Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2017ko maiatzaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
2524

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko otsailaren 27ko bilkuran hartua, Durangoko Udalari buruzko fiskalizazio-txostena, 2015ekoa, behin-betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko otsailaren 27an egindako bilkuran, hau

ERABAKI DU:

Behin betiko onestea Durangoko Udalari buruzko fiskalizazio-txostena, 2015ekoa, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 27a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA.
DURANGOKO UDALARI BURUZKO FISKALIZAZIO TXOSTENA (2015)

Laburdurak.

20/2012 ELD: 20/2012 Errege Lege Dekretua, Aurrekontuaren Egonkortasuna eta Lehiakortasunaren Sustapena Bermatzeko Neurriei buruzkoa.

5/2013 FA: 5/2013 Foru Araua, Bizkaiko Toki Erakundeen Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoa.

BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.

BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EAOL 2015: 36/2014 Legea, 2015erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa.

EE.AA: Erakunde autonomoak.

HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

LHL: 2/2006 Legea, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoa.

LUO: Lurraren Udal Ondarea.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

OPI: Osagarri Pertsonal Iragankorrak.

SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina.

TAAIL: 27/2013 Legea, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun neurriei buruzkoa.

TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.

Udalkutxa: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraiki, Durangoko Udalaren 2015eko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

HKEEk gauzatutako Durangoko Udalaren Kontu Orokorraren aurreko fiskalizazio lana 2009ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: Honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren, bere erakunde autonomoen eta udal sozietateen Egoeraren Balantzea, Galera-Irabazien Kontua, Oroitidazkia eta Aurrekontuen Likidazioa.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi dela ere, fiskalizazioan zehar sortu diren akatsak Txosten honetako III. idazpuruan daude jasoak.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.

Durangoko udalerriak 28.899 biztanle zituen 2015eko urtarrilaren 1ean eta Udalean, udal administrazioaz gain, honako erakunde hauek besarkatzen ditu:

– Astarloa Kulturgintza erakunde autonomoa, udal liburutegia eta kultura jardueren programak kudeatzen dituena.

– Durango Kirolak erakunde autonomoa, udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituena.

– Bartolome Ertzilla Musika Eskola eta Erdi Mailako Kontserbatorioa erakunde autonomoa, aurrerantzean Musikaren erakunde autonomoa.

– Durangoko Udal Euskaltegia erakunde autonomoa, helduen euskalduntze eta alfabetatzea helburu duena.

– Landako Erakustazoka, S.A., likidazioan (% 100), aurrerantzean LESA, Landako erabilera anitzeko esparrua eta aparkalekua kudeatzen dituena.

– Durango Eraikitzen, S.A. (% 100), alde zaharraren hirigintzako zaharberritze-programa kudeatzen duena.

Gainera, Durangoko Merinazgoaren Mankomunitateko eta Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoko partaide da.

II.– Iritzia.

II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.

Langileria.

1.– Udalak eta Musika eta Durango Kirolak erakunde autonomoek hiru kontratazio mugagabe egin dituzte 2015eko EAOLaren 21. artikulua urratuz, zeinak langileria berria kontratatzea eragozten duen. Gainera, hautaketa prozesuetako iragarkien goiburuek lan-poltsa bat osatzeko zirela zioen eta deialdian adierazi zen txanda-kontratu bat egiteko baliatuko zirela, mugagabea izango zela zehaztu gabe.

Kontratazioa.

2.– Durango Kirolak erakunde autonomoaren lehendakariak 2015ean kirol ikastaroak emateko kontratua esleitu zuen, aleko prezioetan 495.868 euroren balioetsitako zenbatekoan esleitu zena. Kopuru honek erakundearen baliabide arrunten % 10 gainditzen zuenez gero, Zuzendaritza Batzordeak esleitu behar zukeen.

3.– Ondotik zehaztutako hornidura eta zerbitzuak zuzenean esleitu dira, zegokion kontratazio prozedura izapidetu beharrean, publikotasun eta lehia printzipioei meneratua. Hona hemen 2015eko kostua xehatuta:

(Ikus .PDF)

Epaitegi honen ustetan, Durango Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1etik 3ra bitarteko paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete dute 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

1.– Hona hemen 2015eko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikinean, data horretan itxitako Egoera Balantzean eta Funts Propioetan eragina duten doiketak:

(Ikus .PDF)

2.– Udalak 2000n berrikusi zituen bere ibilgetuaren balorazioak eta urte horretatik aurrera idazpuruetako saldo globalak aldatu zituen aurrekontuen kontabilitatean jasotako informazioa baliatuta. Hala eta guztiz ere, ez du ibilgetua eragiten duten egintza ekonomiko guztien kontularitzako erregistroa bermatuko duen jarraipenik egiten eta zehazki, ez du ibilgetuaren elementu bakoitzeko xehapenik, ez zuzkiduren kalkulurik egiten. Horregatik guztiagatik, ez dezakegu zehaztu ea ibilgetuko kopuruek 15/12/ 31n Udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen duten.

Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Durangoko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2015eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa, 2015eko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere jaso dira.

III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.

– Udalak ez zuen 2015erako aurrekontua onartu eta ez zitzaion Udalbatzari zegokion aurrekontu proiektua aurkeztu onartu, zuzendu edo atzera botatzeko. 2015eko Kontu Orokorra onartzeke dago txosten hau idatzi dugun datan.

– Udalak 2015eko aurrekontura 4,1 milioi euroren gastu kredituak txertatu zituen, jada 2014ko aurrekontura txertatu zirenak, eta hitzartu gabeko gastu arruntetarako kredituak, 715.427 eurorenak; ordea, aurrekontu-araudiak kreditu mota hau txertatzeko bide ematen du soilik helburudun diru-sarrerekin finantzatzen direnean eta ezaugarri hori ez da egiaztatu.

Egoera hau bera gertatzen da Durango Kirolak eta Musikako erakunde autonomoetan, hurrenez hurren, 193.976 eta 6.748 euroren txertaketa jarraituak egin dituztenak. Hitzartu gabeko gastu arruntetarako kredituei dagokienez, 164.479 euro egin zituzten lau erakunde autonomoetan.

– 2015eko likidazioak ez zuen zegokion Konpromisoen egoera besarkatzen, etorkizuneko aurrekontuen kontura hartutakoei buruzko informazioa emango zuena; konpromiso horiek 646.813 euro egin zituzten eta baziren hitzartutako diru-sarrerak ere, 376.380 euroren zenbatekoan.

– TAO zerbitzua kudeatzeko kontratuak aurreikusten du esleipendunak zerbitzuko sarreren ehuneko bat ingresatu beharko duela -38.364 euro 2015ean-, eta diru-bilketaren gainerakoa emandako zerbitzua ordaintzeko baliatuz; Udalak ez du gauzatutako konpentsazioa erregistratzen. Enpresa esleipendunak kudeatutako parkimetroen diru-bilketa 674.509 eurorena izan zen eta egindako konpentsazioak berriz, 636.144 eurorenak.

– Udalak aurrekontuz kanpo erregistratu zituen hirigintzako planeamendu kontzeptuan egindako ordainketak eta lehenagoko urteetan gauzatutako sektore arteko konpentsazioak, 2015eko abenduaren 31n 302.108 euroren kobratzeko saldoa eragin dutenak. Egokiagoa da eragiketa mota hau aurrekontuan erregistratzea, baldin eta zorrak esanguratsuak badira eta kobratzeko epe luzeak aurreikusten badira. Urtebetetik gorako antzinatasuna duten aurrekontuz kanpoko beste saldo batzuk azaleratu dira eta komeniko litzateke horien kobragarritasuna aztertzea.

– Udalak 2015ean 2016an agindutako hiru mandaturen ordainketa erregistratu zuen, 1,4 milioi euroren zenbatekoan; ordea, egiaz ordaintzen den ekitaldian erregistratu behar litzateke.

– Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoak ur-horniduragatiko tasa biltzen du, 2015ean 1,3 milioi euroren diru-sarrerak eragin zituena. Udalak ez ditu tarifa aldaketak onartu, ez eta kobrantza-erroldak ere; orobat, ez da gauzatu Udalari ematen dion diru-bilketa zerbitzuaren kontzeptuan Partzuergoari egin beharreko mandatua.

– Udalaren lan baldintzak arautzen dituen erabakiak bertako langileen aldez aurreko erretiroagatiko 10 eta 27 hilekoren ordainsarien ordainketa ezartzen du; horren ondorioz, langile bati 2015ek urtean 47.117 euroren ordainsariak ordaindu zaizkio. Kontu Orokorraren Oroitidazkian ordainsari osagarri mota hau existitzen dela jakinarazi beharko litzateke.

Udal erakunde autonomoak eta sozietate publikoak.

– Aurrekontua egikaritzeko udal araudiaren 23. artikuluak agintzen du erakunde autonomoen aurrekontuko aldaketek metatutako % 5 gainditzen denean Udalbatzak onartu beharko dituela; ez dute, baina, lau erakunde autonomoek aurreikuspen hau aintzat hartu.

– Erakunde autonomoek euren ibilgetuen balorazioak 2007an berraztertu zituzten. Ondoko inbertsioek idazpuruetako saldo globalak aldatu zituzten, txertaketen elementuen araberako xehapenik izan gabe. Amortizazioa ere osotasunean kalkulatzen da. Komenigarria litzateke 2007ko inbentarioa gaurkotzea.

Gainera, jarduera udal jabetzako eraikinetan gauzatzen dute, erakunde autonomoetara atxikiak daudenak, eta horien kostua eta amortizazioa ez dira beren kontuetan barne hartzen; egitate hori Oroitidazkian berariaz adierazi behar litzateke.

– LESAk 2015eko abenduaren 1ean automatikoki desegiteko kausa egin zuen; inguruabar hau Batzorde Nagusiak egiaztatu behar luke eta Merkataritza Erregistroari jakinarazi.

III.2.– Langileria.

– Udalak indarrean ditu bitarteko langileen 3 kontratazio 2006 eta 2009az geroztik. Hauetako bitan obrako lan kontratuek ez dute iraupena zehazten eta bestean, bitarteko izendapena trenbidea lur-azpiratzeko lanetan oinarritu zen, 2012an amaitu zirenak. Gainera, 2014an langile batekiko lan harremana mugagabe bihurtzen zuen epaia ebatzi zen, zeinari kontratuak bata bestearen atzetik egin zitzaizkion. Udalak kasu hauek aztertu eta LZ aldatu behar luke edo egoera hauek zuzentzeko egitekoen esleipena berrantolatu.

– Indarreko LZ 2013an onartu zen urteko aurrekontuarekin batera, egindako aldaketak batere jaso gabe (lanpostu berri bat eta aldaketak beste 9tan) eta espedientean justifikatu gabe.

– Lanpostu zerrendak lanpostuak kategoria eta kidegoaren arabera zerrendatzen ditu, baina ez ditu ordainsari oinarrizko (soldata eta antzinatasuna) eta osagarriei dagozkien kreditu zuzkidurak xehatzen eta ez ditu aparteko ordainsariak eta bestelako hartzekoak kuantifikatzeko gauzatutako balioespen globalak adierazten.

– 2015erako Udalaren Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioak Osagarri Pertsonal Iragankorraren-Antzinatasunaren zenbatekoa gehitu zuen, nahiz indarreko aurrekontu-araudiak ez duen 2014koarekiko aldaketarik egitea onartzen.

– 2015ean zehar Udalak aldi baterako 23 langile kontratazio egin zituen eta turismoko informatzaileen 6 kontrataziotan 2007 eta 2008ko lan-poltsa zaharrak baliatu zirela ikusi da. 3. adinekoak artatzeko teknikari baten 2 kontratazioak 2003an gauzatutako hautaketa-prozesu bat baliatuta gauzatu ziren eta kudeaketa-teknikari bat 2008an kontratatu zen, zeinari kontratua urtero berritzen zaion prozesu berririk abiarazi gabe. Lan-poltsen kudeaketa arautu behar litzateke, bereziki gauzatutako prozesuaren ebidentzia utziz.

Udal erakunde autonomoak eta sozietate publikoak.

– 4 erakunde autonomoen aurrekontu-plantillak guztira aurreikusitako ordainsariak xehatzen zituen; ez zituen, baina, ordainsari kontzeptuak banakatzen.

– Bi erakundetan Lanpostu Zerrendan bi zuzendari postu eta ikasketa-buru postu bat barne hartzen ziren, aurrekontuan jaso ez direnak 3 irakasle lanposturi metatzen zaizkielako.

– Musikako erakunde autonomoak aldi baterako 26 musika irakasle kontratu gauzatu zituen zuzenean, aldi baterako langileen lan-poltsak baliatu gabe. Durango Kirolak erakunde autonomoak aldi baterako 25 begirale-sorosle eta harrera-lekuko langile kontratazioak egin zituen, lan kategoria horietarako eratutako lan-poltsak baliatu gabe. Azkenik, Astarloa Kulturgintza erakunde autonomoak 10 kontrataziotan baliatutako lan-poltsak 2006 eta 2007an sortutakoak dira eta komeni da horiek berritzea.

– LESAk 2015eko abenduaren 31n indarrean zituen 2010 eta 2011n gauzatutako obrako hiru lan-kontratu. Kontratuen iraupenak adierazten du garatutako egitekoek iraunkortasun izaera dutela eta honenbestez, egoera hori zuzendu egin behar da.

III.3.– Kontratazioa.

2013ko abenduan lizitazioak eta emaitzak Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman argitara emateko obligazioa indarrean sartu zen, bai zuzenean bai udal plataformarekiko lotura bidez; udalak, baina, ez du betekizun hori bete.

Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana argitzeko eskatutako jarraibideak ebatzi. Honela, aztertutako 3 kontraturen pleguek (1, 2 eta 6 zk.) agintzen zuten aurreko kontratistaren langileria subrogatu behar zela; ordea, betekizun hau enpresa eta langileen arteko sektoreko hitzarmenetatik soilik erator daiteke.

Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 6 kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:

– Guztira 3 milioi euroan esleitutako bi kontratutan (1 eta 2 zenbakiak), eskaintza ekonomikoak balioztatzeko erabilitako formulek mugatu egiten zuten beheranzko prezioaren zenbatekoa. Gainera, bigarren kontratuan esleipen irizpideak orokorrak dira eta ez dira zehazten ez balioztatuko diren alderdiak, ez balorazio sistema bera ere (A1 akatsa).

– Kontratuen esleipenari ez zitzaion publikotasunik eman edo legezko epeekiko atzerapenez eman zitzaion bost kontratutan (1, 2, 3, 5 eta 6 zk. espedienteak), guztira 5,9 milioi euroren zenbatekoan esleitu zirenak (B1 akatsa).

– Guztira 6,1 milioi euroan esleitu ziren 3 espedientetan (1, 2 eta 4 zenbakiak), kontratugileek gordailatutako bermeak esleitutako zenbatekoaren % 5 baino txikiagoak ziren, izan ere ekitaldi bakarreko kostua hartu zen aintzat. Kontratuetarik lehenengoan pleguek aurreikusitakoa baino berme txikiagoa onartu zen (B2 akatsa).

– TAO kudeatzeko kontratuan, 2,5 milioi euroan esleitu zenean, balio judizioa eskatzen zuten esleipen irizpideek garrantzi handiagoa zuten formula bidez kalkulatzen ziren haiek baino; horren aurrean, pleguek adituen batzorde baten edo berariaz gaitutako erakunderen baten laguntza aurreikusi behar zuketen. Txosten teknikoak guztizko balioak esleitzen zizkien 3 irizpideei, pleguetan zehaztutako azpi-irizpideen balorazioa xehatu gabe.

– Udal eraikinak garbitzeko kontratuaren esleipena, 3,1 milioi eurorena, eskaintzak aurkezteko epemuga ondoren 6,5 hilabetetara gauzatu zen; araudia, ordea, gehienez 3 hilabeteko epea aurreikusten du esleipenerako.

2015ean eraikinak garbitzeko kontratua lizitatu zen; aurrekoaren indarraldia 2015eko ekainaren 30ean amaitu zen eta luzatu egin zen, Udalak eta Durango Kirolak erakunde autonomoak zuzenean esleitu ziotelarik zerbitzua aurreko enpresa esleipendunari; zerbitzuaren kostua 2015eko bigarren seihilekoan, hurrenez hurren, 527.429 eta 153.561 eurorena izan zen.

Beste erosketa batzuk.

2015eko irailaren 29an Udalbatzak EAEren ordezkaritza bat onartu zuen 5 ikasturtetan oinarrizko lanbide heziketa emateko, 3,4 milioi euroren zenbatekoan, diru-laguntza bidez finantzatu zena. Udalak urriaren 30ean zerbitzu hori aurreko ikasturteetan Durangoko Mankomunitateari eman zion enpresa kontratatu zuen eta irailaren 1etik aurrerako indarraldia aitortu zion, nahiz zerbitzuaren esleipena beranduagokoa izan zen. Gainera, aipatutako Udalbatzaren erabakiak ez zuen aurrekontua aintzat hartu.

Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak berrikustean ikusi da Udalak, Astarloa Kulturgintza eta Musikako erakunde autonomoek eta LESAK zuzenean esleitu dituztela prozedura negoziatu bidez izapidetu behar ziratekeen zenbait kontratu:

(Ikus .PDF)

Gainera, Udalak banaka izapidetu zituen kudeaketa softwarearen urteko mantentze-lana eta bost hobekuntza, guztira 105.844 euroren zenbatekoan; egokiagoa litzateke kudeaketa sistemen garapena elkarrekin planteatzea. Berebat, gomendagarria da garraio eta muntaia zerbitzuak batera planteatzea, 2015ean 44.029 euroren kostua izan zutenak.

Azkenik, Udalak bide garbiketa eta zabor bilketa kontratua zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu modura bereizi zuen; 2009an zortzi urtetarako esleitu zen eta 2015ean 2,2 milioi euroren gastua eragin du; alabaina, duen izaerari erreparatuta, zerbitzu kontratu bat litzateke, gehienera 6 urteko indarraldiarekin.

III.4.– Transferentziak eta diru-laguntzak.

– Durangoko Merinazgoaren Mankomunitateari 2015ean egindako ekarpenek, 1,5 milioi eurorenak, bat datoz aurrekontu egindako zenbatekoarekin, aurrekontua egikaritzeko udal arauaren irizpidearen arabera. Mankomunitateak kide diren udalen ekarpenak aurrekontua oinarri hartuta kalkulatzen ditu eta 2015ean Udalak aitortutakoa baino txikiagoa zen 59.724 euroren zenbatekoan. Berebat, programen banaketan ere aldeak daude. Mankomunitateko Estatutuek diote udalen ekarpenek zerbitzuen kostuak artatuko dituztela, kalkulu eta likidazio prozedura xehaturik zehaztu gabe; prozedura hori Udalaren egikaritza-oinarrietan edo laguntzak emateko urteroko ebazpenetan gara daiteke.

– Mendeko erakundeetara egiten diren transferentziak diru-zaintzako beharrizanen arabera egin behar dira, aurrekontuko egikaritza arauaren arabera, eta ez aurrekontua oinarri hartuta kalkulatutako kopuru bereko aldizkako ordainketak egin; horrek eragin du 2015eko abenduaren 31n erakunde autonomo guztien artean 1,6 milioi euroren geldikina izatea.

– Udalak ez du Diru-laguntzen Plan Estrategiko nahitaezkoa onartu. Gainera, aurrekontuaren izendapen izendunetan, laguntzen hartzailea eta kopurua adierazteaz gain, helburua ere adierazi behar da.

– Baqué Fundazioari emandako 42.000 euroren diru-laguntza izenduna erakunde honek udalerriko 6 kirol erakunderi banatu zien, ez hitzarmen arautzailean ez agiri justifikagarrian zehazten ez diren irizpideen arabera. Antzeko egoera gertatzen da Asociación Junta de Ayuda a Enfermos de Durango-Iurretari emandako 91.118 euroren diru-laguntza izendunekin, zeinak bazterkeria egoeran dauden kolektiboei laguntzak emateko programa bat finantzatzeko baliatu diren, hitzarmen arautzailean zehaztu ez diren betekizunen arabera. Laguntza hauek Udalak banatu behar ditu eta Fundazioa eta Elkartea erakunde laguntzaile izenda ditzake.

– Udalak bi guraso-elkarteri bi ikastetxetako energia eta mantentze gastuak subentzionatzen dizkio, guztira 175.583 milioi euroren zenbatekoarekin. Gastu hauek Udalarenak dira eta udal zerbitzuek kudeatu behar lituzkete.

– 15 onuradunek aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, laguntza zuzen nagusiaren frogagirian ikusi da fakturek diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen duten arren (14.588 euro), izenpetu gabeko hartu izanaren agiriak barne hartu direla, ez zela gastuen nahitaezko zerrenda jaso eta jarduerak eragindako diru-sarrerak ere ez zirela zehazten.

III.5.– Berankortasuna, gardentasuna eta bestelako alderdiak.

– Udalak ez du ordainketa epeen gaineko hiruhileko jarraipenik egin; alabaina, ordainketak onartu zirenetik finkatutako 30 eguneko epea % 6,6k gainditu zuela 2015ean kalkulatu du. Ehuneko hau % 1,6koa da erakunde autonomoetan. Durango Eraikitzen, S.A.n ordainketa guztiak epean egin ziren eta LESAn, ordainketarako batez besteko epea 49 egunekoa izan zen 2015ean.

– Lau erakunde autonomoetako langileen kudeaketa eta kontratuen izapidea udal administrazioko zerbitzu orokorrek egiten dute eta gainerako alderdiak Erakunde Autonomoen Gerentzia izeneko udal zerbitzu batetik koordinatzen dira. Erakunde autonomo bakoitzak duen autonomia mugatua aintzat hartuta, komenigarria dirudi horien kopurua murriztea.

– Udalak ez du hirigintzako hitzarmenen nahitaezko erregistroa egiten.

IV.– Finantza Analisia.

Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: 2014an % 5eko gorakada izan zuen, fiskalizazio-gai izan den urtean behera egiteko, baina % 1,9ko hobekuntza hirurteko lehenengo urtearekiko.

– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: Zerga nagusien tarifek bere horretan eutsi zioten eta ez da aldaketa esanguratsurik izan, Eraikuntza, Instalazio eta Obren Zergan izan ezik, non 2014an unean uneko igoera izan zuen. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan 2015ean sarrerek behera egin zuten aurreko urteetako kobrantzen itzulketa jakin batzuen ondorioz.

– Transferentziak eta diru-laguntzak: % 4,3 egin dute gora 2013-2015 aldian osagai nagusi duten Udalkutxa igo izanaren ondorioz; izan ere, gorakada izan zuen 2014an eta hurrengoan zenbatekoa jaitsi, baina 2013koarekiko % 2ko igoerarekin halaz guztiz ere. EAE eta BFAren diru-laguntza arruntek eragindako diru-sarrerek ere igoerak izan dituzte hirurtekoan.

Funtzionamendu gastuak: % 2,6 egin dute behera 2013 eta 2015 bitartean, beherakada 2014an egin zuelarik 2015ean igoera txiki bat erakutsiz:

– Langile gastuek % 6,4 egin dute behera aztertutako aldian lanpostuen balorazioaren ondorioz eta 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren zati baten ordainketaren ondorioz, bere horretan eutsi diotelarik ordainsariek eta kotizazioek, pentsio osagarrietarako ekarpenak salbu, zeinak 2014an hasi diren egiten.

– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketek ez dute aldaketarik izan eta behera egin dute aztertutako aldiaren erdiko urtean, konponketa eta zaintza eta azterketa teknikoen kontu-sailetan bildu dena.

– Erakunde autonomo eta mankomunitateari egindako transferentziek ez dute aldaketarik izan, baina 2014an enpresei diru-laguntzak eman zaizkie langileak kontratatzeko, EAEk finantzatutako enplegu-plan baten arabera. Urte horretan bertan, igoerak izan dira irabazi asmorik gabeko kirol erakundeei eta haurtzaro eta gaztediaren alorrean emandako diru-laguntzetan, 2014an diru-laguntzengatiko gastu igoerak ekarri dituela.

Aurrezki gordina: aldagai honek hobekuntza nabarmena izan du 2013-2015eko aldian, nahiz lehenengo ekitaldiko soldata-gastu ezohikoen eragina kenduz gero, bariazioa txikiagoa den, gastuari eutsi eta diru-sarrerak gehitu izanaren ondorioz.

Aurrezki garbia eta zorpetzea: hirurtekoan finantza zamaren eta zorpetze saldoaren jatorria BFAri Landako Erakustazoka eraikinaren eraikuntzagatik zorpetutakoan datza; 2015ean ordainketa egutegi berri bat adostu dute zorra hurrengo 4 urteetan itzultzea aurreikusten duena. 2015eko aurrezki garbiak sarreren % 5,4 egin zuen. BFAri 2015eko abenduaren 31n zorpetutako zenbatekoak urte horretako sarrera arrunten % 7,6 egin zuen.

Kapital eragiketen emaitza: Lehenengo bi urteetako inbertsio ahalegina (sarrera arrunten % 9) % 50 baino gehiago murriztu da 2015ean. Finantzaketan garrantzia izan dute aprobetxamenduen monetarizazioak 2013an eta udal lursail batzuen salmentak 2015ean; honela, bada, 6. kapituluko diru-sarrerek aztertutako aldian inbertsioen % 16 egin dute.

Diruzaintza geldikina: magnitude honek bere horretan eutsi dio, izan ere, kapital eragiketak eragiketa arrunten superabitarekin finantzatu dira. HKEEren doiketak aintzat hartuta ere, 2015eko abenduaren 31n diruzaintza erabilgarria 5,6 milioi eurorena litzateke, diru-sarrera arrunten % 20, eta hirurteko kapitaleko eragiketen defizita baino handiagoa; hori nahikoa da 2015eko abenduaren 31n hitzartutako kredituen txertaketak finantzatzeko, 3 milioi euro egin zutenak.

Ondorioa: eragiketa arruntek sortutako aurrezki gordina hobetu egin da hirurtekoan sarrek igo direlako, gastuei eutsi zaielako eta hirurtekoaren lehenengo urtean ezohiko gastuak barne hartu direlako. Zorpetze eragiketa bakarrari finantza zama kenduta, gastu arrunten % 7ko aurrezki garbia eskuratzen da. 2015eko abenduaren 31ko Diruzaintza geldikina HKEEk egindako doiketak hartuta, 5,6 milioi eurorena da.

Aurrekontuaren egonkortasuna: 5/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraiki, Udalaren Kontu Hartzailetzak 2015eko likidazio-txostena egin zuen aurrekontuaren egonkortasun printzipioa eta gastuaren araua betetzen zela egiaztatuaz:

– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete da eragiketa ez finantzarioetan superabita eskuratu baita.

– Gastuaren araua bete da zenbagarriak diren gastuak % 12 murriztean.

– Zor publikoaren helburua bete da, diru-sarrera arrunten % 60ko muga baino txikiagoa izan delako.

V.– Urteko Kontuak.

V.1.– Udala.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

V.2.– Udal erakunde autonomoak eta sozietate publikoak.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
DURANGOKO UDALAREN ALEGAZIOAK 2015EKO EKITALDIARI EGINIKO FISKALIZAZIO-TXOSTENARI.

Alegazioak Iritzia epigrafeari.

1. alegazioa.

II.1.1.– epigrafea: langileak.

«1.– Udalak eta Musika eta Durango Kirolak erakunde autonomoek hiru kontratazio mugagabe egin dituzte 2015eko EAOLaren 21. artikulua urratuz, zeinak langileria berria kontratatzea eragozten duen. Gainera, hautaketa prozesuetako iragarkien goiburuek lan-poltsa bat osatzeko zirela zioen eta deialdian adierazi zen txanda-kontratu bat egiteko baliatuko zirela, mugagabea izango zela zehaztu gabe.»

Musika-hizkuntzako irakasle bat (Bartolome Ertzilla musika-eskola), kirol-instalazioetako teknikari bat (Durango Kirolak) eta obren brigadako langileburu bat (Udala) errelebo-kontratu bidez kontratatzeko lan-poltsei dagokienez, oinarrietan ez zen zehaztu kontratazioa kontratu mugagabe bidez egingo zenik, arrazoi hauek direla-eta:

1.– Hautaketa-prozesuetatik ateratako lan-poltsak ez ziren errelebo-kontratuak egiteko bakarrik erabiliko, baizik etorkizuneko beharrak asetzeko ere bai (aldi baterako laneko desgaitasunak, eszedentziak, amatasun-baimenak eta abar direnerako ordezkapenak egiteko).

Aurreikuspen hori, gainera, hiru hautaketa-prozesuak arautzeko oinarrietan dago jasota. Hiru prozesuak arautzeko oinarrietan honela zegoen araututa, modu analogoan:

«2016an, orain langileburu-plazan ari den pertsonak erretiro partziala hartuko du. Hautaketa-prozesu honetatik ateratzen den lan-poltsa dagokion errelebo-kontratua egiteko eta etorkizuneko beharrak asetzeko erabiliko da.»

2.– Oinarrietan kontratazio mugagabe bati eginiko erreferentzia bat sartzeak nahasmena ekar zezakeen. Ez da ahaztu behar administrazioan, lanpostu bat behin betiko eskuratzeko, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar direla:

1.– Lanpostua hutsik egotea eta lan-eskaintza publikoa gainditzea: kasu hauetan ez zegoen lanposturik hutsik.

2.– Hautaketa-prozesu bat gainditzea berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak egiaztatuta eta gutxieneko baldintzak batzuk beteta (adibidez: A-2 taldeko kasuetan, gaitegiak 60 gai izan behar ditu gutxienez eta C taldean, gutxienez, 40). Hemen hizpide ditugun lan-poltsetan, musika-hizkuntzako irakaslearen kasuan, ez zegoen gaitegirik, kirol-instalazioetako teknikariarenean 30 gai zeuden eta langileburuarenean 20 gai).

Lan-poltsetan kontratazio mugagabeari erreferentzia egiteak baliteke hautagaiak nahasarazi eta mugagabeko kontratazio finko bat dela pentsarazi izana. Hala ere, hautatuek, lanpostua behin betiko eskuratu nahi badute, dagokion hautaketa-prozesuan haien burua aurkeztu beharko dute lan-eskaintza publikoa egiten denean.

2. alegazioa.

II.1.2. epigrafea: kontratazioa.

«2.– Durango Kirolak erakunde autonomoaren lehendakariak 2015ean kirol ikastaroak emateko kontratua esleitu zuen, aleko prezioetan 495.868 euroren balioetsitako zenbatekoan esleitu zena. Kopuru honek erakundearen baliabide arrunten % 10 gainditzen zuenez gero, Zuzendaritza Batzordeak esleitu behar zukeen.»

Kalkuluetan eginiko akats batengatik gertatu zen. Kontratu-urte baten % 10 kalkulatu zen eta ez kontratuaren gutxieneko iraupena, bi urte, oinarri hartuta. Epe horri dagokio, hain zuzen, estimatutako zenbatekoa: 495.868 euro. Hala ere, aipatu behar da DKen estatutuen 9.6 artikuluaren arabera, erakunde autonomoko presidenteari kontratazio-organo izatea dagokiola tokiko araubideko kontratuei lotuta indarrean den legeriaren arabera. 8.8 artikuluak, berriz, ezartzen du Zuzendaritza Batzordeari dagokiola administrazio publikoen kontratuen legerian eta aplikagarri den gainerako tokiko legerian ezarritakoaren arabera egiten den kontratazioa. Ez dago aurreikusita Batzorde hori kontratazio-organo gisa aritzea.

3. alegazioa.

II.1.3. epigrafea: kontratazioa.

«Ondotik zehaztutako hornidura eta zerbitzuak zuzenean esleitu dira, zegokion kontratazio prozedura izapidetu beharrean, publikotasun eta lehia printzipioei meneratua. Hona hemen 2015eko kostua xehatuta:

(Ikus .PDF)

Ez dago telefono-zerbitzu, energia elektriko, gas natural eta aseguruen kontratuen lizitazio publikoko prozeduraren inguruko aurrekaririk.

Telefono-zerbitzuei dagokienez, Udalak kontratu bat du Euskaltelekin eta telefonia mugikorrekoa, berriz, Telefonicarekin du.

Energia elektrikoa Iberdrolak hornitzen du. Ez dugu horniketako kontratu bakarra, baizik hornigai bakoitzerako kontratu bat. Guztira 134 sinatu dira Udalari telefonia, gas, energia elektriko eta aseguru zerbitzuak jabetza publikoko zenbait eraikin, instalazio edo bidetara hedatzeko beharra sortu ahala, eta zuzenean esleitu dira aipatutako zerbitzu edo hornitze horietarako kontratu asko. Kontratu kopuru handi hori sistematizatu egin du udaleko bulego teknikoak, ondoren, dagokion lizitazioa izapidetzeko. Argumentu bera aplikatzen zaio EDPrekin kontratatutako gas-horniketari. 24 kontratu izan dira guztira.

2016ko ekainean, Idazkaritza Orokorrak igorri eta Hirigintzako Informazio Batzordeari aurkeztutako txosten batek hau zioen.

«Aurreko paragrafoetan azaldutakoa kontuan hartuta, ahalik eta lasterren zuzendu behar da kontratazioetan dugun egoera eta kontratuen lizitazio-prozesua ireki behar da 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 1. artikuluan jasotako printzipioak betetzen direla bermatzeko, eta Udalak, horretarako, egungo egoera zuzentzeko beharrezko dituen giza baliabide eta baliabide materialak izango ditu.»

Udala energia elektrikoa kontratatzeko plegua aztertzen hasi zen elektrizitatearen horniketaren kontratazioa ahalik eta ondoen kudeatzeko, eta horretarako, sektore elektrikoko kontratuen legerian jasota dauden arrazionalizazio-teknikak erabili ziren.

Zenbait lan egin dira horri lotuta. Hala, Urkiola Landa Garapen Agentziak koordinatutako bileretan izan dira Udaleko ordezkariak. Eskualdeko udaletako ordezkariak energiaren erosketa kolektiboetan espezializatutako langileekin bildu ziren. Espezialista haiek, besteak beste, Arabako Enpresaburuen Elkarteari energia elektrikoaren erosketa kolektiboa egiteko aholkuak eskaintzen ibiliak ziren eta beherapen handiak lortu zituzten. Bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko kontratazio-zentraleko arduradunekin ere Gipuzkoako Udaletan energia elektrikoaren erosketa kolektiboak nola lizitatzen ziren jakiteko. Durangaldeko udalek esparru-hitzarmen baten bidez energia elektrikoa eskualdeko udal guztietarako eskuratzea elkarrekin lizitatzeko aukera aztertzen aritu gara.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundia kontratazio-zentral bat sortzeko prozesuan murgilduta dago eta Durangoko Udalak ere bat egin du prozesu horrekin. Merkaturatzeko enpresekin esparru-hitzarmenak egin eta hala, zentral horri atxikitako udalerriek esleitutako horniketa-kontratuek bete behar dituzten baldintzak ezartzea da helburua. Arrazionalizazio-teknika hau erabiltzeak enpresa merkaturatzaileen lehia sustatzen du eta murriztu egiten ditu transakzio-kostuak, sinplifikatu egiten baita kontratuen esleipena. Elkarrekin lizitatze horren xede diren kontratuak sortzeko eta zehazteko prozesua 2017ko ekitaldian amaitzea espero dugu.

Azaldutako hori dela-eta, Udalak konpromisoa hartu du egoera hau ahalik eta azkarren zuzentzeko eskura dituen baliabideak erabiltzeko eta, horretarako, aipatutako zerbitzu edo hornitzeei dagozkien kontratu partzial guztiak bateratzen dituzten kontratuak lizitatuko ditu. Hala, kontratu horien xedea dena zatitzea ekidin nahi da.

4. alegazioa.

II.2 epigrafea: urteko kontuak.

«1.– Hona hemen 2015eko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikinean, data horretan itxitako Egoera Balantzean eta Funts Propioetan eragina duten doiketak:

(Ikus .PDF)

A.8.– 2015eko ekarpena suteen aurkako foru-zerbitzuari:

Udal honek, historikoki, gastu hau BFAk hurrengo ekitaldian konpentsatzen zuenean kontabilizatu izan du eta kontableki, urtean mugimendu bat izan da.

Udalak erreferentziazko partida handitu ahal duen ekitaldian bi urteko kuota hartuko ditugu aintzat eta, hala, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aipatutako egoera erregularizatu ahal izango dugu.

A.8.– 2015eko laguntzak etxebizitzen alokairurako eta haur eta gazteentzako jardueretarako:

Udalak, laguntza hauen bidez, aipatutako diru-laguntzen zenbatekoaren banan-banako behin-behineko esleitzea egin zuen hasieran (2015eko ekitaldiaren amaieran), baina ez zituen banan-banako behin betiko kredituak 2016ko ekitaldira arte aitortu. 2016ko ekitaldian, dokumentazio guztia jaso eta erreklamazioak baloratu ondoren, txostena egin eta banan-banako behin betiko banaketa egin zen. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitako moduan egingo ditugu gauzak.

A.4.– Finantzaketaren desbideratzea 2015 diru-lag. enplegua sustatzea eta 2 obra:

Historikoki, Udal honek gastu orokorretarako soberakinetik, kendu egin ditu hurrengo ekitaldirako soberakin-txertatzeak, aurreko ekitaldietan erregistratutako diru-sarrera finalisten aurka eginikoak, eta hala, gastu orokorretarako soberakin doitua eskuratu izan da (magnitude hori kontuan hartzen zen gastu orokorretarako soberakinari eragiten zioten aldaketak egitean). Hala ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak txostenean jasota duen moduan eta foru-arauak berak finantzaketaren desbideratzeei ezartzen dien definizioaren arabera, hemen doitu behar zen. 2016ko ekitaldiaren eta hurrengoen likidazioetarako, kontuan hartu da hori.

A.5.– Hirigintzako kuotak hirugarrenen kontura aurrekontuan:

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenak adierazten duen moduan, entitate honek Eguzkitzagoienako itun-batzarraren hirigintzako kuoten bidez erregistratu ditu aurrekontuko diru-sarrerak, nahiz eta Udalak bitartekari-lanak bakarrik egin.

2016ko ekitaldian erregularizatu da egoera hori.

Udalak erreferentziazko partida handitu ahal duen ekitaldian bi urteko kuota hartuko ditugu aintzat eta, hala, Euskal Herriko Kontuen Auzitegiak aipatutako egoera erregularizatu ahal izango dugu.

A.9.– Faustegoiena orubea saltzea, geroratutako zatia epe luzean kobratzeko:

Doitze hau aintzat hartu dugu 2016ko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioari dagokion soberakinari begira.

A.9.– 2015 baino lehenagoko Udalkutxaren ordaindu beharreko likidazioen saldoa erregularizatzea:

2016ko ekitaldian zuzendu da.

A.9.– Saldoak aitortutako diru-sarrerengatik, erabili gabeko maileguak:

Udalak badu gertaera honen berri eta urtero ezeztatu du kobratzeko dagoen hau dagokion banku-entitateak emandako amortizazio teorikoaren arabera. Egoera behin betiko erregularizatuko da datozen ekitaldietako likidazioek ematen diguten aukeraren arabera.

A.9.– Finantzaketaren desbideratzea, diru-sarrerak, itxitako ekitaldiak:

Aurreko ekitaldietan jasotako diru-laguntzei dagokienez, diru-laguntzaren xede ziren jarduerak erabat burutu ez diren kasuetan edo aurrekontuan jasotakoaren artean eta benetako gauzatzearen artean aldea egon delako (540.269 euro), aipatu behar dugu 2016ko ekitaldian ezeztatu egin ditugula saldo horiek, Sailek emandako datuetan oinarrituta.

7. gauzatze-unitatetik bildutako hirigintza-kuotei (739.880 euro) dagokienez, honen bidez jakinarazten dugu finantzaketako desbideratzeak kalkulatzeko kontuan izango dela 2016ko ekitaldiari dagokion aurrekontuaren likidazioan.

«2.– Udalak 2000n berrikusi zituen bere ibilgetuaren balorazioak eta urte horretatik aurrera idazpuruetako saldo globalak aldatu zituen aurrekontuen kontabilitatean jasotako informazioa baliatuta. Hala eta guztiz ere, ez du ibilgetua eragiten duten egintza ekonomiko guztien kontularitzako erregistroa bermatuko duen jarraipenik egiten eta zehazki, ez du ibilgetuaren elementu bakoitzeko xehapenik, ez zuzkiduren kalkulurik egiten. Horregatik guztiagatik, ez dezakegu zehaztu ea ibilgetuko kopuruek 15/12/ 31n Udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen duten.»

Udalak ondasunen eta eskubideen inbentario eguneratua du, baina ez du zerikusirik kontabilitateko ondare-sistemarekin. Ibilgetuaren taldeko kontuak erregularizatu behar dira oraindik, ondasun eta eskubideen inbentarioaren bitartez ibilgetua etengabe kontrolatzeko moduko sistema informatikoa noiz ezarriko zain. Horrela, bada, erosteko, besterentzeko eta baja emateko eragiketen erregistro sistematikoa egin ahal izango da, eta amortizazioak zein balioespen-zuzenketak ere egin ahal izango dira inbentarioaren eta kontabilitatearen azpisistemetan.

Egungo ibilgetuaren hobekuntza edo kopurua ugaritzea eragiten duten ekintza guztiek kontularitzako isla dute. Mugimendu horiek urtero udal-inbetarioan inbertsio gisa sartzen dira, baina ez dago konexiorik inbentarioa jasotzen duen programa zaharkituaren eta udal-kontularitzaren artean.

Alegazioak epigrafeari, oharrak barne kontroleko sistemei eta kudeaketarako prozedurari buruz.

5. alegazioa.

III.1 epigrafea: aurrekontua eta kontabilitatea.

«Udalak ez zuen 2015erako aurrekontua onartu eta ez zitzaion Udalbatzari zegokion aurrekontu proiektua aurkeztu onartu, zuzendu edo atzera botatzeko. 2015eko Kontu Orokorra onartzeke dago txosten hau idatzi dugun datan.

– Udalak 2015eko aurrekontura 4,1 milioi euroren gastu kredituak txertatu zituen, jada 2014ko aurrekontura txertatu zirenak, eta hitzartu gabeko gastu arruntetarako kredituak, 715.427 eurorenak; ordea, aurrekontu-araudiak kreditu mota hau txertatzeko bide ematen du soilik helburudun diru-sarrerekin finantzatzen direnean eta ezaugarri hori ez da egiaztatu.»

Durangoko Udalak, historikoki, gastu orokorretarako diruzaintzako soberakinaren kargura sartu izan ditu ondorengo ekitaldietan egingo diren ekintzekin lotutako aurrekontu-kredituak eta horien artean daude 2010eko ekitaldian eskatutako maileguaren zatiari dagozkionak. Ezeztatzeko dago. Ahal den neurrian, erregulatuko dugu kontu hau.

«Egoera hau bera gertatzen da Durango Kirolak eta Musikako erakunde autonomoetan, hurrenez hurren, 193.976 eta 6.748 euroren txertaketa jarraituak egin dituztenak. Hitzartu gabeko gastu arruntetarako kredituei dagokienez, 164.479 euro egin zituzten lau erakunde autonomoetan.

– 2015eko likidazioak ez zuen zegokion Konpromisoen egoera besarkatzen, etorkizuneko aurrekontuen kontura hartutakoei buruzko informazioa emango zuena; konpromiso horiek 646.813 euro egin zituzten eta baziren hitzartutako diru-sarrerak ere, 376.380 euroren zenbatekoan.»

Udalak aurrekontuaren luzapenerako egin zuen dokumentu hau, baina ez da 2015eko ekitaldiko aurrekontuaren likidazio-espedientean sartu hutsegite administratibo bat tarteko.

«TAO zerbitzua kudeatzeko kontratuak aurreikusten du esleipendunak zerbitzuko sarreren ehuneko bat ingresatu beharko duela -38.364 euro 2015ean-, eta diru-bilketaren gainerakoa emandako zerbitzua ordaintzeko baliatuz; Udalak ez du gauzatutako konpentsazioa erregistratzen. Enpresa esleipendunak kudeatutako parkimetroen diru-bilketa 674.509 eurorena izan zen eta egindako konpentsazioak berriz, 636.144 eurorenak.»

Eragiketa hauek, historikoki, zenbateko garbiaren arabera erregistratu izan dira, baina egia da horrela ez dela betetzen osotasun-printzipioa eta, beraz, 2017ko aurrekontuan (ezin baita 2016koan egin) zuzendu egingo da hori.

«Udalak aurrekontuz kanpo erregistratu zituen hirigintzako planeamendu kontzeptuan egindako ordainketak eta lehenagoko urteetan gauzatutako sektore arteko konpentsazioak, 2015eko abenduaren 31n 302.108 euroren kobratzeko saldoa eragin dutenak. Egokiagoa da eragiketa mota hau aurrekontuan erregistratzea, baldin eta zorrak esanguratsuak badira eta kobratzeko epe luzeak aurreikusten badira. Urtebetetik gorako antzinatasuna duten aurrekontuz kanpoko beste saldo batzuk azaleratu dira eta komeniko litzateke horien kobragarritasuna aztertzea.»

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gai horretan eginiko gomendioari lotuta adierazi behar da gauzak horrela egin direla, ulertzen dugulako ordainketa zer une zehatzetan egingo den ez jakitea hobeto doakiola aurrekontuz kanpo egiteari eta kobratzeak egin ondoren, egoera erregulatzea. Hala ere, aurrekontuko datuek aukera ematen diguten neurrian, Herri Kontuan Euskal Epaitegiak adierazitako moduan egingo ditugu gauzak.

«Udalak 2015ean 2016an agindutako hiru mandaturen ordainketa erregistratu zuen, 1,4 milioi euroren zenbatekoan; ordea, egiaz ordaintzen den ekitaldian erregistratu behar litzateke.»

Durangoko Udala ekitaldi batean gauzatzen diren faktura eta kontratu guztiak ekitaldi horretan ordaintzen saiatzen da ordaintzeko batez besteko epea betetze aldera. Hori horrela, eta sailei fakturen eskaerak eta abian jartzeko lanak arintzeko eskatzen diegun arren, fakturetako batzuk bigarren ekitaldiaren hasieran iristen zaizkio administrazio honi.

Kontabilitateari dagokionez, ditugun baliabideekin ezinezkoa da ordaintzeko dauden fakturen «P» urtearen hasieran islatzea eta horrela, saihestu egingo genuke hori. Hala ere, kontabilitateko programak eguneratzeko zain gaude eta eguneratzean, gauzak Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitako moduan egiten saiatuko gara.

«Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoak ur-horniduragatiko tasa biltzen du, 2015ean 1,3 milioi euroren diru-sarrerak eragin zituena. Udalak ez ditu tarifa aldaketak onartu, ez eta kobrantza-erroldak ere; orobat, ez da gauzatu Udalari ematen dion diru-bilketa zerbitzuaren kontzeptuan Partzuergoari egin beharreko mandatua.»

Partzuergoaren Estatutuen 8. artikuluan daude ezarrita Partzuergoaren eskumenak eta hona zer dioen 5. puntuak hitzez hitz: «Lehen mailako eta bigarren mailako sareko hornitze- eta saneamendu-tarifen zenbatekoa ezartzea, udalerriek zerbitzu horiek lekuren batean eskaintzeari eutsi edo ez, eta edozein dela eta zerbitzuaren kudeaketa egiteko modua, zuzenekoa edo zeharkakoa. Aipatutako tarifak uniformeak izango dira Partzuergoaren eremu osoan».

Horregatik uste du Udal honek ez duela tarifak finkatzeko ordenantza fiskalik onartu behar.

«Udalaren lan baldintzak arautzen dituen erabakiak bertako langileen aldez aurreko erretiroagatiko 10 eta 27 hilekoren ordainsarien ordainketa ezartzen du; horren ondorioz, langile bati 2015ek urtean 47.117 euroren ordainsariak ordaindu zaizkio. Kontu Orokorraren Oroitidazkian ordainsari osagarri mota hau existitzen dela jakinarazi beharko litzateke.

Udal erakunde autonomoak eta sozietate publikoak

– Aurrekontua egikaritzeko udal araudiaren 23. artikuluak agintzen du erakunde autonomoen aurrekontuko aldaketek metatutako % 5 gainditzen denean Udalbatzak onartu beharko dituela; ez dute, baina, lau erakunde autonomoek aurreikuspen hau aintzat hartu.

– Erakunde autonomoek euren ibilgetuen balorazioak 2007an berraztertu zituzten. Ondoko inbertsioek idazpuruetako saldo globalak aldatu zituzten, txertaketen elementuen araberako xehapenik izan gabe. Amortizazioa ere osotasunean kalkulatzen da. Komenigarria litzateke 2007ko inbentarioa gaurkotzea.

Gainera, jarduera udal jabetzako eraikinetan gauzatzen dute, erakunde autonomoetara atxikiak daudenak, eta horien kostua eta amortizazioa ez dira beren kontuetan barne hartzen; egitate hori Oroitidazkian berariaz adierazi behar litzateke.

– LESAk 2015eko abenduaren 1ean automatikoki desegiteko kausa egin zuen; inguruabar hau Batzorde Nagusiak egiaztatu behar luke eta Merkataritza Erregistroari jakinarazi.»

7/1985 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak (Tokiko sektore publikoaren neurriak berriz ezartzea) honako hau ezartzen du:

(...)

2.– Lege hau indarrean jartzean jarduera ekonomikoak garatzen dituzten, Kontuen Europako Sistemaren ondorioetarako Legearen 3.1. artikuluaren toki-erakundeei edo erakunde autonomoei atxikita dauden eta finantza-desorekan dauden erakundeek bi hilabeteko epea izango dute, Legea indarrean sartzen denetik, toki-erakundeko organo kontu-hartzaileak txostena eman ondoren, desoreka hori zuzentzeko plana onesteko. Ondorio horietarako, eta zuzenketa-planaren zati gisa, tokiko erakundeak ondare-ekarpenak egin edo bere erakundeen kapital-gehikuntzak sinatu ahalko ditu, betiere, aurreko aurrekontu-ekitaldian tokiko erakunde horrek aurrekontu-egonkortasunari eta zor publikoari lotutako helburuak bete baditu eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeak berankortasun-araudian ezarritako gehienezko epeari hogeita hamar egun gehituta osatzen den epea gainditzen ez badu.

Zuzenketa hori 2014ko abenduaren 31rako bete ezean, toki-erakundeak, sei hilabeteko epean, gehienez, urteko kontuak onesten direnetik aurrera edo erakundearen 2014ko ekitaldiaren aurrekontua likidatzen denetik aurrera zenbatzen hasita, desoreka-egoeran dauden erakunde guztiak deuseztatuko ditu. Hala egin ezean, erakunde horiek automatikoki deuseztatuko dira, 2015eko abenduaren 1ean.

Durangoko Udalari dagokionez, Landako Erakustazoka(k):

a) jarduera ekonomikoak garatzen ditu;

b) Kontuen Europako Sistemara atxikita dago eta

c) finantza-desorekan zegoen 27/2013 Legea indarrean jarritako datan (2013ko abenduaren 31n) eta 2014ko abenduaren 31n.

Beraz, 7/1985 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarria aplikagarri zitzaion eta horren ondorioz, 2014 ekitaldiko urteko kontuak edo aurrekontuaren likidazioa onartu eta gehienezko epea –hurrengo sei hilabeteak– igaro ondoren, erakundea automatikoki desegin zen 2015eko abenduaren 1ean.

Sozietatea desegiteko arrazoiak kapital-sozietateen inguruan indarrean den Legean ezarritakoa, desegite automatikoa da eta horregatik eman zaio horren berri udaleko talde politiko guztietako kide diren kontseilariek osatutako Administrazio Kontseiluari. Bestalde, Ogasun, Pertsonal eta Udaltzaingoaren Batzordeari igorri zaio idazkaritzako txostena, honako hau proposatzeko:

«Lehenengoa.– Tokiko Araubidearen Testu Bateginaren 97. artikuluak araututako espedientea abiaraztea onartzea, Udalak, gaitasun juridiko osoz, erabilera anitzeko Landako gunean eta hari erantsitako gainerako instalazioetako kudeaketa osoa eta ustiaketa egitea –hor sartuko lirateke azoka eta merkatuen sustapena, horien kudeaketa, lan-arloak ez diren jardueren garapenerako babesa eta higiezinen lagatzea eta alokatzea eta aparkaleku publikoa ere– komeni dela eta horretarako aukera dagoela egiaztatzeko.

Bigarrena.– Aztertzeko Batzorde bat izendatzea eta eratzea. Honako hauek osatuko dute: Ogasuneko Informazio Batzordea osatzen duten udalkideek eta Udaleko Esku-hartzailetza eta Idazkaritzak, hitzarekin baina botorik gabe. Batzordeko Presidentetza aipatutako batzordeko presidenteari dagokio.

Hirugarrena.– Aztertzeko Batzordeak aipatutako espedientearen memoria egitea Batzordearen presidenteak Udalbatzari aurkeztea, hark aintzat har dezan.»

6. alegazioa.

III.2 epigrafea: langileria.

«Udalak indarrean ditu bitarteko langileen 3 kontratazio 2006 eta 2009az geroztik. Hauetako bitan obrako lan kontratuek ez dute iraupena zehazten eta bestean, bitarteko izendapena trenbidea lur-azpiratzeko lanetan oinarritu zen, 2012an amaitu zirenak. Gainera, 2014an langile batekiko lan harremana mugagabe bihurtzen zuen epaia ebatzi zen, zeinari kontratuak bata bestearen atzetik egin zitzaizkion. Udalak kasu hauek aztertu eta LZ aldatu behar luke edo egoera hauek zuzentzeko egitekoen esleipena berrantolatu.»

Udala jabetzen da langile batzuen kontratazioetan desadostasunak daudela. Harrigarria da HKEEk lanpostuen zerrenda aldatzea proposatzea, kontuan hartuta kasu honetan, egiteko iraunkorrak izanik, lanpostu berriak sortu beharko liratekeela; baina gaur egun aukera hori indarrean dagoen aurrekontu-araudiak debekatzen du.

Gaur, egoera desberdinean dauden langileen lanbidea aitortzeko prozesua amaitu da, horiek langile mugagabe ez-finko direla adierazi baita; ondorioz, lanpostu baliokideak sortu beharko dira. Horrek guztiak segurtasun falta juridikoa eragin digu; izan ere, langile horien egoera arautu behar dugu eta, aldi berean, lanpostuen zerrendan postuak sortzeko legezko debekua dugu.

«ndarreko LZ 2013an onartu zen urteko aurrekontuarekin batera, egindako aldaketak batere jaso gabe (lanpostu berri bat eta aldaketak beste 9tan) eta espedientean justifikatu gabe.

– Lanpostu zerrendak lanpostuak kategoria eta kidegoaren arabera zerrendatzen ditu, baina ez ditu ordainsari oinarrizko (soldata eta antzinatasuna) eta osagarriei dagozkien kreditu zuzkidurak xehatzen eta ez ditu aparteko ordainsariak eta bestelako hartzekoak kuantifikatzeko gauzatutako balioespen globalak adierazten.»

Ordainsariak oinarrizko eta osagarri gisa ageri dira, horien kontzeptuak bereizi gabe. Aurrekontu-plantilla osatuko da, HKEEk gomendatutako xehetasunarekin.

«2015erako Udalaren Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioak Osagarri Pertsonal Iragankorraren-Antzinatasunaren zenbatekoa gehitu zuen, nahiz indarreko aurrekontu-araudiak ez duen 2014koarekiko aldaketarik egitea onartzen.»

Hileko antzinatasuneko zenbatekoak eta aparteko pagaren antzinatasuneko zenbatekoak direla eta, Aurrekontu Legeetan ezarritako zenbatekoak errespetatu ziren. Gorakada antzinatasunaren osagarriaren kontzeptuan izan zen. Gorakada horren aldeko txostena eman zuen Negoziazio Mahaiak.

«2015ean zehar Udalak aldi baterako 23 langile kontratazio egin zituen eta turismoko informatzaileen 6 kontrataziotan 2007 eta 2008ko lan-poltsa zaharrak baliatu zirela ikusi da. 3. adinekoak artatzeko teknikari baten 2 kontratazioak 2003an gauzatutako hautaketa-prozesu bat baliatuta gauzatu ziren eta kudeaketa-teknikari bat 2008an kontratatu zen, zeinari kontratua urtero berritzen zaion prozesu berririk abiarazi gabe. Lan-poltsen kudeaketa arautu behar litzateke, bereziki gauzatutako prozesuaren ebidentzia utziz.»

Ez dago enplegu-poltsen gehieneko indarraldia arautzen duen araudirik.

Lege-huts hori kontuan hartuta, erakunde bakoitzak haren indarraldiko jarraibideak zehaztu behar ditu.

Ez dugu baliabiderik lan-poltsak berritzeko; hori dela eta, batzuetan antzinako poltsak erabili behar ditugu. Poltsen kudeaketa dela eta, beharrizana dagoen bitartean, telefonoz jartzen gara harremanetan hautagaiekin eta, horretarako, zerrendaren hurrenkerari jarraitzen zaio, eta eskaintzari uko egiten diotenei eskatzen zaie mezu elektroniko bat bidaltzeko Langile Sailari eta, bertan, ukapena adierazteko. Dokumentazio hori gorde egiten da eskaintza bakoitzeko.

«Udal erakunde autonomoak eta sozietate publikoak.

– 4 erakunde autonomoen aurrekontu-plantillak guztira aurreikusitako ordainsariak xehatzen zituen; ez zituen, baina, ordainsari kontzeptuak banakatzen.

– Bi erakundetan Lanpostu Zerrendan bi zuzendari postu eta ikasketa-buru postu bat barne hartzen ziren, aurrekontuan jaso ez direnak 3 irakasle lanposturi metatzen zaizkielako.»

Bartolome Ertzilla erakunde autonomoan zuzendariaren postua jasotzen da aurrekontuan, bai eta irakaslearen postuaren % 50 ere hura ordezkatzeko. Modu berean jasotzen da aurrekontuan ikasketaburuaren kasua, baina liberazioaren % 35i dagokionez. Euskaltegian aurrekontuan bakarrik jasotzen dira zuzendariaren ordainsariak; eta ez da langilerik kontratatzen zuzendaria ordezkatzeko irakasle-lanetan.

«Musikako erakunde autonomoak aldi baterako 26 musika irakasle kontratu gauzatu zituen zuzenean, aldi baterako langileen lan-poltsak baliatu gabe. Durango Kirolak erakunde autonomoak aldi baterako 25 begirale-sorosle eta harrera-lekuko langile kontratazioak egin zituen, lan kategoria horietarako eratutako lan-poltsak baliatu gabe. Azkenik, Astarloa Kulturgintza erakunde autonomoak 10 kontrataziotan baliatutako lan-poltsak 2006 eta 2007an sortutakoak dira eta komeni da horiek berritzea.»

Bartolome Ertzilla erakunde autonomoan, hezkuntza-eskaintzan 16 diziplina desberdin daude; ez da bideragarria dagozkion enplegu-poltsak eguneratuta izatea eta mantentzea. Gainera, sarritan gertatzen zaigu ez dagoela hautagairik prestakuntza egokiarekin eta derrigorrezko 3. HErekin.

Enplegu-poltsa ez dagoenean eta berehala bat-bateko bajagatik epe laburreko kontratazioa egiteko beharra dagoenean, jarduteko modua honako hau da:

Musika Eskolan azken 2 urteetan dagokion diziplinaren inguruan jasotako CVak berreskuratzen dira.

Hautagaiek 3. HE duten kontrolatzen da.

Musika Eskolak zuzendaritza-taldearen eta ordezkaritza sindikalaren arteko bileran onetsitako baremazio-taula aplikatzen zaie CVei.

CVak ordenatzen dira, eta telefonoz deitzen da, zerrendako hurrenkerari jarraikiz.

Halaber, ohikoa da Musikenerekin harremanetan jartzea, beharra hango ikasle ohien artean zabaltzeko.

Jakin behar da Musika Eskoletan eta Erdi mailako Graduko Kontserbatorioetan langileak ordezkatzeko dagoen arazoa orokorra dela musika-irakaskuntzako zentroetan, ez dela bakarrik Bartolome Ertzillako arazoa.

Euskal Herria EHME Musika Eskolen Elkarteak, arazo horri irtenbidea emateko, indarrean ditu aldi baterako poltsa batzuk, eta Musika Eskolak horietara atxiki daitezke. Horietara atxikitzeko aukera baztertu egin zen bere garaian, horien legezkotasuna zalantzan jarri zelako. Gainera, poltsa horien kudeaketak arazo gehiago izan ditzake onurak baino, alegia: ez dago poltsen kudeaketaz arduratzen den erakunderik; atxikitako guztiek zeukaten sarbidea zerrendetara eta deiak egin zitzaketen, eskuragarri zeuden pertsonak ziren jakin gabe, kudeaketa ez baitzegoen zentralizatuta. Egoera horrek segurtasunik eza eragiten zuen.

Nahiz eta aurretik enplegu-eskaintza bidaltzen zen Lanbidera, gaur egun ez da hala egiten; izan ere, sarritan, bidaltzen ziren hautagaiek ez zeukaten zerikusirik eskaintzarekin (adibidea: tronpetako irakaslea behar zen eta saxofoiko irakaslearen CVa bidaltzen zizuten) edo besterik gabe musikan titulatutako pertsonarik ez zuten atxikita. Ez dakigu zer dela eta gertatzen diren horiek, sailkapen-arazoa den, iragazpen-arazoa... Baina Musika Eskolak erabaki zuen Lanbiderekin lanean ez jarraitzea, arrazoi horregatik.

Durango Kirolaken monitore-sorosle kontratazio guztiak aldi baterako enplegu-poltsa egokian oinarrituta egin dira.

«LESAk 2015eko abenduaren 31n indarrean zituen 2010 eta 2011n gauzatutako obrako hiru lan-kontratu. Kontratuen iraupenak adierazten du garatutako egitekoek iraunkortasun izaera dutela eta honenbestez, egoera hori zuzendu egin behar da.»

LESA likidazio-prozesuan dago. Jarduera Udalak beteko du, Toki Araubidearen legerian aurrez ikusitako moduren batean. Erakundea erregularizazio-prozesuan dago, eta, ondorioz, lanpostuak sortzen ari da. Horrek, ordea, segurtasun falta juridikoa dakar; izan ere, langile horien egoera arautu behar dugu eta, aldi berean, lanpostuen zerrendako postuak sortzeko legezko debekua dugu; beraz, paradoxa bat da.

7. alegazioa.

III.3 epigrafea: kontratazioa.

«2013ko abenduan lizitazioak eta emaitzak Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman argitara emateko obligazioa indarrean sartu zen, bai zuzenean bai udal plataformarekiko lotura bidez; udalak, baina, ez du betekizun hori bete.»

Gaur egunera arte ez da kontuan hartu. Izan ere, 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina (aurrerantzean, SPKLTB) onartzen duenak, Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren funtzionamendua arautzen duen 334. artikuluan, ez du ezartzen administrazio honek lizitazio-deialdia eta haren emaitzak Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman argitaratzeko betebeharra duenik. 2013ko abenduan indarrean jarri zen 20/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Merkatu-batasuna bermatzeari buruzkoak ezarri zuen betebehar hori.

Gero, hainbat aldaketa egin dira SPKLTBn baina, hala eta guztiz ere, betebehar hori ez da jaso Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformaren funtzionamendua arautzen duen SPKLTBren 334. artikuluan. Hemendik aurrera, betebehar hori kontuan hartuko da.

«Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana argitzeko eskatutako jarraibideak ebatzi. Honela, aztertutako 3 kontraturen pleguek (1, 2 eta 6 zk.) agintzen zuten aurreko kontratistaren langileria subrogatu behar zela; ordea, betekizun hau enpresa eta langileen arteko sektoreko hitzarmenetatik soilik erator daiteke.»

Ez dugu aurkitu txostenean aipatzen diren jarraibideei buruzko lege-betebeharrik (ikusi 1. oharra dokumentuaren amaieran).

Era berean, betebehar hori Euskadiko toki erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz 2008-2010 akordioaren 171. artikuluan (funtzionarioak) eta 175. artikuluan (langile lan-kontratudunak) dago jasota: «Aurrerantzean, aurretik ematen ari zen zerbitzu jakin bat ematea helburu duten kontratu publikoak esleitzen direnean, esleipenaren unean zeuden langileak subrogatuko dituela bermatu behar du kontratua esleitu zaion enpresak, sektoreko hitzarmenek ezarritakoa gorabehera, plantillaren egonkortasuna lortzeko; hala izan dadin, izapidetutako espediente berrien baldintza-pleguetan, subrogazio-klausula ezarriko da eta ezinbestekoa izango da hori kontuan hartzea gardentasuna eta fede ona baldintzak betetzeko».

Halaber, betebehar hori 2014/2015 ekitaldietan Durangoko Udaleko eta bere erakunde autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lan-baldintzak arautzeko akordioaren (2014ko abenduaren 16ko osoko bilkurako akordio bidez onartu zen akordio hori) 175. artikuluan dago jasota: «Aurrerantzean, aurretik ematen ari zen zerbitzu jakin bat ematea helburu duten kontratu publikoak esleitzen direnean, esleipenaren unean zeuden langileak subrogatuko dituela bermatu behar du kontratua esleitu zaion enpresak, sektoreko hitzarmenek ezarritakoa gorabehera, plantillaren egonkortasuna lortzeko; hala izan dadin, izapidetutako espediente berrien baldintza-pleguetan, subrogazio-klausula ezarriko da eta ezinbestekoa izango da hori kontuan hartzea gardentasuna eta fede ona baldintzak betetzeko».

Aipagarria da langileen subrogazioak dakartzan kostuak kalkulatzeko behar diren datuak kontratuen baldintza-pleguetan adierazi zirela eta legeak ezarri bezala argitaratu zirela enpresek horiek kontuan har zitzaten eskaintzak egin aurretik, eta horrek ez ziela inola ere eragin kontratazio-prozeduretan jarraitzen diren gardentasun-printzipioari eta lizitatzaileei tratu berdina ematearen printzipioari.

«Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 6 kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:

– Guztira 3 milioi euroan esleitutako bi kontratutan (1 eta 2 zenbakiak), eskaintza ekonomikoak balioztatzeko erabilitako formulek mugatu egiten zuten beheranzko prezioaren zenbatekoa. Gainera, bigarren kontratuan esleipen irizpideak orokorrak dira eta ez dira zehazten ez balioztatuko diren alderdiak, ez balorazio sistema bera ere (A1 akatsa).»

SPKLTBren 86. artikuluak ezartzen du prezioa eskaintzak baloratzeko irizpide izan daitekeela. Ez du esaten ezin denik prezioa beheratzeko mugarik ezarri. Hainbat formula erabiliz hauxe lortu nahi zen: gehiegizko beherapenak zerbitzuaren kalitateari kalterik ez egitea.

Egia da bi kontratu horietan, eskaintza ekonomikoak baloratzeko erabilitako formulek jaitsieraren zenbatekoa mugatzen zutela. Udala horretaz ohartu zen, eta, ordutik aurrera lizitatutako kontratuetan, beste formula batzuk baliatzeari ekin zion.

Bigarren kontratuan aplikatutako esleipen-irizpideak «generikoak» izateari dagokionez, hauxe esan behar dugu: eskaintzak baloratzeko irizpide zehatzak ezarri zirela, honako hauek besteak beste:

1.– Erabilitako konpostak Europako Etiketa Ekologikoak ezarritako lur-medeagarrien edo substratuen konposizioari eta substantziei buruzko irizpideak betetzea baloratuko da. (gehienez ere, 2 puntu).

Irizpideak ikusteko, sartu hemen:

http://eurlex.europa.eu/LexUriServ/LexUriServ.do?uri=OJ:L:2006:325:0028:0034:ES:PDF.

2.– Zerbitzuan erabilitako ibilgailuetatik, mota honetako ehuneko zenbat dauden baloratuko da: iragazkiak baliatuz egokitutako EURO 4 eta EURO 5 ibilgailuak (gehienez ere, 2 puntu).

– Euro 4 ibilgailuen ehunekoa (gehienez ere, 1 puntu; bestela, 0 eta 1 artean dagokion proportzioa).

– Euro 5 ibilgailuen ehunekoa (gehienez ere, 1 puntu; bestela, 0 eta 1 artean dagokion proportzioa).

Zentzu horretan, baliteke pleguan ezarritako lizitatzaileek aurkez zitzaketen baldintza-hobekuntzak behar bezain zehatzak ez izatea, baina Udalaren ustez, balorazio-irizpide guztiak generikoak eta ez-zehatzak direla esatea ez dator bat kontratu hori arautzen duten pleguetan jasotako errealitate zehatzarekin.

Orain arte adierazitakoa bazter utzi gabe, Udalak beharrezko neurriak hartu ditu lizitazioetan ezarritako balorazio-irizpideak HKEEk aipatutakoak bezain generikoak ez izateko.

«Kontratuen esleipenari ez zitzaion publikotasunik eman edo legezko epeekiko atzerapenez eman zitzaion bost kontratutan (1, 2, 3, 5 eta 6 zk. espedienteak), guztira 5,9 milioi euroren zenbatekoan esleitu zirenak (E1 akatsa).»

Egia da berandu argitaratu zirela, besteak beste honako arrazoi hau dela eta: 2016ko martxora arte Udalak ez zituelako sinatutako kontratuak Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Kontratuen Erregistro Publikoan erregistratzeko behar diren sarbide-gakoak. Horrenbestez, 2016ko martxotik aurrera, sinatutako kontratuak epe barruan argitaratzen ahalegindu da Udala.

«Guztira 6,1 milioi euroan esleitu ziren 3 espedientetan (1, 2 eta 4 zenbakiak), kontratugileek gordailatutako bermeak esleitutako zenbatekoaren % 5 baino txikiagoak ziren, izan ere ekitaldi bakarreko kostua hartu zen aintzat. Kontratuetarik lehenengoan pleguek aurreikusitakoa baino berme txikiagoa onartu zen (B2 akatsa).»

Hona hemen okerra: kontratuaren prezioa kontzeptua, hau da, urte anitzeko kontratuak zer preziotan lizitatu behar ziren, gaizki interpretatu izana. Egia esan, lege guztiek, prezio kontzeptua definitzean, hauxe baino ez zuten esaten: kontratuek prezio jakin bat izan behar zutela, eta, kontratua benetan bete zedin, prezio horrek egokia izan behar zuela merkatuko prezio orokorrarekin alderatuta. Hau da, legeak ez zuen berariaz esaten kontratuaren prezioa kalkulatzeko urte guztiak batu behar zirenik. Horrenbestez, lizitatzaileek beren proposamenetan urtebeteko prezioa adierazi behar zutela interpretatu zen; hala, prezio horrek ezarri zuen esleipenaren zenbatekoa, eta ideia horretan oinarrituz kalkulatu zen bermea. Gainera, oker hori oso zabalduta zegoen, Auzitegiaren txostenek adierazten dutenez.

Egia da, beraz, aipatutako hiru kontratuetan gordailu gisa emandako bermeak esleitutako zenbatekoaren % 5 baino txikiagoak direla, ekitaldi bakarraren prezioa hartu baitzen kontuan. Udalak dagozkion neurriak hartuko ditu aipatutako okerra zuzentze aldera.

Lehenengo kontratuaren behin betiko fidantzari dagokionez, kontratazio hori arautu behar zuten pleguak idaztean hainbat zirriborro-azal erabili ziren, eta, prozesua arautuko zuen behin betiko azala osatzean, ez ziren gainerako azalak baztertu. Zirriborroetako batean oker bat zegoen; izan ere, behin betiko fidantzaren zenbatekoa 19.664 euroak zela ezartzen zuen. Hori dela tarteko, puntuaziorik onena zuen enpresari errekerimendua bidaltzean, oker bat izan zen: azal-zirriborroa eta erakunde kontratatzaileak onartutako azala nahasi egin ziren, eta, hori dela eta, azal-zirriborro horretan ezarritako zenbatekoa (19.664 euroak) eskatu zitzaion enpresari fidantza gisa, erakunde kontratatzaileak onartutako behin betiko azalean adierazitako zenbatekoaren (108.515,034 euroak) ordez. Beraz, lehenengo kontratua esleitu zitzaion enpresari, hutsegitez, erakunde kontratatzaileak esleitutakoa baino behin betiko berme txikiagoa emateko eskatu zitzaion, azal-zirriborroan adierazitako zenbatekoa ez zetorrelako bat onartutako azalean ezarritakoarekin.

«TAO kudeatzeko kontratuan, 2,5 milioi euroan esleitu zenean, balio judizioa eskatzen zuten esleipen irizpideek garrantzi handiagoa zuten formula bidez kalkulatzen ziren haiek baino; horren aurrean, pleguek adituen batzorde baten edo berariaz gaitutako erakunderen baten laguntza aurreikusi behar zuketen. Txosten teknikoak guztizko balioak esleitzen zizkien 3 irizpideei, pleguetan zehaztutako azpi-irizpideen balorazioa xehatu gabe.»

Egia da TAO kudeatzeko kontratuan, balio-judizioa eskatzen zuten esleipen-irizpideak garrantzitsuagoak zirela formula baten bitartez baloratutako irizpideek baino. Hortaz, pleguetan aditu-batzorde edo erakunde espezializatu baten laguntza beharko zela aurreikusi beharra zegoen. Haatik, ez zen halako aurreikuspenik egin, pleguak idaztean oker bat izan baitzen, eta, kontratua izapidetzean inor ez baitzen hutsegite horretaz ohartu. Horrez gain, une hartan, lizitatzaileek eta hirugarren interesdunek ez zioten Udalari oker horren berri eman, eta, beraz, horretaz jabetu gabe esleitu zen kontratua. Udalak bere esku dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu etorkizunean horrelako hutsegiterik berriro ez izateko.

Hona hemen lizitazio horren balorazio-irizpideak:

1.– Aurkeztutako Azterketa Teknikoa (0 – 35 puntu).

Azterketa horrek instalazioak mantentzeko plana eta seinale horizontalak eta bertikalak mantentzeko plana jaso behar ditu halabeharrez, eta diru-bilketa kontrolatzeko sistema informatikoa eta sistema hori mantentzeko modua ezarri behar dira. Horrez gain, azterketak datu hauek jasoko ditu: matxurarik nahiz zabalkuntzarik izatekotan ezarri beharreko elementuen ezaugarri teknikoak eta abar.

2.– Kudeaketa-sistema, diru-bilketari buruzko datuak kontrolatzea / udalari datuen berri ematea (0 – 5 puntu).

3.– Langileen kudeaketa: langileen antolaketaren berri emango da, txanda eta lanpostu bakoitzaren egitekoak planifikatuko dira, eta lanpostu hutsen erregimena eta ordezkapenak aipatuko dira bereziki (0 – 15 puntu).

4.– Aurkeztutako eskaintza ekonomikoa (0 – 45 puntu).

Eskaintza ekonomikoa honako hau kontuan hartuta baloratuko da:

Kanon finkoa: 1 puntu gehitutako 125 euroko, edo oinarriaren zati bat (gehienez ere, 25 puntu).

Kanon aldakorra: 5 puntu ezarritako gutxieneko kanon aldakorrari (% 30) gehitutako ehuneko puntu bakoitzeko (gehienez ere, 20 puntu).

Aurretik aipatutakoa, hau da, baliatutako formulek bajaren zenbatekoa mugatzen zutela, eta Udala horretaz ohartu zela eta, ordutik aurrera lizitatutako kontratuetan, bajaren zenbatekoa mugatzen ez duten beste formula batzuk erabiltzeari ekin diola bazter utzi gabe, Udalak hauxe uste du: kasu honetan, ez zela puntuatu beharreko azpi irizpiderik ezarri, eta, horren ordez, irizpideak idaztean, baloratu beharreko elementu garrantzitsuenak zein ziren adierazi zela, orientazio gisa.

«Udal eraikinak garbitzeko kontratuaren esleipena, 3,1 milioi eurorena, eskaintzak aurkezteko epemuga ondoren 6,5 hilabetetara gauzatu zen; araudia, ordea, gehienez 3 hilabeteko epea aurreikusten du esleipenerako.»

Kontratazio-mahaiko hainbat titular nahiz ordezkari laneko baja hartuta zeudenez eta ezin izan zirenez kide horien udako oporrak bateragarri egin, kasu jakin honetan, ezin izan zen kontratazio-mahaia behar bezain laster bildu, ez baitzegoen behar adina quorum. Horrez gain, alde batetik, erakunde kontratatzailea udaleko osoko bilkura izateak bilerak egitea zaildu zuen, eta, bestetik, eskaintzak aurkezteko epea luzeagoa zen SARA kontratua zela eta. Hori guztia dela eta, kasu jakin honetan, ez zen kontratua ezarritako epean esleitu. Hala eta guztiz ere, lizitatzaileek ez zituzten egindako eskaintzak atzera bota. Udalak bere esku dauden bitartekoak baliatuko ditu hainbat esleipen-irizpide dituzten kontratuak esleitzean legeak ezarritako epearekiko atzerapenik egon ez dadin.

«2015ean eraikinak garbitzeko kontratua lizitatu zen; aurrekoaren indarraldia 2015eko ekainaren 30ean amaitu zen eta luzatu egin zen, Udalak eta Durango Kirolak erakunde autonomoak zuzenean esleitu ziotelarik zerbitzua aurreko enpresa esleipendunari; zerbitzuaren kostua 2015eko bigarren seihilekoan, hurrenez hurren, 527.429 eta 153.561 eurorena izan zen.»

Aipatutako zerbitzua Udalarentzat funtsezkoa zela uste zuen Erakunde kontratatzaileak, Udalak herritarrei eskaini beharreko zerbitzuen segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzekin lotuta zegoela-eta. Beraz, kontratu berriaren lizitazioa izapidetzen ari zirela baina, aipatutako arrazoiak direla-eta, luzatu egingo zela ikusita, egokitzat jo zuen udal-eraikinen garbiketa-kontratuaren ezohiko luzapena.

«Beste erosketa batzuk.

2015eko irailaren 29an Udalbatzak EAEren ordezkaritza bat onartu zuen 5 ikasturtetan oinarrizko lanbide heziketa emateko, 3,4 milioi euroren zenbatekoan, diru-laguntza bidez finantzatu zena. Udalak urriaren 30ean zerbitzu hori aurreko ikasturteetan Durangoko Mankomunitateari eman zion enpresa kontratatu zuen eta irailaren 1etik aurrerako indarraldia aitortu zion, nahiz zerbitzuaren esleipena beranduagokoa izan zen. Gainera, aipatutako Udalbatzaren erabakiak ez zuen aurrekontua aintzat hartu.»

Alkatetzak-Lehendakaritzak 2015eko uztailaren 23an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari bidalitako idatzian, Durangoko Udalak EAEri honako eskumen hau eskuordetzean eman diezaion eskatzeko asmoa zuela adierazi zen: oinarrizko Lanbide Heziketa zikloen lehenengo eta bigarren mailak orain arte Durangaldea HLPIPk hartutako instalazioetan emateko eskumena.

Ogasuneko informazio-batzordeak, langileek eta udaltzaingoak idazki hori onartu zuten.

2015eko uztailaren 27an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Oinarrizko Lanbide Heziketa zikloak (besteak beste, Durangoko Udalari) eskuordetzean emateko akordioa hartu zuen.

2015eko abuztuaren 30ean, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren eta Udalaitz Hezgarri, S.L. enpresaren arteko irakaskuntza-zerbitzuaren kontratua berritzea onartu zen, bai eta hasierako lanbide prestakuntzako programen kontratuarekin lotutako zeregin administratiboak ere.

Eskuordetzea eta kontratuarekin lotutako aurrekontu-gaiak kontuan hartu dituzte Udaleko kide anitzeko organoek horiei buruzko erabakiak hartzerakoan; izan ere, eskuordetzea hori Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren akordio bidez bermatu eta onetsi zen. Akordio horrek eskuordetzearen urteko finantzazioa zehaztea zuen helburu, eta 2015eko uztailaren 27an egindako bileran hartu zen.

(Ikus .PDF)

«Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak berrikustean ikusi da Udalak, Astarloa Kulturgintza eta Musikako erakunde autonomoek eta LESAK zuzenean esleitu dituztela prozedura negoziatu bidez izapidetu behar ziratekeen zenbait kontratu:

(Ikus .PDF)

Komunikazio-sistemen eta bideo-zaintzaren Mantentze-lanekin lotuta, titulu beraren barruan sartuta dauden arren, kontratazio bakarraren helburu izan ezin diren behar desberdinenak diren espedienteak topatzen ditugu.

1.– 310/15 espedienteak, 21.780,00 euroko zenbatekoarekin, lrytel enpresari orduen zorroa kontratatzeari erreferentzia egiten dio, komunikazio- eta datu-sistemaren eta bideo-zaintzako sistemaren mantentze-lanetarako. Kontratu honetan udal-eraikinetako komunikazioetarako rack armairuetan sortutako gorabehera guztiak mantentzen dira, bai WiFi igorpenetarako, bai eraikinetako loturetarako komunikazio-switch eta wimax antenei dagokienez, Iurretako Ur Araztegiko instalazioetan jarritako komunikazio-kaseta baten bidez; bertan triangulatzen baita Udalaren eta Landako-1 eta Euskaltegia eraikinen arteko seinalea. Era berean, bideo-zaintzako sistemaren mantentze-lana kudeatzen da. Hori kasu bakoitzean udal-eraikin bakoitzean jartzen da, grabagailu eta kamerekin.

2.– Epigrafe beraren barruan, txostenak erreferentzia egiten zaien kontratuak zehazten ez dituen arren, erreferentzia gisa 307/15 espedientea hartu ahal izan dugu, Redes de datos y automatismos, SL enpresarena, ahots- eta datu-kableen mantentze-lanetarako lanak egiteko orduen zorroa kontratatzeari buruzkoa. Gure ustez aurreko kontratuarekiko guztiz desberdina da, hemen lehendik dagoen ahots- eta datu-sistemako kableen azpiegitura mantentzea jasotzen baita, eta hura konpontzea, egokitzea eta egunean jartzea, instalazioa egin zuen enpresak berak eginda, eta ingurunea ezagutzen du. Lan desberdinak dira, deskribatutako lan bakoitzean espezializatutako enpresek egiten dituztenak.

3.– Bestalde, kontularitzako eragiketa dugu: 201500006354 RP Global Edukinet Service, S.L enpresarena, 18.150 euroko zenbatekoarekin, kontzeptu honekin: Komunikazio-sistema informazio-puntuekin, edukia kudeatzeko. «Komunikazio» hitzari dagokionez bat etorri arren, sistema honek ez du zerikusirik aurreko biekin; izan ere, enpresa fabrikatzaileak eskaintzen duen zerbitzua da, eta herritarren informaziorako 10 puntu erosi zitzaizkion. Bide publikoan instalatuta daude, eta horien komunikazio-programak, fabrikatzailearena berarena izanik, horietan agertzen diren edukiak kudeatzen ditu. Produktuaren copyrighta haiena da, baita know-how-a ere, eta ezin du beste enpresa batek egin.

Azaldutakoari kalterik egin gabe, 2016 eta aurten, 2017an, prozedura ireki bidez hornidura-kontratu ugaritan Durango Kirolaken gas-instalazioak berritu direnez, kontratu horietako enpresa esleipendunek proposatu dute, hobekuntza gisa, hala adierazita baitzetorren kontratu horiek arautzen dituzten pleguetan, kontratu bakoitzaren helburu den instalazio multzoari egin beharreko zuzenketako nahiz prebentzioko beharrezko mantentze-lan guztiak doan egitea, gutxienez instalatutako elementuen 2 urteko berme-aldian. Hala, mantentze-lan hori dagoeneko ez da egiten mantentze-laneko kontratu txikien bidez. Hala, instalazio berrien doako erabateko mantentze-lanen aldia iraungitakoan, Durango Kirolakek prozedura negoziatu bidez izapidetuko du Durango Kirolaken gas-instalazioen mantentze-lanetako kontratua.

Laneko segurtasun eta osasun arloko aholkularitzak, alde batetik, prebentzioa eta larrialdien kudeaketa jasotzen du, eta beste alde batetik, osasunaren zaintza eta osasunaren kontratua. Biak, historikoki, kontratu txikietan kontratatu dira.

LESAko segurtasun-zerbitzuari dagokionez, zerbitzua emango duen enpresarekin kontratu-erlazioa amaitzeari ekin zaio.

«Gainera, Udalak banaka izapidetu zituen kudeaketa softwarearen urteko mantentze-lana eta bost hobekuntza, guztira 105.844 euroren zenbatekoan; egokiagoa litzateke kudeaketa sistemen garapena elkarrekin planteatzea. Berebat, gomendagarria da garraio eta muntaia zerbitzuak batera planteatzea, 2015ean 44.029 euroren kostua izan zutenak».

Atal honetan, zalantza dugu zehazki aipatzen diren 5 espedienteak zein diren jakiteko, ez baita haien xehetasunik ematen, beraz, ezin dugu zehatz definitu zein diren.

Gure ustez, haietako bat, agian nagusia, TAO kudeaketa-programen mantentze-lanetako kontratua izango da, TAO enpresari esleitutakoa, 40.821,98 euroko zenbatekoarekin. Programa informatikoen mantentze-lanetarako euskarria da, programa horien fabrikatzaileak berak egiten duena. Fabrikatzaileak du programaren copyrighta esklusiboki, baita know-how-a ere, eta ezin du beste enpresa batek egin.

«Kudeaketa-softwarearen mantentze-lanak» kontzeptua ager daitekeen antzeko espedienteetan egin dugu bilaketa. Edonola ere, beste programa informatiko mota batzuen espedienteak dira, horien fabrikatzaileak edo baimendutako banatzaileak dira mantentze-lan horien kudeaketaren arduradunak, eta ezin dira espediente mota horiek elkartu enpresa bakar bati esleitzeko, aipatutako fabrikatzaileak eta produktuak oso desberdinak baitira.

«Azkenik, Udalak bide garbiketa eta zabor bilketa kontratua zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu modura bereizi zuen; 2009an zortzi urtetarako esleitu zen eta 2015ean 2,2 milioi euroren gastua eragin du; alabaina, duen izaerari erreparatuta, zerbitzu kontratu bat litzateke, gehienera 6 urteko indarraldiarekin.»

Kontratu hau Zerbitzuen Kontratu gisa hartzeari dagokionez, kontuan izan behar da kontratista esleipendunak makinak jarri behar dituela, eta horien amortizazioak bi urte baino epe handiagoa pasatzea eskatzen du, eta hori da zerbitzuen kontraturako gehienez baimentzen den epea. Beraz, azaldutakoa ikusita, eta ezabapenez, Administrazio Kontratu Berezi gisa har liteke, 5 2 b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Izan ere, Legearen helburu tipikoetatik desberdina den helburua izanik, administrazio-izaera berezia du, Administrazio kontratatzailearen biraketa edo trafiko bereziari lotuta dagoelako eta zuzenean edo berehalakoan tokiko eskumeneko helburu publiko espezifikoa asetzen duelako. Bestalde, kontratu mota honen tipifikazioa juridikoki oso eztabaidagarria izan dela esan behar da, Auzitegiak berak egokitzat jo baitu beste txosten batzuetan (Gasteiz 2006 edo Barakaldo 1995) kontratu hau zerbitzu publikoaren kudeaketa gisa izendatzea.

8. alegazioa.

III.4 epigrafea: transferentziak eta diru-laguntzak.

«Durangoko Merinazgoaren Mankomunitateari 2015ean egindako ekarpenek, 1,5 milioi eurorenak, bat datoz aurrekontu egindako zenbatekoarekin, aurrekontua egikaritzeko udal arauaren irizpidearen arabera. Mankomunitateak kide diren udalen ekarpenak aurrekontua oinarri hartuta kalkulatzen ditu eta 2015ean Udalak aitortutakoa baino txikiagoa zen 59.724 euroren zenbatekoan. Berebat, programen banaketan ere aldeak daude. Mankomunitateko Estatutuek diote udalen ekarpenek zerbitzuen kostuak artatuko dituztela, kalkulu eta likidazio prozedura xehaturik zehaztu gabe; prozedura hori Udalaren egikaritza-oinarrietan edo laguntzak emateko urteroko ebazpenetan gara daiteke.»

Durangoko Udaleko eta Amankomunazgoko aurrekontuen onarpen-denborak batera ez joatearen eraginez, Durangoko Udalak Amankomunazgoari egin beharreko ekarpenen zenbatekoak kalkulatzeko erabiltzen diren aurreikuspenak ez dira beti bat etortzen Amankomunazgoaren aurrekontuekin, eta gero hasierako datu horiek erregulatu egin behar izaten dira. HKEEk adierazita bezala jokatzen saiatuko gara.

«Mendeko erakundeetara egiten diren transferentziak diru-zaintzako beharrizanen arabera egin behar dira, aurrekontuko egikaritza arauaren arabera, eta ez aurrekontua oinarri hartuta kalkulatutako kopuru bereko aldizkako ordainketak egin; horrek eragin du 2015eko abenduaren 31n erakunde autonomo guztien artean 1,6 milioi euroren geldikina izatea.

– Udalak ez du Diru-laguntzen Plan Estrategiko nahitaezkoa onartu. Gainera, aurrekontuaren izendapen izendunetan, laguntzen hartzailea eta kopurua adierazteaz gain, helburua ere adierazi behar da.»

Udala Diru-laguntzen Plan Estrategikoa egiten ari da, 2017ko ekitaldian lanak amaituko direla aurrez ikusi dute.

Diru-laguntza nominatiboen informazio guztia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzen da.

«Baqué Fundazioari emandako 42.000 euroren diru-laguntza izenduna erakunde honek udalerriko 6 kirol erakunderi banatu zien, ez hitzarmen arautzailean ez agiri justifikagarrian zehazten ez diren irizpideen arabera. Antzeko egoera gertatzen da Asociación Junta de Ayuda a Enfermos de Durango-Iurretari emandako 91.118 euroren diru-laguntza izendunekin, zeinak bazterkeria egoeran dauden kolektiboei laguntzak emateko programa bat finantzatzeko baliatu diren, hitzarmen arautzailean zehaztu ez diren betekizunen arabera. Laguntza hauek Udalak banatu behar ditu eta Fundazioa eta Elkartea erakunde laguntzaile izenda ditzake.»

JAEDek familiek dituzten beharrak jakiten saiatzen da, eta betebehar sozial gisa hartzen dute arreta ematea ahalik eta errespetu eta diskrezio handienarekin.

Eskakizun hori betetzeko asmoz, JAEDek protokolo hau du:

1.– Harrera zerbitzua.

2.– Harrera-zerbitzuak aurkeztutako eskaerak arretaz aztertzeko batzordea.

3.– JAEDeko Batzaren hileko bilera, Batzordean aztertutakoa aurkezteko.

Diru-laguntzak. Betetzen dituzten irizpideak:

– Bertako familiak edo familia etorkinak, urtebeteko erroldarekin eta haien egoerak kontuan hartzen dira duten egoeraren larritasunaren arabera.

– Sektore ahulenei arreta ematea:

* Familia-arazoak.

* Behar larriak.

* Etxetik botatzeko arriskua.

* Txirotasun energetikoa.

* Kudeaketak eta abar.

– Dituzten diru-sarrerak.

– Gastuak.

– Etxebizitzaren egoera.

– Gaixotasunengatiko baldintza bereziak, familiei edo arreta emandako pertsonei eragiten dieten egoerak.

Laguntzei arreta ematea erabakitzeko, gehienekoen baremo hau kontuan hartzen da:

– 1 pertsona: 500,00 euroak.

– 2 pertsona: 600,00 euroak.

– 3 pertsonatik aurrera: 700,00 euroak.

Baremo hori orientagarria izan daiteke kasuari eragiten dion arazoa aztertzeko, sarrerak eta gastuak, eta egoerak kontuan hartuta, aldatu egin daitezke, eta zenbateko txikiagoak aplika daitezke.

JAEDen funtzio nagusia edozein beharri berehalako erantzuna ematea da. Beharra zuzenean JAEDi aurkeztutakoa izan daiteke, edo Gizarte Zerbitzuetatik eratorritakoa.

«Udalak bi guraso-elkarteri bi ikastetxetako energia eta mantentze gastuak subentzionatzen dizkio, guztira 175.583 milioi euroren zenbatekoarekin. Gastu hauek Udalarenak dira eta udal zerbitzuek kudeatu behar lituzkete.»

Formalki ikastetxeen mantentze-lan eta energiaren gastuei dagozkien gastuak Udalaren gastuen 2. Kapitulukoak diren arren, gastuaren erantzukidetasun eta eraginkortasuneko irizpideen arabera, ikasleen gurasoen bi elkarteak finantzatzea erabaki zuten, haiek kudea zitzaten gastu horiek eta gero udalari justifika ziezazkieten. Emaitza, bai ikuspegi ekonomikotik, bai erantzukizunari dagokionez, oso ona izan da beti; hain zuzen ere, azken urteetan ikasle kopurua handitu den arren, kontsumo erlatiboak murriztu egin dira eta ekarpena ere handitu arren, esklusiboki izan da.

«15 onuradunek aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, laguntza zuzen nagusiaren frogagirian ikusi da fakturek diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen duten arren (14.588 euro), izenpetu gabeko hartu izanaren agiriak barne hartu direla, ez zela gastuen nahitaezko zerrenda jaso eta jarduerak eragindako diru-sarrerak ere ez zirela zehazten.»

Txostenak ikusarazten du, justifikazioak nahikoak diren arren, baliozkoak ez diren dokumentuak daudela (sinatu gabeko ordainagiriak kasu). Hala ere, diru-laguntza justifikatzeko eskatutako zenbatekoa fakturekin behar beste egiaztatuta dagoela uste bada, ez dira kontuan hartzen gainerako dokumentuak, beraz, ez da justifikazio-kontuaren zati gisa hartzen, erakunde onuradunak konpromisoa bete duela ulertzen baita.

9. alegazioa.

III.5 epigrafea: berankortasuna, gardentasuna eta beste alderdi batzuk.

«Udalak ez du ordainketa epeen gaineko hiruhileko jarraipenik egin; alabaina, ordainketak onartu zirenetik finkatutako 30 eguneko epea % 6,6k gainditu zuela 2015ean kalkulatu du. Ehuneko hau % 1,6koa da erakunde autonomoetan. Durango Eraikitzen, S.A.n ordainketa guztiak epean egin ziren eta LESAn, ordainketarako batez besteko epea 49 egunekoa izan zen 2015ean.»

Durangoko Udalak 2016an zehar ordainketako batez besteko aldiaren hiru hileko azterketa egin du. Datu hori Bizkaiko Foru Aldundiari eman dio, haiek ezarritako formatuan.

BOTO PARTIKULAR KONKURRITZAILEA, HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIKO KIDE DEN TERESA CRESPO DEL CAMPO ANDREAK DURANGOKO UDALAREN 2015-EKO FISKALIZAZIO TXOSTENARI JARRITAKOA.

HKEEko gainerako kideen iritziari zor diodan errespetu osoz, boto partikular konkurritzaile hau aurkeztu dut, Durangoko Udalaren 2015eko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostenari dagokionez, HKEEren Osoko Bilkurak 2017ko otsailaren 27an onetsi zuena.

Nahiz, oro har, Txostenaren edukiarekin bat natorren, egoki irizten diot ondotik xehetasunez adieraziko dudan atala jasotzeari:

Txostenaren III.1 atalean, barne kontrolerako sistemen eta kudeaketa prozeduren irizpenei buruzkoa, aurrekontu eta kontabilitate gaietan honako paragrafoa ageri da:

«Udalak ez zuen 2015erako aurrekontua onartu eta ez zitzaion Udalbatzari zegokion aurrekontu proiektua aurkeztu onartu, zuzendu edo atzera botatzeko. 2015eko Kontu Orokorra onartzeke dago txosten hau idatzi dugun datan».

Irizpen hau, ene iritzira, aurrekontua aurkeztu ez izanari buruzkoa, txosteneko legezkotasunaren iritzian salbuespen modura barne hartu beharko litzateke (txostenaren II. atala), administrazio publiko batek –eta kasu honetan, toki erakunde batek- ezinbestean bete beharreko ez-betetzea baita. Abenduaren 2ko 10/2003 Foru Arauaren 3. artikuluak, Bizkaiko lurralde historikoko toki-erakundeen aurrekontuei buruzkoak, agintzen duen moduan, «Aurrekontu Orokorrak toki erakundeek ekitaldi ekonomiko eta aurrekontu ekitaldi bakoitzean egin beharreko jarduera ekonomikoren zuzentarauko erabakien adierazpen formalak dira, finantzen eta kontabilitatearen eremuan» eta «...gainera, toki erakundeen baliabideen administrazio zuzenaren kontrolerako tresna ere badira».

Foru Arau horren 14. artikuluari jarraiki, toki erakundearen presidenteak Aurrekontu orokorra eratu behar du eta udalbatzaren osoko bilkurari igorri onartu, zuzendu edo itzultzeko.

Ez da, bada, presidentearen aukerako eskumena, baliatu dezakeena edo ez, baizik eta legezko obligazioa. Eta aurrekontu-agiriak duen garrantzia aintzat hartuta, obligazio hau ez betetzea legezkotasunaren iritzian salbuespen modura jaso behar dela uste dut.

1. oharra: 20/2012 EDLren xedapen gehigarri lehenengoa.


Azterketa dokumentala