Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2017ko abuztuaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3898

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten baita honako proiektu honen gainean: Bilboko (Bizkaia) Zorrotzaurreko eremu mistoaren 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektua, Zorrotzaurreko (Bilbo) 1. EUko Itun Batzarrak sustatua.

AURREKARIAK

2016ko uztailaren 27an, Bilboko gobernu-batzarrak jendaurrera zabaldu zuen, Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Zorrotzaurreko eremu mistoaren 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektua (hemendik aurrera urbanizazio-proiektua), Zorrotzaurreko 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen Itun Batzarrak sustatuta. Horrekin batera, ingurumen-inpaktuaren azterketa ere jarri zuen jendaurrean, egokitzat jotako alegazioak aurkez zitezen. Horretarako, dagokion iragarkia argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, 2016ko uztailaren 29an.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, zenbait alegazio jaso dira; horiek edukia espedientean jasota dago. Alegazio horietan, hirigintzarekin lotutako gaiez gain, uholde-arriskugarritasunari, ondare- eta historia-balioko zenbait elementuren babesari, atmosferaren kutsadurari eta bide berriek eragingo dituzten zaratei buruzko gaiak ere agertu dira. Sustatzaileak alegazio horietako ingurumen-edukia kontuan hartu du eta zenbait jarduketa proposatu ditu horren harira.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Bilboko Udalak, 2016ko abuztuaren 26an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Ildo horretan, organo substantiboak adierazi du eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitza ez dela izan garrantzitsua prestatutako ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatzeari dagokionez.

2017ko ekainaren 27an, Bilboko Udalak urbanizazio-proiektuaren sustatzailearen kultura-ondareari buruzko txosten bat bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, eta, horrela, osatuta geratu zen Zorrotzaurreko eremu mistoaren 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan ezarritakoa betez.

Eskaerak dokumentazio hau hartzen du barne:

– Proiektuaren dokumentu teknikoak.

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2017ko urtarrilekoa.

– Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ebazpen honen xede den proiektua arau horren I.B) eranskinaren 21 epigrafean dago sartuta. Bestalde, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Bilboko Udalak, organo substantibo gisa, hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako proiektu honen ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena egitea: Zorrotzaurreko eremu mistoaren 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektua, Zorrotzaurreko 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen Itun Batzarrak sustatua.

Zorrotzaurreko eremu mistoaren 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektuak 389.995 m2ko azalera hartzen du, eta Deustuko kanalaren eskuin bazter osoa eta etorkizuneko irlaren ipar- eta hego-muturrak hartzen ditu.

195.000 m3 lur hondeatu beharko direla estimatzen da, eta horietatik 55.000 m3 inguru berrerabili egingo dira, eta gainerakoa, 140.000 m3 inguru, zabortegira eramango dira. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, 300.000 m3 inguru gehiago beharko dira eraikiko diren aldapa berrien bidez uholde-arriskugarritasunik izango ez dela bermatzeko.

Urbanizazio-proiektua bi eraikuntza-proiektuk osatzen dute:

– Zorrotzaurreko 1. egikaritze-unitatearen espazio libreen urbanizazio-proiektua.

– Zorrotzaurreko eremu mistoaren 1. jarduera integratuaren 1. egikaritze-unitatearen urbanizazio-proiektua.

Proiektuaren xede den eremuan, berau behar bezala koordinatzeko, kanalaren irekieraren eta Deustu eta San Inazio auzoak irlarekin lotzeko zubien eraikuntza-proiektuei dagozkien erabaki urbanistikoak, eraikuntzazkoak eta formalak integratzen dira; proiektu horiek ez dira ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honen xede.

Urbanizazio-proiektua hiru fasetan zatitu da, eta horietako bakoitza modu independentean gauzatu ahalko da:

– Eskuin bazterreko proiektua: urbanizazioa hiru gunetan zatitu da (San Inazio, Enekuri, Euskaldunako biribilgunea). Eraikin berriak egingo dira eta, haiei lotutako zerbitzu eta instalazioak dituzten partzela berriak sortuko dira, bideak eta espaloiak aldatuko dira, kale berriak eraikiko dira, espazio libre berriak sortuko dira, eta abar.

– Deustuko erriberako proiektua: 720 etxebizitza berri, hirugarren-mailako erabilerarako eraikinak, kirol-guneak, espazio libreak, bideak, aparkalekuak, oinezkoen guneak eraiki nahi dira.

– Zorrotzaurreko erriberako proiektua: 2046 etxebizitza berri, merkataritza-azalerak, ekipamenduak, San Inazio zubia, bideak, espazio libreak, eta abar eraiki nahi dira.

Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

A.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren mende.

B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C. Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Urbanizazio-proiektu baten ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ondorioetarako, kontuan hartu behar dira aurreikusitako urbanizazioa gauzatzeko jarduketa guztiak. Horren ondorioz, urbanizazio-proiektuak ingurunean izan dezakeen inpaktua balioesteko garaian, ez da soilik proiektuaren jarduera-esparrua izan behar kontuan, baizik eta harekin lotuta dauden eta saihestezinak diren jarduketa guztiak, hala nola lur-mugitzeak, eraisteak eta abar.

Bestalde, urbanizazio-proiektu honen ingurumen-inpaktuaren azterketan honako egoera hauek nabarmendu daitezke:

C.1.– Proiektuaren eremuak badu presio antropogenikoa jasan duen gune bat eta baditu zenbait partzela, irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan sartuak daudenak (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko dekretua).

C.2.– Proiektuaren esparrua Babes Akustiko Bereziaren eremu (BABE) batean dago, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluarekin bat etorriz; BABE horrek badu dagokion Zonako Plana (aipatutako dekretuaren 47. artikuluan adierazitakoa).

C.3.– Uholde-arriskugarritasunari dagokionez, proiektuaren jarduera-esparrua bat dator lehentasunezko fluxu-gune batekin, EAEko arriskugarritasun- eta arrisku-mapen arabera, eta ia azalera osoan 100 urteko edo gehiagoko errepikatze-denbora dago. Horrenbestez, gune batzuetan malda handitzea erabaki da proiektuan, azalera osoa uholde-arriskugarritasunaren laminatik at gera dadin.

C.4.– Proiektua gauzatzeko beharrezko jarduketen eragin-esparruan, Kalifikatutako Kultura Ondasunaren Erroldan edo Euskal Ondarearen Inbentario Orokorrean inskribatzeko proposatutako hainbat kultura-ondareko elementu daude; halaber, badira udalerri-mailako zaintzarako proposatutako beste zenbait ondasun ere.

D.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Bilboko Udalak Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile-kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

D.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egingo dira. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

D.1.2.– Azkenean kontserbatzea erabaki den zuhaitz-aleren bat baldin badago, zuhaitz horiek behar bezala babestuko dira, obrek iraun artean haien sustrai-sistemek kolperik eta kalterik jasan ez dezaten. Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako bigarren ataleko D.10 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

D.1.3.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako bigarren ataleko D.10 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.4.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzeko, eta hauek ere sartuko dira: obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua.

Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio-eremuak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak arras txikiagotzeko.

Era berean, obrak hasi aurretik, xehetasun-kartografia bidez zehatz-mehatz mugatuko dira gune horiek guztiak, eta kontratistaren instalazio-eremuen ezaugarriak zehaztuko dira. Obraren Zuzendaritzak onartuko ditu aurreko horiek, ebazpen honetako bigarren ataleko D.10 puntuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Ebazpen honen bigarren ataleko D.11 puntuko lan-programan zehaztu beharko dira instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak.

D.1.5.– Cortaderia selloana, Fallopia japonica edo antzeko landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

D.1.6.– Zonako landaredi potentziala landatzea sustatuko da, eta landaredi aloktono inbaditzailea landatzea saihestuko da.

D.1.7.– Obra-faseak iraun bitartean, estuarioko ekosisteman gerta daitezkeen kalteak saihesteko beharrezko neurriak hartuko dira.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere hartu beharko dira obra-fasean:

D.2.1.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honetako bigarren ataleko D.11 puntuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.2.2.– Erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta lurzorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

D.2.3.– Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Ebazpen honetako bigarren ataleko D.11 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira, eta hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako bigarren ataleko D.6 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.4.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko da; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektua Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako zenbait lekutan garatzen da.

Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikulua betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen bidez araututako prozedurari jarraikiz.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aurreko artikuluan adierazita daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen da. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

Ildo horretan, sustatzaileak emandako informazioarekin bat etorriz, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten lurzoruen inbentarioan dauden proiektuaren esparruko lurzoru guztiak ikertzen ari dira, dagokien lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena eskuratzeko, eta izapidetzearen une desberdinetan daude.

Aurrekoarekin lotuta, urbanizazio-obrak –baita indusketa-lanak ere, horien barruan baitaude– lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerei egokituko zaiela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-isuriak murrizteko neurriak.

D.4.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.4.2.– Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honetako bigarren ataleko D.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.5.– Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorrari, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, zarata egiten den ordu-kopurua murrizteari, obretan erabilitako tresnak egiten duten zarata kontrolatzeari, eta abar.

D.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.5.4.– Jarduera-esparrua Babes Akustiko Bereziko Eremu batean dago, eta, horrenbestez, badu Zonako Babes Akustikoko Plan bat du. Plan horretan, kutsadura akustikoa murrizteko neurriak daude, baina neurri horiek ez dira nahikoak kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburu-balioak betetzeko; beraz, neurri osagarriak hartu behar dira (etxebizitzetarako isolatze akustikorako azterlan espezifikoak eta abar), behintzat eraikinen barrualdeko kalitate akustikoaren helburu-balioak betetzeko (urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 47. artikuluari jarraikiz).

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea horiek balorizatzea. Behar bezala egiaztatu beharko da hori horrela dela.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak Dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako bigarren ataleko D.11 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), obra horietarako eraikitze-material gisa zuzentzen badira, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta indusketaren soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako edukigailuak edo ontziak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.6.– Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Zorrotzaurreko espazioaren urbanizazio efektiboa helburutzat duen urbanizazio-proiektu hau gauzatzeko beharrezkoa den edozein jarduketa egiteko garaian, alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

D.7.1.– 2017ko ekainaren 16ko Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean adierazitako esku-hartzearen irizpideak hartuko dira erreferentziatzat, txosten horretan adierazitako interes kulturaleko elementuentzako.

D.7.2.– Aurreko lerrokadan aipatutako txostenari dagokionez, ingurumen-azterketarako aurkeztutako dokumentazioan, sustatzaileak zera adierazten du: «urbanizazio-lanek ez dute Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenean adierazitako eraikinetan inolako eraginik, ez positiborik ez negatiborik» eta eraikin horiek «Zorrotzaurreko Hiri-Antolamenduaren Plan Berezian hiri-antolamenduaren barneko eraikin gisa daude jasota; beraz, bere horretan mantendu behar dira».

Kultura-ondareari buruzko txosten horretan ageri diren eta eraikinak ez diren beste zenbait elementuri dagokienez (jarduera-eremuan dauden balizak, ontziralekuak eta mutiloiak), sustatzaileak adierazten duen bezala, mantendu egin behar dira.

Azkenik, sustatzaileak adierazten du zonalde horretako industria- eta portu-iragana errespetatuko dela, eta, horretarako, antzinako portu-garabien erreiak mantenduko direla eta jada existitzen diren zolarrien ezaugarri bereko hormigoizko zolarriez berreraikiko dela zoladura.

D.7.3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Obrak integratzeko eta leheneratzeko neurriak.

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-leheneratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta lorategi-elementuen birjarpena ere.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak leheneratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

D.8.3.– Landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

D.8.4.– Leheneratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Egin daitezkeen errausketatik, kofratuak kentzetik, edo, oro har, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kenduko dira, eta Ebazpen honetako bigarren ataleko D.6 puntuan xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.

D.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

D.11.– Lan-programa diseinatzea.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E.– Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatu aldaketak.

E.2.– Obrak hartzen duen eremuaren mugak kontrolatzea.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa hartuko.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, bigarren ataleko D.10 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

E.4.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako azaleren leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua.

Inguruena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitiren ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak bilduko ditu datuak euskarri egoki batean, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.

F.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G.– Ebazpen honen aurreko ataletan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Aipatuko diren agiriak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak amaitzen direnean zenbatzen hasita, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honetako bigarren ataleko D.6 puntuan adierazitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnean zenbatzen hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen bigarren ataleko E.1 puntuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasi sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Laugarrena.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala