Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2017ko ekainaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
3329

AGINDUA, 2017ko ekainaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez kargutik Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkaria kentzen baita eta haren ordezkoa izendatzen, eta aldatzen baita batzorde horren egoitza.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalak Arbitraje Batzorde bat arautzen du, eta, Itunaren 66. artikuluaren 1. atalak ezarritakoaren arabera, hauek dira batzorde horren eginkizunak:

a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean edo hauen eta beste autonomia-erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren auziak ebaztea, bai zerga itunduen lotura-puntuen aplikazioari dagokionez, bai administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehazteko, Sozietateen gaineko Zerga edota Balio Erantsiaren gaineko Zerga administrazio bati baino gehiagori ordaindu behar zaionean.

b) Banako zerga harremanetako arazo zehatzetan ekonomia-itun hau interpretatzeko eta aplikatzeko orduan administrazio interesatuen artean sor litezkeen auziak erabakitzea.

c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.

Bere aldetik, aipaturiko Arbitraje Batzordeari buruzko Arautegiak, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren bitartez 2007ko uztailaren 30ean onartu eta maiatzaren 9ko 335/2014 Errege Dekretuaren bidez aldaturikoak, bere 7. artikuluan honako hau ezartzen du:

«1.– Arbitraje Batzordeak idazkari bat izango du, zeina ezingo baita Batzordeko kide izan; honako hauetako baten zerbitzura dagoen pertsona izango da: Estatuko Administrazio Orokorra, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo foru aldundiak.

2.– Ogasun eta Herri Administrazioetako Ministroak eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburuak izendatuko dute Arbitraje Batzordeko idazkaria, zeinek txandaka eta hiru urteko aldietan jardungo baitu.

(...)».

Arbitraje Batzordea eratzen denetik hiru urteko hirugarren aldia bete eta gero, Estatuko Administrazioko funtzionario batek hartu beharko du idazkaritza, eta, gainera, berriz ezarriko da Arbitraje Batzordearen egoitza higiezinean: Olagibel 7, 01004 Vitoria-Gasteiz.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren funtzionario den idazkaria kargutik kendu behar da, eta Arbitraje Batzordearen egungo kokalekua aldatu.

Horren ondorioz eta lehenago aipaturiko arauak betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Loreto Abaigar Echegoyen andrea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkari kargutik kentzea.

Bigarrena.– EAEko Ordezkaritza Bereziaren Erakunde Harremanetarako Eskualdeko Bulegoaren Buruzagitzaren titularra izendatzea Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalean aurreikusitako Arbitraje Batzordeko idazkari. Baldin eta kargua hutsik badago, betetzen duena kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada, ordezkaritza horretako Erakunde Harremanetarako Arloan ordezten duen pertsona izango da ordezkaria.

Hirugarrena.– Zerga Administrazioko Estatuko Agentziaren Arabako Ordezkaritza dagoen higiezina izango da Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren III. kapituluko 3. atalean aurreikusitako Arbitraje Batzordearen egoitza, hau da: Olagibel kalea 7, 01004 Vitoria-Gasteiz.

Laugarrena.– Agindu hau jakinaraztea Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministroari Ekonomia eta Ogasuneko ministroari eta Arbitraje Batzordeko lehendakariari.

Bosgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek jakin dezaten.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau 2017ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 15a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARIA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala