Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2017ko uztailaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3705

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 10ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez zabaltzen baita erakunde eta enpresetarako deialdia «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbao, 2016-2017) delakoaren esparruan praktiketako pertsonak har ditzaten. Ikastaro hori Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu du.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2016ko ekainaren 15eko Ebazpenaren bidez iragarri zen «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbao, 2016-2017) egiteko deialdia. Ikastaro hori Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu zuen (2016ko ekainaren 24ko EHAA, 120. zk.).

Ikastaro horren egituraren arabera, azken 8 urteetan hirigintza-alorrean 48 praktika-ordu baino gutxiago izan dituzten ikasleek 300 orduko praktikaldia izan dezakete, hautazkoa, erakundeetan edo enpresetan, baina praktikaldi hori ez da nahitaezkoa izango «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» delakoko «Hirigintza Diploma» lortzeko.

Ikastaroan zehar jasotako ikaskuntza teoriko-praktikoa osatzeko xedea dauka praktikaldi horrek; beraz, gaikuntza eta trebetasun praktikoak eskuratzeko aukera ematen zaie praktika horiek egiten dituzten pertsonei, ikastaroaren edukien eremuan, erakundeetako eta enpresetako lan profesionaletan lagunduta.

Hirigintzaren eta lurralde- eta hiri-ikasketen eremuan, are nabarmenagoa da prestakuntza praktikoaren beharra, eremu konplexua izateaz gain, guztiz zeharkako gaia baita enpresa askoren jardueran, eta, zalantzarik gabe, administrazio publikoen jardueran.

Praktikaldian dauden pertsonak hartuta, erakunde edo enpresa hauek erakusten duten lankidetzak gizarte-balio handia ematen die beren ekimenari; horrela, guztien ahalegina batuta, kalitatea eta prestakuntza praktikoa emango diete hirigintzako etorkizuneko profesionalei.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Erakunde eta enpresetarako deialdia zabaltzea, «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbao, 2016-2017) delakoaren esparruan praktiketako pertsonak har ditzaten. Ikastaro hori Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraituz, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edo, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 10a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
«HIRIGINTZAKO XLII. (42) IKASTAROA» (BILBAO, 2016-2017) DELAKOAREN ESPARRUAN, ERAKUNDEEK ETA ENPRESEK PRAKTIKETAKO PERTSONAK HARTZEKO DEIALDIA IRAGARTZEKO EBAZPENARENA. IKASTARO HORI HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN (IVAP) MENDEKO LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK (LHIEE) ANTOLATU DU.
OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen helburua da, batetik, erakundeentzako eta enpresentzako deialdia zabaltzea «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbao, 2016-2017) delakoaren esparruan praktiketako pertsonak har ditzaten (ikastaro hori Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu du, 2016-2017 ikasturterako), eta, bestetik, praktika horien ezaugarrien berri eta praktika horien esparruaren berri ematea erakundeei eta enpresei, praktikaldiak formalizatzeko eta garatzeko oinarriak ezartzearekin batera.

Bigarrena.– Praktika profesionalen ezaugarriak.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2016ko ekainaren 15eko Ebazpenak ezartzen du, ikastaroaren egituran, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) 2016-2017 ikasturterako antolatu duen «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbao, 2016-2017) delakoaren praktikaldia (2016ko ekainaren 24ko EHAA, 120. zk.).

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez arautua dago praktikaldi hori, hain zuzen ere, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) 2016-2017 ikasturterako antolatu duen «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbao, 2016-2017) delakoaren ikasleentzat erakunde edo enpresetan diruz lagundutako praktikak arautzeko eta iragartzeko ebazpenaren bidez.

Lanbide-praktika horiek ez dira nahitaezkoak, borondatezkoak baizik, eta ezaugarri hauek dituzte:

a) «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (700 orduko iraupena) delakoaren ikasleei zuzenduta daude, eta Lurralde eta Herri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatzen ditu 2016-2017 ikasturterako. Parte hartzeko, ikasleek baldintza hauek bete behar dituzte: sei eskola-moduluak gainditu izana, eskola-modulu horietako banakako eta taldeko lanak egin izana, eta horiei guztiei dagozkien azterketak gainditu izana.

b) Ikasleek, praktikak eskatu eta egin ahal izateko, lanbide-esperientziarik gabekoak izan behar dute, edo, gehienez ere, hirigintza-arloko 48 hilabete baino gutxiagoko praktika izan behar dute azken 8 urteetan.

c) Praktikaldia 300 ordukoa da, eta urte honetako azken hiruhilekoan egingo dira, LHIEEk eta praktikak egingo diren erakundeak/enpresak zehaztutako hasiera- eta amaiera-egunen arabera eta 2017ko abenduaren 31 baino lehen, eta erakundearen/enpresaren lan-ordutegian; betiere, derrigorrezko lanaldi batekin praktikaldi osoa egitea (gutxienez, lau ordu egunean, eta, gehienez, sei) ahalbidetzen badio erakundearen/enpresaren lan-ordutegiak ikasleari.

d) Praktiken xedea da ikastaroan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak abian jartzea, praktiken enpresa edo erakunde hartzaileko lanak egiten lagunduz.

e) Praktikek IVAPen diru-laguntza jasotzen dute. 2017ko ekitaldian, 21.000 euro erabiliko dira, gehienez. Zenbateko horretatik, praktikaldian dauden pertsonen Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko zenbatekoa deskontatuko da. Deialdi honetan esleitutako laguntza guztiak zenbateko berekoak izango dira. Kopuru zehatza arestian adierazitako zenbatekoa laguntza esleitu zaien ikastaroko ikasleen kopuruaren artean hainbanatuta kalkulatuko da, baina laguntza bakoitza ez da sekula 2.111,11 eurotik gorakoa izango.

f) Praktikaldian dauden ikasleak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartuko dira, IVAPen kargura, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonei buruz Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak araututako moduan eta baldintzetan, eta Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.

g) Praktiketako pertsona hartu duen erakundeko/enpresako pertsona bat izango da praktiketako tutorea.

h) Baldintzatzaile hauen arabera hartuko dira praktiketako ikasleak: praktikak egin nahi dituzten ikasleen kopurua, ikasle horiek harrera-enpresen eta -erakundeen zehaztapenak betetzea (espezialitate profesionalari eta praktikak egiteko hizkuntzari dagokienez) eta praktikak egingo dituzten pertsonek helmuga posibleen artean egiten duten aukeraketa.

Hirugarrena.– Praktikak egiten diren enpresaren edo erakundearen eta praktikak egiten dituen pertsonaren artean ez dago lan-kontratuen ondoriozko betebeharrik.

Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak pertsona bat onartzeak –eta praktikaldian dagoen pertsonak erakundean/enpresan egiten dituen egonaldiak eta jarduerak– ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta diru-laguntzaren jasotzailearen artean, ezeta praktikaldia egiteko enpresaren edo erakundearen eta diru-laguntzaren jasotzailearen artean ere.

Laugarrena.– Enpresa/erakunde hartzailearen egitekoak eta betebeharrak.

a) Praktikak egiten diren unitateko eremu profesionalean eta ikasleari dagokion espezialitate profesionalari dagokion eremuan laguntzeko aukera ematea praktikak egiten dituen ikasleari.

b) Praktiken tutoretza-lanak egingo dituen pertsona izendatzea. Horrek gidatu eta gainbegiratuko du praktiken garapena. Xede horietarako, tutoreak txosten bat egingo du, eta, bertan, praktiketan hartutako pertsonak egin duen lana, erakutsi duen prestakuntza-maila eta lan horren gaineko balorazioa adieraziko ditu. Gero, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara bidaliko du txostena, hamar eguneko epean, praktikaldia amaitzen denetik hasita.

c) IVAPi jakinaraztea praktikaldia betetzeari dagokionean sor litezkeen gorabeherak –uko egitea, ezintasuna eta antzekoak–.

Bosgarrena.– Praktiketako pertsona bat hartzea eskatzen duten erakundeen/enpresen betekizunak:

a) Hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak edukitzea.

b) Praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsonaren bat edukitzea praktikaldian, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.

c) Praktiketako pertsona bat hartzeko eskabidea aurkeztea, hurrengo oinarrian adierazten den moduan eta epean.

Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Aurkezteko modua.

Eskabidea (II. eranskina) –datarekin eta sinatuta– IVAPeko zuzendariari bideratu behar zaio, eskatutako agiriekin batera. Errekalde zumarkalea 18-1., 48009 Bilbao helbidean aurkez daitezke edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusten den edozein erregistro edo bulegotan.

Dokumentazioa Bilboko IVAPekoa ez den beste erregistro batean aurkeztuz gero, eskatzaileak IVAP-LHIEEri jakinarazi beharko dio, posta elektronikoz (evetu@ivap.eus) edo 944031604 telefono-zenbakira deituz, eta skabidea noiz eta zer bitartekoren bidez aurkeztu duen adierazi beharko du.

Eskabidean, hauek jasoko dira:

a) Erakunde edo enpresa eskatzailearen identifikazioa eta zein unitatetarako eskatzen den praktiketako ikaslea.

b) Eskatzen den ikaslearen espezialitatea, arlo hauen artean: juridikoa, arkitektura, ingurumena.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak dituela adieraziz.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak, praktikaldian, praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsonaren bat duela adieraziz, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.

e) Praktikak egingo diren unitatean lanerako ze hizkuntza erabiltzen den: euskara, gaztelania edo euskara eta gaztelania.

2.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 35 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, eskatzaileak 10 egun balioduneko epea izango du falta hori zuzendu edo eskatutako dokumentuak aurkezteko. Horrela ezin ezean, eskabidea gaitzetsitzat joko zaiola adieraziko zaio, betiere Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

Zazpigarrena.– Praktikak egitea eskatu duten pertsonei eta erakunde/enpresa eskatzaileei praktikak esleitzeko prozedura.

Unitateren batean praktikak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrenda jakinaraziko zaie praktika horiek eskatu dituzten ikasleei, baita erakundeei/enpresei ere.

Ikasleek, Hirigintza Ikastaroko 6 moduluetako bakoitzean lortutako balorazioak batuta lortutako puntuazioaren hurrenkeran, praktikak egiteko enpresa/erakundea hautatuko dute, betiere titulazioari eta hizkuntza-unitateari buruzko erakunde/enpresa eskatzailearen baldintzak betetzen badituzte. Horrez gain, praktikaldiko ikasleak eta balizko ordezkotzak jasoko dituzten erakundeak/enpresak zein diren zehazten duen ebazpena emango du IVAPeko zuzendariak.

Diruz lagundutako praktikak esleitzeko edota deialdia huts deklaratzeko ebazpena egun berean eman eta argitaratuko da deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, jarraian, praktiketako pertsonak eskatu zituzten enpresei eta erakundeei jakinaraziko zaie.

Zortzigarrena.– Praktikak egingo diren erakundea edo enpresa onartzea.

Erakundeak edo enpresak, praktikak egingo dituen pertsona onartzen duenean, zeinari helmuga hori esleitu baitiote, onarpena jakinarazi beharko du, onarpen horren berri emango duen idazki bat aurkeztuta, telematikoki, egoitza elektronikoko https://euskadi.eus/y22-home/eu «Nire kudeaketak» atalean.

Bederatzigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdi honen ebazpenaren indarraldia hasten denetik sei hilabetera, erakundeei edo enpresei praktiketako pertsonak esleitzeko ebazpenik argitaratu ez bada deialdiaren Interneteko helbidean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Prozesu honetan jasotako datu pertsonalak «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta perfekzionamendu-ikastaroak» fitxategi automatizatuan biltegiratuko dira; fitxategi hori hemen araututako prozesurako baino ez da erabiliko. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, eta garapeneko araudia). Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezeztatzeko eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala