Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2017ko uztailaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3544

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, proiektu bat onura publikokoa dela deklaratzeko dena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena. Hauxe da proiektua: zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzea Gatika-Fadura 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoan, Gatika, Laukiz, Urduliz, Berango, Getxo eta Leioako udal-mugarteetan.

Erreferentzia: L-8318 GHI/TLE.

Espedientea: 48-AT-I-2016-00005.

AURREKARIAK

1.– 2016ko maiatzaren 6an, Iberdrola Distribución Electrica SAU enpresak eskatu zuen gorago zehaztutako proiektua onura publikoko deklaratzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea. Hauxe da proiektua: zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzea Gatika-Leioa 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoan, Gatika, Laukiz, Urduliz, Berango, Getxo eta Leioako udal-mugarteetan. Horretarako, eskariaren batera, batetik, proiektu teknikoa aurkeztu zuen, Ivan Martín Cavia industria-ingeniariak sinatua 2016ko apirilaren 20ko konpetentzia-deklarazioaren arabera, eta, bestetik, ingurumen-inpaktuaren azterketa.

2.– Jendaurrean ikusgai jarri dira delako proiektua eta aipatutako eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua (2002ko abenduaren 23ko EHAA), energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua (2013ko abenduaren 27ko BOE); 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak (1954ko abenduaren 17ko BOE) eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua (1957ko ekainaren 20ko BOE); Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikulua (2008ko urtarrilaren 26ko BOE), eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea (1998ko martxoaren 27ko EHAA).

3.– 2016ko ekainaren 30ean, ofizioak bidali zitzaizkien Gatika, Laukiz, Urduliz, Berango, Getxo eta Leioako Udalei, aipatutako jarduketaren iragarkia udaletxeko iragarki-oholean jar zezaten; halaber, eskatu zitzaien txosten baten bitartez adierazteko egokitzat jotzen zuten ala ez instalazioa onura publikokotzat deklaratzea. Ofizioa igorri zen orobat egokitzat jotzen zituzten baldintza teknikoak ezartzeko.

4.– Ezarritako informazio publikoko epearen barruan, Jose Sardón Ugarte jaunak alegazioa aurkeztu du bere jabetzako 7 zenbakiko finkaren gainean (Gatikako udalerriko 7. poligonoko 32. partzelan dago kokatuta). Labur esanda, alegazio horretan adierazten du erabat aurka dagoela bere jabetzako finka horretan zortasunik ezartzeari dagokionez.

5.– José Sardón Ugarte jaunak aurkeztu duen alegazio partikularra helarazi zaio Iberdrola Distribución Eléctrica SAU sozietateari, eta sozietate horrek erantzun egin dio. Erantzuna espedientean dago jasota, eta, labur esanda, hau dio:

Gatika-Fadura 1 eta 2 linea hori ez da zortasun berri bat. Lehendik dagoen zortasuna da, eta, kasu honetan, babes-eremua handitu nahi da, linearen segurtasuna handitzeko, zuhaitz-eremuetatik igarotzen denean. Eraikinen eraikuntzari edo horiekiko segurtasun-tarteei dagokienez, dagoen zortasuna ez da okerragotzen.

6.– 2017ko apirilaren 12an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ebazpena eman zuen. Ebazpen horretan, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua jaso zen, eta organo eskudunak izango zuen proiektuaren administrazio-baimena emateko ardura.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: 24/2013, azaroaren 26koa, Legea Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, Eusko Jaurlaritzarena, eta bat datorren gainerako legedia.

2.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

3.– Finkaren gaineko zortasuna ezartzearen aurka egin den alegazioa aztertu ostean, kontuan hartu behar da dagoeneko zortasun hori badagoela, eta proiektu honen xedea zuhaitzik gabeko babes-eremua handitzea dela, Energiaren eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena betetzeko.

4.– Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006ko abenduaren 26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.

EBAZTEN DU:

Berariaz deklaratzea onura publikokoa dela 132 kV-ko linea elektrikoaren inguruko eremua, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko; hauek dira horren ezaugarriak:

132 kV-ko linea elektrikoa, GatikaTA-Fadura 1 eta 2, 10 km eta 121 m-ko luzeran. Linea zirkuitu bikoitzekoa da, eta instalatutako eroalea aluminio-altzairuzkoa da (LA-280), zeinaren sekzioa 281 mm2-koa baita.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazio honek berekin dakar eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideez jabetu beharra, eta haien okupazioa lehenbailehen egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau bi dekretu hauen arabera eman da: abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; eta baldintza orokor hauetan:

Onartutako proiektuaren eta aurkeztutako agirien arabera egin behar dira obrak (dagoeneko aipatu ditugu agiriok), eta ingurumen-zaintzaren programaren emaitzak sustatzailearen espedientean artxibatu behar dira, gutxienez bi urtez, programa abian jartzen den egunetik hasita.

Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik hara.

Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio instalazioen titularrak sail honek Bizkaian duen Lurralde Ordezkaritzari, hain zuzen ere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta egiteko.

Ebazpen hau eman dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentzia eta baimenei eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere. Halaber, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe ematen da, eta jabetza eskubidea salbu utziz.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarritako baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Bilbao, 2017ko ekainaren 28a.

Lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala