Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2017ko maiatzaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2393

AGINDUA, 2017ko apirilaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako heziketa-zikloen helburua da ikasleei, etorkizuneko profesionalak diren aldetik, kalitatezko arte-irakaskuntza ematea, eta lanbide-heziketa bermatzea, irudi, produktu eta inguruen diseinuarekin zerikusia duten jarduerak behar bezala burutu ahal izan ditzaten.

Arte plastikoetako eta diseinuko erdi eta goi-mailako heziketa-zikloekin zerikusia duten ikasketa guztiak biltzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzak.

Heziketa-zikloak antolatu dira Arte Plastikoarekin eta Diseinuarekin lotutako heziketa-munduaren eta lan-munduaren arteko zubi izan daitezen, eta, era berean, tresna baliagarriak izan daitezen arte- eta plastika-irakaskuntzaren eremuko heziketa hasi, eguneratu edo hobetu nahi duten guztientzat.

Esparru honetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa-zikloen ohiko eskaintza publikoa Vitoria-Gasteizko AGDEn, Bizkaiko Ibarrekolanda BHIn eta Gipuzkoako Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHIn; era berean, ikastetxe pribatuek eskaintza osatzen dute. Ikastetxe horiek eskaerarik gehien duten espezialitate jakin batzuetan zentratzen dute eskaintza.

Ikastetxe horiek egiten duten lana ikusita eta horien sostenguan laguntzeko asmoz, honen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten zaie Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe pribatuei, agindu honetan adierazten diren baldintzetan.

Hori guztia dela eta, eta 2017ko ekitaldirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan laguntza hauek finantzaketa xede duen ordainketa-kreditua egonik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da titulartasun pribatuko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deialdia egitea, 2016ko irailetik 2017ko abuztura bitarteko ikasturteko langile-kostuak finantzatzeko.

Horretarako, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen ordainsari gordinak finantzatu ahal izango dira.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, gehienez ere, 71.670,00 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izateko aukera izango dute titulartasun pribatuko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzako zentroek, 2016-2017 ikasturtean irakaskuntza horiek emateko beharrezko baimena badute.

4. artikulua.– Onuradunen betekizunak eta ziurtagiriak.

Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege orokorraren 13. artikulua aplikatuz, diru-laguntza lortzeko eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

1.– Betekizunak:

a) Erakunde edo enpresa eskatzailea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurrez ikusitako egoeren eraginpean ez egotea, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

b) Inor (pertsona zein erakunde) ezin izango da agindu honetan araututako diru-laguntza eta laguntzen onuradun izan, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, balin eta zehapen penala edo administratiboa izatearen diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu badu, edo horretarako gaitasunik gabe utzi duen legezko debekua badu, sexua bereiztearren egoera horretan daudenak barne, beti ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera.

c) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar ditu zentroak, eta ordainduta eduki behar dituzte diru-laguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak.

Aipatutako betekizunak betetzea beharrezkoa izango da hala onuradun izateko eta izaera hori diru-laguntzaren likidaziora arte mantentzeko.

2.– Zentro eskatzaileek diru-laguntza jasotzeko eskaera aurkeztean baimena emango diote organo kudeatzaileari zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen betekizuna betetzen duela egiaztatzeko behar beste ziurtagiri eskatzeko. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Alabaina, eskatzaileak aukera izango du baimen hori espresuki ez emateko. Kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, araudian aurreikusitako terminoetan.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege orokorraren 14. artikulua aplikatuz, eskabidea-ereduan erantsitako erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du onuradunak. Bertan, modu formalean adieraziko du obligazio hauek betetzen dituela eta diruz-lagundutako jarduerak iraun bitartean betetzen jarraituko duela:

– Ebazpenean kontuan hartutako inguruabarren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.

– Egunean dituela diru-laguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak.

– Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.

– Egiazkoak dira eskabidean eta horrekin batera entregatutako agirietan emandako datuak eta

– Betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko betekizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko izapideak.

1.– Izapidetze elektronikoa betez (honako hauek arautzen dute: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; eta Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzeko dena), eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak betetzeko xehetasunak egoitza elektronikoan eskuratu daitezke:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/arte_diseinu/y22-izapide/eu

2.– Zentro interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/arte_diseinu/y22-izapide/eu

3.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ondoko izapideak –dokumentazioko akatsak zuzentzea, espedientearen egoera berrikustea– https://www.euskadi.net/misgestiones atariaren bidez egingo dira.

4.– Eskabidearekin (I. eranskina) batera agiri hauek aurkeztu beharko dira derrigorrez, 2016-2017 ikasturteko datuekin:

a) Irakasleen zerrenda (II. eranskina).

b) Ikasleen zerrenda (III. eranskina).

c) Amaierako proiektuan matrikulatutako ikasleak (IV. eranskina).

d) Kostu ekonomikoa (V. eranskina).

e) Urteko batez besteko kostua (VI. eranskina).

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak egingo ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

9. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Diru-laguntza emango zaie onuradunei eta diruz lagun daitekeen jarduerari eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideei.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, berriz, kontuan hartuko da zenbat ordu finantza daitezkeen, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako hainbanatu egingo da, onuradun bakoitzak finantzatzeko moduan, guztira, dituen ordu kopuruaren proportzio berean.

3.– Nolanahi ere, laguntzak ez du inoiz gaindituko 1. artikuluan diruz laguntzeko aurreikusten den gastuaren % 100.

10. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak egindako proposamena ikusita, Hezkuntzako sailburuordeak emango du diru-laguntzen gaineko ebazpena. Ebazpen hori emateko epea sei hilabetekoa da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banaka eta elektronikoki. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Gainera, ebazpen hori egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

2.– Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, eskabidea ukatutzat joko da.

3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzen ordainketa jarraian azaltzen den moduan egingo da:

a) Emandako diru-laguntzaren % 50ekoa izango da lehen ordainketa, eta diru-laguntza ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabeteetan gauzako da, betiere eta 14. artikuluko a) atalean zehaztutako epea igaro eta laguntzari espresuki uko egin ez bazaio.

b) Bigarren igorpenak hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera emandako diru-laguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa izango du.

c) Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

12. artikulua.– Diru-laguntza zertarako erabili den eta jasotako funtsak nola aplikatu diren justifikatzea.

Justifikazioa diruz lagun daitekeen jarduera amaitu ondoren egin beharko da, eta 2017ko irailaren 30a baino lehen, eta jarraian azaltzen den moduan egingo da:

1.– Justifikazioa eskolako eta baimendutako zentroko langileen zerrenda izenduna izango da, bakoitzaren kostua berariaz adieraziko duena (XIV. eranskina). Adierazitako langileek Gizarte Segurantzan duten alta-kontratua edo -ziurtagiria erantsiko zaio; bestela, TC agiriak edo horren baliokideak erantsiko dira, langile horien lan-egoera normalizatuaren egiaztagiri moduan.

2.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/misgestiones webgunean.

3.– Egiaztagiriak 2016-2017 ikasturtean egindako gastuenak izango dira, eta dagokion gobernu-organoek berretsita aurkeztuko dira (VII. eranskina).

13 artikulua.– Ez-betetzeen araubidea eta itzulketa-prozedura.

1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere, baldin eta honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.

b) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera ez gauzatzea.

c) Interesatu zitzaizkion xede jakinetarako aplikatu izana ez justifikatzea.

d) Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluan, agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak; kasu horietan, jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli beharko dira, gehi dagozkien berandutze-interesak, eta, hala dagokionean, zehapenak ezarri ahal izango zaizkie.

2.– Dirua itzultzeko, egokiak izan daitezkeen bestelako ekintzen kalterik gabe, horretarako arau hauetan ezarritako prozedura jarraituko da: Diru-laguntzei buruzko Lege orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

14. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorreko 14. eta 46. artikuluek jasotzen dituzten betebehar orokorrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunen buruan interesdunek espresuki eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari beren funtzioak betez eskatzen dizkioten argibide guztiak ematea deialdi honen pentzutan jasotako diru-laguntzen gainean.

d) Helburu bererako beste diru-laguntza edo laguntzarik lortuz gero, diru-laguntza ematen duen Administrazioari jakinaraztea.

15. artikulua.– Beste laguntza batzuk jasotzeko aukera.

1.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak bateragarriak dira beste batzuekin, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu helburu bererako.

2.– Alabaina, xede bererako lortu diren diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, diru-laguntzaren zenbatekotik gorako soberakina kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

16. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldakuntzak, baldin eta diruz lagundutako jarduera bete bada, edo, aurrekoez gain, beste edozein erakunde publiko eta pribatutatik beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatzea ekar dezakete.

2.– Horretarako, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du; ebazpen horretan, doitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

17. artikulua.– Diru-laguntza eskuratzeko eskubidea galtzea eta diru-laguntza itzultzea.

Diru-laguntza emateko baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta jasotako diru guztia edo horren zati bat eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, beti ere kontuan hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa; 38/2003 Legea, Diru-laguntzei buruzko Lege orokorra eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, azken lege hori garatzen duena.

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok «Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza-zentro profesionalentzako diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdiaren berri emateko bertan parte hartzen dutenei. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

19. artikulua.– Baremoak.

I. baremoa.– Parametro orokorrak.

Diruz laguntzeko orduak izango dira:

1.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloei, Hezkuntza Sailak lehentasunezkotzat jotzen dituenei (Arte-argazkigintzari eta Lorategiko elementuei) 150 ordu diruz lagunduko zaie, baldin eta ikastetxe eskatzailean martxan ari badira.

2.– Lehentasunezkoa ez den bestelako Arte Plastikoetako eta Diseinuko ziklo bakoitzeko: 100 ordu.

3.– Euskaraz emandako Arte Plastikoetako eta Diseinuko ziklo bakoitzeko: 50 ordu.

4.– Arte Plastiketako eta Diseinuko zikloetan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko (azken proiektuan matrikulaturiko ikasleak kenduta) diruz lagunduko da:

● Lehentasunezko zikloetako ikasleengatik: 1,5 ordu.

● Gainerako zikloetako ikasleengatik: 1 ordu.

1., 2., 3. eta 4. puntuetako datuak egiaztatzeko, «Ikasleen zerrenda» beteko da.

5.– Azken proiektuan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko: 4 ordu.

5. puntuko datuak egiaztatzeko, «Azken proiektuko ikasleak» agiria beteko da.

II. baremoa.– Irakaskuntzaren kostua.

Orduko batez besteko kostua ateratzeko, ondoko eragiketa egingo da: ekonomia-ekitaldiko guztizko kostua, Arte Plastiketako eta Diseinuko zikloei buruzkoa, zati Arte Plastiketako eta Diseinuko zikloetako asteko irakastorduak. I. baremoa aplikatzetik ateratako irakastordu diruz lagungarri bakoitzeko, ehuneko (%) bat aplikatuko da, kostuaren arabera, eta ondoko taula aintzat hartuta:

(Ikus .PDF)

II. baremo honetako datuak egiaztatzeko, «Irakasleen zerrenda» eta «Kostu ekonomikoa» agiriak beteko dira.

III. baremoa.– Ikasleen kostuaren araberakoa.

Kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, matrikula eta hilekoak direla-eta, 1. eta 2. mailako ikasleek duten batez besteko kostua; dena den, hortik kanpo geratuko dira amaierako proiektuaren matrikulak eta ikasturte urterako matrikulatuta ez daudenak.

Guztirako batez bestekoa kalkulatzeko, dituzten batez besteko kostuak guztira dauden zikloen artean banatuko dira. Azkenik, matrikulak eta hilekoak guztira dituzten prezioak gehitu, eta koefiziente bat aplikatuko zaie I. eta II. baremoak aplikatuta guztira diruz lagun daitezkeen orduei, beti ere taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

III. baremo honetako datuak egiaztatzeko, «urteko batez besteko kostua» agiria beteko da.

IV. baremoa.– Diruz lagundu beharreko ordu bakoitzeko kantitatea kalkulatzea.

Finantza daitekeen ordu bakoitzeko diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: eskueran dagoen partidaren guztizkoa (2. artikulua) zati erakunde eskatzaile guztien ordu finantzagarrien guztizkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetako diru-laguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege orokorra eta horren araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala