Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2017ko uztailaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3414

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegia onartzeko dena.

Behin lehengo Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Donostiako Irakasleen Unibertsitateko Eskola fusionaturik, 2016ko urriaren 15ean (EHAAn 2016ko urriaren 14an) indarrean sartu zen Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko arautegia. Horren ondorioz beharrezkoa da Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegi berri bat onartzea, gaur egungo zentroko antolaketari egokituta.

2017ko maiatzaren 25ean Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Batzarrak Kalitate Batzordearen arautegiaren proposamena onartu zuen. Proposamenak txosten juridiko aldekoa du eta bat dator Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen esparru araudiarekin (EHAAn 2010eko uztailaren 21ean).

Aipatutako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiak honakoa dio 2.2 artikuluan: «Ikastegiko Kalitate Batzordearen Araudia behin betiko onartzea Gobernu Kontseiluari dagokio, Ikastegiko Batzarrak halaxe eskatuta, eta dagokion legezkotasun txostena aurkeztu ondoren. Idazkaritza Nagusiak (eskuordetuta) onartuko ditu araudiak. Onartzeko, alabaina, araudiek aldeko txosten guztiak izan beharko dituzte eta Gobernu Kontseiluko kide bakar batek ere edo Ikastegiko Batzarreko kideen % 15ek ez dute espresuki eskatu beharko txostenak Gobernu Kontseilura eramatea. Onartuz gero, Gobernu Kontseiluari jakinarazi beharko zaio».

Horregatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Kalitateko Batzordearen arautegia onartzea.

Bigarrena.– Onarpen honen berri ematea Gobernu Kontseiluari.

Hirugarrena.– Agindua ematea Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Kalitateko Batzordearen arautegia argitaratzeko, Gobernu Kontseiluari horren berri eman eta gero.

Leioa, 2017ko ekainaren 15a.

Idazkari nagusia.
Idazkari nagusia ez egoteagatik, gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpenarekin bat etorrita (2017ko otsailaren 3ko EHAA).

Bizkaiko Campuseko errektoreordea,

PATXI JUARISTI LARRINAGA.

HEZKUNTZA, FILOSOFIA ETA ANTROPOLOGIA FAKULTATEKO KALLTATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA

Hitzaurrea.

Arautegi honen xedea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Kalitate Batzordearen funtzionamendurako arauak ezartzea da.

Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da, eta Dekanotza Taldearekin batera KBBSren plangintza eta jarraipena egiteko zereginetan parte hartzen du. Gainera, kalitate sistema horren politikaren, helburuen, planen, programen, erantzukizunen eta lorpenen barne-komunikaziorako bide moduan jarduten du. Ikastegiko Kalitate Batzordea, bestalde, Ikastegiko zuzendaritza-taldeari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkularitza eskainiko dien organoa izango da, titulu guztien curriculum-garapenaren plangintza eta jarraipena egin ahal izateko.

1. artikulua.– Helburua eta araubide juridikoa.

1.1.– Arautegi honen helburua, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaz (KBBS) arduratuko den organoaren egitura, osaera eta eginkizunak arautzea da.

1.2.– UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Kalitate Batzordeak arautegi honi, UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiari, eta arlo honetan aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko die.

2. artikulua.– Eginkizunak.

2.1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Fakultatearen kalitate politika gainbegiratzea eta berrikustea.

b) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.

c) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.

d) Fakultateko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.

e) Fakultatearen urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

f) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta haietatik abiatuta hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

g) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.

h) Tituluen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.

i) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

j) Titulazioetako curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.

k) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.

l) Ikastegiko kideak eta interes taldeak kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

m) Ikastegiko zuzendaritzari aholkua ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.

n) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.

2.2.– Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio berari dagozkion eta kalitatearekin zerikusia duten eginkizunak.

3. artikulua.– Osaera.

3.1.– Kalitate Batzordea kide hauekin osatuko da:

a) Dekanoa. Batzordeko burua izango da.

b) Fakultateko idazkari akademikoa. Batzordeko idazkaria izango da.

c) Dekanoak izendatutako Dekanotza Taldeko bi kide.

d) Titulazioen koordinatzaileak.

e) Irakasle eta ikertzaileen lau ordezkari, dekanotza taldeak aukeratuak. Ikastegian egoitza duten sailek edo ikastegiko sail atalek proposatuko dituzte, eta dekanotza taldeak berretsi egingo ditu proposamenak. Irakasle eta ikertzaile hauek ezin izango dira dekanotza taldeko kideak izan.

f) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.

g) Ikasleen ordezkari bi, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

3.2.– Ahalegina egingo da oreka egon dadin ordezkari gizonezko eta emakumezkoen artean.

3.3.– Kalitate Batzordeko kideak Fakultateko Batzarrak izendatuko ditu, lau urterako izendatuko ere. Ikasleen ordezkariak, berriz, bi urterako izendatuko ditu, baina epe hori luzatu ahal izango da.

3.4.– Ikastegiko Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, irakasle eta ikertzaileen ordezkariei dagokienez, erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da.

4. artikulua.– Laguntza batzordeak.

4.1.– Kalitate Batzordeak Fakultateko Batzarrari laguntza batzordeak osatzea proposatu ahal izango dio. Batzordeak berak proposatuko ditu eta Fakultateko Batzarrak izendatuko. Kalitate Batzordearen menpe egongo dira eta aholkurako izango dira. Kalitate Batzordeak honako hauek proposatuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, haren funtzionamenduaren berezitasunak.

4.2.– Zehazki, Fakultateko Batzarrak, kontuan hartuta graduko irakaslana koordinatzeko Irakaskuntzaren Koordinazioa eta Garapena prozeduran ezarritakoa, graduko tituluak koordinatzeko batzordeak izendatuko ditu, fakultateak eskaintzen dituen tituluen curriculuma garatzeko. Hauek izango dira graduko tituluak koordinatzeko batzordeetako osakideak:

a) Titulazioko koordinatzailea.

b) Maila, Modulu edota Minorretako koordinatzaileek.

c) Kasuan kasuko graduko ikasleen ordezkari bi, Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

d) Gradu amaierako lanen koordinatzailea.

e) Kasuan kasuko graduko practicumaren koordinatzailea.

4.3.– Era berean, batzorde bat sortu ahal izango da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hau eratzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen ordezkariak egotea batzordean. Ikastegiko Batzarrak berretsi beharko du bai batzordearen osaera eta bai osakideen izendapena. Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko txostenak egiterakoan, ez dute batzordean parte hartuko ebaluatu beharreko irakasleek. Txostena egiteko, laguntza eska dakieke ebaluatu beharreko irakaslearen saileko zuzendariari edo koordinatzaileei, eta horrelakoetan batzordeko gonbidatu izango dira.

5. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

5.1.– Kalitate Batzordeak jarraituko die Fakultateko Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauei.

5.2.– Batzordearen erabakiak bileran daudenen botoen gehiengo soilaz hartuko dira, eta batzordeburuak kalitate botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango, baina ikastegiko dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio dagokien neurriak har ditzan.

5.3.–Fakultateak euskararen normalkuntzarekiko bereganatu duen gizarte erantzukizuna kontuan hartuz, eta bide horretan hartzen ari diren erabakiekin koherentea izanik, Kalitate Batzordeak lan-hizkuntza gisa euskara hobetsiko du.

5.4.– Batzordeko idazkariak akta egin eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die. Idazkaria ez bada bertaratu, bilerako buruak batzordeko kide bat aukeratuko du idazkari lanak egin ditzan bileran.

5.5.– Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra daukate.

5.6.– Batzordeburuak, bere ekimenez edo batzordeko kideek iradokita, gonbidatuak eraman ahalko ditu bileretara aztertuko diren gaiak direla-eta egoki deritzolako. Gonbidatuek hitza izango dute, baina ez dute botoa emateko eskubiderik izango. Aktan jasota ageri beharko da gonbidatuak izan direla bileran.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordeetako kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.

Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diete datu pertsonalei buruzko arauei.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Salbuespen moduan, Kalitate Batzordeko kide hautatuen erdien lehenengo agintaldia bi urterako izango da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek indargabetu egiten ditu, beren-beregi, UPV/EHUko lehengo Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako Kalitate Batzordearen aurreko arautegiak.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.


Azterketa dokumentala