Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2017ko uztailaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3368

AGINDUA, 2017ko ekainaren 21ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Haren bitartez, tokiko eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-ekipamenduen sarea 2017an bultzatzeko diru-laguntzak emateko deialdia arautu eta deitzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak gazteria-politikaren arloan eskumen osoa du. Bestetik, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei gazteriaren arloko ekintza zuzenak garatzeko eskumena esleitu zitzaien, besteak beste. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenaren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenaren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari egokitzen zaio, besteak beste, gazteriari buruzko egitekoak eta jardun-arloak.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu honen bitartez.

Autonomia Erkidegoko gazteriaren alorrean agindu honen bidez eman nahi den bultzada hori gazteria sustatzeko beste neurri baten moduan planteatzen du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, hau da, Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei Euskadiko gazte-ekipamenduen sarea handitzeko eta hobetzeko laguntza moduan.

Hori horrela izanik, honako deialdi honen bitartez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, diru-laguntza deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun, partaidetza eta publizitate printzipioak bermatzeko oinarri legalak ezartzea. Bestetik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak diru publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, beren gazte-ekipamenduak eraiki edo hobetu nahi dituzten Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeak diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala diseinatu nahi dugu. Muga bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan arlo honetara zuzendutako diru-kopurua bera izango da.

Hori dena kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Gazte-ekipamenduak eraikitzeko, handitzeko edo hobetzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzea da agindu honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak xede horretarako aurrekontuetan ezarritako kredituetatik etorriko dira, 290.000 euro, alegia.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzei heldu ahal izango die nortasun juridiko propioa duen Euskal Autonomia Erkidegoko edozer toki-erakundek. Udalerriaz gaindiko erakundeek gaitasun eta xede egokiak izan beharko dituzte beren jarduketa-eremuan dagozkien proiektuak egiteko, beren estatutuek xedatzen dutenarekin bat eginez.

2.– Agindu honetako 1. artikuluan jasotako jarduketak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta jarduketa horiek Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean sartu baino lehen, hau da, 2016ko apirilaren 15a baino lehen egin ez dituztenek, bertan esku hartu ahal izango dute, berezkoak eta eskuordetutakoak ez diren eskumenen ariketatik. Horretarako, bikoiztasunik ez dagoela dioen Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko txostena beharko da, bikoiztasunik eza adierazteko (alkateak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari eskatu beharko dio). Halaber, eskumen berriaren jasangarritasun finantzarioari buruzko foru-aldundiaren txostena beharko da, Euskadiko Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluan eta Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Ez dira onuraduntzat joko udalaz gaindiko erakunde baten parte izan arren erakunde horren izenean eskatutako proiektuaren antzeko beste bat bere kasa aurkezten duten toki-erakundeak, beren izenean aurkezten duten hori udalaz gaindiko erakundearenean atxikita egon baitzitekeen.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5.– Halaber, ezin izango dute laguntzarik eskuratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. paragrafotik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta bazterketak

1.– Diruz lagungarritzat joko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, langile trebatuek proiektuak egiteko gastuak. Proiektu horiek, bereziki, 12 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzako ekipamenduak hartzera berariaz zuzendutako higiezinak eraikitzeko, berritzeko, egokitzeko edo handitzeko obrenak izango dira. Halaber, diruz lagungarritzat joko dira 2017ko ekitaldian zehar obra horiek egiteko gastuak edo kostuak. Bere kasuan, finantzatutako jardueraren gauzapena kontratatzeak diruz lagundutako jarduera osoa behar izan dezake, betiere, azaroaren 17ko 38/2003 Diru-Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa errespetatuz eta, bereziki, hirugarrengoekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditu eta aipatutako zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa den kasuan, diru-laguntzaren erakunde onuradunak aldez aurreko baimena eskatu beharko dio idatziz Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gazte Zuzendaritzari.

2.– Nolanahi ere, erakunde eskatzaileak, gutxienez, kostu osoaren % 30 finantzatu beharko du. 20.000 biztanle baino gehiago dituzten erakunde eskatzaileen proiektuek, deialdi honen bidez eskatzen den zenbatekoa alde batera utzita, finantzaketa propioa izan beharko dute, gutxienez, kostuaren % 30ekoa. Hau da, erakunde eskatzailea ez den beste erakunde publiko batetik datozen zuzkidurak ezin izango dira finantzaketan gehitu, baldin eta diru-laguntza eskatzen den xedearekin zuzenean lotutako edozer kontzepturengatik jaso badira.

3.– Ez dira inola ere diruz lagunduko erakunde eskatzailearen pertsonal propioaren gastuak.

4.– Eskabidea egiten duen entitateak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen arabera diruz lagundu ezin diren gastuak edo kostuak jasotzen badira, diruz lagundu daitekeen gastu- edo kostu-aurrekontua zehazteko, gastu haiek kendu egingo dizkio balorazio-batzordeak; izan ere, hala diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria izango da.

5.– Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira honako jarduketa hauek:

a) Izaerarengatik edo xedearengatik Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzari eman zaizkion ezein jarduketa-eremurekin lotura zuzenik ez dutenak.

b) Ondare bihur daitezkeen elementuetan inbertitzeko edo horien gastuak ordaintzeko xedea ez dutenak. Alde batera utziko da espresuki higigarrien eta bestelako ekipamendu-materialen erosketa edo konponketa.

c) Hartzaileak nortzuk diren argi eta garbi identifikaturik ez dutenak.

d) Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartu eta horiek izaera ezberdinetakoak diren kasuetan, ez bada banaka azaltzen jarduera bakoitzari zein helburu, pertsona edo erakunde hartzaile eta inbertsio/diru-sarreren eta gastu/kostuen aurrekontu dagokion.

e) Erakunde eskatzailearen jabegokoak ez diren lokalei dagozkien proiektuak.

f) Kasuan kasu aplikatu behar den legeria betetzen ez duten lokalak.

g) «Gazte-ekipamenduak definitzeko eta sailkatzeko proposamena» dokumentuan jasotako tipologiekin bat egiten ez duten lokalak. Dokumentu hori Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordeak onartu du: www.gazteaukera.euskadi.eus/gaztebehatokia

5. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako proiektuak 2017ko ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta, beranduenik ere, 2017ko abenduaren 31n amaitu beharko dira.

6. artikulua.– Diru-laguntzak izapidetzea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta egiteko.

2.– Agindu honen eranskinean jasotako eskabide-eredua, eta eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daitezke.

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoaren, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, 8. artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne hartzen dituena, erabat beteko da euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen formularioaren bidez.

2.– Eskaera-orriarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren memoria zehatza, proiektuaren hasiera- eta amaiera-datak eta inbertsioen edo diru-sarreren eta proiektuaren gastuen edo kostuaren aurrekontu banakatua eta zehatza, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioaren arabera. Bertan honako gai hauek zehaztu beharko dira:

– Egikaritze-egutegiari dagokionez, proiektua hasteko eta amaitzeko aurreikusi diren egunak adieraziko dira, eta, gehienez ere, 2017ko abenduaren 31n bukatu beharko da.

– Proiektuaren memoria zehatzean hautaketa-, balorazio- eta kuantifikazio-irizpide guztiek bat egiten dutela justifikatuko da, agindu honetan xedatutakoari jarraiki, eta, gutxienez, honako atal hauek jasoko dira: helburuak, proiektuaren hartzaile izango direnen adin-tarteak, beste administrazio publiko batzuekin koordinatuta jarduteko baliabideak, proiektuak zenbateraino bultzatzen duen gazteria arloa, erakunde eskatzaileak hurrengo ekitaldietan diru-laguntza eskatzeko xede diren jarduerekin eta epe luzera izango dituen baliabideekin jarraitzeko hartu duen konpromisoa, lurralde-eremua edo eragin-eremua mugakide diren alde edo eremuetako taldeetan, eta genero ikuspegiaren integrazioa.

– Proiektuaren inbertsioen edo diru-sarreren edo kostuaren aurrekontu banakatua eta zehatza orekatua izan behar da, hau da, diru-sarreren edo inbertsioaren zenbateko osoa (deialdi honetan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzari eskatu zaion zenbatekoa barne, baita, hala dagokionean, xede berdinerako beste erakunde publiko edo pribatu batek urte berean emandako edozer diru-laguntzaren zenbatekoa ere) gastu edo kostu osoaren zenbateko bera izan behar da. Horrela ez bada, agindu honetako 10. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio, hain zuzen ere, diru-laguntzak banatzeko sistema jasotzen duenari.

– Udalaz gaindiko erakundeen kasuan, gainera, sormen-araua adierazi beharko da, edo, hala badagokio, dagokion erregistro publikoko inskripzioa.

b) Obraren egikaritze-proiektua. Honako hauek jaso beharko dira, gutxienez, proiektu horretan: memoria, kokapen eta banaketa planoak, proiektuaren ezaugarrien eta proiektatu diren obren deskribapen zehatza eta, obrak txikiak badira, egingo diren obren zehaztapen teknikoen eredu bat.

c) Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, diru-laguntzaren xede den jarduna egitea onartzen duen erabakia jasotzen duena, edo ordezkariak erakundearen izenean erabaki hori hartzeko adina botere duela adierazten duena.

d) Lokalaren jabetza-agiria.

e) Eskumena duen organoak erakunde sustatzaileari emandako finantzaketa ordaintzeko nahiko kreditu dagoela adierazten duen ziurtagiria.

f) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Gainera, Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean sartu aurretik, hau da, 2016ko apirilaren 15aren aurretik, agindu honetako 1. artikuluan jasotako jarduerak egiten ez dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek dagokien foru-aldundiari eskumen berriaren egonkortasun finantzarioari buruzko txostena eman beharko diete, 3.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Erakunde batek zenbait proiektu aurkeztu nahi baditu, proiektu beste eskaera-formulario aurkeztu beharko ditu, horiei dagokien dokumentazio erantsiarekin.

5.– Gazteria Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

8. artikulua.– Erakunde eskatzailearen baldintza eta betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Eskaera aurkezteak baimena emango dio organo kudeatzaileari ordezkariaren datuak eta hirugarrengoen alta eskuratu edo egiaztatu ditzan, betiere administrazio publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenei kalterik eragin gabe.

2.– Eskaera aurkezteak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete direla automatikoki egiaztatzeko, bai eta dokumentu elektronikoak biltzeko ere, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz; baimen hori berariaz ukatzen denean izan ezik. Kasu horretan, onuradunak dagozkion ziurtagiriak eman beharko ditu, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako instantzia administratiboek egindakoak.

3.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, administrazio publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu edo ikuskatzeko ahalmenak bazter utzi gabe.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua betez, eskabidearekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, berariazko erreferentzia eginez sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik jarritakoei, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela, indarrean den legean zehaztutakoari jarraiki.

c) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta erakunde eskatzaileak betetzen dituela diru-laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

d) Diru-laguntza eskatzen den ekipamenduak aplikazioko sektore-araudia betetzen duela.

e) Hala badagokio, helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk jaso dituztela adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak gertatzea ere (penala, zibila edo administratiboa). Halaber, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean administrazio publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

5.– Administrazioak diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

10. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko sistema.

1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, eskabideak konparatuz egingo da esleipena, segidan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideak aintzat hartuta, beren arteko lehentasuna ezartzeko. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea.

2.– Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, balorazio-batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehuneko hori honako formula hau aplikatuta ateratzen dena izango da:

100 x (puntuazioa – 40) / 30.

Lortutako puntuazioa 70 edo handiagoa denean, eskatutako zenbateko osoa esleitzea proposatuko da. Edonola ere, 13. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoari eta mugari buruz ezarritakoa errespetatuko da. Hala badagokio, emaitzaren zenbatekoa biribilduko da, eta gertukoen zenbaki osoa erabiliko da.

3.– Aurreko puntuan ezarritakoari jarraiki xedatutako diru-laguntzen zenbatekoen baturak deialdi honi egokitutako baliabide ekonomikoak gainditzen badu, diru-laguntzen zenbatekoak proportzionalki txikituko dira.

4.– Aurrekontua eta aurkeztutako gainerako dokumentazioa aztertu ondoren egiaztatzen bada sarrerek gastuak gainditzen dituztela, eskatutako zenbatekoa murriztu egingo da, eta jardueraren aurrekontua orekatuta geratu arte egingo da murrizketa hori. Halaber, aurrekontuan diru-laguntza jaso ezin duten gastuak sartu direla egiaztatzen bada eta ezin bada zehaztu eskatu den zenbatekoaren eta berez dituzten sarreren zein kopuru sar daitekeen horien barruan, eskatutako zenbatekoa eta berezko sarrerak proportzionalki murriztuko dira.

5.– Balorazio-batzordeak onartutako eskaerak eta onartu ez direnak bereiziko ditu esleipen-proposamenean. Horrez gain, eskaerak ez onartzeko arrazoiak adieraziko ditu, proiektuen balorazioaz gain, eta eskatutako diru-laguntzak baietsi edo ezetsi ez diren jakinaraziko du. Berdin egingo du epaimahai kalifikatzaileak eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak diruz laguntzen ez badira edo denak baztertzea proposatzen ez bada, hots, balorazio-batzordea ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduketak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hona kideak:

– Presidentea: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria teknikaria.

– Batzordekidea: Lourdes Ramírez de Ocariz Sorolla, Gazteria teknikaria. Ordezkoa: Silvia Torre Goikoetxea, Gazteria teknikaria.

– Batzordekidea: Fco. Javier Gutiérrez Páramo, Gazteria teknikaria; gainera, idazkari arituko da. Ordezkoa: Maite Artabe Urkidi, Gazteria teknikaria.

2.– Eskabideak aztertzea eta ebazpen-proposamena. Deialdi honetan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, balorazio-batzordeak, eskaera guztiak aztertu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria zuzendariari. Gainera, beharrezko iritzitako dokumentazio guztia eskatu ahal izango dio eskatzaileari, betiere aldez aurretik jakinarazita eta hamar egun balioduneko epea emanda.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Agindu honetan araututako deialdi honetara aurkezten diren erakundeek jaso dezaketen diru-laguntza honako irizpide hauek aplikatzearen ondorioz sortutakoa izango da:

a) Eskabidea aurkeztu duen erakundeak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa % 30etik gorako baliabideen ehunekorik handiena baloratuz, gehienez, % 20ra arte:

b) Jarduketa bideratzen den adinak; balorazio handiago lortuko dute adin-tarte handiagoak barne hartzen dituzten proiektuek, 12 urtetik 30 urtera bitarteko tartera zuzendutako proiektuek, gehienez, % 20 lortu arte.

c) Beste administrazio publiko batzuekin koordinatzeko mekanismoak: beste sail edo udal batzuekin, eskualdearekin edo mankomunitatearekin, foru-aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, gehienez, % 15.

d) Proiektuak hura garatzen den Gazteria arloa hedatzera laguntzea: ekipamenduaren garrantzia bestelako gazteria-zerbitzuekin alderatuta eta gazteria-politikak erakunde eskatzailean betetzen duen papera, gehienez, % 20.

e) Diru-laguntza eskatzen den ekipamendua gazteentzat erabiltzen jarraitzeko konpromisoa (gutxienez, hurrengo bost urteetan zehar); erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen duen urte-kopurua gero eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da balorazioa, gehienez, % 10.

f) Proiektuaren lurralde-eremua edo mugakide diren ingurune edo eskualdeetako kolektiboetan izan dezakeen eragina: gehienez, % 10.

g) Genero-ikuspegia integratzea proiektuan: gehienez, % 5.

13. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzek diru-laguntzaren ondoreetarako aurkeztutako proiektu bakoitzean onartutako aurrekontu-zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamar lortu ahal izango dute gehienez.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa alde batera utzi gabe, proiektu bakoitzeko aurkeztutako diru-laguntza ez da 75.000 euro baino gehiagokoa izango, inola ere ez.

14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, aldiz, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Hala badagokio, erakunde eskatzaileek laguntzagai diren programetarako jaso edo eskatu dituzten beste eskabide guztien zerrenda aurkeztu beharko diote Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzari erakunde emailea eta emandako diru-kopurua aipatuta.

15. artikulua.– Kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Gazteria Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak burutzea.

16. artikulua.– Ebazteko prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariari dagokio, balorazio-batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusita.

2.– Ematen den ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Enplegu eta Gazteria sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazteko epea igarota ebazpenik jakinarazten ez bada, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Orokorrean ezaguna izan dadin, eta erakunde interesdunei espresuki eta banaka jakinarazteko beharra alde batera utzita, iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, agindu honen babesean emandako laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda jasoko duena, laguntzen diru-kopuruak eta destinoak barne.

5.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluarekin bat etorriz, onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

4.– Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek berariaz aipatuko dute Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, diru-laguntza emateko ebazpenaren berri dutenetik hasita, diruz lagundutako jarduera edo egitaraua dela-eta argitaratzen dituzten egitarau, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko zein gainerako multimedia material guztietan. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko dira. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

5.– Erakunde onuradunak ondasunak erabili beharko ditu diru-laguntza eman den xede zehatzerako, bost urte baino gehiagoko denbora-tartean.

6.– Diruz lagundutako jarduerak, programa edo ekipamenduak ordaindu behar den zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen badu, erakunde onuradunak abantailak eskainiko dizkie, batez ere ekonomikoak, gazte-txartela dutenei.

7.– Oro har gazte-politikaren alorrean eta, baita ere, diruz lagundutako jarduketa, programa, zerbitzu edo ekipamenduekin loturiko alorretan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzak jartzen dituen aplikazio informatikoak erabiltzea.

8.– Oro har Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzak deitutako gazteen alorreko bileretan parte hartzea, bai eta diruz lagundutako jarduketarekin lotura dutenetan ere.

9.– Gazteria-alorreko datu estatistikoak ematea oro har, eta, espezifikoki, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Gazteria Zuzendaritzak eskatutako diruz lagundutako jarduketarekin lotutakoak, eskumeneko estatistika-organoaren funtzioekin eta horren inguruko legeriarekin bat eginez.

10.– Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiliko dela bermatzea.

11.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzak kontsultatzeko hala eskatzen duenean, honako dokumentazioa jartzea haien esku:

a) Ekipamenduaren kudeaketa-proiektua (antolamendu-egitura, jarduera-programazioa, gazteek parte hartzeko bideak eta abar).

b) Obra-kontratuaren esleipen-erabakiaren hitzez-hitzeko ziurtagiria.

c) Lanen zuzendaritza fakultatiboaren izendatzea jasotzen duen ziurtagiria.

d) Lan-hasieraren aktaren kopia.

e) Sektorearen araudi aplikagarriak hala eskatzen duenean, lortutako lizentzia edo baimenen kopiak.

f) Kontratazio-kasuan aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa, diruz lagundu daitekeen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legeak kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu.

12.– Diruz lagundutako jarduketan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntza bi ordainketetan ordainduko da: lehenengoan, diru-laguntzaren % 50 ordainduko da, diruz lagundutako inbertsioaren % 50 egikaritzeari dagokion gastua benetan egin dela egiaztatu ondoren; eta, bigarrenean, gainerakoa, diruz lagundutako inbertsioa erabat egikaritzeari dagokion gastua benetan egin dela egiaztatu ondoren, hurrengo artikuluetan ezarritakoarekin bat eginez.

2.– Egindako inbertsioaren edo gastuaren zenbatekoa hasieran emandako diru-laguntza kuantifikatzeko planteatutako aurrekontua baino handiagoa bada, ez da diru-laguntzaren zenbatekoa handituko.

19. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.

Justifikazioak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, emandako diru-laguntzaren formularioa erabiliz. Formularioa eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/gazte_ekipamenduak/eu/

20. artikulua.– Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu behar diren dokumentuak.

1.– Diruz lagundutako proiektuak bi epeetan justifikatu beharko dira: lehenengoa 2017ko abenduaren 30era artekoa izango da eta inbertsioaren % 50 justifikatuko du erakunde eskatzailearen idazkariak edo arlo ekonomiko-finantzarioko arduradunak; bigarrena 2018ko martxoaren 31ra artekoa izango da, eta inbertsioaren gainerako % 50a justifikatuko da, honako dokumentu hauek aurkeztuz:

a) Diruz lagundutako jarduketaren burutzapenari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza; euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daitekeen ereduari jarraiki.

Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/gazte_ekipamenduak/eu/

b) Erakunde eskatzailearen idazkariaren edo arlo ekonomiko-finantzarioko arduradunaren ziurtagiria, aurreko paragrafoan adierazitako helbidean eskuratu daitekeen ereduari jarraiki. Ziurtagiri horren bidez, laguntzaren xedea bete dela egiaztatuko da. Horrekin batera, jarduketaren balantze osoa ere aurkeztuko da, zehatz-mehatz banakatuta zein izan diren diruz lagundutako proiektua garatzearen ondoriozko kostua edota gastua eta diru-sarrerak edota inbertsioak. Berariaz adierazi beharko da datu horiek errealitateari egokituta daudela. Inbertsio edota diru-sarreren zerrendan bereizi egingo da/dira erakunde eskatzailearen ekarpenari dago(z)kion zenbatekoa/k; baita, hala dagokionean, edozein pertsona fisiko, juridiko, publiko nahiz pribaturen diru-sarrerak edota inbertsioak ere. Deialdi honen itzalpean emandako kopurua adieraziko da; xede berarentzat eman diren bestelako laguntzak edo diru-laguntzak zehaztuko dira, nahiz eta eskabidea aurkeztean ez jakin eskuratu diren ala ez. Ziurtagirian bertan adierazitakoez gain xede berarentzat beste diru-laguntza edo laguntzarik eskatu edo jaso ez bada, berariaz azalduko da.

c) Halakorik badago, lagundutako ekintzen inguruak sortu eta zabaltzen diren liburu, txosten, liburuxka, horma-irudi eta gainerako euskarri idatzizko, soinuzko edo ikus-entzunezkoen ale bana, edo horren kopia bana euskarri fisiko edo magnetikoan, ikusirik bata edo bestea zein den egokiena.

2.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuta ere, erakunde onuraduna behartuta egongo da unean uneko faktura jatorrizkoak, fotokopia konpultsatuak edo egindako gastuen gaineko edo jarduera gauzatzeari buruzko dokumentazioa aurkeztera, hala eskatzen diotenean bai diru-laguntza ematen duen organoak bai indarreko legeriaren arabera ahalmen hori aitortua duten gainerako organoek ere, diru-laguntzaren destinoa zuzena eta egokia izan dela egiaztatze aldera.

21. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada- edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria zuzendariak bidezko kitapen-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazioa edo itzulketa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa dagokion epean ez itzultzea.

2.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek suposizio horietako baten pean eroriz gero, aurretik erakunde interesdunari audientzia emango dion dagokion prozedura bideratuta, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria zuzendariak emateke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta diru-laguntzen arloan laguntza ordaindu zenez geroztiko aplikagarriak diren interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola adieraziko du, bidezkoak diren gainerako jarduketen kaltetan izan gabe. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira bidezko lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

3.– Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan zerrendatutako itzultze-arrazoiren baten pean eroriz gero, jasotako zenbateko osoa edo zati bat eta berandutze-interesak itzuli beharko dira. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraiki, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean justifikatutako kausa dela eta, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa berri bat.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eta Titularitate Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategia eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdi honen tramitazioan bildutako datu pertsonalak honako diru-laguntza deialdi hau bera edo horrekin lotutako beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko erabiliko den fitxategi batean gordeko dira, eta parte-hartzaileei deialdiaren nondik norakoen berri emateko erabiliko dira. Gazteria-arloko laguntzak eta diru-laguntzak izeneko fitxategi horren erakunde arduraduna Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritza da. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, halaber, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Gazteria Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete erakunde interesdunek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean emango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 21a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

ERANSKINA
ESKABIDEAN GEHITU BEHARREKO DATUAK. ESKABIDEA DAGOKION FORMULARIO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ EGIN BEHAR DA.

Erakundearen izena eta IFK.

Ordezkaria: izen-abizenak. NAN zenbakia. Sexua.

Abisuak jasotzeko datuak: telefono-zenbakia / helbide elektronikoa.

Jakinarazpenetarako, komunikazioetarako eta abisuetarako hizkuntza: euskara edo gaztelania.

Diru-laguntza jasotzeko aurkezten den proiektuaren izena.

Erantzukizunpeko adierazpenak. Erakunde eskatzailea(k):

– Administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo diru-laguntza eskatu dio eta hark eman egin dio (atal honetako datuak «Jardueraren Memoria eta Aurrekontua» izeneko dokumentuan zehaztu behar ditu).

– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

– Ez zaiola legez debekatu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, sexu-bazterkeriagatikoak barne.

– Egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

– Onuradunak laguntza horiek eskuratzeko indarrean dauden arauetan xedatutako baldintzak betetzen ditu.

– Diru-laguntza eskatzen den ekipamenduak aplikazioko sektore-araudia betetzen duela adierazten du.

– Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak direla adierazten du.

Erantsitako dokumentuak:

– Jardueraren memoria eta aurrekontua.

– Burutzapen-proiektua. Honakoak jaso beharko dira, gutxienez, proiektu horretan: memoria, kokapen- eta banaketa-planoak, proiektuaren ezaugarrien eta proiektatu diren obren deskribapen zehatza eta, obrak txikiak badira, egingo diren obren zehaztapen teknikoen eredu bat.

– Diru-laguntzaren xede den jarduna egitea onartzen duen erabakia jasotzen duen ziurtagiria, edo ordezkariak erakundearen izenean erabaki hori hartzeko adina botere duela adierazten duena.

– Lokalaren jabetza-ziurtagiria.

– Horretarako beste laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso ez dela dioen egiaztagiria.

– Erakunde eskatzaileak diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko finantzaketa ordaintzeko ekitaldi honetan nahikoa kreditu duela dioen egiaztagiria.

– Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

Gainera, 2016ko apirilaren 15aren aurretik gazte-ekipamenduen eskumena garatu ez duten udalerriek:

– Dagokion foru-aldundiaren txostena, eskumen berriaren jasangarritasun finantzarioari buruzkoa.

– Alkateak Eusko Jaurlaritzari eskatzea bikoiztasunik eza adierazten duen txostena.

Baimena ematen diot deialdi hau kudeatzen duen organoari eskumeneko administrazioan honako datu hauek egiazta ditzan: Nortasun- datuak (EADG) eta hirugarrengoen alta.

Baimena ematen diot deialdi hau kudeatzen duen organoari zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete direla automatikoki egiazta dezan, bai eta, bere sare korporatiboen bidez edo datuen bitartekaritza-plataformen edo horretarako gaitutako bestelako sistema elektronikoen bidez, dokumentuak elektronikoki biltzea ere.

ESKABIDEAREKIN AURKEZTU BEHARREKO MEMORIA ETA AURREKONTUA

Entitatearen izena. Udalaz gaindiko erakundeen kasuan, sormen-araua adierazi beharko da, edo, hala badagokio, erregistro publikoko inskripzioa.

2016ko apirilaren 15aren aurretik garatu al du gazte-ekipamenduen eskumena udalerriak? Bai / Ez: dagokion foru-aldundiaren txostena erantsi beharko da, eskumen berriaren jasangarritasun finantzarioari buruzkoa, bai eta alkateak Eusko Jaurlaritzari eskatu behar dion bikoiztasunik ezaren inguruko txostenaren eskaera ere.

Harremanetarako eta jakinarazpenetako pertsonaren identifikazio-datuak: izen-abizenak. Kargua edo lanpostua. Telefonoa. Posta elektronikoa.

Proiektuaren izena. Hasiera-eguna. Amaitzea aurreikusten den data. Proiektuaren helburuak.

Ekintzaren hartzaile izan daitezkeen adin-tarteak. Beste administrazio publiko batzuekin koordinatzeko mekanismoak. Proiektuak zenbateraino bultzatzen duen garatzen deneko gazteriaren arloa. Diru-laguntza eskatzen den ekipamendua gazteentzat erabiltzen jarraitzeko konpromisoa, gutxienez, hurrengo bost urteetan. Proiektuaren lurralde-eremua edo mugakide diren ingurune edo eskualdeetako kolektiboetan izan dezakeen eragina. Proiektuan genero-ikuspegia integratzea. Informazio osagarria.

Aurrekontua. Kontzeptua, zenbatekoa eta gastuak guztira. Eskatzen den zenbatekoa (gehienez, gastu guztien % 70). Beste finantzazio-iturri batzuk (eskaera-egunera arte emandako beste laguntza batzuk eta beste diru-sarrera batzuk). Erakunde eskatzailearen ekarpena (20.000 biztanle baino gehiagoko erakundeen kasuan, gutxienez, gastuen % 30 izan behar da). Inbertsioa guztira (zenbatekoak bat egin beharko du guztizko gastuekin).


Azterketa dokumentala