Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2017ko maiatzaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2207

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 25ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Gaztemundu programaren 2017. urteko ediziorako deia egiten duena.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak (EHAA, 8. zk., 2004ko urtarrilaren 14koa) Gaztemundu programa arautu zuen –martxoaren 31ko 38/2015 Dekretuak (EHAA, 65. zk., 2015eko apirilaren 9koa) aldatu zuen dekretu hori–. Programa horren bitartez, gazteek egonaldia egingo dute Euskadin, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik, gaurko errealitatera hurbil daitezen. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren lan jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitetan.

Dekretu horren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, bidezkoa da 2017ko ekitaldirako laguntzetarako deia egitea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gaztemundu programarako deia egitea, 50.000 euroko zenbatekoarekin, euskal etxeetako gazteek 2017ko egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan eta abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan arautu ez den guztirako, hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 25a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

eranskina
GAZTEMUNDU 2017 PROGRAMARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da Gaztemundu programarako deia egitea, ondorengo oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin 2017ko irailaren 2tik 17ra.

2.– Edizio honetarako prestakuntza-gaia erro tradizionaleko musika tresnen ingurukoa izango da. Gaia Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak onartutako 2016-2019 Lau Urterako Planean dator jasota.

3.– Edizio honetan 15 egonaldi eskainiko dira gehienez.

Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– 18 eta 35 urte bitartean izatea 2017ko urtarrilaren 1ean.

2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo izatea.

3.– Ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

4.– Gaztemundu programako egonaldiren baten onuraduna ez izatea, 2003an arautu zenetik.

5.– Musika ezaupideak egiaztea, proposamen bat biltzen duen bideo bat aurkeztuz.

Hirugarrena.– Zenbatekoa.

Gaztemundu prestakuntza-programara 2017rako 50.000 euro bideratu dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu kredituetatik dator zenbateko hori.

Laugarrena.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Ebaluazio batzordeak irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:

a) Bideo grabaketaren balorazioa (40 puntu, gehienez).

b) Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean (40 puntu, gehienez).

c) Euskara jakitea (10 puntu, gehienez).

d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea (10 puntu).

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren bitartez, egingo ditu Gaztemundu programak berekin dakartzan kudeaketa-zereginak.

A irizpidea: «Bideo grabaketaren balorazioa». Baloratuko da musika pieza bat jotzea erro tradizionaleko honako musika tresna hauen arteko batez eta gehiagoz baliatuta: alboka, atabala edo gaita danborra, gaita nafarra, panderoa, trikitixa, txalaparta, txirula eta txistua.

Balorazioa Folkloreko Udal Akademiako irakasleek egingo dute, aipatutako musika tresnetan espezializatuek alegia. 40 puntu, gehienez, irizpide hauen arabera:

– Musika proposamena testuinguruan kokatzea, proposamenaren jatorria, koherentzia eta justifikazioa, hobekuntza bezala alderdi berritzaileak hartuz kontuan (10 puntu, gehienez).

– Aukeratutako musika tresna ezagutzea (10 puntu, gehienez).

– Aukeratutako musika pieza jotzeko gaitasuna (10 puntu, gehienez).

– Musika tresna jotzen erakusteko orduan azaldutako ezagutza pedagogikoa hobekuntza bezala alderdi berritzaileak hartuz kontuan (10 puntu, gehienez).

B irizpidea: «Eskatzailearen antzinatasuna eta parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean». Euskal etxearen bizitza sozialean duten parte hartze maila baloratuko da (40 puntu, gehienez).

Baremazio horrela egingo da:

– Bazkidearen antzinatasuna partaide den erakundean (10 puntu, gehienez ere).

Erantzukizun maila eskatzen duten zereginetan jarduteagatik:

– Iraganean euskal etxea kudeatzen arduradun karguak izan dituztenei, baina ebazpen hau argitaratzen den egunean horrelakorik ez dutenei (5 puntu, gehienez).

– Ebazpen hau argitaratzen den egunean berariazko zereginen baten erantzukizunen bat dutenei zuzendaritza batzordeen alorretik kanpo, hala nola gazte-taldeetan, dantzetan, liburutegian eta abarretan (5 puntu, gehienez).

– Ebazpen hau argitaratzen den egunean, arduradun-karguak izatea zuzendaritza-batzordeetan, bokal gisa edo kudeaketa eginkizun orokorretan (10 puntu, gehienez).

– Ebazpen hau argitaratzen den egunean erakundeko arduradun-karguren bat izatea; adibidez, erakundeko presidente, idazkari edo diruzain (10 puntu, gehienez).

Puntu bat emango da dena delako euskal etxeko bazkidetza-urte bakoitzeko, eta puntu bat arduradun-karguan emandako urte bakoitzeko.

C irizpidea: «Euskara jakitea». Euskararen ezagutza egiaztatzeari dagokionez, Euskal Etxeko Presidentearen egiaztagiri bidez ziurtatuko dira, ikasten emandako urteen arabera. Bi puntu emango zaie HABEk edo beste erakunde ofizial batek onartu eta finantzatutako ikasturte bakoitzeko (10 puntu, gehienez).

D irizpidea: «Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea». 10 puntu emango zaizkio Euskal Herrian inoiz egon ez denari.

2.– Hautaketa-prozeduran onartzeko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte eskaerek.

Bosgarrena.– Eskariak aurkeztea.

1.– Eskariak hona bidali behar dira: Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean 16.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita. Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki-eredua erabili beharko da, eta inprimakiak web orri honetan egongo dira interesdunen esku: www.euskadi.eus/euskaldunak

2.– Agiri hauek erantsi behar zaizkio eskariari:

a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.

b) Euskal etxeak emandako ziurtagiria, eskatzailearen bazkidetza egiaztatzeko, hau da, ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide dela deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez, eta baita eskatzaileak zenbateraino hartzen duen parte euskal etxearen bizitza sozialean, eta, hala bada, zuzendaritza-batzordeetako arduradun-karguetan edo kudeaketa-lan orokorretan, denboraldiak zehaztuta. Horrez gain, euskal etxeak adierazi beharko du bere kidea aukeratua izanaren ondorioz dagozkion betebeharrak ez betetzeak dakartzan gastuak itzultzeko ardura bere gain hartzen duela. Eskatzailearen parte hartze mailaren inguruko txostena ere erantsi beharko du euskal etxeak.

c) Bi minutuko bideo grabaketa bat, kalitate onekoa, hautagaia bera euskal jatorriko musika tresna jotzen erakusten duena.

d) Euskaren ezagutzaren egiaztagiria.

e) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Herria inoiz egon gabekoa dela adierazten duena.

3.– Eskatzaileak sinatu behar du eskaria.

Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabeteko bat izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zazpigarrena.– Ebaluazio Batzordea.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Gorka Alvarez Aramburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeburua.

– M.ª Isabel Etxabarria Pérez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, bokala.

– José Manuel Meaurio Antón jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, bokala.

– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, idazkaria, hizpidea izango du baina botorik ez.

Zortzigarrena.– Prozedura ebaztea.

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak ebatziko du Gaztemundu programaren dealdia, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena kontuan izanda.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala