Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2017ko ekainaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2812

AGINDUA, 2017ko apirilaren 18koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Inbertsio eta Aurrezki Erantzulea Fundazioa (Fiare Fundazioa)» fundazioari buruzko espedientea Justizia Ministerioko Erregistrora lekualdatzeari buruzkoa, jardueraren lurralde eremuari dagokionez estatutuak aldatu izanaren ondorioz.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko otsailaren 10ean Herri Administrazio eta Justizia Sail desagertuan Inbertsio eta Aurrezki Erantzulea Fundazioaren (Fiare Fundazioa) jardueren garapen nagusiaren esparrua aldatzeari buruzko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua jaso zen. Eskritura 2015eko otsailaren 4an eman zen, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villa jaunaren aurrean (protokolo zk.: 179).

Eskritura publiko horrekin batera, patronatuak 2015eko otsailaren 4an egindako bileraren ziurtagiria aurkeztu da. Fundazioaren patronatuko idazkari María Ángeles Díez López andreak egin zuen ziurtagiria 2014ko urriaren 2an, presidentearen onespenarekin. Bilera horretan, besteak beste, fundazioaren jardun eremua aldatzea aho batez onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazio izatetik estatu mailako fundazio bihurtuz; horrez gain, fundazioaren estatutuak erabat aldatzea onartu zen.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetako artikulu guztiak aldatzea jaso da, eta, besteak beste, aurreko atalean aipatu bezala, 6. artikulua ere badago. Zuzendaritza honen ondorioetarako artikulu hori da garrantzitsuena, jardunaren lurralde eremua aldatu egiten baitu honako hau esaterakoan:

«6. artikulua.– Lurralde eremua.

Fundazioak estatu espainiarra osatzen duten autonomia erkidegoetan garatuko ditu jarduerak, oro har; nolanahi ere, pareko beste entitate batzuekin dagokien helburuetarako jarduerak ere garatu ahalko ditu Europar Batasuneko zenbait herrialderen esparruan. Bidenabar, hegoaldeko herrialdeetan lankidetza jarduerak ere garatu ahalko ditu, helburu sozialei buruzko 3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz».

Horrenbestez, fundazioko jarduna autonomia erkidego batean baino gehiagotan garatuko dela ikusita, aldaketa horien inskripzioaren gainean erabakitzeko erakunde eskuduna aldatu egin da, eta Estatuko Administrazio Orokorrean eskumen hori daukan erakundeari dagokio; fundazioaren espediente osoa jakinarazi beharko zaio erakunde horri.

Hirugarrena.– Ondoren, 2016ko urtarrilaren 25ean, Herri Administrazio eta Justizia Sail desagertuan estatutuak aldatu eta jardun eremua aldatzeko beste eskritura bat zuzentzeko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua jaso zen, Inbertsio eta Aurrezki Erantzulea Fundazioak (Fiare Fundazioa) emandakoa 2016ko urtarrilaren 15ean, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villa jaunaren aurrean (protokolo zk.: 59).

Eskritura publiko horrekin batera, patronatuak 2015eko azaroaren 27an egindako bileraren ziurtagiria aurkeztu da. Fundazioaren patronatuko idazkari María Ángeles Díez López egin zuen ziurtagiri hori, Bilbon, 2016ko urtarrilaren 14an, presidentearen oniritziarekin. Bilera horretan fundazioaren estatutuen testu bategina onartzea aho batez erabaki zen, eta, zehazki, fundazioaren estatutuen 1., 2., 3., 5., 7., 8., 10., 11., 12., 17., 18., 19., 22., 23., 24., 26., 27., 30., 31., 33., 35., 36., 37. eta 38. artikuluak aldatzea.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; eta Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua).

Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Hirugarrena.– Egiaztatu da fundazioak lurralde eremua zuzen aldatu duela, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrua aise gainditzen duela, jarduerak autonomia erkidego batean baino gehiagotan garatu ahal dituelako; horrenbestez, badirudi zentzuzkoa dela fundazioaren espedienteak erakunde eskudunera igortzea, kasu honetan Estatuko Administrazio Orokorrera.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– «Inbertsio eta Aurrezki Erantzulea Fundazioaren (FIARE Fundazioa)» Estatutuetako 6. artikuluaren bertsio berriari eragozpenik ez jartzea; artikulu horretan xedatu da fundazioaren babesa estatuari dagokiola.

Bigarrena.– Fundazioaren helburuak eta fundazioei dagokienez ministerioek dituzten eskumenak ikusita, jarraian aipatuko den dokumentazioa Justizia Ministerioko Babesletzara igorriko da; hala, entitatea aipatutako ministerioko erregistroan inskribatzeari ekin zaiola jakinarazi eta gero, dagokion ezezpen idazpena erregistro horretan jarriko da.

1.– Fundazioaren eratze eskritura eta ondorengo estatutu aldaketak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko arduradunak emandako ziurtagiria, fundazioaren erregistro orrian egindako inskripzioei dagokienez.

3.– Fundazioaren diruzainak emandako ziurtagiria, zuzkidurako zenbateko eguneratuari dagokionez.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 18a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala