Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2017ko ekainaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2942

62/2017 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea honen testua: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-arloan sinatu duten lankidetza-hitzarmena. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 26KO 62/2017 EBAZPENARENA
BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO PRESTAKUNTZA ARLOKO HITZARMENA

Madrilen, 2017ko maiatzaren 25ean.

HONAKO HAUEK HARTU DUTE PARTE:

Alde batetik, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, Carlos Lesmes Serrano jauna, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak 2013ko abenduaren 9an hartutako erabakiaren arabera (2 zenbakiduna); abenduaren 10eko 979/2013 Errege Dekretua (2013ko abenduaren 11ko BOE).

Beste alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen bidez sortutako erakunde autonomoa da IVAP, eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Autogobernu Sailari atxikita dago.

Bi alderdiak bakoitza bere erakundeen izenean eta hura ordezkatuz agertu dira, eta hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena aitortzen diote elkarri, sinetsita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean lankidetza estua izateak onurak ekar ditzakeela bientzat, prestakuntza-arloan bi erakundeek esleituta dituzten zereginak betetzeko orduan. Hortaz,

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

I.– Botere Judizialaren Lege Organikoak, 560.1.7 artikuluan (2013ko ekainaren 28ko 4/2013 Lege Organikoan emandako idazketaren arabera, zeinaren bidez aldatzen den Botere Judizialaren 1985eko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari esleitzen dio, beste eskumen batzuen artean, «epaileen eta magistratuen prestakuntza- eta hobekuntza-arloan (...) dagokiona erabakitzeko» eskumena eta, 433 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, beste erakunde batzuekiko lankidetzan aritzea ondorio horietarako.

II.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari honako helburu hauek esleitzen dizkio, besteak beste, erakundea bera sortu zuen 16/1983 Legeak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen berezitasun juridiko, finantzario eta estatistikoak ikertu, irakatsi eta ezagutaraztea.

c) Administrazio-zientzia ikertu, irakatsi eta ezagutaraztea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan ezartzea.

d) Espainiako zein atzerriko antzeko beste erakunde batzuekin truke-harremanak lotu eta hitzarmenak egitea.

III.– Bi alderdiek, nork bere ahalmenak baliatuz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea bientzat onuragarritzat jotzen dutenez, hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauei lotuta.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen bidez, alderdiek akordio orokor bat ezartzen dute bi erakundeen arteko lankidetza-ildoak zehazteko xedez. Zikloak, ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak eta mahai-inguruak –bai ikerketa arloan bai prestakuntza-arloan, bai eta arlo horiekin lotutako beste jarduera-eremu batzuetan ere– antolatzera bideratuko da elkarlan hori, eta horiek denak Estatuko karrera judizialeko kideei zein Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko langileei zuzenduta egongo dira.

Bi erakundeen arteko elkarlanetik sortutako jarduerek Europako Zuzenbidea izango dute lehentasunezko aplikazio-eremu, baina, etorkizunera begira, beste eremu batzuk ere sar daitezke jarduera hauen lehentasunezko arreta-eremu gisa.

Bigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.

Bi erakundeen arteko lankidetza gauzatzeko, bilerak egingo dituzte aldian-aldian. Horretarako, hitzarmen honen jarraipen-batzordea eratuko da, lau kide dituela: alderdi bakoitzeko bi ordezkari. Batzordearen erabakiak aho batez hartuko dira.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldetik Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berak izendatutako bi kidek osatuko dute batzorde horren parte, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aldetik, berriz, erakunde horretako zuzendariak izendatutako bi kidek.

Hitzarmenaren jarraipen-batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, hitzarmen honen esparruan egindako jarduerak egoki gauza daitezen.

Hitzarmenaren jarraipen-batzordearen funtzioak honako hauek izango dira:

a) Urteko lankidetzaren eduki zehatza erabaki, bai eta programak, proiektuak, jarduerak, bitarteko pertsonal eta materialak eta alderdi bakoitzaren konpromisoak ere, aurreko klausulan ezarritakoaren arabera.

b) Jardueren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egitea.

c) Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio-lanak bultzatzea, prestakuntza-helburuak ahalik eta hobekien lortzeko.

d) Hasiera batean aurreikusitako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren aldaketak proposatzea.

e) Hitzarmena interpretatzea eta gauzatzeko garaian sor litezkeen zalantzak argitzea.

f) Aurrekoekin lotutako beste edozein funtzio, hitzarmen hau egoki betetzeko beharrezko bada.

Hirugarrena.– Programen eta jardueren gaineko informazioa ematea elkarri

Urte bakoitzean erabakitzen den unean uneko lankidetza gorabehera, alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du bakoitzak aurreikusitako prestakuntza-programen eta jardueren berri emateko beste alderdiari, behar besteko denboraz, bakoitzak bestearen jardueretan zer-nolako parte-hartzea izan dezakeen erabakitzeko aukera izan dezan.

Laugarrena.– Hitzarmen honetatik sortutako ekintzak gauzatzea eta finantzatzea.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute erabakitakoa gauzatzeko beharrezko diren jarduketa guztiak egiteko nork bere jarduera-eremuan, eta hitzarmen honetatik sortutako prestakuntza-ekintzak nork bere programazioan txertatzeko.

Hitzarmen honek ez dio gasturik sortuko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari; izan ere, hitzarmenaren ondorioz sortutako prestakuntza-ekintzak bere plangintza orokorrean dagoeneko aurreikusita dauden ekintzak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileei zuzenduta egongo dira.

Hitzarmen honek ez dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari ere betebehar ekonomikoak zuzenean bere gain hartu beharrik ekarriko. Hitzarmen honetatik sortutako prestakuntza-ekintza oro, baldin eta kostu ekonomikoren bat badu, aurrekontuetan behar bezala jaso beharko da eta organo eskumendunak onartu beharko du.

Bosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Hitzarmen honek bultzatuta egiten diren jardueretan lortutako datu pertsonalak alde sinatzaileen ardurapeko fitxategietan gordeko dira, eta hitzarmen hau behar bezala betetzeko baino ez dira erabiliko. Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute datu horiek Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera eta lege hori garatzen duen estatuko zein EAEko araudiaren arabera erabiltzeko, hitzarmena sinatu duen alderdi bakoitzari zein araudi aplikatu behar zaion kontuan hartuta. Titularrak datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta horien aurka egiteko eskubideaz balia daitezke dokumentu honetan jakinarazpen-ondorioetarako bi alderdiek emandako helbidean.

IVAPi dagokionez, hitzarmen honetatik sortutako prestakuntza-ekintzetan jasotako datu pertsonalak erakunde horrek antolatutako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroen fitxategian gordeko dira, eta lankidetza-jarduera horiek kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Fitxategi honetan gordetako datu pertsonalen titularrak datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta horien aurka egiteko eskubideaz balia daitezke Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren aurrean.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute datu horiek Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera eta lege hori garatzen duen estatuko zein EAEko araudiaren arabera erabiltzeko, hitzarmena sinatu duen alderdi bakoitzari zein araudi aplikatu behar zaion kontuan hartuta.

Seigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honek sinatzen den egunetik 2017ko abenduaren 31ra bitartean izango du eragina, eta berariaz luzatzeko aukera egongo da, ondoz ondoko urtebete naturaleko epez, hurrengo klausulan hitzarmena iraungitzeko ezarritako arrazoiren bat tarteko ez bada.

Zazpigarrena.– Hitzarmena iraungitzea.

Hitzarmen hau arrazoi hauengatik suntsitu ahal izango da:

1.– Alderdietako batek hitzarmenaren amaiera iragartzea, idazki bidez, hiru hileko aurrerapenarekin.

2.– Bi alderdiak hitzarmena bertan behera uzteko ados egotea.

3.– Hitzarmeneko klausularen bat ez betetzea.

Sinatzaileek azaldu eta hitzartutako guztiarekin ados daudela adierazten dute, eta, dauzkaten eskumenez baliatuz, hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, goian adierazitako lekuan eta datan.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea,

CARLOS LESMES SERRANO.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala