Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2017ko maiatzaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2208

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU sozietateak sustatutako ST Gatika-ST Fadura 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena prestatzen duena.

AURREKARIAK

2017ko otsailaren 13an Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskaera bat jaso zuen, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurkeztuta, ST Gatika-ST Fadura 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuaren ingurukoa. Proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea galdegiten zen eskaeran, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz; hain zuzen ere, esandako lege-testuaren 7.2.c) artikuluan zehaztutakoarekin bat.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak dioenari jarraituz, 2017ko urtarrilaren 17an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar ote zaion zehazte aldera.

Era horretan, kontsulta egin zitzaien Natura Ingurunearen eta Ingurunearen Plangintzako Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza) –guztiak Eusko Jaurlaritzakoak–; URAri; Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritzari eta Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusiari; Berango, Gatika, Getxo, Laukiz, Leioa eta Urdulizko Udalei, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan erakundeari.

Kontsulten izapidea amaitu ostean, hainbat erakundek eman dute erantzuna, espedientean ageri den emaitzarekin; hain zuzen ere, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, Osasun Sailaren Bizkaiko Ordezkaritzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritzari dagokionez), URA Uraren Euskal Agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, baita Gatikako Udalak ere. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (abenduaren 9ko 21/2013), ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera (otsailaren 27ko 3/1998), ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, langintza-prozesuaren lehen faseetan eta betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, beste hainbat kasuren artean, I. eranskineko edo II. eranskineko proiektu baten ezaugarrien edozer aldaketa –hain zuzen, 7.1.c) artikuluan deskribatuak ez direnak, jada baimendutakoak, egikarituak edota exekuzio-prozesuan daudenak–, ingurumenean kalte esanguratsuak eragin baditzake. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Distribución Eléctrica, SAUk sustatutako ST Gatika-ST Fadura 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremuak egokitzeko proiektuari. Ondoren zehaztuko da proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoa eta txostenak aztertutakoan, proiektuaren ingurumen-txostena zuzena izanik eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokituta egonik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du, erakunde eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren Dekretuaren arabera (azaroaren 26ko 24/2016), eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretuaren arabera (apirilaren 9ko 196/2013). Txosten horretan, aipatutako proiektuak ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.

Lege-testu hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Distribución Eléctrica SAUk sustatutako ST Gatika-ST Fadura 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremuak egokitzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena prestatzea, ondoren jasotako baldintzen arabera:

A) Proiektuaren xedea ST Gatika-ST Fadura 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremua handitzea da, bi lege-testuk lineak igarotzeko ipintzen dituzten preskripzio berezietara egokitzeko; hain zuzen ere, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuak (tentsio handiko linea elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua onartzen duenak) eta 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenak (Energia eta Meategien zuzendariarena, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituenak). Horrek linea elektrikoaren trazatu osoan zuhaitzak ebakitzeko eremua berriro definitzea eta zabaltzea eskatuko du. Linea elektrikoak ez du aldaketarik azkeneko trazatuan, ezta gurutzamenduen ezaugarrietan ere.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

1) Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektuak zuhaitzak ebakitzeko eremua zabaltzea aurreikusten du ST Gatika-ST Fadura 1 eta 2 (Bizkaia) 132ko kV-ko linea elektrikoa igarotzeko bide osoan, bai eta esandako zortasuna aurrez aipatu dugun araudi sektorialera egokitzea ere.

Proiektuaren kalkuluen arabera, ebakitzeko lurrazalari orotara 52.270 m2 gaineratuko zaizkio; horietatik 29.303 m2 ebaki beharreko espezieak izango dira, eta 22.967 m2-tan, berriz, inausketa-lanak bakarrik egingo dira. Baso-espezie autoktonoen araubide berezia ezartzen duen Foru Arauak (Urriaren 14ko 11/1997) babestutako espeziei dagokienez, kasu berezietan izan ezik, inausketa-lanak egingo dira, eta ez dira ebakiko. Ondorioz, honako espezie hauetan inausketa-lanak egingo dira: haltza (Alnus glutinosa), gaztainondoa (Castanea sativa), artea (Quercus ilex), lizarra (Fraxinus angustifolia), haritza (Quercus robur eta Quercus petrea) eta sahatsa (Salix fragilis). Beste sahats espezie batzuk ere kimatu egingo dituzte (Salix sp.), baita urkiak ere (Betula sp.).

Inguruan bide eta pista ugari dago; hori dela eta, ez dago aurreikusita bide berriak irekitzea, nahiz eta inguru batzuetara errodatze bidez sartzeko asmoa den. Horrek baliteke belardi eta larreetan eragina izatea.

Bost hilabeteko epea izango da lanok egiteko.

2) Proiektuaren kokapena:

ST Gatika-Fadura 1 eta 2 linea elektrikoak honako udal-mugarte hauek zeharkatzen ditu: Gatika, Laukiz, Urduliz, Berango, Getxo eta Leioa, guztiak ere Bizkaiko Lurralde Historikoan. Zirkuitu bikoitzeko linea da, 10,121 km luze da eta orotara 32 oinarri ditu. Lehendabiziko tartean, Gatikako azpiestaziotik (104 m snm) landazabal atlantikoak zeharkatzen ditu, segatzeko belardiak nagusi direla, tarteka-marteka baso-landaketa txiki batzuk ageri direla (pinus radiata, batez ere). Trazatuaren bigarren zatiak baso tankera handiagoko paisaia zeharkatzen du: Goikogaña mendia (227 m snm) eta Sustatxamendi gailurreria dira nagusi, eta eukaliptoak, txilardi lehorrak eta hostozabal autoktonoen arboladiak (haritz kandudunak, batez ere) ageri dira. Ibilbidean zehar, lineak goi-ibarretako hainbat errekasto zeharkatzen ditu; errekasto horiek bertako begetazioari eusten diote (haltzadi kantauriarra, hainbat kasutan), eta bisoi europarraren kudeaketa-planaren aplikazio-eremu dira Bizkaiko Lurralde Historikoan. Linea elektrikoaren trazatua Fadurako azpiestazioan amaitzen da, Leioako udal-mugartean (30 m snm), Artea merkataritza-zentroaren inguruan; hiri-ingurua, beraz, bete-betean. Ez ditu naturagune babestuak zeharkatzen.

3) Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik garrantzitsuenak exekuzio-fasearen ondorioz sortuko dira, batez ere makinen joan-etorriengatik, instalazio lagungarriengatik eta zuhaiztiak ebakitzeko eta inausteko lanengatik. Nabarmentzekoak dira: uren kalitatea murrizteko aukera obren garaian, makinen sartu-irtenak eraginda (prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak hartuta, pentsa daiteke uren kalitatea hondatuko duten eraginak murriztuko direla); begetazioan eragindako inpaktuari dagokionez, proiektuaren eragin-eremua 5,28 ha izango dela kalkulatu da, baso-landaketak eta baso naturalak aintzat hartuta. Haritz autoktonoen azalera nabarmentzen da (1,9 ha inguru), edota haltzena (621 m2). Edonola ere, zuhaitz autoktonoen eraginaren kasuan, aleak kimatu egingo dira ebaki ordez, salbuespenak salbuespen; faunarako habitaten kalitatea murriztea, zuhaitzetan eta fauna-intereseko beste eremu batzuetan izango diren eraginengatik: proiektuaren inguruko errekasto batzuk interes berezikoak dira europar bisoiarentzat (espezie horrek kudeaketa-plana du Bizkaiko Lurralde Historikoan). Era berean, ez da baztertzen proiektua egin bitartean fauna gehiago mehatxupean izatea; hori dela eta, eragin hori ahalik eta txikiena izateko prebentzio-neurriak hartuko dira; giza habitataren kalitatea murriztea (baretasun publikoa) obren garaian, batez ere makinen joan-etorriarekin sortutako endredoak; kultura-ondarean izandako inpaktuak, Munarrikolanda estazio megalitikoaren oinarrizko babes-eremuan eragiteagatik, hemen ere makinen joan-etorriak direla medio. Ezinbestekoa izango da eragindako eremuaren prospekzio arkeologikoa egitea, eta, emaitzen arabera, lanen hasieraren berri ematea Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailari.

Proiektuak, halaber, hainbat prebentzio- eta zuzenketa-neurri biltzen ditu, eraginak saihesteko eta minimizatzeko; hain zuzen ere, lurzoruaren, hidrologiaren, bitarteko atmosferikoaren, landarediaren, faunaren, bitarteko sozioekonomikoaren (populazioa, jabetzak eta azpiegiturak, eta ondare kulturala barne) eta pasaiaren inguruko eraginak.

Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Baso-espezie autoktonoen araubide bereziari buruzko Foru Arauan ezarritakoari kalterik egin gabe (urriaren 14ko 11/1997) eta Bizkaiko Foru Aldundian mendien gainean eskumena duen organoak ezarritakoa betez natura-interes handiko eremuetan, hainbat neurri aplikatuko dira:

– Oro har, garapen-maila handienean linearen segurtasunari eragingo dioten zuhaixkak baino ez dira botako. Gainerako zuhaixkak eta egungo zuhaixka-geruza dauden-daudenean utzi beharko dira.

– Eremu ahulenetan eta natura-balio handikoetan (bertako baso-masak, babestutako flora-espezieak dauden eremuak, faunarako interes berezia duten eremuak eta abar), bideragarria bada, inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak; bota, linearen segurtasunerako ezinbestekoa denean baino ez dira botako. Neurri hori proiektuak erasan bide duen zuhaizti autoktono osoan aplikatuko da, eta ez urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan aintzat hartutako espezieetan bakarrik.

– Moztuko edo lepatuko diren zuhaitzen erabakiak edo irizpideak Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu teknikoekin koordinatuta hartu beharko dira.

– Zuhaitzak botatzea edo soiltzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira eta ez makina asunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landaredia ez kaltetzeko.

– Bota beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

– Era berean, lehengoratu egin beharko dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lur-zoru okupazioak eta abar). Landareztatze-prozesuan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

– Europar bisoiaren (mustela lutreola) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko unean, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, betiko bideak erabiliko dira, ingurumen-agirian proposatutakoarekin bat. Sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina murriztuz.

– Eremuak kalteberak izanez gero –hala nola interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak–, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, basoetako floran eta faunan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Mehatxatutako flora-espezieen populazioen kokapenari eta mugapenari buruz aurkeztutako dokumentazioarekin bat, zehazten da horiek ez dutela kalterik izango; edonola ere, kontu handia izan beharko da: inguru horietan, lanerako eragindako eremuak tokian bertan mugatuta egon beharko du, eta obra-ingurutik hurbil dauden balio naturaleko elementuak behar bezala babestu beharko dira, ustez uste gabeko kalteak saihesteko.

– Esku-hartzearen aurretik, baso-hegaztien habiarik edota plataformarik ba ote den ebaluatuko da, eta, hala izanez gero, horren berri eman beharko zaio baso-fauna kudeatzeko eskumena duen foru-organoari.

– Lurzorua okupatzea inplikatzen duten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibili.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezingo dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Eremu horien xehetasun-kokalekua obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta in situ balizatu beharko da kasu bakoitzean egokitzapen-lanei ekin baino lehen.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko erasanik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Uren arloan eskumena duen organoak aplikatu beharreko prozedurekin loturik ezarritako baldintzei kalterik egin gabe, ezingo da inolako isurketarik egin jabari publiko hidraulikoan, ez eta haren babes-zortasunean ere; halaber, ezingo da utzi lur-mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik. Eremu horietan nahi ez diren alterazioak saihesteko, jabari publiko hidraulikoko zortasun-lerroak balizatu egingo dira, makinen joan-etorriak saihesteko, materialak edota hondakinak bertan ez pilatzeko eta tankerakoak saihesteko.

– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

– Urak har ditzakeen eremuak okupatzeko mugapenak errespetatutako dira, Kantauri Ekialdeko Mugapeko Plan Hidrologikoan zehaztuta bezala, eta inguru horietan ez da lursailaren egungo arrasa aldatuko duten betelanik egingo eta ez dira materialak edota hondakinak pilatuko.

– Kontuan izanik proiektuaren erasan-eremuan ura hartzeko gune bat dagoela (Sustatxako iturburua), Inguru Babestuen Erregistroan, jasotakoa, DPHko erregelamenduaren 173. artikuluan ezarritako arauak aplikatuko dira; hori horrela izanik, erabilera eta jarduera guztiak kontrolatu eta ikuskatuko dira, uraren kalitatea alor horretan indarrean den araudian jasotako neurritik behera jaitsi ez dadin (otsailaren 7ko 140/2003 Errege Dekretua, giza kontsumorako uraren kalitatearen osasun-irizpideak ezartzen dituena), eta, bereziki, lurren mugimenduak ikuskatuko dira.

– Obraren garaian bide osagarriak behar izanez gero, haren trazatutik kanpo geratuko dira edozer mailatako ibilguen zuzenketak eta kanalizatzeak. Kasu guztietan, bide horiek ezabatu eta eragindako gainazalak leheneratu egin beharko dira obrak amaitu ostean.

– Erriberako landareetako espezie propioak ebakitzea ezinbestekoa izanez gero, zuhaixka-espezieak landatuko dira, inguru horretako erribera-landaredian ohikoak direnak.

– Sarbide berriak ireki edo antzeko ekintzak egin behar badira, eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak burutu diren edo instalazioak eduki diren lursailei eragin badiezaieke, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko Legeak (otsailaren 4ko 1/2005) aurreikusten duen ingurumen-organoaren baimena beharko du.

Hauts-isuriak murrizteko neurriak.

– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

– Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek irauten duten bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta, behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

– Hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoekin bat, lehentasuna izango da hondakin orok behar bezala baimendutako balioztatze-prozesu bati jarraitzea. Lehentasunak honako hauek izango dira, hurrenkera honetan: hondakinak berrerabiltzeko prestatzea; birziklatzea; balioztatzeko beste moduren bat, balioztatze energetikoa barne.

– Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balioztatzea ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik.

– Erabat debekatuta dago obran sortzen diren hainbat tipologiatako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008) eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

– Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, kontratistak plan bat egin beharko du obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen Errege Dekretua (abenduaren 27ko 1481/2001); Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen Dekretua (otsailaren 24ko 49/2009); eta horien aldaketak.

– Jardueraren ustezko soberakinak betegarritarako erabili behar badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dira.

VIEA ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak soilik utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko Legearen I. eranskinean jasotakoari jarraikiz (otsailaren 25eko 4/2015).

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Horrelako ontziak etiketatuta egongo dira; etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuko 14. artikuluko jarraibideen arabera.

– Sortutako olio erabilia industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da (ekainaren 2ko 679/2006).

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Araudi hau errazago bete dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik; era berean, ezingo dira hondakinak erre.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Munarrikolanda estazio megalitikoaren inguruan aurreikusitako jardunak otsailaren 3ko 25/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera egin beharko dira (I. eranskinean agertzen diren Bizkaiko Lurralde Historikoko estazio eta monumentu megalitikoak, Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena).

– Esandako araudian ezarritako xedapenekin bat, proiektuaren sustatzaileak prospekzio arkeologikoko programa bat mamitu beharko du proiektuak eragindako eremuan. Aztarnategi berriak topatuz gero, proiektuak ez diela kalterik eragingo ziurtatu beharko da, eta kasuan-kasuan egokien jotako zuzenketa-neurriak ezarriko dira, planteatutako proiektuaren ezaugarrien eta topatutako aztarnategiaren garrantziaren arabera. Hala, proiektuan aldaketak egin ahal izango dira aztarnategiaren zainketarekin bideragarri izan dadin, baita indusketari ekin ere.

– Aurreko puntuan adierazitako baldintzak bete ostean, inguru horietan baimendutako edozer jarduera exekuzioa baino hamabost egun lehenago jakinarazi beharko zaizkio Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailari; hark, egoki iritziz gero, esandako jardueraren kontrol arkeologikoa egin ahal izango du, ziurtatzeko Monumentu Multzoko balio kulturalek ez dutela kalterik izango.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean (uztailaren 3ko 7/1990) ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari; gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuan ageri diren prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala dagokionean, eskudun organoak ezarritakoak ere bai.

Paisaia babesteko eta inplikatutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek eragindako lur-sailaren oneratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

– Oneratze-lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Proiektuan inplikatutako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak erasandako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ST Gatika-ST Fadura 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoaren zortasun-eremuak egokitzeko proiektuari buruzko ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharra.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari eta proiektuaren sustatzaileari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala