Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2017ko ekainaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
HEZKUNTZA SAILA
2870

164/2017 DEKRETUA, ekainaren 6koa, Ulertuz Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkartea herri-onurakoa dela aitortzen duena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Ulertuz Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakunde herri-onurakoa dela aitortzea merezi duelako, gizarte-esklusioaren aurka egiten duen lanagatik.

Elkarte eskatzailea 1998an eratu zen, eta orduko Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren 1999ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez inskribatu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen, AS/B/07783/1999 erregistro-zenbakiarekin.

Elkarteak batik bat Bizkaiko Lurralde Historikoaren eremuan garatzen du bere jarduera.

Eratu zenetik, Ulertuz Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkarteak bere helburu nagusia lortzeko behar diren jarduera guztiak burutu ditu; hauxe da helburu nagusi hori: entzumen-galera duten haurren gizarteratzea eta eskolatzea ahalbidetzea, haien familiei eta eskatzen duten profesionalei orientazioa, baliabideak eta laguntza emanez.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientearen instrukzioa egin da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, erakunde eta entitate interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 6an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– ULERTUZ Bizkaiko Haur Gorren Familia eta Lagunen Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/ 07783/1999 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurako dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2002 Legeko 43. artikuluan xedatutakoak.

Busturian, 2017ko ekainaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala