Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2017ko uztailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3504

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Basauri AT–Gatika AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatzen du.

AURREKARIAK

2017ko martxoaren 27an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egindako eskaera bat jaso zen, Basauri AT–Gatika AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuari buruzkoa, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatua. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.c artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2017ko apirilaren 10ean ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Hori horrela, hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza; Kultura Ondarearen Zuzendaritza; Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza; Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); URA Uraren Euskal Agentzia; Ingurumen Zuzendaritza Nagusia, Kultura Zuzendaritza eta Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusia (Bizkaiko Foru Aldundikoak); Basauri, Galdakao, Etxebarri, Bilbo, Sondika, Erandio, Loiu, Laukiz eta Gatikako Udalak, eta Ekologistak Martxan Bizkaia.

Kontsulten izapidea amaitu eta gero, hauen erantzunak jaso dira: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza, eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Uraren Euskal Agentzia, Natura Ondarearen Zerbitzua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua. Espedientean dago jasota horien emaitza. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio, besteak beste, proiektuaren I. eranskineko edo II. eranskineko ezaugarrien aldaketa orori, exekutatuak edo exekuzio-prozesuan daudenak, 7.1.c) artikuluan jada baimendutako deskribatuez bestelakoak badira eta ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan baditzakete. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Basauri AT–Gatika AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuari, zeina Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatua baita. Prozedura horren ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori eskuduna da aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena formulatzea Basauri AT–Gatika AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuari, zeina Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatua baita. Hona txostenaren nondik norakoak:

A) Proiektuaren helburua da Basauri AT–Gatika AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremua zabaltzea, eremu hori berariazko preskripzioetara egokitzeko baso eta zuhaiztietatik lineak iragaiteko; preskripziook ageri dira otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan, Azpi-estazioen eta transformazio-zentroen baldintza teknikoei eta segurtasun-neurriei buruzko erregelamendua onartzen duena, eta Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean, goi-tentsioko aireko lineek zuhaiztiak dauden eremuetatik pasatzeko bete behar dituzten baldintza zehatzak ezartzen dituena. Horrek dakar zuhaitzak ebakitzeko eremua birdefinitzea eta zabaltzea linea elektrikoaren trazadura osoan. Linea elektrikoa ez da aldatzen ez bere trazaketan, ez lehendik dauden gurutzamenduen ezaugarrietan.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektuaren xedea da zuhaitzak ebakitzeko eremua zabaltzea Basauri AT-Gatika AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren trazadura osoan eta lehenago aipatutako sektoreko araubidera egokitzea zortasun hori.

Proiektuko kalkuluen arabera, 155.874 m2-koa da ebaketa-azalera osoaren zabalkundea: horietatik 75.949 m2 ebakitzeko espezieak dira, eta 79.925 m2 soilik inaustekoak. Zenbait baso-espezie autoktonoren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauaren bidez babestutako espezieen kasuan, salbuespen-kasuetan izan ezik, inausi baino ez da egingo, eta ez ebaki. Ondorioz, hauek inausiko dira: haltza (Alnus glutinosa), gaztainondoa (Castanea sativa), artea (Quercus ilex), lizarra (Fraxinus angustifolia), haritza (Quercus robur eta Quercus petrea) eta sahatsa (Salix fragilis). Beste sahats (Salix sp.) eta urki (Betula sp.) espezie batzuk ere inausiko dira.

Lan-eremurako irisgarritasuna handia da, eta, neurri handi batean, gaur egungo sarbideak erabiltzen dira; beste batzuetan, ez dago linearako sarbiderik, baina, linea hori larre-eremuan dagoenez, landan zehar iritsi ahal izango da hara. Halere, jarduera-eremu batzuetara iristea ez da erraza, eta, beraz, bide berriak ireki behar izango dira gaur egungo segurtasun-kaleraino.

2.– Proiektuaren kokapena:

Basauri AT-Gatika AT 1 eta 2 linea elektrikoak udal-mugarte hauek zeharkatzen ditu, guztiak ere Bizkaiko Lurralde Historikoan: Basauri, Galdakao, Etxebarri, Bilbao, Sondika, Erandio, Loiu, Laukiz eta Gatika. Zirkuitu bikoitzeko linea da, eta 33,618 km-ko luzera du.

3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektu-mota eta haren ezaugarriak ikusirik, inpaktu esanguratsuenak exekuzio-fasean gertatuko dira nagusiki, eta hauen ondoriozkoak izango dira: makinen joan-etorriak, instalazio lagungarriak eta zuhaitzak mozteko eta inausteko lanak. Hauek dira nabarmentzekoak: baliteke uren kalitatea murriztea obrek irauten duten bitartean, makinen joan-etorriaren ondorioz –prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiei esker, minimizatu egingo dira uren kalitatea murriztu dezaketen afekzioak–; landaredian izan dezakeen eragina; proiektuaren eragin-eremua 16 ha-koa izango dela kalkulatzen da, baso-landaketak eta baso naturalak barnean direla. Nabarmentzekoa da haritz autoktonoen gaineko eragina (6,12 ha, gutxi gorabehera). Zenbait baso-espezie autoktonoren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauaren bidez babestutako espezieen kasuan, salbuespen-kasuetan izan ezik, inausi baino ez da egingo, eta ez ebaki. Ondorioz, hauek inausiko dira: haltza (Alnus glutinosa), gaztainondoa (Castanea sativa), artea (Quercus ilex), lizarra (Fraxinus angustifolia), haritza (Quercus robur eta Quercus petrea) eta sahatsa (Salix fragilis). Beste sahats (Salix sp.) eta urki (Betula sp.) espezie batzuk ere inausiko dira. Faunarentzako habitataren kalitatea murriztea, zuhaitzetan eta fauna-intereseko bestelako eremuetan izandako eraginaren ondorioz: bisoi europarrarentzako interes bereziko gune dira proiektuaren eremuan dauden errekasto batzuk. Bisoi europarra Bizkaiko Lurralde Historikoan kudeaketa-plan bat duen espeziea da. Halaber, ez da baztertzen bestelako fauna-espezie mehatxatuak egotea proiektuaren eraginpeko esparruan; hori dela-eta, afekzio horiek ekiditeko prebentzio-neurriak planteatzen dira. Giza habitataren kalitatea gutxitzea (herritarren lasaitasuna) lanek dirauten artean, makinen joan-etorriak eragindako eragozpenengatik, batez ere. Kultura-ondarearen gaineko inpaktuak, hori ere makinen joan-etorriagatik.

Proiektuak prebentzio- eta zuzenketa-neurrien proposamen bat jasotzen du, hauen gaineko afekzioak minimizatu eta ekiditeko: lurzorua, hidrologia, ingurune atmosferikoa, landaredia, fauna, ingurune sozioekonomikoa (biztanleria, jabetzak eta azpiegiturak eta kultura-ondarea barnean direla) eta paisaia.

Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Hargatik eragotzi gabe zenbait baso-espezie autoktonoren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan xedatzen dena, eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren arloan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko organoak ezartzen duena, natura-interes handiko guneetan, neurri hauek ezarriko dira:

– Oro har, garapen begetatiboaren maila handienean linearen segurtasunari eragin diezaioketen zuhaitz-espezieak baino ez dira moztuko. Gainerako zuhaitz-espezieak eta egungo zuhaixka-geruza dauden-daudenean utzi beharko dira.

– Eremu ahulenetan eta natura-balio handikoetan (baso-masa autoktonoak, babestutako flora-espezieak dauden eremuak, faunarako interes berezia duten eremuak eta abar), bideragarria bada, inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak, eta bota, soilik, linearen segurtasunerako ezinbestekoa denean. Proiektuaren eraginpeko zuhaizti autoktono guztiei aplikatuko zaie neurri hau, ez bakarrik urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan aintzat hartutako espezieei.

– Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.

– Zuhaitzak botatzea edo soiltzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

– Moztu beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

– Era berean, lehengoratu egin beharko dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru okupazioak eta abar). Landareztatze-prozesuan, kontuan hartu behar da espezie autoktonoak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

– Bisoi europarraren (Mustela Lutreola) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek exekutatzeko unean, betiere kontuan hartuta zein diren fauna mehatxatuaren ziklo biologikoen aldi sentikorrak.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, betiko bideak erabiliko dira, ingurumen-agirian proposatutakoarekin bat. Sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina murriztuz.

– Eremuak kalteberak izanez gero –hala nola Batasunaren intereseko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak–, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, basoetako floran eta faunan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Mehatxatutako flora-espezieen populazioen kokapenari eta mugapenari buruz aurkeztutako dokumentazioarekin bat, zehazten da horiek ez dutela kalterik izango; edonola ere, kontu handia izan beharko da: inguru horietan, lanen eraginpeko eremuak tokian bertan mugatuta egon beharko du, eta obra-ingurutik hurbil dauden balio naturaleko elementuak behar bezala babestu beharko dira, ustekabeko kalteak saihesteko.

– Esku-hartzearen aurretik, baso-hegaztien habiarik edota plataformarik ba ote den ebaluatuko da, eta, hala izanez gero, horren berri eman beharko zaio baso-fauna kudeatzeko eskumena duen foru-organoari.

– Lurzorua okupatzea inplikatzen duten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibili.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezingo dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Eremu horien xehetasun-kokalekua obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta in situ balizatu beharko da kasu bakoitzean egokitzapen-lanei ekin baino lehen.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko erasanik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Aplikatu beharreko prozeduren esparruan, uren arloan eskumena duen organoak ezartzen dituen baldintzak alde batera utzi gabe, ezingo da inolako isurketarik egin jabari publiko hidraulikoan, ez eta haren babes-zortasunean ere; halaber, ezingo da utzi lur-mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik. Eremu horietan nahi ez diren aldaketak ekiditeko, jabari publiko hidraulikoaren zortasun-zerrendak balizatuko dira, makinen joan-etorria, materialen pilaketa, hondakinak eta abar eragozteko.

– Halaber, berariaz debekatuta dago makinak konpontzea edo horiei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

– Urak har ditzakeen eremuak okupatzeko mugapenak errespetatuko dira, Kantauri Ekialdeko Mugapenaren Plan Hidrologikoan zehaztuta bezala, eta inguru horietan ez da lursailaren egungo arrasa aldatuko duen betelanik egingo eta ez dira materialak edota hondakinak pilatuko.

– Obraren garaian bide osagarriak behar izanez gero, haren trazaduratik kanpo geratuko dira edozein mailatako ibilguen zuzenketak eta kanalizatzeak. Edonola ere, bide horiek ezabatu eta ukitutako gainazalak lehengoratu egin beharko dira obrak amaitu ostean.

– Ezinbestekoa bada ibaiertzeko landarediari berezkoak zaizkion espeziak moztea, inguruko ibaiertzetako landarediaren berezko zuhaixka-espezieak landatuko dira.

– Sarbide berriak ireki edo horrelako ekintzak egin behar badira, eta horrek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lursailei eragin badiezaieke, gune horietan edozein jarduera gauzatzeko, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren aurretiazko baimena beharko da.

Hauts-isuriak murrizteko neurriak.

– Lanek dirauten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako soil dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

– Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek irauten duten bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barnean direla, eta, behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

– Hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoekin bat, lehentasuna izango da hondakin orok behar bezala baimendutako balorizazio-prozesu bati jarraitzea. Lehentasunak honako hauek izango dira, hurrenkera honetan: hondakinak berrerabiltzeko prestatzea; birziklatzea; balorizatzeko beste moduren bat, balorizazio energetikoa barnean dela.

– Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balorizazioa ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

– Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrak eragotzi gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

– Jardueraren ustezko soberakinak betegarritarako erabili behar badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dira.

Alde horretatik, soberakinak betelanetan edo lurrak prestatzeko lanetan erabiltzeko, ezinbestekoa izango da materialen kutsatzaile-edukia txikiagoa izatea A ebaluazioko balio adierazleak baino –lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean daude jasota–.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Horrelako ontziak etiketatuta egongo dira, eta etiketa argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izango da, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluko jarraibideen araberakoa.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin ez-arriskutsuak eta inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Aipatutako araudian ezarritako xedapenen arabera, proiektuaren sustatzaileak proiektuak ukitutako eremuaren prospekzio arkeologikoaren programa bat egin beharko du. Aztarnategi berriak aurkituz gero, ziurtatu beharko da planteatutako proiektuak ez duela horiengan eraginik izango, eta kasu bakoitzean egokienak diren neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira, planteatutako proiektuaren ezaugarrien eta aurkitutako aztarnategiaren garrantziaren arabera. Horrela, planteatu ahal izango da, batetik, proiektuan aldaketak egitea, bideragarria izan dadin eta aztarnategia babesteko xedearekin; edo, bestetik, aztarnategian hedadurazko indusketa egitea.

– Eremu horietan baimendutako edozein jarduera egiteko, aurreko puntuan adierazitako betekizunak bete ostean, horren berri eman beharko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, jarduera egiten hasi baino hamabost egun lehenago. Kultura Sailak, egokitzat jotzen badu, jarduera horren kontrol arkeologikoa egin ahal izango du, ziurtatzeko monumentu-multzo horren kultura-balioetan eraginik ez duela.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio dagokion foru-organoaren Kultura Zuzendaritza Nagusiari; gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek ukitutako lur-sailaren lehengoratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek jaso beharko dituzte dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

Jardunbide onen sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanen okupazio-mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaredi-zonen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landarediaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Ekiditea bai hondakinen isurketak, bai olioen isurketen eta lurren arrastearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura.

– Proiektuaren eraginpeko biztanleguneetan bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea Basauri AT–Gatika AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, proiektuaren sustatzaileari eta Basauri, Galdakao, Etxebarri, Bilbao, Sondika, Erandio, Loiu, Laukiz eta Gatikako Udalei.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 23a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala