Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2017ko maiatzaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2150

148/2017 DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2018. urteko jaiegunen egutegia onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 12. artikuluan eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoa betez, Jaurlaritzari dagokio 2018ko lanegunak eta jaiegunak finkatzea, urteak, gehienez ere, hamalau jaiegun izango dituela kontuan harturik.

Hori dela-eta, Lanaldia, lanaldi bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuko 45. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz –garai hartan indarrean–, lanaldiei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuko xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoari jarraikiz, Lan eta Justiziako sailburuaren proposamenez, Lan Harremanen Kontseiluari eta gainontzeko kontsulta-organoei entzunda, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 25ean egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau:

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Bi mila eta hamazortzigarren urtean, urte osoko igandeak eta aipatzen diren egunak egun baliogabetzat hartuko dira lan ondorioetarako Euskal Autonomia Erkidegoan –ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko–:

Urtarrilaren 1a, Urteberri eguna.

Urtarrilaren 6a, Errege eguna.

Martxoaren 29a, Ostegun Santua.

Martxoaren 30a, Ostiral Santua.

Apirilaren 2a, Pazko Astelehena.

Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.

Abuztuaren 15a, Andra Mari eguna.

Urriaren 12a, Espainiako Jai Nazionala.

Azaroaren 1a, Domu Santu eguna.

Abenduaren 6a, Konstituzio eguna.

Abenduaren 8a, Ama Birjina Sortzez Garbiaren eguna.

Abenduaren 25a, Eguberri eguna.

2. artikulua.– 1.– Lan ondorioetarako, bi mila eta hamazortzigarren urtean, tokian tokiko jaietako bi egun ere egun baliogabe izango dira, hau da, ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko. Lan eta Justizia Saileko lurralde-ordezkariek zehaztuko dituzte egun horiek, udaletako udalbatzek proposatuta. Egun horiek berdinak izan daitezke edo ez lurralde historikoetako udal-mugarteetan.

2.– Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean egin behar dute proposamena udalek, eta kokapenagatik dagokien lurralde-ordezkaritzara bidali.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Lan eta Justiziako sailburuari aginpidea ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa ezarri eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala