Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2017ko maiatzaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2373

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 26koa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioko hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

2017ko apirilaren 24an, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmen bat izenpetu zuten. Hitzarmen horren bidez Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari gomendio uzten zaio Hezkuntzako sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez egindako deialdiko hautaketa-prozedurako oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egin da (2017ko otsailaren 23ko EHAA, 38. zk.).

Hitzarmena ebazpen honen eranskinean argitaratzea erabaki da, jendeak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 26a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
HEZKUNTZA SAILAK ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAK SINATUTAKO KUDEAKETA-GOMENDIOKO HITZARMENA

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 24a.

BILDURIK:

Alde batetik, Olatz Garamendi Landa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, eta, bestetik, María Teresa Iruretagoyena Ibarguren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 4. artikuluak dioenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari (gaur egun, Hezkuntza Sailari) dagokio «karrerako irakasle funtzionarioa edo lan-legepeko behin betiko irakaslea izan ahal izateko hautaproben oinarri-arauak, egitarauak eta edukiak finkatu, deialdiak egin, proben epaimahaikideak izendatu eta probak gainditu dituztenak izendatu eta lanpostua ematea edo, hala behar badu, kontratatzea.»

Bigarrena.– Hezkuntza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuaren 10.2.a) artikuluak dioenez, Langileria Kudeatzeko Zuzendaritzari dagokio «lan-kontratuko langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak –bakoitzak bere eskumenpeko arloan– zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea».

Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak onartzen du 2017ko otsailaren 13an emandako aginduaren bidez (2017ko otsailaren 17ko EHAA, 34. zk.) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren enplegu publikoaren 2017ko eskaintza. Hauek dira eskainitako lanpostuak:

Maisu-maistren kidegoa: 740.

Laugarrena.– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak 61.4 artikuluan ezartzen duenez, «Herri Administrazioek organo espezializatuak eta iraunkorrak eratu ahal izango dituzte hautaketa-prozesuak antolatzeko, edo Herri Administrazioen Institutu edo Eskolen esku utzi ahal izango dituzte zeregin horiek».

Bosgarrena.– Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legeak hautaketa-probak homogeneizatzeko zeregina esleitu zion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari, bai epaimahai kalifikatzaileen osaketan nahitaez parte hartuz, bai, batez ere, legeak berak 29. artikuluan herri administrazioei ematen dien aukera –langileen hautaketa erakunde autonomiadunaren bitartez egitea– erabiliz.

Seigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak ere ideia hori berresten du, izan ere, 2.b) artikuluan, erakundearen helburuen artean, honako hau aipatzen du: «Beste euskal administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea, administrazio horiek berek eskatzen badiote, eta euskal administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, funtzio publikoari buruzko legerian esaten denaz bat».

Zazpigarrena.– Hori guztia ikusita, eraginkortasun-arrazoiengatik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eskatu egiten dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari bere gain har dezan Hezkuntza sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretako oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da –2017ko otsailaren 23ko EHAA, 38. zk.–). Beraz, esparru horretan, erakunde biek kudeaketa-gomendioko hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, betiere 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena egitea erabaki dute. Horren bitartez, eraginkortasun arrazoiengatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Hezkuntza sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko Aginduan jasotako hautaketa-prozedurako oposizio-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren operatibaren kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da –2017ko otsailaren 23ko EHAA, 38. zk.–).

Bigarrena.– Kudeaketa materialerako gomendio honetan, jarduera hauek sartuko dira, kasu bakoitzean zehazten den neurrian:

a) Lokalen kontratazioa kudeatzea.

b) Lokalak behar bezala hornitzea, hautatze-prozedurako lehen probaren A eta B zatiak egiteko.

c) Hautaketa-prozesu jendetsu bat behar bezala burutzeko behar diren jarduketa guztiak: mediku-arreta, polizia-zaintza, desgaituen arreta...

d) Hautaketa-prozesuaren oposizio-aldiarekin lotutako beste edozein kudeaketa-lan, betiere, eskumenaren titulartasuna aldatzen ez bada eta, eskumen hori gauzatzean, funtsezko elementuak aldatzen ez badira.

Hirugarrena.– Gomendio honen helburu den kudeaketa materialak sortzen dituen gastuak Hezkuntzako aurrekontu-atalaren kontura izango dira.

Laugarrena.– Hitzarmen hau sinatzen denean jarriko da indarrean, eta amaitu, berriz, arestian adierazitako 2017ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartutako hautatze-prozeduratik datorren oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak burututakoan.

Bosgarrena.– Kudeaketa-gomendioa sinatzeak ez du esan nahi eskumenen titulartasuna lagatzen denik edo, eskumen horiek gauzatzean, funtsezko elementuak lagatzen direnik, horiek denak Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak baititu esleituta.

Seigarrena.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren erantzukizuna da izaera juridikoko ebazpenak edo egintzak ematea, kudeaketa-gomendio honen xedea den jarduera material zehatzaren euskarri izan daitezen edo jarduera bera ebazpen edo egintza horietan integra dadin.

Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, horrela jasota gera dadin, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala