Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2017ko uztailaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3767

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 18koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinen bidez Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Masterra egiteko laguntzak emateko modua arautzen eta deialdia egiten baita 2017-2018 ikasturterako.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna ezinbestekoa da emakumeen aurkako indarkeria –berdintasun ezaren adierazgarri larrienetako bat eta giza eskubideen urratze nabarmena– erabat ezabatzeko. Arazo konplexua da, eta gizartetik guztiz ezabatzeko nahitaezkoa da koordinaturik jardutea indarkeria-egoerak, haien kausak eta indarkeria darabiltenen jarrerak prebenitzeko neurriak ikertzen, profesionalak trebatzen eta laguntza-eta harrera-zerbitzuak biktimen beharrizanetara egokitzen.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 53.2 artikuluan ezartzen denez, «Euskal herri-administrazioek, betiere, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta ezabatzen eta biktimak zaintzen eta haiei laguntzen diharduten erakunde pribatuetako langileek prestakuntza jaso dezaten lagunduko dute».

Horregatik, Emakundek, Deustuko Unibertsitatearekin koordinaturik, Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Aditu eta Master ikastaroaren lehen edizioa kofinantzatu zuen 2003. urteko jarduketa planaren barruan.

Lehendakariaren azaroaren 16ko 24/2016 Dekretuan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu ziren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren. Dekretu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzentzea eta koordinatzea.

Ezarritako lankidetza-ildoarekin jarraituz, Deustuko Unibertsitateak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak premia ikusi dute emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzen lagunduko duten neurriak bilatzeko eta marko berri bat ezartzeko. Marko berri horrek ahalbidetuko du, batetik, hasitako prestakuntza-esperientziarekin jarraitzea, eta, bestetik, laguntza-deialdi publiko hau egitea, 2017-2018 ikasturterako, hain zuzen ere Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Master Ofizialaren edizio hau finantzatzeko, eta, hartara, langile espezializatuaren prestakuntzaren alde egiteko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eremua eta xedea.

Ebazpen honen xedea da Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala egiteko laguntzen deialdia egitea. Masterra Deustuko Unibertsitatean emango da, 2017-2018 ikasturtean. Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala 60 ECTS (Europako kredituak) dituen master ofiziala da, eta bost modulutan egituratzen da:

I. modulua: Gizarte mailako eta diziplina arteko esku hartzea.

II. modulua: Esku-hartze sozialerako tresna profesional espezifikoak.

III. modulua: Genero-indarkerian eta etxeko indarkerian esku hartzea.

IV. modulua: Kanpoko praktikaldiak.

V. modulua: Masterreko amaierako lana.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontuko kredituetatik etorriko dira aurreko artikuluan ezarritako xederako erabiliko diren diru-baliabideak, eta, guztira, hogeita sei mila berrehun eta berrogeita lau (26.244) euro dira.

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, eta lehentasunaren araberako hurrenkeran jarriko dira, 10. artikuluan finkatutako esleitze-irizpideen arabera. Puntu gehien lortzen dituzten eskaerei bakarrik esleituko zaizkie diru-laguntzak.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Onuradunak hamabost (15) izango dira, gehienez.

2.– Betekizun orokor hauek betetzen dituzten pertsonek eska ditzakete laguntzak:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan eduki behar da, laguntza eskatu baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b) Emakumeen aurkako Indarkerian Esku Hartzeari buruzko Unibertsitate Master Ofizialean onartutakoen artean izatea.

3.– Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko trebakuntza jaso duten pertsonek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, baldin eta trebakuntza hori herri-administrazio batek finantzatu badu eta 150 ordukoa edo gehiagokoa izan bada.

4.– Ezingo dira izan ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun diru-laguntza bat itzultzeko edo hargatik zehapena ezartzeko prozedura batean sartuta daudenak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den halako prozedura batean sartuta daudenak.

5.– Pertsona eskatzaileek bete beharko dituzte Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak. Bereziki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eta, era berean, diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa-egunean egotea.

5. artikulua.– Laguntzak baliabide elektronikoz izapidetzea.

1.– Prozedura honetako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskaerak egiteko, interesdunek baliabide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak –bai aurrez aurre, bai bide elektronikoz– honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/2017/deustuko-masterra/y22-izapide/eu

4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, egoitza elektroniko hau erabili ahal izango da: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2017ko irailaren 29an amaituko da.

2.– Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkez daitezke honako leku hauetan: herritarrei arreta emateko bulegoetan, Zuzenean Zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia kalea 13, 20003 Donostia; Ramiro de Maeztu kalia 10, 01008 Vitoria-Gasteiz); Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Erregistro Nagusian (Manuel Iradier 36, Vitoria-Gasteiz); edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan.

Eskabide-eredua eta gainerako dokumentazioa euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira.

3.– Interesdunek beraiek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen ziurtagiriak Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzea.

5.– Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

7. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskatzaileak aukera izango du berariaz onartzeko organo kudeatzaileak agiriak partez eskuratzea edo egiaztatzea, nahiz aurrez aurreko bidea nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean. Horrek ez du eragotziko Administrazio Publikoak egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bigarren azken xedapenarekin bat etorriz.

2.– Laguntza-eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntza eskatzen den prestakuntza-arloan (aukera-berdintasuna, emakumeen kontrako indarkeria, etab.) eskatzaileak duen esperientzia egiaztatzea. Horretarako, eransten den Curriculum Vitae-ren eredu laburra erabiliko da.

b) Eskatzaileak genero-indarkeriako esku-hartzearen arloan prestakuntza jasotzeko zer nolako interesa duen azaltzea. Horretarako, eskuz idatzitako azalpen memoria bat aurkeztu beharko du.

c) Deustuko Unibertsitatean masterra egiteko onartua izana egiaztatzea, hori izan ezean, onarpen-eskabidearen kopia.

d) Nortasun agiri nazionala, pasaportea edo pertsona fisikoaren nortasuna egiaztatzen duen antzeko dokumentua.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea ziurtatzen duen egiaztagiria.

3.– Eskakizunak egiaztatzeko modua helbide elektroniko honetan zehaztuko da: https://www.euskadi.eus/2017/deustuko-masterra/y22-izapide/eu

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua betetze aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu ahal izango da obligazio hauek betetzen direla:

a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

b) Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

c) Egiaztatu egin beharko du, halaber, ez duela administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egitegatik, eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, ez zaiela horrelako debekurik ezarri.

d) Egiazkoak direla eskabidean eta erantsitako agirietan jasotako datuak.

e) Eskatzaileak betetzen dituela indarrean dagoen legedian laguntza hauen onuradun izateko ezarritako baldintza guztiak.

Laguntza emateko ebazpena hartu aurretik, egiaztatu egin behar dira aipatutako betekizun horiek, bai dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta, bai organo kudeatzaileari baimena emanda, zuzenean egiazta dezan. Hori guztia, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

5.– Erantzukizunezko adierazpenarekin batera doan edo aurkezten den edozein datu, adierazpen edo agiritan oinarrizko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioa atzemanez gero, galdu egingo da prozeduran jarraitzeko aukera, horren berri dagoen momentutik, alde batera utzi gabe gerta litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Halaber, gisa horretako egoera dagoela adierazten duen Administrazio Publikoaren ebazpen bidez, interesdunak dirua itzuli beharra duela adierazi ahal izango da, hala badagokio, eta denboraldi jakin batean ezin izango duela helburu bererako prozedura hasteko eskatu; hori guztia aplikatzekoak diren arauetan xedatutakoaren arabera.

6.– Beharrezko iritziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak egokitzat jotzen duen informazio osagarria eska dezake.

7.– Laguntza ukatuz gero, aurkeztutako agiriak berreskuratzeko epea hilabetekoa izango da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpena argitaratzen denetik aurrera, baldin eta ebazpen horren aurkako errekurtsorik jartzen ez bada. Izan ere, errekurtsoa jartzen bada, errekurtsoa ezesteko ebazpena jakinarazten denetik aurrera zenbatuko da epea.

8. artikulua.– Eskabideetan atzemandako akatsak zuzentzea.

Laguntzetarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak falta diren agiriak aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar egun balioduneko epea emango dio jakinarazpenaren egunaren biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; eskaera ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, hautaketa-batzorde bat eratuko da. Hona hemen kideak:

Presidentea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia, Zuriñe Elordi Romero andrea.

Bokalak:

– Rafael Junguitu Uribe jauna, Administrazio eta Zerbitzu Arloko arduraduna.

– Socorro Álvarez Fernández andrea, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzearen Arloko arduraduna.

– Izaskun Fernández Otegi andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

– Sorne Etxebarria Arrien andrea, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzearen Arloko teknikaria.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduradunak beteko du eginkizun hori.

2.– Batzordeak elkarrizketak egin ditzake hautagaiekin, bai agiriei buruzko zalantzak argitzeko, bai eskabideko datuetan sakontzeko.

10. artikulua.– Laguntzak esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzak emateko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

a) Unibertsitateko prestakuntza masterraren edukietara egokitzea. Gehienez, 20 puntu.

b) Curriculumaz kanpoko prestakuntza osagarria. Gehienez, 20 puntu.

c) Arlo akademikoan egindako lanak: irakaskuntzan laguntzea, ikerlanak, etab. Gehienez, 10 puntu.

d) Boluntario zein profesional gisa egindako lanak. Gehienez, 20 puntu.

e) Beste hizkuntza batzuk jakitea. Gehienez, 10 puntu.

f) Masterra egiteko arrazoi eta zio pertsonalak. Gehienez, 20 puntu.

11. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoak matrikulak duen kostuaren zati bat beteko du, 2017-2018 ikasturtean, eta, gutxienez, mila zazpiehun eta berrogeita bederatzi euro eta hirurogei zentimo (1.749,60).

Onuradunak gutxiago baldin badira ebazpen honen 4.1 artikuluan aurreikusten den gehienezko onuradun kopurua –hamabost– baino, dotazio-soberakina onuradunen artean banatuko da modu proportzionalean, harik eta aurrekontu dotazioa agortu arte. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu matrikula-kostuaren % 100.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, baldin eta gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da diru-laguntza.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideei jarraituz; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia emango du, zeinaren bidez lehiaketa-prozesua amaituko baita eta diru-laguntza nori eman eta nori ukatu zaion adieraziko.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, herritar orok horren berri izan dezan. Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, hala ezarrita baitago uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzekoa).

2.– Ebazpen honen babesean egindako eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Prozedurari amaiera emateko ebazpenean, pertsona onuradunen zerrenda jasotzeaz gain, ordezkoen zerrenda ere jasoko da, dagokien hurrenkeraren arabera, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek beteko dituzte Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta bereziki hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Ildo horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Alta emanda egotea Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Betekizun hori bete behar da, deialdia ebazteko eta ordainketak egin ahal izateko, laguntza ematearen aldeko ebazpena izanez gero. Alta emanda egoteko inprimakiak eskuratzeko helbidea hau da: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

c) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, eta, halaber, diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu behar dute.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan ezarritakoa betez, obligazioak betetzea (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutako testu bategina).

f) Ebazpen honetan jasotzen dena betetzea.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza zatika ordainduko da, bi alditan. Lehenik, emandako diru-laguntzaren % 75, 14.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, eta berariaz uko egiten ez bada. Ondoren, gainerako % 25 ordainduko da, zehazki onuradunak ikasturtearen lehen seihilekoan zer nolako asistentzia eta aprobetxamendua izan duen azaltzen duen Deustuko Unibertsitatearen jarraipen-txostena helarazi eta gero.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari jakinarazi beharko zaio Diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatuz gero (baldin eta diru-laguntzaren helburua bete bada) edo beste edozein erakunde publikok edo pribatuk laguntzarik edo diru-laguntzarik emanez gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu daiteke, pertsona interesdunei aldez aurretik entzun ostean.

2.– Ebazpen honetako 15. artikuluan aipatutako txostena edo, hala badagokio, artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutako dokumentazioa jaso ondoren, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Ebazpen horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3, 46.1 eta 46.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa betez eta, bereziki, justifikaziorik gabe masterreko eskoletara joateari utzi zaiola edo masterra bertan behera utzi dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan hartutako ekintza eta egoerak.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez direla eta, emandako diru-laguntza ezeztatu eta, hala badagokio, diru-laguntza itzultzeko jarraituko den prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari lotuko zaio. Dekretu horrek honako hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat joz gero, alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, hala ezarrita baitago uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzekoa).

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hilabeteko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, gehienez ere.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi horrek «Bekak, Laguntzak eta Diru-laguntzak» du izena. Fitxategi hori otsailaren 25eko 8/2016 Dekretuan araututa dago, hain zuzen ere, Lehendakaritzaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunde autonomoaren, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena, eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago.

Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko bakarrik erabiliko da fitxategi hau. Hala nahi dutenek, legeak aurreikusten dituen eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, hala xedatuta baitago uztailaren 13ko 13/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzekoa).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 18a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala