Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2017ko maiatzaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2459

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 25ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Loiolako geltoki berria eraiki eta hiri-ingurunea irazgaizteko proiektuaren» aldaketak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurreko informazioan jartzen duena, «Eragindako ondasun eta eskubideen zerrendaren I. eranskina» onartzen duena eta eragindako titular bakarra okupazioaren aurreko akta egiteko deitzen duena.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2015eko maiatzaren 5eko Ebazpenaren bitartez, behin betiko onartu zen «Loiolako geltoki berria eraiki eta hiri-ingurunea irazgaizteko proiektua».

2017ko otsailaren 13an, Garraio Azpiegituren zuzendariaren ebazpen baten bitartez, «Loiolako geltoki berria eraiki eta hiri-ingurunea irazgaizteko proiektuaren» aldaketa eta «Eragindako ondasun eta eskubideen zerrendaren I. eranskina» onartu ziren.

Proiektuaren helburua Loiolako geltoki berria eraikitzeko proiektua definitu eta garatzea da. Jarduketa hori Loiola-Herrera trenbide zatian garatutako jarduketarekin bateragarria da.

Proiektuan, gaur egungo geltokia ordezkatu eta biaduktuan egindako bide bikoitzeko geltoki bat egiteko aukera aztertzen da, zehazki egungo tunel sarbidearen eta ezponda gainean eraikitako geltokiaren artean.

Biaduktu berriaren azpian geratuko diren terrenoak urbanizatzea ere aurreikusten da, bide bat eta oinezkoentzako espazio bat sortuz. Egindako desbideratzeek eragindako azalerak urbanizatzea ere jasotzen da. Hala, geltoki berrirako sarbideak egitea zein aipatutako azaleren urbanizazioa amaitzea bermatzen da.

Proiektuaren aldaketak nasa berri bat egitea ere jasotzen du, La Salle ikastetxe publikoko erabiltzaileei zerbitzu egiteko.

Nasak gaur egun dauden sarbideetara altimetrian egokitzeko, beharrezkoa da nasak gutxi gorabehera bost metro luzatzea azken zatian. Hori dela eta, iparraldeko nasaren kasuan, beharrezkoa da La Salle ikastetxearen berezko lursailetako batzuk behin betiko okupatzea.

Azaldutakoaren ondorioz, lanak egiteko okupatu beharreko lursail gehigarriak jasotzen dituen eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda ere gaineratu da.

Bestalde, beharrezkoa da zehazki definitzea zein diren eragindako ondasun eta eskubideak, haiek okupatzeko eta, geroago, trenbide-erabilerako jabari publiko gisa inbentariatu ahal izateko; horregatik, okupatu beharreko lursailen jabeen gaineko informazioa bildu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Saileko Katastro Zerbitzuan.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloan jarduerak betearazteko beharrezko desjabetze-espedienteak tramitatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Sektoreko legeria aplikagarriak badu deklarazio bat, zeinaren bidez deklara daitekeen ofizialki onartutako trenbideak ezarri edo zabaltzeko proiektuen eraginpeko ondasunak erabilera publikokoak eta urgentziaz okupatzekoak direla (Trenbidearen Sektoreko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikulua), eta legezko deklarazio horrek Administrazioari ahalmena ematen dio Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara biltzeko; beraz, lursailak okupatzen dira, eta eraginpeko ondasunak erabiltzen, betiere aktak egin eta gero, zeinetan ondasun eta eskubide horiek deskribatzen baitira, haien titularrak identifikatzen eta baloratzeko datu zehatzak jasotzen, eta, okupatu aurreko gordailu edo kontsignazio gisa, perituak zehaztutako zenbatekoa eta, hala dagokionean, berehalako okupazioak eragindako kalte-ordainaren zenbatekoa ordaindu baino lehen.

Nolanahi ere, eragindako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra proiektuaren onespenak inplizituki berekin dakarren arren, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrera atera behar dela ezartzen du, alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izateko, hain zuzen ere okerrik baldin badago horiek zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.

Ondorioz, jarduna ikusirik eta aipatutako artikuluetan zein Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta haren Araudiaren 56. artikuluan xedatutakoaren eta bat datozen eta aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztien arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Loiolako geltoki berria eraiki eta hiri-ingurunea irazgaizteko proiektuaren» aldaketak eta «Eragindako ondasun eta eskubideen zerrendaren I. eranskinaren» onarpenak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurreko informazioan jartzea, eta okupazioren beharra deklaratzea Trenbideen Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako xedeetarako, erantsitako zerrendaren arabera.

Ildo horretan, proiektuaren aldaketak eragindako lursaila Donostiako La Salle ikastetxearena da, eta honako hau da eragindako azalera totala:

Azalera mota : (m˛)

Behin betiko okupazioa: 22,06 m˛

Bigarrena.– Zerrendan ageri den jabe bakarrari dei egitea, hain zuzen ere 2017ko maiatzaren 29ko 10:00etan Donostiako Udalera bertaratu dadin, eragindako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko akta egiteko, eta, egokia bada, horiek formalki okupatzeko, betiere lursailera gerturatzeko aukera baztertu gabe, interesdunak horrela eskatuz gero eta beharrezkoa baldin bada.

Egintza horretara, interesdunak edo bere izenean jarduteko behar bezala baimendutako pertsona batek joan beharko du, eta ondasunen titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, eta abar), baita bere eskubideak egiaztatzen dituen bestelako edozein agiri ere. Nahi izanez gero, interesdunak bere perituak eta notario bat ere eraman ahal izango ditu, betiere bere kontura.

Halaber, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Araudiaren 56.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, okupatu aurreko akta egiteko egunera bitarte, edozein interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango ditu akats posibleak zuzentzeko. Horretarako, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara idazki bat igorriko beharko du (Donostia kalea 1, Lakua I, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eta horrela jakinarazten da jendeak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 25a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.


Azterketa dokumentala