Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2017ko abuztuaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3920

AGINDUA, 2017ko uztailaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, Bilboko udalerrian (Bizkaia) Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimendu bat ireki eta jardunean jartzeko baimena emateko dena.

«Asociación de Federaciones Deportivas de Bizkaia (ASFEDEBI)» erakundearen ordezkariak aurkeztutako eskaera aztertu da, zeinaren bidez baimena eskatzen den Bilboko udalerrian (Bizkaia) saskibaloi-modalitateko kirol-irakaskuntzak emateko ikastetxe bat ireki eta jardunean jartzeko.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: urriaren 24ko 1367/2007 Errege Dekretua, araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena (azaroaren 8ko BOE); urriaren 30eko 980/2015 Errege Dekretua, saskibaloiko kirol-teknikariaren titulua ezarri, eta dagozkion oinarrizko curriculuma eta sarbide-baldintzak finkatzen dituena, eta atletismoko kirol-teknikariaren titulua ezarri eta dagozkion gutxieneko irakaskuntzak eta sarbide-baldintzak ezartzen dituen irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretua aldatzen duena (azaroaren 25eko BOE); urriaren 30eko 982/2015 Errege Dekretua, saskibaloiko goi-mailako kirol-teknikariaren titulua ezarri, eta dagozkion oinarrizko curriculuma eta sarbide-baldintzak finkatzen dituena (azaroaren 26ko BOE), eta gai horretan aplikatu beharreko indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau:

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematen da jarraian zehazten den ikastetxe pribatua ireki eta jardunean jartzeko 2017-2018 ikasturtetik aurrera:

Kode-zenbakia: 48019390.

Izen generikoa: Kirol Irakaskuntzako Ikastetxe Baimendua.

Izen espezifikoa: «Kirol-teknikarien eskola ASFEDEBI».

Titularra: Asociación de Federaciones Deportivas de Bizkaia (ASFEDEBI).

Helbidea: Martín Barua Picaza kalea, 27.

Udalerria: Bilbao.

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Baimentzen diren irakaskuntzak:

– Kirol-irakaskuntzak:

● Modalitatea: Saskibaloia: Espezialitatea: Saskibaloia.

○ Erdi-maila: 2 talde, bakoitza 20 ikaspostuko edukierakoa.

○ Goi-maila: 2 talde, bakoitza 20 ikaspostuko edukierakoa.

2. artikulua.– Ikastetxeak indarrean dauden legeak bete beharko ditu, agindu honen bidez baimentzen zaizkion iraskuntzak emateko eskatzen diren ikaspostuen kopuruari eta irakasleen titulazioari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak bete egin beharko ditu dagokion araudian segurtasun eta erantzukizunaren alorrean eta irakaskuntzarako kirol-ekipamenduaren alorrean ezarritako baldintzak. Baldintza horiek bete ezik, horren erantzukizuna ikastetxearen titularrarena izango da.

4. artikulua.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 23. artikuluaren arabera, emandako baimena baliogabetu egingo da, ikastetxeak baimena emateko indarreko araudian ezarritako gutxieneko baldintzaren bat betetzen ez duenean.

5. artikulua.– Ikastetxeak NBE CPI/96 Eraikuntzako Oinarrizko Araua bete beharko du, suteen aurka babesteko eraikinek bete beharreko baldintzei buruzkoa (urriaren 4ko 2177/1996 Errege Dekretuak onartua), bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere.

6. artikulua.– Indarrean dauden legeak betetzera beharturik gelditzen da ikastetxea, eta agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, dagokion berrikusketa eskatzera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epearen barruan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala