Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2017ko maiatzaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2457

AGINDUA, 2017ko apirilaren 4koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Kontratazio Mahaiaren osaera ezartzen duena.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua) Eusko Jaurlaritzako sailetan egindako berregituraketaren ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren kontratazio-organoei laguntzen dieten kontratazio-mahaia edo -mahaiak berreratu behar dira, egun dauzkan eskumenen eremura egokituz.

Bestalde, 2016ko urriaren 1az geroztik indarrean dagoen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen Dekretua) zazpigarren xedapen gehigarrian xedatzen duenez, hura indarrean jarri eta sei hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek, administrazio publiko direnek, dekretu horren 8. artikuluko xedapenetara egokituko dute kontratazio-mahaien egitura.

Haren arabera, Kontratazio Publikoko Aholku Batzordearen txostenaren ondoren,

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren kontratazio-organoek esleipen-prozeduretan (irekiak, murriztuak eta negoziatuak publizitatearekin) kontratazio-mahai baten laguntza izango dute. Uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen dekretua) 9. artikuluan xedatutako eginkizunak beteko ditu kontratazio-mahai horrek. Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkaria izan ezik, kideak kontratazio-organoak izendatuko ditu eta kide hauek izango ditu:

a) Mahaiburua: Zerbitzu Zuzendaritzako Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Arloko arduradunak izango dira kontratazio-mahaiaren buruak, batzuk zein besteak, eta elkar ordezkatuko dute postua hutsik geratzen bada edo mahaiburua agertzen ez bada, gaixotzen bada edo besterik gertatzen bada.

b) Mahaikideak:

– Kontratazioa eskatu duen zuzendaritzaren ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatu beharrekoa; kontratazio-organoaren aholkularitza teknikoaren ardura izango du.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulegoaren titularrak izendatua, kontratazio-organoaren ekonomia eta aurrekontuak kontrolatzeko eginkizunarekin.

– Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritzako titularrak izendatu beharrekoa, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuak (informazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituena) hala aurreikusten duen kasuetan.

– Kontratazio-organoak hala eskatuz gero, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat ere izan daiteke mahaikide. Zuzendaritza horren titularrak proposatuko du eta kontratazio-organoak izendatuko du.

c) Idazkari, mahaikide eta lege-aholkularia: Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan diharduen legelari bat; kontratazio-organoaren aholkulari juridiko eta Kontratazio Mahaiaren idazkari jardungo du, hizpidea eta botoa dituela.

2. artikulua.– Kideak eta haien identifikazioa kontratu bakoitzaren administrazio-baldintza partikularren orrietan sartuko dira eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko dira.

3. artikulua.– Arestiko xedapenen arabera eratutako kontratazio-mahaia, halaber, eskudun izango da esleipen-prozeduretan esku hartzeko, kide anitzeko organo horiek esku hartzea nahitaezkoa izan ez arren, dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2014ko uztailaren 16ko Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Kontratazio Mahaia sortzekoa.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 4a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala