tratu-berdintasunaren printzipio horrek gardentasuna bermatzea dakar nahitaez; eta, funtsean, horren helburua da hori ez dela erakunde esleitzaileak kutunkeriaz eta arbitrariotasunez jarduteko arriskua izango bermatzea, eta prozeduren inpartzialtasuna kontrolatzea. Horretarako, beharrezkoa da lizitazio-prozeduraren baldintza guztiak argi eta zehatz formulatuta egotea lizitazio-iragarkian edo baldintzen agirian, ondo informatuta dauden eta arduraz jokatzen duten lizitatzaile guztiek baldintza horien esanahi zehatza uler dezaten eta guztiek modu berean interpreta ditzaten; eta, bestalde, erakunde esleitzaileak egiaztatu ahal izan dezan lizitatzaileek aurkeztutako eskaintzek dagokion kontratuari aplikatu beharreko irizpideak betetzen dituztela.

Epaitegiak aipatutako 11 espedienteetan erabilitako irizpideak aztertzen baditugu –horietatik bederatzi obra-kontratuei dagozkien espedienteak dira, eta gainerako biak zerbitzu-kontratuei dagozkienak–, adierazi behar da puntuaziorik altuena irizpide objektiboak erabiltzera bideratuta dagoela, eta horien balorazioa formula aritmetikoetan oinarrituta egiten dela («proposamen ekonomikoa» eta «egikaritzeko epea», normalean), eta gainerako irizpide subjektiboak pleguetan adierazitako irizpideen arabera baloratzen dira, horiei emandako ponderazioaren arabera; eta, zalantzarik gabe, irizpide horiek ahalik eta argienak eta zehatzenak izan behar dira, nahiz eta gero eskaintzak baloratzen dituzten teknikarien eskumenaren mende egon horien balorazioa, administrazioaren esparruan zein esparru judizialean aitortuta dagoen bezala.

Obra-kontratuetan zein zerbitzu-kontratuetan erabilitako irizpide subjektiboak azpi-irizpideetan banatzen dira, dagozkien ponderazioekin, lizitatzaileek jakin dezaten zein den kontratua esleitzeko orduan baloratuko diren alderdien edukia.

Ildo horretan, proposamenaren kalitatea ponderatzekp baloratuko diren alderdiak zehazten dira, baina hori ez da irizpide generikotzat jo behar; kalitatezko eskaintza aurkezteko lizitatzaileak garrantzitsuentzat jotzen dituen alderdiak definitu dira, eta obra zibileko hainbat espedientetan ikus daiteke hori.

«Aurkeztutako proposamenaren kalitatea» baloratu da, eta hori azpi-irizpideetan definitu da; «obra eta mantentze-zerbitzu» gisa lizitatzen den espedienteetako batean, adibidez, erabili da:

«mantentze-lanen zerbitzua baloratuko da kontuan hartuta lan-taldearen prestasuna, erantzun-denbora, funtzionamendu konpromisoak, esleipendunaren kontura konponduko edo ordeztuko diren elementuak edo piezak, aholkularitzarako konpromisoa (...)

Obraren guneen eta zatien programazioaren koherentzia baloratuko da. Ezagupena eta koherentzia baloratzen dira, instalazioen eta ekipoen kontratuekin eta trenbidearen akaberaren kontratuarekin aldi berean egin beharreko jarduketekin lotuta.

Ingurumena kudeatzeko eta zaintzeko programaren hobekuntzak, obraren egikaritze-prozesu bakoitzari dagokionez (kontrolatu beharreko alderdien indize bati dagokionez, eskaintzen den kontrol-maila adieraziz), kontuan hartuta kontrol-neurrien mota eta kopurua, bai eta jarraipen-txostenaren maiztasunaren eta hitzemandako edukiaren hobekuntzak ere».

Halaber, «Lanen programazio» gisa erabilitako irizpidea ere azpi-irizpidetan banakatuta dago, eta horiek aldatu egiten dira kontratu motaren arabera:

«obra egikaritzeko jarduketak baloratuko dira, baita jarduketa horiek obra zibileko kontratuei eta trenbideetako instalazioen kontratuei lotutako lanekin koordinatzeko modua ere, eta nola eragiten dieten jarduketok trenbide-zerbitzuari eta -zirkulazioari lanen eremuan eta inguruan.

Kontratua egikaritzeko prozesuen programazioa baloratuko da; jarduketak eta horien errendimenduaren ahalik eta antolaketarik onena eskaintzen dela frogatu beharko da, erabili beharreko makineriaren eta ekipo lagungarrien arabera.

Bereziki kontuan hartuko dira obretara bidalketak egiteko plana (....), ordutegien banaketa, garraioa, etab. Zama-lanetan, obran biltegiratze-lanak egiterakoan eta hirugarrenekiko interferentziatan eragiten diren eragozpenak minimizatzea.

Beren behin betiko kokalekuan eskaileren muntaketa mekanikoa egiteko denbora-plangintza baloratuko da, kanoien obra zibila eten behar ez izateko eta eskailerak beren behin betiko kokalekuan muntatzeko lanak epearen barruan amaitu ahal izateko, kanoien obra zibilak aurrera jarraitu ahal dezan eta epearen barruan amaitu ahal izan dadin».

Zerbitzuen kontratuari dagokionez, kasu horretan ere irizpide subjektiboak erabili dira; esate baterako: «hiri- eta ingurumen-integrazioa hobetuko duten ondorengo proposamenak baloratuko dira». Irizpide hori, aldi berean, hainbat azpi-irizpidetan banatzen da:

Geltokietara sartzeko kanoiak hirian integratzea aztertzen duen lizitatzaile bakoitzak aurkeztutako proposamenak baloratuko dira.

Trenbide-trafikoarekiko interferentziak minimizatuko dituzten Morlanseko lotunerako proposamenak baloratuko dira, eta hobeto baloratuko dira trenbide-adar berriaren egikaritzeak gaur egungo trenbide-zerbitzuaren ustiapenean izango duen eragina minimizatu eta bateratuko dituzten proposamenak.

Gainazaleko lanak egikaritzeko faseen proposamena, eta obra horien iraupena ahalik eta gehien laburtzeko egin beharreko trafiko-desbideratzeak».

Ikus daitekeen moduan, irizpide horiek ez dira mugatzen programazioaren koherentzia finkatzera, ez dira irtenbide tekniko edo eraikuntzako irtenbide hutsak baloratzen, baizik eta horrekin batera, baloratuko diren alderdiak sakonago eta zehatzago garatzen dira. Deskribatutako irizpide bat, irakurketa soil bat eginda, irizpide orokortzat jo daiteke; hala ere, lizitatzaileak enkantera ateratzen den eraikuntza-proiektuari buruz daukan ezagutzak baloratuko diren alderdiak ezagutzeko aukera ematen dio. Horrela, bada, lizitatzaileek ez dute inoiz obra- eta zerbitzu-kontratuetan erabilitako irizpideen aurkako errekurtsorik aurkeztu, ezta irizpideok zalantzan jarri ere. Ezin dugu esan interesdunek errekurtsorik aurkeztu ez izanak irizpideak generikoak ez direla esan nahi duenik, baina zantzu bat da, eta pentsaraz diezaguke lizitatzaileek uneoro jakin dutela zein diren baloratuko diren alderdiak, eta ez dela zalantzarik sortzen baloratuko diren kontuak azpimarratzerakoan.

Halaber, adierazi behar da aipatutako azpi-irizpideetako batzuk erabili izan direla aurreko ekitaldietan Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aztertutako beste lizitazio eta kontratu batzuetan, eta ez direla jeneralistatzat jo izan.

Behin hori esanda, komenigarria da Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zerrendatutako gai horiek baloratzea; izan ere, nahiz eta uste dugun aipatutako espedienteetako bederatzitan irizpideek ez dutela zalantzarako batere biderik ematen, hirutan hobeto definitu beharko lirateke.

– Espediente batean Laneko Segurtasun eta Osasun Plana 3 hilabeteko atzerapenez onartu zen, obrak abiarazten dituen zuinketa egiaztatzeko akta gauzatu ostean; horrek 1627/1997 EDren 7.2. artikulua urratzen du, zuinketa hori obrei hasiera eman aurretik onartuta izatera behartzen duena.

Eraikuntza-lanetan gutxieneko segurtasun eta osasun xedapenak ezartzen dituen urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretuak ezartzen duenaren arabera, obra hasi aurretik onetsi behar du segurtasun eta osasun plana obra egikaritzen den bitartean segurtasun eta osasun arloko koordinatzailea izango denak, eta Administrazio publikoen kasuan, obra esleitzen duenak, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailearen txostena jaso ondoren.

Horiek horrela, adierazi behar da Bilboko Hiri Trenbidearen 1. lerroko Urdulizko trenbide-pasagunea kentzeko lanak egiteari dagokionez, segurtasuneko eta osasuneko koordinatzaileak enpresa bakoitzeko Segurtasun eta osasun planari txostena egin ziola aldez aurretik, zuinketa-egiaztapenerako akta izenpetu eta lanak hasi baino lehenago. IV zk. eranskina txertatu da. Segurtasuneko eta osasuneko koordinatzaileak Segurtasun eta osasun planari egindako txostena).

– Eskaintzak baloratzeko prozedura hobetzeko, 31/2007 Legearen 19. artikuluan jasotako kontrataziorako printzipioak babesteko, komeniko litzateke pleguetan Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 150.2 artikuluak ezartzen duen prozedura sartzea. Era horretan, eskaintzaren prezioak ez luke inoiz eraginik izango balorazio teknikoan.

Honako hau dio Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 150.2 artikuluak, hirugarren paragrafoan:

«Eskaintzak ebaluatzeko –formulak aplikatuta kuantifikatzekoak diren irizpideen arabera ebaluatzeko, alegia–, lehenbizi, bestelako irizpideak ebaluatuko dira, eta ebaluazio horren berri idatziz jasoko da (.....)».

Epaitegiak zera dio bere txostenean: «Pleguetan 150.2 artikuluan ezarritako prozedura jasotzea komeniko litzateke»; goian jaso duguna, alegia. Hau da, lehenbizi eskaintza teknikoa baloratuko da, pleguetan jasotako irizpide subjektiboen arabera, eta eskaintza teknikoen balorazioaren emaitzak prest daudenean irekiko da dokumentazio ekonomikoa duen gutun-azala, edo formula ekonomikoak aplikatuta baloratu beharrekoa, batez ere, esleipenerako irizpide objektiboak aplikatzea eskatzen duena. Erakunde publiko honek irizpide subjektiboak eta objektiboak bananduta baloratzen direla bermatzen du, gutun-azal bereizietan aurkezten baitira irizpide batzuen eta besteen arabera baloratu beharreko dokumentazioak, eta horrelaxe egin zen ikuskaritzak aztertu duen ekitaldian ere, 31/2007 Legearen arabera tramitatzen diren espedienteei dagokienez.

Zatikatzea:

– Egindako gastuak –gehienak eskaintzak eskatu ondoren egin dira–, antzerako kontzeptuka taldekatu ondoren, dagozkien prozeduren bitartez lizitatu litezkeenak.

Kontratu horiek, gehienbat, geltokien mantentze- eta eraberritze-lanekin eta instalazio elektrikoen konponketa eta zaharberritze-lanekin lotutakoak dira; erakundeak duen mantentze-lanen kontratutik kanpo dauden ezusteko jarduketa zehatzen ondorioz gertatu dira, geltoki eta geralekuen elektrizitateko mantentze-zerbitzuaren arloan, iturgintzako, sarrailagintzako, arotz-lanen, aire-girotzearen, kristaldegiaren arloetako mantentze-lanen esparruan, eta guztiak tramitatu dira kontratu independente gisa esparru bakoitzean, publizitate, lehia, berdintasun eta gainerako printzipioak bermatuz.

Hala ere, kontuan hartuko dira eta baloratuko dira Kontuen Epaitegiak egindako oharpenak, tramitazioa indarrean dagoen araudiak ezarritako prozeduren bitartez egite aldera.

III.3.– 2015ean sinatutako hitzarmenak.

– Debako eta Zestoako Udalekin sinatutako hitzarmenen helburua udalerri bietan dauden tren-geltokietako eraikinen erabileraren lagapena egitea zen. Erregistratu gabe daude erabileraren lagapen horiek.

6/2004 Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, erakunde publikoak Euskadiko ondarearen barruan dagoen ondarea du; hor sartuko dira eraikiko dituen azpiegitura batzuk, aurrez atxikita zeudenak, bere helburuak betetzeko atxikiko diren ondasun higikorrak eta higiezinak, bai eta legeak esleitzen dizkion eginkizunak –zuzenean zein zeharka– betetzeko eskuratuko dituenak ere.

Erakunde publikoak ondasun horiek kudeatzeko, ondareari buruzko araudia aplikatuko zaio, eta erakundearen beraren organoek egingo dute kudeaketa-lan hori, legean bertan Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari ematen zaizkion eskumenei dagokienean izan ezik, trenbideen, ogasunaren eta ondarearen esparruetan eskumena duten sailek proposatuta Gobernuak emandako dekretuetan ezartzen den moduan.

6/2004 Legearen eta Euskadiko Ondarearen Legearen testu bategina onesten duen 2/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera erakunde publikoak dituen eskumenen kalterik gabe, adierazi behar da 6. artikuluan argi eta garbi adierazten dela, Euskadiko ondarearen barruan baldin badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokiola ondasun higiezinen jabetza, higiezinen eskubide errealen eta errentamendu-eskubideen titulartasuna eta gorputzik gabeko jabetza-eskubideen titulartasuna, horien erabiltzaile, sortzaile edo eskuratzaile edozein erakunde dela ere.

Behin erakunde publikoa sortu ondoren, ekainaren 6ko 118/2006 Dekretu bidez Eusko Trenbideak SA.ren kapitala hainbat ekarpen itzuliz gutxitzea baimendu zen, eta lehendik zeuden trenbide-azpiegituren administrazioa Euskal Trenbide Sareari atxikitzea eta agintzea. Erakunde publikoak dekretu haren bitartez atxiki zitzaizkion ondasunak ditu eta, halaber, adierazi behar da ez dela erakunde publiko honen eskumena horiek erregistroan inskribatzea, baizik eta Administrazio Orokorrari dagokiola.

Hori esanda, esan behar da, baita ere, beharrezkoa den arren ondasun bat immatrikulatzea haren aldi baterako lagapena erregistratzeko –esan behar da, bide batez, bost urterako lagapena dela–, hori ez dela nahitaezkoa.

BOTO PARTIKULARRA, HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIKO KIDE DEN TERESA CRESPO DEL CAMPO ANDREAK EUSKAL TRENBIDE SAREA ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOAREN 2015EKO EKITALDIARI DAGOKION FISKALIZAZIO-TXOSTENARI JARRITAKOA

Boto partikular hau jaulki dut errespetu osoz Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren 2015eko ekitaldiari dagokion fiskalizazio-txostenaren edukiarekiko desadostasuna adierazteko, ondotik azaldutako zioengatik; txostena HKEEko Osoko bilkurako kideen gehiengoz onartu zen 2017ko otsailaren 27an egindako bilkuran.

A) Alegazioetarako behin-behineko txostena igorri aurrean ondotik adierazitako paragrafoa kentzeko erabakia hartu zen, garatutako landa-lanean euskarritua zegoena:

2015ean ETSk kontratu mugagabearekin 8 langile kontratatu ditu; ordea, 2015eko urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 36/2014 Legearen 21. artikuluak langile berriak kontratatzeko debekua ezartzen du, nola eta ez den lehenagoko ekitaldietako Enplegu Publikoen Eskaintzei dagozkien hautaketa prozesuak egikaritzetik eratorri».

2015eko urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 36/2014 Legearen 20.Bat.g) artikuluak berariaz jasotzen ditu bere eragin-esparruan estatuko, erkidegoko eta tokiko sektore publikoko enpresa erakunde publikoak eta gainerako organismo publiko eta erakundeak, artikulu honetan eta hurrengoan xedatutako ondorioetarako.

Lege horretako 21.Bat artikuluak agintzen du 2015eko ekitaldian ez dela langileria berririk kontratatuko 20. artikuluan mugatutako sektore publikoan, nola eta ez den lehenagoko ekitaldietako Enplegu Publikoen Eskaintzei dagozkien hautaketa prozesuak egikaritzetik eratorri. Eta zazpigarren atalak argi esaten du atal horrek oinarrizko izaera duela.

Epaitegi honek 2015 aurretik jaulkitako fiskalizazio-txostenetan, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko legeen oinarrizko xedapenak urratuta langileria kontratatu dela egiaztatu denetan (kasu jakin honetarako ikus EAEko zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen kontuen 2011ko, 2012ko eta 2014ko fiskalizazio-txostenak), dagokion lege-haustea adierazi da. Gogoan hartuta, arestian adierazi dudan legez, txosten honetarako garatutako landa lanean ere jasoa zegoela eta azken urteotako, 2015 barne, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko legeen edukiak auzi honekiko aldaketarik batere ez duela izan, ez dago, ene iritzira, aurrez transkribatu dudan paragrafoa txostenean ez barne hartzeko inongo arrazoirik.

Are gehiago, gaurdaino izan diren erabaki judizialek garbi asko adierazten dute erkidegoko sektore publikoari osotasunean Estatuko aurrekontu-legeen oinarrizko xedapenak aplikatu behar zaizkiola. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoen esparruan bertan aitortzen da aplikazio hori. Honela, bada, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak 2015eko otsailaren 23an hartutako erabaki bidez (2015eko martxoaren 3ko EHAA) berariaz adierazi du Osakidetzaren 2015. urterako lan-eskaintza publikoa egiteko ekitaldi horretarako lan-eskaintza publikoaren arloan oinarrizko arau gisa ezarritako langileen berritze-tasaren ehuneko muga aplikatu behar dela, 2015. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 36/2014 Legeari jarraikiz.

Ene ustez ez dago inongo zalantzarik ETSri 2015. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 36/2014 Legearen 21.Bat artikuluan xedatutakoa ezartzeari dagokionez, estatuko, erkidegoko edo tokiko sektore publikoko bestelako zeinahi erakunde publikori bezalaxe.

Honegatik guztiagatik, aurrez transkribatutako paragrafoa txostenean legezkotasunari buruzko iritzian salbuespen modura jaso behar litzatekeela uste dut.

B) Bestetik, txostenak legezkotasunaren salbuespenetarik lehenengoan ez ditu ofimatikari dagozkion gastuak barne hartu, zuzenean esleitu zirenak eta 52.418 euro egin zituenak; horrek, bada, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 191. artikuluan aurreikusitako zenbatekoa gainditzen du, zeinak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen, eta zeinari salbuespenean bertan erreferentzia egiten zaion.

Berebat, txostenak ez du kontratazioari dagokion beste irizpen hau ere barne hartzen:

«Sozietatearen Kontrataziorako Barne Aginpideek eskaintza bakarra eskatzeko beharra arautzen dute 50.000 eurotik beherako kontratuetan obretarako, eta 18.000 eurotik beherakoetan gainerako kasuetarako; honenbestez, ez dira bermatzen erregulazio harmonizatuari lotzen ez zaizkion kontratuak arautzen dituen SPKLTBren 191.b) artikuluan agindutako printzipioak. Orobat, Kontrataziorako Barne Aginpideek ez dute publikotasunik eskatzen 120.000 euro baino kontratu txikiagoetan; ordea, SPKLTBren 191. artikuluko c) letrak 50.000 euroan ezartzen du kontratuaren lizitazioa kontratatzailearen profilean argitara eman behar izateko muga».

Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 191.a) artikuluari jarraikiz, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duena eta administrazio publiko izaera ez duten botere esleitzaileen kasuan erregulazio harmonizatuari lotzen ez zaizkion kontratuen esleipenean ezargarria dena (honako kasu honetan bezala), «esleipena, kasu guztietan, publikotasun, lehia, gardentasun eta ez bazterkeria printzipioetara meneratuko da». Gainera, artikulu bereko c) letrak dio «publikotasun-printzipiotik eratorritako eskakizunak bete direla ulertuko da 50.000 euroak gainditzen dituzten kontratuen lizitazioari buruzko informazioa erakundearen kontratugilearen profilean txertatzen bada, Kontrataziorako Barne Aginpideek bestelako hedapen-moldeak bideratzea eragotzi gabe, alternatiboak edo osagarriak».

Argiak dira, ene ustez, aipatutako artikuluan jasotako eskakizunak, ETSn betetzen ez direnak. Hala jaso da inguruabar hori gertatu denean epaitegi honek 2015era arte jaulki dituen txostenetan eta honenbestez, legezkotasunaren lehenengo salbuespenean ofimatikako gastuak barne hartu behar liratekeela uste dut eta ondorioz, kopuruak 191.609 eurorena behar luke izan, 139.191 eurorena beharrean; halaber, txosteneko irizpenetan barne hartu behar litzateke arestian transkribatu dudan paragrafoa, jaso ez dena.


Azterketa dokumentala