Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2017ko ekainaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3287

167/2017 DEKRETUA, ekainaren 13koa, nekazaritzako eta ur eta arrantzako prestakuntzaren arloko batzorde mistoen eta segimendu-batzordeen osaera eta funtzionamendu-araubidea zehaztekoa.

2/2015 Legeak, ekainaren 11koak, Nekazaritza eta Elikadura Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legea aldatzekoak, nekazaritza- eta elikadura-arloko unibertsitateaz kanpoko lanbide-heziketaren gaineko eskumena esleitzen dio hezkuntza-arloko sail eskudunari prestakuntza arautuarekin zerikusi duten alderdietan. Aldiz, nekazaritza- eta elikadura-arloko sail eskudunak eskumenari eutsiko dio arautu gabeko prestakuntzarekin zerikusi duten alderdietan. Eskumenak aldatzeaz gain, xedapenak kide anitzeko bi organo sortu ditu nekazaritzako prestakuntzan: batzorde mistoa eta segimendu-batzordea. Bestalde, 6/1998 Legea, martxoaren 13koa, itsas arrantzarena, aldatu egin da, ur eta arrantzako prestakuntzari dagokionez, bai eskumenen banaketan bai batzorde mistoari eta segimendu-batzordeari dagokionez. Hala, beharrezkoa izango da, halaber, bi organo horiek esparru horretan egituratzea. Horrenbestez, Dekretu honetan arautuko dira nekazaritzako eta elikadurako prestakuntzaren esparruko batzorde mistoaren eta segimendu-batzordearen osaera eta egitekoak, baita ur eta arrantzako prestakuntzaren esparruko batzorde mistoaren eta segimendu-batzordearen osaera eta egitekoak ere.

Dekretu hau egiteko, eragindako administrazioei eta lan-munduko eta ekonomia-arloko ordezkariei egin zaie kontsulta. Era berean, araua idazteko, kontuan hartu da 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerakoa.

Ondorioz, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoari jarraikiz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 13an egindako bilkuran gaia eztabaidatu onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Arauaren helburua.

Dekretu honen helburua nekazaritzako eta elikadurako prestakuntzaren esparruko batzorde mistoaren eta segimendu-batzordearen osaera eta egitekoak arautzea da, baita ur eta arrantzako prestakuntzaren esparruko batzorde mistoaren eta segimendu-batzordearen osaera eta egitekoak arautzea ere.

2. artikulua.– Atxikipena.

Aurreko artikuluan aipatutako batzorde mistoa eta segimendu-batzordea nekazaritzako, elikadurako eta ur eta arrantzako sail eskudunari atxikita egongo dira. Atxikipen honek ez du esan nahi Mahaia Sail horren egitura organikoan barneratuko denik.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Batzorde mistoak zein segimendu-batzordeak osaera hau izango dute: presidentetzan jardungo duen pertsona bat, presidenteordetzan jardungo duen beste bat, idazkaritzako beste bat eta kide-izaera dutenak.

2.– Ez da ordainsaririk jasoko batzorde mistoaren zein segimendu-batzordearen saioetara bertaratzeagatik, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuari, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoari, eta indarrean dagoen gainerako legediari jarraikiz kideei dagozkien dietak eta kalte-ordainak jaso badaitezke ere.

4. artikulua.– Presidentetza.

Batzorde mistoaren zein segimendu-batzordearen presidentetza nekazaritzako eta elikadurako sail eskudunaren titularrari egokituko zaio, eta egiteko hauek izango ditu:

a) Administrazio-organoaren ordezkari izatea.

b) Berdinketak bere bozarekin haustea.

c) Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdiak egitea, eta gai-ordena zehaztea; horretarako, kontuan hartuko ditu, hala badagokio, organoko gainerako kideen eskaerak, 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

d) Bileretan buru izatea eta horiei amaiera ematea, eztabaiden moderatzaile izatea, eta eztabaidok bertan behera uztea arrazoi justifikaturik badago.

e) Bozkatzeko gaiak proposatzea.

f) Aktei eta erabakien ziurtagiriei buruzko oniritzia ematea.

g) Organoaren akordio bidez egozten zaizkion eginkizun guztiak.

5. artikulua.– Presidenteordetza.

Batzorde mistoaren zein segimendu-batzordearen presidenteordetza hezkuntza-arloko sail eskudunean lanbide-heziketako sailburuordetzaren titularra den pertsonari egokituko zaio, eta presidentearen ordezkoa izango da horri esleitutako guztian.

6. artikulua.– Idazkaritza.

1.– Idazkaritzan jardungo duen pertsona presidentearen izendapenez hautatuko da kasuko administrazio-organoan parte hartzen duten Eusko Jaurlaritzako sailen langileen artean, eta egiteko hauek izango ditu:

a) Bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe.

b) Jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea.

c) Erabakiak osatzeko eta hartzeko prozedurak eta arauak betetzen direla bermatzea.

d) Bilkuretarako deialdia egitea presidentearen aginduz, bai eta kide-izaera duten pertsonen zitazioak ere; hala badagokio, gai-ordenako puntu bakoitzari dagokion informazio gehigarria ere igorri beharko du.

e) Organoko kideen komunikazio-egintzak jasotzea, bai eta jakinarazpenak, datu-eskabideak, zuzenketak edo ezagutu behar duen beste edozein dokumentu ere.

f) Gaiak bideratzea eta bilkuretako aktak egitea eta baimentzea.

g) Jarduketen, kontsulten eta hartutako erabakien ziurtagiriak ematea.

h) Organoko presidenteak egozten dizkion eginkizun guztiak.

2.– Ez dagoelako, gaixo dagoelako edo legezko beste arrazoi bategatik, idazkaria ordeztu egin behar bada, presidenteak izendatuko du ordezkoa.

7. artikulua.– Kideak.

1.– Hauek dira kideen eskubideak:

a) Deialdia jasotzea gutxienez bilkura baino 7 egun lehenago; bertan, bilkuretako gai-ordena eta gai horien gaineko informazioa jaso beharko dira.

b) Presidentetzari proposatzea, jasota geratzea bermatuko duen edozein bitartekoren bidez, aurrerantzean egin beharreko bilkuren gai-zerrendetan sartuko diren puntuak.

c) Ezohiko bilkurak proposatzea.

d) Organoaren bileretan zehar, premiazko gaiak sartzea proposatzea, 8. artikuluaren 3. atalari jarraikiz.

e) Bakoitzaren iritzia eta proposamenak askatasunez adieraztea gai-ordenako edozein gairen inguruan.

f) Botoa emateko eskubidea erabiltzea eta, hala badagokio, botoaren zentzua eta arrazoiak azaltzea.

g) Galde-eskeak egitea.

h) Organoak adostutako gainerako eskubide guztiak.

2.– Betetzen duten karguagatik organoko kideak direnek kargua galdu behar pronto batzordekide izateari ere utzi beharko diote.

3.– Gainerako kideak 4 urterako izendatuko dira. Epe hori amaituta, aldi berdinerako izendatu ahal izango dira berriz.

4.– Heriotz, ezintasun, izendapenari uko egite, errebokazio edo antzeko arrazoiengatik hutsik gelditzen diren postuak hilabeteko epean beteko dira gertakizun hori organoko idazkaritzari jakinarazten zaionetik eta ordeztu beharreko kideari betetzeke geratzen zaion denboraldia bitartean.

5.– Kideak ordeztu egin behar badira, ausentziagatik, gaixotasunagatik edo bestelako legezko arrazoi batengatik, honako hauek arituko dira ordezko:

a) Eusko Jaurlaritzako sailetako kideen kasuan, kasuko sailaren titularrak izendatutako pertsona.

b) Foru-aldundietako ordezkariei dagokienez, aldundi bakoitzaren barne-arauei jarraikiz, dagokion pertsona.

c) Gainerako ordezkariei dagokienez, bakoitzaren barne-arauen arabera ordezko izatea dagokiona.

6.– Gai bereziak aztertzean batzordekide ez direnak deitu behar badira, presidenteak egingo du deialdia, eta aipaturiko gaietarako bakarrik izango da. Pertsona horiek ez dute boto-eskubiderik izango.

8. artikulua.– Deialdia eta bilkurak.

1.– Deialdia bilkura bakoitza baino 7 egun lehenago gutxienez egingo da. Kasuko organoak ezarriko ohiko bilkuren maiztasuna; gutxienez urtean bi bilkura batzorde mistoetan eta bilkura bat segimendu-batzordeetan. Presidenteak beharrezko irizten duenean deituko ditu ezohiko bilerak, edo gutxienez kideen % 50ek eskatzen duenean. Presidenteak deialdi-epea murrizteko erabakia hartu ahal izango du larrialdi-egoeretan; gutxieneko epea 48 ordukoa izango da.

2.– Bilkurak presentzialak edo urrutikoak izan ahalko dira, urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera. Lehenengo deialdian, bilkurak egin ahal izango dira presidenteaz eta idazkariaz gainera kideen erdiak bertaratzen badira. Bigarren deialdian, bilkurak egin ahal izango dira, lehenengotik ordu bat igaro ostean, presidenteaz eta idazkariaz gainera gutxienez bi kide bertaratzen badira.

3.– Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, organoko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.

4.– Organoak bozkatu egingo ditu erabakitzeko gaiak, presidentearen proposamenari jarraikiz. Botoen gehiengo soilez adostuko dira akordioak; berdinketarik egonez gero, kalitateko botoa izango du presidenteak.

5.– Aktek eta batzordeen erabakien eta jarduketen ziurtapenek 40/2015 Legea bete beharko dute, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

II. KAPITULUA
NEKAZARITZA ETA ELIKADURAKO PRESTAKUNTZARAKO BATZORDE MISTOA ETA UR ETA ARRANTZAKO PRESTAKUNTZARAKO BATZORDE MISTOA

9. artikulua.– Egitekoak.

1.– Batzorde Mistoek, zein bere prestakuntza-esparruan, honako egitekoak dituzte:

a) Nekazaritza, elikadura, ur eta arrantza eta elikagaigintzaren lanbide-arloko hasierako prestakuntzaren ildo estrategikoak aztertzea eta proposatzea.

b) lehen sektore, elikagaigintza, landa eta itsasertzeko enplegurako prestakuntzari loturiko ildo estrategikoak aztertzea eta proposatzea.

c) Lehen sektore, landa eta itsasertzean diharduten emakumeei zuzenduriko prestakuntzaren ildo espezifikoak aztertzea eta proposatzea.

d) Berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren esparruetako jarraibideak zehaztea, nekazaritzan, elikaduran, ur eta arrantzan eta elikagaigintzan.

e) Lehen sektore, landa eta itsasertzeko balio-katerako ekintzailetza-estrategia identifikatzea. Lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako lanbide-gaitasuna aitortzeko prozedurari loturiko ildo estrategikoak proposatzea, nekazaritza, elikagaigintza eta ur eta arrantzako jardun profesionalean.

f) Hasierako prestakuntzan nahiz enplegurako prestakuntzan (nekazaritzan eta ur eta arrantzan jarduteko nahitaezkoa dena zein lanbide-txartelak edo nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren esparruko balio-katea sendotzeko beste zeinahi prestakuntza) indarrean dauden programen eta prestakuntza-ekintzen emaitzak aldian behin ebaluatzea.

g) Lanbide-kualifikazio berrien sorrera hautematea eta sustatzea, baita horiei dagokien prestakuntza ere, hala hasierako prestakuntzan zein enplegurako prestakuntzan nola unibertsitate-mailakoan.

h) Nekazaritzako, elikagaigintzako eta ur eta arrantzako zenbait jarduera gauzatzeko behar diren titulazioak egituratzea, jarduera arautzeko txartel edo tituluak ateratzeko, bai eta operadoreen diru-laguntzak jasotzeko aukera izateko ere.

i) Sektorea aztertzea, nekazaritza, elikadura eta ur eta arrantzako jarduera batzuen berezko profil edo eremu profesionalak zehaztuta, baita horietan jarduteko beharrezkoa den kualifikazio-maila zein dagokien enplegurako prestakuntza ere.

j) Hezkuntzako sail eskudunarekin adostea nekazaritza eta elikadurako sail eskudunak zein araubideren arabera erabiliko dituen instalazioak eta ekipamendua.

k) Programak proposatzea, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen emaitzen hedapena barne hartuta, batez ere euskal autonomia-erkidegoan sustatu badira.

l) Nekazaritza- eta elikadura-arloko hiru sail eskudunen mendeko deialdi publikoak koordinatuta egitea sustatzea, enpleguan eta hezkuntzan, nekazaritzako, nekazaritzako elikagaietako, ur eta arrantzako eta landa eta itsasertzeko prestakuntza finantzatzeko helburuarekin.

2.– Aurreko lerrokadan adierazitako egiteko horietan guztietan kontuan hartu beharko dira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak egoeretan, baldintzetan, helburuetan eta beharretan, desberdintasunak desagertze eta esku-hartze eraginkorragoa lortze aldera.

10. artikulua.– Kide-izaera duten pertsonak.

Nekazaritza- eta elikadura-arloko sail eskudunaren titularrak izendatutako ditu batzorde mistoetako kideak. Hauek izango dira:

a) Nekazaritza-arloko sailburuordetza eskudunaren titularra.

b) Landa garapenaren arloko zuzendaritzako titularra.

c) Nekazaritza- eta elikadura-arloko zuzendaritza eskudunaren titularra nekazaritza eta elikadurako prestakuntzarako batzorde mistoan eta arrantza-arloko zuzendaritza eskudunaren titularra ur eta arrantzako prestakuntzarako batzorde mistoan.

d) Enplegu-arloko sailburuordetza eskudunaren titularra.

e) Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko lanbide-heziketako zuzendaritza eskudunaren titularra.

f) Hezkuntza-arloko sail eskudunaren heziketa eta ikaskuntza zuzendaritza eskudunaren titularra.

g) Hezkuntza-arloko sail eskudunak izendatutako pertsona.

III. KAPITULUA
NEKAZARITZA ETA ELIKADURAKO PRESTAKUNTZARAKO SEGIMENDU-BATZORDEA ETA UR ETA ARRANTZAKO PRESTAKUNTZARAKO SEGIMENDU-BATZORDEA

11. artikulua.– Egitekoak.

1.– Segimendu-batzordeek funtzio hauek izango dituzte:

a) Prestakuntza-eskaintza sustatzea nekazaritza, ur eta arrantza eta elikagaigintzako lanbide-arloko hasierako prestakuntzan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako ildo estrategikoak kontuan hartuta.

b) Lehen sektore, elikagaigintza eta landa eta itsasertzeko enplegurako prestakuntza-eskaintza sustatzea, kasuko batzorde mistoak proposatutako ildo estrategikoak kontuan hartuta.

c) Berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren esparruetako estrategia dinamizatzea, nekazaritza, elikadura, ur eta arrantza eta elikagaigintzako lanbide-arloan.

d) Lan-esperientziaren bitartez eta/edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura sustatzea, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

e) Gertuko (sektoreko, eskualdeko edo tokiko) ekoizpen-sistemarekin harremanetan jartzea, prestakuntzan, kualifikazioan eta langileen bizi arteko ikaskuntzan dauden beharrak hautemateko lankidetza abian jarriz.

f) Gertuko ekoizpen-sisteman gerta daitezkeen teknologia- eta antolaketa-aldaketen eta enpleguaren bilakaera aztertzea, eta aldaketa horien ondoriozko kualifikazio- eta prestakuntza-behar berriak identifikatzea.

g) Nekazaritza, elikadura eta ur eta arrantzako sektoreko prestakuntza-beharrak identifikatzea, sektore horietako profesionalei prestakuntzarako eta etengabeko birziklatzerako sarbidea eskaintzeko eta egokitzapen-beharrei aurre egiteko, batez ere kasu hauetan: jarduera jasangarriak egitea, kudeaketa tekniko eta ekonomikoa hobetzea, nekazaritzako produktuen identifikazio-, elikadura-segurtasun eta trazabilitate-, eraldaketa- eta merkaturatze-arauak, teknologia berriak eta informazio eta komunikaziorako sarbidea.

h) Emakumeen ahalduntzea xede izango duen prestakuntza-plan iraunkorra sustatzea.

i) Titulazio berrien ezarpena proposatzea, bai lanbide-heziketan, bai unibertsitate-arloan.

j) Informazio- eta orientazio-zerbitzuen sare bat sustatzea, banaka zein taldeka, prestakuntza-ibilbideetan eta lanbide-ibilbideetan sartzeko aukerak, mugikortasuna eta aurrerapena errazteko.

k) Berrikuntza- eta garapen-ekintzak eta -proiektuak sustatzea gertuko enpresekin eta eragile sozialekin elkarlanean eta izandako esperientzien edukia eta balorazioa jakinaraztea gainerako zentroei.

l) Lehen sektoreko profesionalen, teknikarien eta eragileen prestakuntza sustatzea.

m) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako irakasleen prestakuntza oinarrizko, mailakatu eta iraunkorrerako beharrezkoak diren neurriak hartzea.

n) Balio-kateari loturiko erakundeen, entitateen eta eragileen artean lankidetza eta koordinazio-bideak ezartzea.

o) Estatuan erreferentzia diren zentroekin, lanbide eta okupazioen behatokiekin, kualifikazio-institutuekin eta bestelako erakundeekin lankidetzan aritzea, gertuko ekoizpen-sisteman gerta daitezkeen teknologia- eta antolaketa-aldaketen eta enpleguaren bilakaera aztertzeko.

2.– Aurreko lerrokadan adierazitako egiteko horietan guztietan kontuan hartu beharko dira emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak egoeretan, baldintzetan, helburuetan eta beharretan, desberdintasunak desagertze eta esku-hartze eraginkorragoa lortze aldera.

12. artikulua.– Kide-izaera duten pertsonak.

1.– Nekazaritza- eta elikadura-arloko sail eskudunaren titularrak izendatutako ditu segimendu-batzordeetako kideak. Hauek izango dira:

a) Nekazaritza-arloko sailburuordetza eskudunaren titularra.

b) Nekazaritza, elikadura eta ur eta arrantzako prestakuntza-arloko zuzendaritza eskudunaren titularra.

c) Nekazaritzako Elikagaietako zuzendaritza eskudunaren titularra.

d) Hezkuntza-arloko sail eskudunaren hiru ordezkari.

e) Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bi ordezkari.

f) Enplegu-arloko sail eskudunaren ordezkari bat.

g) Hazi Fundazioaren ordezkari bat.

h) Elika Fundazioaren ordezkari bat.

i) Elikadura-klusterraren ordezkari bat.

2.– Aurreko lerrokadan adierazitako kideez gain, nekazaritza eta elikadurako prestakuntzako segimendu-batzordeko kide izango dira, halaber, hauek:

a) Nekazaritza- eta elikadura-arloko zuzendaritza eskudunaren titularra.

b) Nekazaritza Eskolen ordezkari bat.

c) Arabako Foru Aldundiko ordezkari bat.

d) Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bat.

e) Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat.

f) Neiker SAren ordezkari bat.

g) Lursailen ordezkari bat.

h) Mendineten ordezkari bat.

i) Baskegurren ordezkari bat.

j) Eudel; Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat, udalerri txikien ordezkaritzan.

k) Nekazaritzako lanbide-erakunde adierazgarrienek eskuratutako ordezkariak, 17/2008 Legearen, abenduaren 23koaren, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoaren, 88. artikuluan xedatutako prozedurari jarraikiz.

l) Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioaren ordezkari bat.

3.– Lehen lerrokadan adierazitako kideez gain, ur eta arrantzako prestakuntzako segimendu-batzordeko kide izango dira, halaber, hauek:

a) Arrantza-arloko zuzendaritza eskudunaren titularra.

b) Ur eta Arrantza Eskolen ordezkari bat.

c) Azti Fundazioaren ordezkari bat.

d) Ondarroako Arrantza Ekoizleen Elkartearen ordezkari bat.

e) Atunontzi Izoztaileen Armadoreen Espainiako Elkartearen ordezkari bat.

f) Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

g) Bizkaiko Arrantzale Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

h) Eudel; Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat, kostako udalerrien ordezkaritzan.

i) Arrantza Sektoreko Emakumeen Federazioaren ordezkari bat.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko ekainaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala