Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2017ko ekainaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2938

86/2017 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendari kudeatzailearena. Honen bidez, deialdia egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Donostia-Egiako Zentroko osasun mentaleko unitateburuaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko.

Hutsik dago Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Donostia-Egiako Zentroko osasun mentaleko unitateburuaren lanpostua. Gauzak hala, lanpostu hori lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa egitea erabaki du Kudeaketako Zuzendaritzak, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen hirugarren arau komuneko 28. artikulua; Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua; abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Osasun Zerbitzuetako estatutupeko langileen Marko Estatutuari buruzkoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua eta zerbitzuburu eta atalburu medikoen lanpostuak nola bete ezartzen duen Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1/2016 Jarraibidea.

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Eskaerak aurkezteko azken egunean baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek parte hartu ahal izango dute deialdian:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutupeko langilea, funtzionarioa edo langile finkoa izatea, Osasun Sistema Nazionaleko osasun-erakundeetako estatutupeko langile finkoa, eta, kasuan kasu, hala zehazten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionarioa edo langile finkoa, eta eskainitako lanpostuaren lanbide-talde bereko lanpostu batean jardunean egotea edo lanpostua gordetzea dakarren beste egoera administratibo batean egotea.

b) Psikiatriako Mediku Fakultatibo Espezialistaren titulua izatea.

c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea psikiatriako mediku FE gisa.

2.– Deialdia argitaratzea.

Honako Ebazpena osoki argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean.

3.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

A) Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskaerak (Begiristain Doktorearen pasealekua 115, 20014 Donostia), hamabost laneguneko epean, deialdiaren ebazpena dagokien aldizkari ofizialetan argitaratu eta azken argitalpen-dataren hurrengo egunetik kontatzen hasita. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez daitezke eskabideak.

B) Interesdunek beren datu pertsonal guztiak zehaztu beharko dituzte eskabidean, eta, eskabidearekin batera, curriculum vitaea eta horri lotutako agiriak bidali beharko dituzte Gipuzkoako Osasun Mentaleko Zuzendaritzara. Dokumentazioan, honako hauek jaso beharko dira:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Langilearen funtzionario edo estatutupeko izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, lan-kontratu finkoko langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua.

d) Deialdia argitaratzen den garaian ematen ari den zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua, kategoria adierazita.

e) Estali nahi den zerbitzuaren edo atalaren kudeaketa-memoria/proiektua.

f) Merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatuak.

Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala balioztatuta dauden alderdiak ez dira nahitaez aurreko lerrokadan adierazitako moduan egiaztatu behar, baina eskaeran adierazi beharko da balioztatuta daudela.

4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendariak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Osakidetzaren webgunean, baztertzeko arrazoia zein den adierazita.

Baztertutako izangaiek hamar laneguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Baztertzeko arrazoia zuzendu daitekeen huts bat baldin bada, behin-behineko zerrenda hori argitaratzen denean, antzemandako akatsak hamar laneguneko epean zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak eransteko eskatuko zaie interesdunei, eta ohartaraziko zaie hala egiten ez badute prozesutik behin betiko baztertuko direla.

5.– Onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda.

Erreklamazioak egiteko edo eskaeretako akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Zuzendaritzak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko du, aurreko lerrokadan adierazitako toki beretan.

6.– Balorazio-batzordea.

A) Gipuzkoako Osasun Mentaleko Zuzendaritzak balorazio-batzordeko kideak izendatuko ditu. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, erakunde publikoko zuzendari nagusiaren aurrean. Jarraibide honen zazpigarren puntuan aipatutako kudeaketa-proiektuak defendatzeko saio publikoa egin baino gutxienez hamar egun lehenago argitaratu beharko da ebazpena.

B) Balorazio-batzordeko burua zuzendari medikoa izango da eta kide hauek izango ditu: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariorde mediko edo zerbitzuburu korporatiboa, Langileen Kudeaketako zuzendaria (idazkari gisa jardungo du eta bozkatzeko ahalmena edukiko du) eta hiru kide –horietako bat IVAPek izendatuko du–. Hiru horiek izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea eduki beharko dituzte, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izan beharko dira, eta deialdian eskainitako lanpostuaren maila funtzional bereko edo goragoko lanpostu funtzional bat izan beharko dute.

Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, aurrekoak huts eginez gero haren lekua hartzeko, eta kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. Aipatutako posturen bat ez baldin badago edo hutsik baldin badago, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da epaimahaiko kide.

C) Balorazio-batzordeko kide guztiak modu indibidualean izango dira batzorde horretako kide. Funtzionamenduari dagokionez, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babespean jardungo dute, zuzenbidearen pean daudela alde batera utzi gabe.

Osaerak emakume eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, egoerek aukera ematen badute. Beraz, sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean ordezkapen orekatua dagoela iritziko da.

D) Batzordeko kideek esku hartzeari uko egin beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aipatutako egoeraren bat gertatzen bada, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu beretan, prozesuko parte-hartzaileek, edozein unetan, errekusazioa sustatu ahal izango dute, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan zehaztutakoari jarraituz. Era berean, balorazio-batzordeak aipatutako 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.eraino zehaztutako arauetara egokitu beharko du bere jarduna.

E) Balorazio-batzordeko kide guztiek hitza eta bozkatzeko ahalmena edukiko dute. Erabakiak gehiengoz hartuko dira eta akta batean jasoko dira.

F) Batzordeak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta horren objektibotasuna bermatzeko ardura izango du. Halaber, deialdiko oinarrien aplikazioan sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta aurreikusi gabeko kasuetan, zein irizpide ezarri finkatuko du. Gainera, izangaiak ebaluatu baino lehen, ebaluatzeko irizpide zehatzak akta batean jaso beharko ditu, eta bertan jasotako oinarriei eta merezimenduen baremoari jarraitu.

7.– Hautatzeko prozedura.

Izangaien merezimenduen balorazioak honako fase hauek izango ditu:

1) Kudeaketa-memoria/proiektua eta horren defentsa.

Balorazio-batzordeak deialdia egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzeko eskariarekin batera aurkeztu duten memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egiteko. Deialdi hori gutxienez hamar egun lehenago egin beharko da, izangaien agerraldia noiz, non eta zer ordutan izango den adierazita, eta Osakidetzaren webgunean horren iragarkia argitaratu beharko da.

Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuen defentsa publikoa egin baino lehen, balorazio-batzordeko kideek Batzordeko kideei beraiei eragin diezaieketen abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoi posibleak aztertuko dituzte eta organo deitzaileari jakinaraziko dizkiete.

Gero, deialdia egingo zaio izangai bakoitzari, proiektuaren aurkezpena eta defentsa egiteko, eta ondoren, elkarrizketa izateko. Elkarrizketa horretan, balorazio-batzordeko kideek proiektuan jasotako alderdiei buruzko galderak egingo dizkiote izangaiari, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Publikoak izango dira bai proiektuaren aurkezpena eta defentsa, bai elkarrizketa.

Izangaien proiektuen aurkezpen publikoa bukatutakoan, balorazio-batzordeak puntuazioa emango dio izangai bakoitzari, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera.

2) Merezimenduen balorazioa.

Balorazio-batzordeak izangai bakoitzaren merezimenduak baloratu eta puntuazioa emango du, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera. Jarraibide honekin batera dagoen eranskinean jasotzen da buruzagitza-lanpostuak betetzeko prozesu hauetan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa.

3) Akta eta izendapen-proposamena.

Epaimahaiaren aktan, epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioa zehazki jaso beharko da, baita epaimahaiak hautagaiei emandako puntuazio osoa ere, eta, horrezaz gain, epaimahaiak puntuazioak emateko –bai hautagai bakoitzak aurkeztutako kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa– oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat ere; halaber, beste ataletako puntuazio xehatua ere.

Deialdian, berdinketa hausteko irizpideak zehaztu daitezke, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa kontuan hartuta.

Izendatua izateko, prozesu osoko puntuazio maximoaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta proiektuaren defentsa baloratzeko atalerako finkatutako puntuazio maximoaren erdia, nahitaez.

Era berean, aktan, jasota geratuko da puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde balorazio-batzordeak egindako proposamena.

8.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

A) Izangaiek aurkeztutako proiektuak eta izangaien curriculumeko merezimenduak ebaluatzeko fasea bukatutakoan, balorazio-batzordeak izendapen-proposamena egingo dio dagokion zerbitzu-erakundeko Kudeaketa Zuzendaritzari; hau da, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldeko proposamena, izangaiek baremoko epigrafe bakoitzean lotutako puntuazioak banaka zehaztuta.

Ez baldin badago deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik edo eskatutako gutxieneko puntuazioa betetzen ez badute, balorazio-batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

B) GOMSeko Zuzendaritzak, egindako proposamena ikusita, ebazpena emango du, proposatutako izangaia deialdian eskainitako lanposturako izendatzeko edo deialdia hutsik uzteko. Azken kasu horretan, arrazoia adieraziko du eta hauetakoren bat izan beharko du:

a) Ez da izangairik aurkeztu. Zuzendaritzak deialdia hutsik utzi ahal izango du, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, izapide gehiago egin behar izan gabe.

b) Ez dago deialdiko oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik.

c) Ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik.

C) Izendapenaren ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, erakunde publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean.

9.– Esleipenaren ondorioak.

Osasun mentaleko unitateburu izendatzeak aldi baterako harremana sortuko du, lau urterako. Lau urteko epea luza daiteke (8/1997 EASL, 28. artikulua).

10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendaritza nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau agintaritzaren aldizkarietan argitaratu eta biharamunetik hasita.

Donostia, 2017ko apirilaren 24a.

Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria,

ALVARO IRUIN SANZ.

ERANSKINA
OSASUN MENTALEKO UNITATEBURUAREN LANPOSTUAREN DEIALDIA

Merezimenduen baremoa (gehienez 66 puntu)

Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

I.– Proiektua eta horren defentsa (gehienez 30 puntu).

Izangaiek dagokion atalaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektua aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko diete.

Fase horretako puntuazioa bi atal hauetan banatuta dago:

I.a.– Aurkeztutako atalaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez 15 puntu).

Kudeaketari buruzko memoria-proiektuan, gutxienez, hurrengo atalak garatu beharko dira. Deialdian eskainitako lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera, deialdiaren ebazpenean, agintaritza deitzaileak a.1), a.2) eta a.3) atalei dagokien gehieneko puntuazioa zehaztuko du:

I.a.1.– Antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako atala:

Zerbitzu/atalaren organigrama, bai buruzagitza-postuaren bai horri atxikitako gainerako postuen funtzioak adierazita.

Zerbitzuak/atalak erakunde bereko beste zerbitzu batzuekin duen harremana.

Buruzagitza/atala kudeatzeko plana, antolaketa-helburuak definituta, hobetu beharreko eremuak aztertuta eta hautemanda eta horiek lortzeko egokiak diren neurriak identifikatuta. Horrekin batera, esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak modu efizientean erabiltzeko konpromisoa edo plana.

I.a.2.– Osasun-laguntzari lotutako atala:

Osasun-laguntzako zerbitzuen zorroaren deskribapena.

Osasun-laguntzaren helburuak eta adierazleak finkatzea, eta horrekin batera, horien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat.

I.a.3.– Irakaskuntzaren eta ikerketaren atala:

Zerbitzu/ataleko irakaskuntza-plangintza zehaztea.

Memoria-proiektua lantzeko, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Kudeaketa Sanitarioko Unitatea euren esanetara izango dute izangaiek, beharrezko dituzten GOMSen antolaketari eta asistentziari buruzko datuak eskatzeko.

I.b.– Memoria-proiektua balorazio-batzordearen aurrean publikoki aurkeztea (gehienez 15 puntu).

Proiektuaren aurkezpen publikoa baloratzeko orduan, memoria-proiektuaren defentsa modu argian eta zehatzean egitea baloratuko da, baita horren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da. Proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, baita proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere.

II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

II.1.– Laneko esperientzia (gehienez 13 puntu).

● Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

● Dagokion espezialitatean atalburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

● Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

● Dagokion espezialitatean osasun-arloko administrazio publikoetako zuzendari gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan eta Gizarte Segurantzako, beste Autonomia Erkidegoetako edota Administrazio Publikoetako osasun-zerbitzuetan egindako lana lan-esperientzia gisa baloratuko da, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan egindako lana ere.

Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Ildo horretan, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren zabalkuntza (gehienez 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.

II.2.1.– Kudeaketan prestakuntza izatea (gehienez 3 puntu).

Osasunaren arloko kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:

● 20-30 ordu: 0,2000 puntu.

● 31-50 ordu: 0,3000 puntu.

● 51-100 ordu: 0,4000 puntu.

● 101-200 ordu: 0,5000 puntu.

● 200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez 3 puntu).

Dagokion lanpostuko espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:

● 20-30 ordu: 0,2000 puntu.

● 31-50 ordu: 0,3000 puntu.

● 51-100 ordu: 0,4000 puntu.

● 101-200 ordu: 0,5000 puntu.

● 200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez 5 puntu):

● Doktorea: 3 puntu.

● Doktorea cum laude: 4 puntu.

● Graduondoko masterra: 2 puntu.

● Unibertsitateko aditu/espezialista: 1 puntu.

● Ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma: 1 puntu.

● Doktorego-ikastaroa, doktorego-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez 10 ikastaro): 0,1000 puntu.

Doktore, doktore cum laude, ikertzeko nahikotasun edo ikasketa aurreratuetako titulu bat lortzeko balio izan duten programetako doktorego-ikastaroak ez dira baloratuko.

II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez 3 puntu).

Dagokion espezialitatearekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratu, txostenak aurkeztu, komunikazioak egin, hitzaldiak eman edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:

● Eskualde bateko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 0,2500 puntu.

● Txosten-aurkezpen nazional bakoitzeko: 1,000 puntu.

● Nazioarteko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 1,500 puntu.

● Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.

● Ahozko komunikazio/poster nazional bakoitzeko: 0,6000 puntu.

● Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.

● Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.

● Mahai-inguru nazional bakoitzeko: 0,7500 puntu.

● Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.

● Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

● Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

● Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

● Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

● Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

● Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

● Tesina bakoitzeko: 1,5000 puntu.

II.2.5.– Irakaskuntza-jarduera (gehienez 3 puntu).

● Medikuntzako fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatekoa (urteko): 1,0000 puntu.

● Medikuntzako fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,5000 puntu.

● Medikuntzako fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,2500 puntu.

● Egoiliarren irakaskuntzarako onetsitako tutorea, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,5000 puntu.

● Etengabeko prestakuntzako programa ofizialetako irakaskuntza (orduko: 0,050 puntu.

III.– Euskararen ezagutza (gehienez 6 puntu).

Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta berau garatzeko arauetan jasotakoaren arabera baloratuko da.


Azterketa dokumentala